Hitzen Lihoa 2023: Lorea Agirre eta Harkaitz Cano: "Utopia: espekulazio-ariketak"
Egitaraua
Urriak 21-22 asteburuan:
Mural margoketa haurrekin, Haziak-ekin batera.
Maitri Ugaldek gidatuta, utopiari begira, ametsetako herriari begira jarriko gara haurrekin. Nolako Oiartzun amesten dugu? Bildutako ideiekin, mural bat marraztuko dugu elkarrekin, Kontzejupe plazako eskaileretan.
Azaroak 8, asteazkena:
19:00etan, manifestua. Landetxe Kultur Aretoan.
Jarraian, Popperra, afterra, utopia emanaldia. Landetxe Kultur Aretoan.
Etorkizunaz idazteko eskatu zioten Danele Sarriugarteri, eta orainean ez etsitzearen garrantziari eskaini zion Popperra, afterra, utopia izeneko testua. Dantza egitea izan daiteke biharra eraikitzeko modu bat, eta horretan lagun izango ditu Miren Narbaizaren erritmoak. Literatura eta musika, beste bide batzuen bila.
Eskuratu gonbidapena hemen
Azaroak 9, osteguna:
19:00etan, Utopia edo distopia: norantz goaz? pote filosofikoa. Landetxe tabernan.
Alba Garmendiaren eskutik, utopiaz pentsatzeko eta hitz egiteko aukera izango dugu, beharbada pentsamenduarekin eta hausnarketarekin lotzen ez dugun leku batean: tabernan. Pote filosofikoek horixe baitute ezaugarri: trago bat eskutan hartuta, tabernako elkarrizketa elkarrizketa filosofiko izan dadin ahalegintzen gara. Alba Garmendiak irekiko digu bidea hitzaldi labur batekin, eta, ondoren, bertaratutakoen artean sortuko dugu elkarrizketa.
Azaroak 10, ostirala:
18:30ean, Utopia: espekulazio-ariketak hitzaldia. Landetxe Kultur Aretoan.
Oier Guillanek gidatuta, Lorea Agirre eta Harkaitz Cano etorkizun desiragarrien inguruan espekulatzen jarriko ditugu. Nolakoa da biharko egun desiragarri hori? Zer utopia kultural irudikatu dezakegu Euskal Herriarentzat? Arteak eta kulturak zer eginkizun dute irudikapen horretan? Nola zeharkatzen du hizkuntzak utopia, eta utopiak hizkuntza? Galderak izango dituzte abiapuntu, eta, beharbada, erantzunak jasoko ditugu.
Azaroak 11, larunbata:
11:00etan, Utopiaren idazketa plastikoa. Zer da utopia zuretzat? tailerra. Arizmendienean.
Erronka sentsoriala da Nagore Legarretak gidatutako lantegi honetan garatzea proposatzen dizuguna. Galdera honi erantzutea eskatuko dizugu etorri aurretik: Zer da utopia zuretzat? Erantzuna papertxo batean idatzita ekar ezazu. Adi! Egitarau zabala izango duzu aurreko egunetan erantzuna estimulatzeko. Indibidualki eta modu arrazionalean erantzundako galdera, erantzun kolektibo eta sentsorial bihurtuko dugu: utopiaren idazketa plastiko. Jolasaren misterioa ez da aldez aurretik biluztu nahi, baina jakin: argia, proiekzioak, materialak, opakotasuna eta gardentasuna izango dira gure lan tresnak.
Izena eman behar da hitzenlihoa@gmail.com helbidera idatzita, azaroaren 9a baino lehen.
18:00etan, Jausiz eta Hitz esana emanaldiak, Landetxe Kultur Aretoan.
Jausiz poesia liburuan oinarritutako emanaldia ondu dute Alain Mendizabal, Izar Aizpuru eta Josu Ibargurenek. Edozein gorputz, bere pisuak eraginda, beherantz joatea da jaustea. Jausi ohi dira zuhaitzak, ametsak eta baita malkoak ere. Azken horien eskutik datoz argitaratuko den bildumako poema ia guztiak. Hausnarketa, elkarrizketa eta dantza; poesiatik, baina poesiaz haratago, liburu aurkezpen bat izan zitekeen honetan.
Eider Adeletxe eta Ane Zubeldia Mejillon Tigreko kideek sortutako emanaldia da Hitz Esana: spoken word formatua darabilen poesia-emanaldia, errepikari, erritmoari eta hitzen soinuari arreta berezia ematen diona. Bi gorputz, 15 bat pieza indibidual, eta poesia emanalditik baino kontzertutik gertuago egon nahi duen formatua. Esateko ez baita gauza handirik behar: jasotako guztiarekin eta horren kontra aritzea.
Bi emanaldien artean, jan-edana izango da Landetxe tabernan.
Sarrerak sarrerak.oiartzun.eus webgunean, edo egunean bertan, leihatilan: 10€
Azaroak 12, igandea:
11:00etan, Kristalezko begi bat liburuaren irakurketa jarraitua. Kontzejupean.
2013an argitaratu zuen Miren Agur Meabek Kristalezko begi bat. Herritarron artean irakurriko dugu testua, ahoz gora, beste plaza bat hartu dezaten orain arte liburuan egon diren hitzek. Nahi duen orok parte hartu dezake, aurretik izena emanda. Literaturaz gain, kafea eta pastak izango dira.
Izena eman behar da hitzenlihoa@gmail.com helbidera idatzita, azaroaren 3a baino lehen.
14:00etan, bertso-bazkari literarioa. Girizian.
Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat liburuan oinarrituta, idazleak berak egingo du gai-jartzaile lana; bertsotan, berriz, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin ariko dira, bertsoaren eta literaturaren topagune honetan.
Sarrerak Landetxe tabernan, edo hitzenlihoa@gmail.com helbidera idatzita: orokorra 20€, langabetuentzat 15€, bertso-saioa bakarrik 5€.
En breve
- Tipo Conferencia
- Fecha 10 de noviembre 2023
- Horario18:30
- LugarOiartzun
- IdiomaEuskera


