Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Tallingo eGovernment adierazpena eta Software librea

Argitalpen-data: 

Tallingo eGovernment adierazpena

Urriaren 6ko “Administrazio Elektronikoaren Tallingo ministro-adierazpena”-k Kode Irekiaren erabilpenaren alde egiteko gomendioa egiten dio Europar Batasunari (EB).

Europar Batasuna eta Europako Merkataritza Askearen Elkartea (EMAE/EFTA) osatzen duten Estatuetako Ministroek adostu zuten Tallinen (Estonia) IKT sistemak garatzerako orduan zerbitzu publikoek software librean oinarritutako soluzioak gehiago erabili beharko luketela.

Halaber, zerbitzu publikoei eskatzen diete euren IKT soluzioak edonoren esku uztea, eta sektore pribatua zein gizartea animatzen dute softwarea berrerabiltzera.

Gainera, Europako Batzordea premiatzen da “soluzio eta estandar irekien erabilpen-baldintzak gogortzea IKT sistema eta soluzioen garapena eta berritzea Europar Batasuneko diru publikoarekin egiten denean - 2020rako lizentzia irekien politika bat barne”.

Tallingo adierazpena Europar Batasuna osatzen duten 28 estatuetako ministroek eta EMAE/EFTAko (Islandia, Liechtenstein, Norvegia eta Suitza) ministroek sinatu dute, eta elkarreraginkortasunaren garrantzia nabarmentzen du ere.

Elkarreraginkortasuna dela eta, helburua Europako Elkarreraginkortasunaren Markoa (EIF) (https://ec.europa.eu/isa2/eif_en) indartzea da, eta hain zuzen ere kode irekiaren erabilpena gomendatzen du. Bertan zehazten den moduan, kode irekiko softwarea eta teknologia erabilita garapen-kostuak murriztu daitezke, blokeo-efektua ekidin eta baldintza zehatzetara azkar egokitu, babesa ematen dieten Garatzaileen Komunitateak etengabe ari baitira berau egokitzen.

Administrazio publikoek kode irekiko softwarea erabiltzeaz gain, ekarpenak egin beharko liokete garatzaile-komunitateari (ahal den neurrian, beti ere). Kode irekia izatea funtsezko kontua da berrerabilpenerako, EIF beraren 3. Gomendioan, adibidez, ikus daitekeen moduan.

Oharra: ‘Tallinn Ministerial Declaration on eGovernment’ (Administrazio Elektronikoaren Tallingo Ministro-Adierazpena) hemen kontsultatu daiteke: http://ec.europa.eu/newsroom/document.cfm?doc_id=47559