Argitalpen-data: 2017/06/21
Europako EUPL lizentzia: softwaretik edukietara
EUPL lizentzia
Pasa den maiatzean berritu zuten EUPL (European Union Public Licence) Europar Batasunaren software libreko lizentzia. Bertsio berriak bere irismena zabaldu du, eta horri esker, softwareaz aparte, era guztietako datu eta edukiei dagokien lizentzia librea da oraingoan.
1.2 bertsioa da argitaratu den bertsio berria, eta Europar Batasuneko egile-eskubide lege guztiekin da bateragarria. Era berean, IKT garapenak egiten dituzten erakunde publikoentzako bereziki garatutako lizentzia erabilgarri eta interesgarria da.
Hauek dira lizentzia berriak dakartzan berrikuntza nagusiak:
- Irismen handiagoa. Softwareaz gain, datuak, dokumentuak, bereizgarritasun teknikoak eta estandarrak ere kontuan hartzen ditu bertsio berriak. Baita, jakina, "kode iturria", lehen bezala (softwarea bere horretan, alegia).
- Bateragarritasun handiagoa. Kode eta eduki libreko lizentzia gehiagorekin bateragarria da EUPL 1.2. Beraz, lizentziak erraztu egin dezake IKT garapenen berrerabilpena: erakunde desberdinek egindako garapenak batetik bestera aplikatzeko aukerak zabalduko dira, eta denbora eta baliabideak aurreztu daitezke horrela.
- Malgutasun handiagoa. Orain, erabiltzaileek aukera gehiago dute orain lizentzia eranskinekin moldatzeko (muina aldatzen ez den bitartean). Horri esker, eremu jakin batean aplikatu beharreko legedia ere aipa daiteke lizentziari gehituta, adibidez.
EUPL lizentzia 2007an sortu zen, eta 2009an berritu zen lehen aldiz. Orduko hartan, OSI-k (Open Source Initiative) ziurtagiria eskaini zion, kode irekiko lizentzia baleko gisa. Bigarren berrikuntza izan da 2017ko 1.2 bertsio hau, edukien gaira jauzi handi bat emanez.
EUPL 1.2 bertsioa, gaztelaniaz eta EBko gainerako hizkuntza ofizialetan, hemen aurki daiteke:
http://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=CELEX:32017D0863
