Ekliptika Kultur Zikloa 2025: "Lore Ekinozioa"

Bermeo 22 de marzo 2025
  • Ekliptika Kultur Zikloa 2025: "Lore Ekinozioa"

Martxoaren 22an, hasiko da Bermeon Ekliptika izeneko kultur ziklo berria. Kultur ziklo berri honek urte osoan zehar iraungo du, eta lau egun berezi izango ditu, eguzkiaren eta urtaroen zikloekin bat eginez: ekinozioak eta soltsizioak.

Ekliptikak bi ezaugarri nagusi izango ditu. Batetik, kokapena: Bermeoko Tala, itsasoaren gainean ekialdera begira dagoen eremua eta bere inguruak. Bestetik, aniztasuna: arte diziplina ugaritako artistek parte hartuko dute, Bermeon eta inguruko herrietan bizi diren sortzaileek, eta baita Euskal Herriko beste leku batzuetakoek ere, batez ere ekialdetik etortzera gonbidatuko ditugunek.

Gainera, herritarrak ere protagonista aktibo izango dira Ekliptikan. Izan ere, auzolanak eta tailerrak uztartuko ditugu zikloaren programazioan. Horrela, publikoa eragile izango da, urtaroz urtaro, Ekliptikaren garapenean. Naturaren aldaketekin harmonian sortuko dira ekintzak, ingurumenarekiko errespetu osoz, degradaturik dauden txokoak berreskuratzeko eta bizitasunez kutsatzeko.

Bai Bermeon, bai euskal kulturaren adierazpen berrien aurrean, Ekliptika kultur zikloak gure ingurunea eta sormenaren balioak sustatu gura ditu, kontzientzia sozial eta ekologikoa ere landuz, sormenaren, jolasaren eta artearen bidez, eta horren guztiaren orbitan elkartu gura dugunon komunitatea indartu.

Lehenengo saioa martxoaren 22an izango da: LORE EKINOZIOA. Asier Gogortza eta Aitzibier Orkolaga argazkilariek panoramika interaktibo baten muntaia prestatu dute, Talako Kantinaren leihoetan eguzkiaren eta horizontean ikusiko diren aldaketak dokumentatuz osatzen joango dena, abenduko solstiziora arte.

Larunbat goizean, sasiak kendu eta lore berriak landatuko ditugu auzolanean, Inazio Gonzalo biologoak ezti desberdinen dastaketa gidatuko du eta Oridub bermeotarrak "Lurra esnatzeko erritmoak" jarriko ditu eguerdian. Arratsaldean, Lilibertso elkarteko hiru bertsolari ariko dira udaberriari eta ilunabarrari abesten, bertsoz bertso: Ibai Amillategi, Nagore Beitia eta Koldo Gezuraga.

Lehen ekinozio honen ondotik, Ekliptika kultur zikloaren jarduerek urtaro bakoitzaren aldaketak ospatuko ditu: eguzkia eta dantza izango dira protagonista udako solstizioan, hosto eroriak eta esperimentazio garaikidea udazkeneko ekinozioan, eta azkenik, urte osoaren atzera begirada bat neguko solstizioan, proiekzio, solasaldi eta erakusketekin.

Ekliptika Must kooperatiba txikiaren ekimena da. Informazio gehiago eta egitaraua eskuratzeko: kultura@must.eus 


En breve

  • Tipo Otro
  • Fecha 22 de marzo 2025
  • Horario07:15 - 19:00
  • LugarBermeo
  • IdiomaEuskera
  • Ver agenda Bermeo

Dónde