Argitalpen-data: 2016/05/31
Euskara ofiziala da Joomlan, dagoeneko
Dagoeneko euskara ofiziala da Joomlan. Hemen dituzue proiektuaren ezaugarriak
Duela egun batzuetatik, euskara ere azaltzen da jada Joomlak onartzen dituen hizkuntza-pakete ofizialen artean. Joomla CMS (ingelesez, Content Management System) edo Eduki Kudeaketarako Sistema ezaguna da eta webgune dinamiko eta interaktiboak garatzeko erabiltzen da. Webguneak modu errazean sortzeko aukera ematen du, edukia sortu, aldatu eta ezabatzeko erraztasun handiarekin, “administrazio-panel” bati esker. Kode irekiko softwarea da, PHP gainean garatu eta programatua, eta GNU (GPL) lizentzia publikoarekin argitaratu da.
Joomlaren lokalizaziorako Lan Taldeak duela gutxi onartu eta argitaratu du euskararen hizkuntza-paketea bere azken bertsioaren pakete ofizialean (Joomla 3.5, https://community.joomla.org/blogs/community/1900-basque-language-pack-added-to-joomla-35.html). Hortaz, hemendik aurrera, Joomla euskaraz ere kudeatu ahal izango dugu, pakete ofizial batean. Joomla kudeatzeko dauden hizkuntzen artean 66.a da euskara.
Ofizialki argitaratu den paketean alderdi publikoa edo front-enda (bisitariek ikusten dutena) zein alderdi pribatua edo back-enda (plataformaren kudeatzaileek darabiltena) itzuli dira eta, beraz, hemendik aurrera, Joomla webguneak sortu eta administratu nahi dituzten erakunde, elkarte eta herritarrek euskaraz ere egin ahalko dute lan guztia. Hizkuntza-pakete berri honi esker, webguneak kudeatzeko mezu eta etiketa guztiak, publiko nahiz pribatuak, euskaraz eskainiko ditu Joomlak.
Pakete berria instalatzeko, zuzenean egin daiteke hizkuntzak gehitzeko funtzioa erabiliz, edo Joomlaren beste edozein luzapenen instalazioarekin. Euskararen language pack delakoaren informazioa eta instalaziorako oharrak ondorengo helbidean aurkituko dituzu: http://community.joomla.org/translations/joomla-3-translations.html#eu-es.
Joomla bertsio honen itzulpena Miel Loinazek koordinatu du 2016. urteko lehenengo hilabeteetan. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzaren Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzaren gidaritza eta diru-laguntza izan ditu, SALE Software Librea bultzatzeko bulego teknikoaren bitartez (www.euskadi.eus/sale).
Une honetan pakete osoak hamar mila esaldi inguru ditu. Joomlako hizkuntza ofizialen zerrenda osoa hemen duzue eskuragarri: http://community.joomla.org/translations/joomla-3-translations.html.
Interesa duen pertsona orok Joomlaren webgunean aurkituko du euskararen hizkuntza-paketea. (Helburuetako bat da etorkizunean etor daitezkeen bertsioetan eguneraketa prozesua erraztea).
SALEtik animatu egiten zaituztegu Joomlako azken bertsioa jaitsi eta instalatu dezazuen.
