Trikiti Eguna 2025 (Azkoitia)
Trikitia jabetuko da herriko kale eta auzoez larunbat honetan, maiatzaren 24an. IV. Trikiti Eguna indartsu dator beste behin, eta belaunaldi ezberdinetako musikarien topagune izango da. Ehun lagun inguruk eman dute izena bazkarirako, eta gehientsuenek hartuko dute parte bazkalordura arteko kalejiretan.
San Martinen dute hitzordua jarrita, eta handik aterako dira 11:30ean. Taldeka banatu eta auzoz auzo ibiliko dira trikitilariak bazterrak girotzeko asmoz.
13:30ean, Julio Urkixo kalean elkartuko dira berriro denak, eta handik kalejiran Herriko plazara hurbilduko dira geldialdiak eginez. Plazan 15:00etan izango da bazkaria eta bazkalostean, oholtzan jarriko dute arreta. Dantzarako abagune paregabea eskainiko dute trikitilariek. 18:00etatik 22:00etara, erromeria izango da plazan.
Antolatzaileen hitzetan, polita da belaunaldi ezberdinetako trikitilari eta panderojoleak elkarrekin aritzea eta ezagutzea.
Udalak eta Trikigirok antolatzen dute ekimena, Azkoittiko Tabernaixek elkarteak lagunduta. Aurtengoa laugarren edizioa da, eta bere bidea egiten doan neurrian, arin-arin eta fandango zaleek galdu ezin duten hitzordu bihurtu da.


