Presentación del cómic "Amaiur! Libera State" de Asisko Urmeneta
«Gu guztiok hilen gara. Belatzekin batera gaztelu hura defenditzearren». Johanes Agirre, Etxalarko notarioa, 1522-07-11.
Orain dela 500 urte ehun nafartar librek gogor egin diote sei mila gizoneko armada inperialaren oldarraldiari aste oso batez. Erdiak hil dira bertan, eta bertze erdiak preso eraman dituzte, katez kargaturik.
«Jaun Jakue Belatz, zuk eta gure nazioko eta leinuko zaldun jaun horiek guztiek irabaziko duzue ezein naziok sekula irabazi ez duen ohorerik behinena». Antso Esa, Erresumako altxorzaina, Baionatik 1522-07-12.
Gutun hura da gazteluan sartzeko azkena, biharamunean hasiko baita erasoa. Hasiko... edo jarraituko, zeren Amaiurko balentrian itxi baita hamar urteko zikloa.
«Gerla hilka, Nafarroakoa: Independentzia, bidegabekeriaren aurka, Herioa, Biziaren aurka, Leialtasuna, Perfidiaren aurka». Migel Orreaga, 1923.
Album honetan, aztertu ditugu konkista-gerla haren kronologia eta okupazioaren makineria 1512tik 1522ra bitarte, bai eta inbasioaren kontrako erresistentzia epikoa ere, izen eta deiturekin: Jakue Belatz Medrano, Maria Hozta, Johanes Arremiritz Bakedao, Johanikot Arberoa...
«Populuak bota ditu Espainiako armarriak eta [Iruñeko] hiria gelditu da bere buruaren jabe». Antonio Villalobos, 1521.
Dokumentazio ugari aztertu eta destilatu egin dugu, eta orain Herriari eskaini, baliagarri izanen zaiolakoan bost mende bete diren honetan. Amaiur, euskaldunon zoru epikoa.
Egileaz
Asisko Urmeneta Otsoa Errarteko (Iruñea, Nafarroa, 1965). Nafar irudigilea eta komikilaria da. Komikia, ilustrazioa, marrazki bizidunak, prentsako karikatura eta abarretatik ateratzen du bizimodua. Umorea izan ohi dute ardatz bere lanek. Bere lehen pausoak komikilari gisa, Napartheid fanzinean eman zuen 80ko hamarkadan. Horren ondoren, hainbat prentsa kolaborazio egin ditu (batez ere, Argian), Zazpiak Batman kolektiboko kidea da (Kike Amonarriz eta Antton Olariagarekin batera Mantxut liburuak atera ditu), H28 aldizkari satirikoan parte hartu zuen eta Xabiroi Ikastolen Elkarteko aldizkarian ere marrazten du. Bere kaxa hainbat komiki argitaratu ditu. Besteak beste, Oskorri, Pottoka eta Negu Gorriak taldeen diskoen azalak marraztu ditu. Horrez gain, ETB1 telebista-kateko Mihiluze saioan egon zen karikaturak egiten. Juanjo Elordirekin batera 2009an Munduaren bira 80 egunetan, doan eta 2011n Gartxot, konkista aitzineko konkista filmak zuzendu zituen. 2017 eta 2018an hurrenez hurren bi komiki sortu zituen Asisko Urmenetak: Eusklabo Alaiak (Gure Berriak, 2017) eta AztiHitza: Xahoren Biografikoa (Erroa argitaletxea, 2018). Azken lan honi esker, Urmenetak 2019an Literatura Lanaren Ilustrazioa modalitateko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen.
En breve
- Tipo Conferencia
- Fecha 16 de abril 2022
- Horario12:00
- LugarAmaiur. Herriko plaza
Baztan - IdiomaEuskera


