Liburu-aurkezpena: "Arrikruzko lehoia" (Iñaki Zubeldia)

Donostia-San Sebastián 29 de noviembre 2024
  • Liburu-aurkezpena: "Arrikruzko lehoia" (Iñaki Zubeldia)

Iñaki Zubeldiaren Arrikruzko lehoia liburuaren aurkezpena. Lander Majuelo (Pamiela) harekin egongo da.

Liburu hau benetako gertakizun batean oinarrituta dago. Arantzazuko bi seminarista gaztek Arrikrutzen leizeetako lehoiaren hezurdura ezustean aurkitu eta berehala galdu egin ziren. Lehoiaren mendekua ote? Hamabi ordu luze leizeko barrunberik sakonenean pasatu zituzten, handik irten ezinik.

Denbora aurrera joan ahala eta inor haien bila joaten ez zela ikusita, estutasuna, beldurra, izua egin zen haien jabe. Entzumenezko haluzinazioak ere izan zituzten eta eromenaren eremu lausoan sartu ez sartu egon ziren, etsipenaren atzapar gaiztoak haien itxaropena bahitzea lortu zuen arte.

Bizirik ateratzeko esperantzaren argi meharra itzaltzen ari zenean, adar salbatzailearen deiadarra entzun zuten barrunbe ilunean. Beethovenen sinfoniarik ederrena baino doinu gozoagoa izan zen haientzat adarraren durundia.

Iñaki Zubeldiak, hizkuntzaren Pedagogian lizentziatua, Haur eta Gazte literatura jorratu du nagusiki. Irun Hiria Saria, Agustin Zubikarai Saria, Juul Saria eta Etxepare Saria irabazitakoa besteak beste. Euskaldun bat Marten (1982) idatzi zuen, euskal Haur eta Gazte literaturan zientzia-fikziozko lehen lana izandakoa. Hainbat testulibururen eta libururen autore, hau du bigarren liburua Pamielan, 2010ean Katalina kontalari argitaratu ostean.


En breve

Dónde