Argitalpen-data: 2016/11/25
Librecon 2016 sustengatuz, Kode Irekiko IKT soluzioak ezagutzera emateko topaketa
Aste honetan, azaroaren 22 eta 23an, arrakastaz ospatu da Bilbon (Bizkaia, Euskadi) software libre eta teknologia irekien LIBRECON 2016 nazioarteko konferentzia. Eusko Jaurlaritzak (http://www.euskadi.eus) parte-hartze garrantzitsua izan du bertan, topaketa babesten eta bere zenbait erakundek emandako hitzaldi teknikoekin.
Horrela, asteartean, azaroaren 22an, EJIEko Zaintza Teknologikoaren arduradunak, Oscar Guadillak, “Integración Bigdata: punto de entrada al IoT” izenburudun hitzaldian EJIEk (http://www.ejie.eus), Eusko Jaurlaritzaren Informatika Erakundeak, dituen integrazio soluzioak izan zituen hizpide, hauen bigdata eta open source teknologietan oinarrituriko trazabilitate-mekanismoekin.
Asteazkenean, azaroaren 23an, Garikoitz Echabek, Ertzaintzaren (http://www.ertzaintza.eus) Informazioaren Teknologietako Delituen Sekzio Zentraleko Buruak, “Suplantaciones de identidad y ransomware” hitzaldia eman zuen. Enpresa-munduari gehien eragiten dieten bi delitu-informatiko nagusiak aipatu zituen: nortasunaren ordezpena eta ransomware-a, eta delitu hauek gerta ez daitezen edota eragina murrizteko neurriez jardun zuen, tartean software librea.
Bestalde, asteazkenean bertan, OSOR erakundeko aditua den Gijs Hillenius-ek (Europako Batzordeko Open Source Observatory & Repository erakundea https://joinup.ec.europa.eu/community/osor/home) Europako Batasuna osatzen duten herrialdeetako administrazio publikoak kode irekiko soluzioak nola erabiltzen ari diren aipatu zuen eta egoeraren ikuspegi orokorra plazaratu zien bertaratutakoei. Besteak beste, Euskadi jarri zuen software libreko politiken adibide on gisa.
Jardunaldiaren inaugurazio-ekitaldian Estibaliz Hernáez, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordea, Alexander Arriola, SPRIko (http://www.spri.eus) Zuzendari Nagusia, Juan Mari Aburto (Bilboko alkatea), Unai Rementeria (Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusia), Eneko Astigarraga (ESLE) eta David Olmos (ASOLIF) izan ziren. Eusko Jaurlaritzak stand bat izan zuen jardunaldian eta bertan “Euskadi 2020 Agenda Digitala”ri buruzko informazioa eskaini zitzaien parte-hartzaile guztiei.


