"Hizkuntzak eta isiluneak" (Badalab)
- Hilabetero zabalduko den esperimentazio eta hausnarketa kolektiborako espazio ludiko, seguru eta ezohiko bat zabalduko du Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak Fikzio Fabrika kolektiboarekin batera karta, mahai eta rol jokoen potentzialtasuna baliatuz.
- Lehen saioa I. “Hizkuntzak eta isiluneak” izenekoa, otsailaren 21ean izango da arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara Badalab-eko Errenteriako egoitzan. Bertan, elkar ulertzeko dugun desira unibertsala edo hizkuntzen sorrera prozesua bezalako gaiak jorratuko dira. Kuriositatea eta ongi pasatzeko gogoa duen edonori zuzenduta dago. Lehen saioan parte hartzeko euskaraz jakitea ez da beharrezkoa izango.
- Badalab-ek etorkizuneko ikuspegiarekin egiten du lan eta, orduan eta globalizatuagoa (baina maila lokalean anitzagoa) eta digitalagoa den hiztun komunitatearen garapena gertutik jarraitu nahi du, euskara erabiltzen jarraituko dela bermatzeko beharrezkoak izango diren antolaketa eta harreman eredu desberdinak/desiragarriak irudikatu eta esperimentatzeko.
Kutxaz Kanpo ekimenak euskararen etorkizunak elkarrekin pentsatu, esperimentatu eta eztabaidatzeko marko ludiko eta esperientziala izango da, euskararen eta euskal gizartearen erronka, behar, aukera zein krisiez aldez aurretik ezarritako marko eta mugetatik haratago hitz egin, irakurri, entzun eta eztabaidatzeko hilabeteroko marko berria.
Mahai, karta eta rol jokoek bestelako ikuspegi, prozesu eta dinamika batzuetan murgildu eta hausnarketarako baliabide garrantzitsuak eskaintzen dizkigute, beste batzuen larruan, beste egoera batzuetan, bestelako logiken baitan jarduteko. Marko berri honek, ludikotasunaren potentziala hausnarketa indibidual eta kolektiboaren zerbitzura jartzea proposatzen du, kontzeptu, ideia edo erronka zehatzen gainean saioak antolatuz.
Saioen izaera askotarikoa eta anitza izango da jarraituko diren metodologia eta proposamenen aldetik, baina guztietan mantenduko da espazio seguru eta gozagarria sortu eta bermatzeko konpromisoa eta jolasaren inguruko bizipena eta haren gaineko hausnarketarako tarteak zabaltzea.
Saioak besteak beste, ondorengo galderen inguruan ardaztuko dira:
1. Zeintzuk dira euskararen eta euskal gizartearen erronka, behar, aukera eta krisiak lantzeko orain arte baliatu diren markoak eta zein muga dituzte?
2. Nola lagun lezake ludikotasunak eta zehazki mahai, karta zein rol jolasek gero eta aldakorragoa den errealitatean hiztun gisa antolaketa eta harreman eredu desberdinak/desiragarriak gorpuzten?
3. Harreman desiragarri horietan nola kudeatzen ditugu hiztunen arteko komunikazio desira, lehia, porrota, kooperazio edota komunitatea edo lurraldea bezalako ideien gorpuztea?
Kutxaz Kanpo hilero irekiko den espazioaren gaineko informazioa:
2024an zehar hilabeteko hirugarren asteazkenetan egingo dira saioak, bakoitzean ardatz tematiko edo kontzeptu zehatz bati helduz. Lehen saioa I. “Hizkuntzak eta isiluneak” otsailaren 21ean izango da arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara Joxepa Antoni Aranberri anitzenea eraikinean Badalab-eko Errenteriako egoitzan. Bertan, Nikaraguako gor komunitatearen esperientzia baliatuko da elkar ulertzeko dugun desira unibertsala edo hizkuntzen sorrera prozesua bezalako gaiak jolasaren bidez jorratzeko. Ondoren etorriko dira lehia, arnas luzeko kooperazioa, arnas estuko kooperazioa, porrota, edota alteritatea bezalako gaien inguruko saioan. Hala ere, ekimena zabalik dago parte-hartzaile eta interesa duten eragileek landu nahi lituzketen beste proposamenak lantzera.
Kuriositatea eta ongi pasatzeko gogoa duen edonori zuzenduta dago ekimena eta lehen saioan parte hartzeko euskaraz jakitea ez da beharrezkoa izango. Saioak irekiak izango dira eta ez da gonbidapenik behar, baina argibiderik nahi izatekotan edo joan nahia adierazteko info@fikziofabrika.eus helbidera mezu bat idaztea gomendatzen da.
En breve
- Tipo Otro
- Fecha 21 de febrero 2024
- Horario17:00
- LugarMadalen Kalea, 27
Errenteria - IdiomaEuskera


