Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Ohiko galderak Ingurumen Baimen Integratua (IBI) duten instalazioentzat

Zer da Ingurumen Baimen Integratua (IBI)?

Instalazio batek bere jarduera garatzeko bete behar dituen ingurumen-baldintzak ezartzen dituen baimena da. Bertan, aplikagarri diren ingurumen-betekizun nagusiak administrazio-egintza bakarrean biltzen dira.

Zein jarduerak behar dute IBI bat?

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudian jasotako jarduerek, oro har industria-instalazio handiek edo ingurumen-eragin esanguratsua izan dezaketenek.

IBI lortzean jarduera hasi al dezaket?

Ez beti. Baimena lortzeaz gain, ebazpenean ezarritako aurretiazko baldintzak bete behar dira, eta, hala dagokionean, jardueraren hasieraren edo instalazioa martxan jartzearen komunikazioa aurkeztu behar da.

Non kontsulta ditzaket bete behar ditudan baldintzak?

Baimenaren ebazpenean eta haren ondorengo aldaketa edo berrikuspenetan.

Zer informazio bidali behar diot aldizka Administrazioari?

Zure baimenean ezarritakoa: ingurumen-kontrolen emaitzak, jarraipen-txostenak, ingurumen-adierazpenak, emisioei buruzko informazioa eta eskatzen den gainerako dokumentazioa.

Instalazioaren titulartasuna aldatzen bada jakinarazi behar al dut?

Bai. Titulartasun-aldaketa jakinarazi behar da erregistroak eguneratzeko eta instalazioaren arduraduna behar bezala identifikatuta egon dadin.

Jarduera aldi baterako eteten badut jakinarazi behar al dut?

Bai. Ingurumenaren ikuspegitik garrantzitsuak diren aldi baterako etenaldiak edo geldialdi luzeak jakinarazi egin behar dira.

Nola jakin dezaket zein komunikazio diren nahitaezkoak nire instalazioan?

Baimenaren ebazpenak berariazko betebeharrak jasotzen ditu. Horrez gain, araudiak beste komunikazio batzuk ere eska ditzake, ebazpenean berariaz adierazita ez egon arren.

Instalazioa aldatu nahi dut. Zer egin behar dut?

Edozein aldaketa egin aurretik haren irismena aztertu eta dagokion prozedura izapidetu behar da.

Zer alde dago funtsezko aldaketa baten eta ez-funtsezko aldaketa baten artean?

Funtsezko aldaketek eragin nabarmena izan dezakete pertsonengan, ingurumenean edo baimendutako ustiapen-baldintzetan. Ez-funtsezko aldaketek, aldiz, eragin mugatuagoa dute.

Aldaketa egin al dezaket aurretik jakinarazi gabe?

Ez. Dagokion komunikazioa edo eskaera aurkeztu behar da aldaketa gauzatu aurretik, araudiak besterik ez badu xedatzen.

Nork erabakitzen du aldaketa funtsezkoa den ala ez?

Ingurumen-organo eskudunak, aurkeztutako dokumentazioa eta araudian ezarritako irizpideak kontuan hartuta.

Zer gertatzen da aldaketa bat aurretiaz izapidetu gabe egiten badut?

Administrazio-betebeharrak urratu ditzakezu, egoera erregularizatu behar izan dezakezu eta, hala badagokio, zehapenak edo bestelako erantzukizunak sor daitezke.

Zer da ingurumen-gorabehera bat?

Aurreikusi gabeko edozein gertaera, ingurumenean eragina izan dezakeena edo baimenaren baldintzak ez betetzea eragin dezakeena.

Zer egin behar dut kontrol edo arazketa-sistemetan eragina duen matxura bat gertatzen bada?

Berehala hartu behar dituzu ingurumen-eragina minimizatzeko neurriak, eta gorabehera jakinarazi behar duzu hala eskatzen dutenean baimenak edo araudiak.

Ingurumen-gorabehera guztiak jakinarazi behar al dira?

Ingurumenaren ikuspegitik garrantzitsuak direnak edo baimenaren baldintzak betetzean eragina izan dezaketenak jakinarazi behar dira.

Zer informazio eman behar dut gorabehera baten komunikazioan?

Gertatutakoaren deskribapena, ezagutzen diren arrazoiak, sortutako edo aurreikus daitezkeen ondorioak eta egoera zuzentzeko nahiz berriro gerta ez dadin hartutako neurriak.

Zer gertatzen da baimendutako emisio-muga bat gainditzen bada?

Egoera zuzentzeko berehalako neurriak hartu behar dira, prebentzio-neurriak ezarri eta, hala dagokionean, ez-betetzea jakinarazi.

Nork egiten ditu instalazioaren ingurumen-kontrolak?

Kontrol motaren arabera, erakunde laguntzaile akreditatuek, kontrol-erakundeek edo Administrazioak berak.

Zer maiztasunekin egin behar dira neurketak eta kontrolak?

Ingurumen-baimenean eta aplikatu beharreko araudi sektorialean ezarritako maiztasunarekin.

Zer dokumentazio gorde behar dut?

Ingurumen-baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten erregistro, txosten, neurketa, kontrol eta komunikazio guztiak.

Administrazioak nire instalazioa ikuska dezake?

Bai. Organo eskudunek ikuskapen- eta egiaztapen-jarduketak egin ditzakete indarrean dagoen araudiaren arabera.

Zer gertatzen da ikuskapen batean ez-betetzeak hautematen badira?

Administrazioak neurri zuzentzaileak eskatu ahal izango ditu, zuzentzeko epeak ezarri edo, hala badagokio, zehapen-prozedurak hasi.

IBIak iraungitze-data al du?

Baimena indarrean mantentzen da hura ematea justifikatu zuten baldintzak mantentzen diren bitartean eta ezarritako betebeharrak betetzen diren artean, egin beharreko berrikuspenak alde batera utzi gabe.

Emandako IBI bat berrikusi al daiteke?

Bai. Araudiak aurreikusitako egoeretan Administrazioak baimenaren baldintzak berrikusi ditzake.

Zer egin behar dut jarduera behin betiko amaituko badut?

Jardueraren amaiera jakinarazi eta instalazioa ixteari lotutako ingurumen-betebeharrak bete behar dituzu.

Jarduera amaitu ondoren neurriak hartu behar al dira?

Bai. Jardueraren izaeraren eta baimenaren baldintzen arabera, beharrezkoa izan daiteke hondakinak kentzea, eremuak lehengoratzea edo lurzoruaren egoera egokia egiaztatzea.

Nola aurkeztu behar ditut IBIarekin lotutako komunikazioak eta eskabideak?

Administrazioak horretarako gaitutako bitarteko elektronikoen bidez:

Zer dokumentazio aurkeztu behar dut izapide bakoitzean?

Jakinarazten edo eskatzen dena egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazioa. Prozedura bakoitzean zehazten da aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Nire izapideen egoera kontsulta al dezaket?

Bai. Titularrek edo ordezkari baimenduek espedienteen egoera kontsultatu dezakete egoitza elektronikoaren bidez: Nire karpeta

Nork aurkez ditzake enpresaren izenean izapideak?

Erakundearen legezko ordezkariak edo behar bezala egiaztatutako ordezkaritza duen pertsonak.

Zer egin behar dut zein prozedura erabili behar dudan zalantzan badago?

Kontsultatu izapide bakoitzaren informazioa edo jarri harremanetan emailez: ingurumena@euskadi.eus 

Azken aldaketako data: