La Escuela de Escritores de Bergara, decimotercer año de trayecto
- Fecha13 de Octubre
- Temática Literatura
Bergarako Idazle Eskolak hamahiru urteko ibilbidea egin du idaztearen erronkei aurre eginez. Idazle ezagunak izaten dira irakasle. Larunbata arte dago zabalik ikasturte honetarako izena emateko epea
Poesia, ipuina, nobela, gidoia, antzerkia, iritzia edo itzulpena. Mila aurpegi ditu idazketak. Aholkuak eman daitezke, baita tekniken inguruan irakatsi ere, baina norberak bere bidea egitea da garrantzitsuena. Espiritu horrekin bat eginda zabaldu zituen ateak Idazle Eskolak duela hamahiru urte, Uned Bergara Ikastetxe Elkartuan (Gipuzkoa). Ordutik, Tere Irastortza (Zaldibia, Gipuzkoa, 1961) da zuzendaria, eta argi du edonor dela idazteko gai. «Beste gauza bat da norberak egiten duen ekarpena. Musika ere denek ikas dezakete, ia beti, edo korrika egiten ere bai. Baina, gero, hortik, Olinpiar Jokoetara aurkeztea, beste gauza bat da. Idazten eta irakurtzen ikas daiteke, eta jendearentzat plazer handi bat izaten da, gainera».
Irastortza hastapenetatik gaur arte zuzendari eta irakasle izan da, eta gertutik bizi izan du eskolaren ibilbidea. «Zerbait azpimarratuko banu, hamahiru urteotan daukagun metodologiak jendea emozionatzea lortu duela da, jendeak idaztea, eta batez ere, bere burua landua sentitzea». Antzeko afizioak dituen jendea elkartuta, taldean oso giro ona sortu ohi dela azaldu du. «Gero beti ikasle ohiak etortzen dira; ikasle soka luzea dago proiektuaren atzean».


