Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Argitalpen-data: 2014/10/01

San Markos Mankomunitateak bere aplikazioa partekatzen du


Aurreko artikuluan argitaratu genuenarekin jarraituz, SALEk OpenApps atarian gero eta aplikazio gehiago argitaratzea du helburu. Orain arte argitaratutako aplikazioak Eusko Jaularitzaren hainbat sailetan garatutako aplikazioak ziren: Herri Administrazio eta Justizia Saila, Ingurumen eta Lurralde Politika Saila, Lehendakaritza, etab.

Gaurkoan, berriz, Tokiko Administrazio bati buruz hitz egingo dugu: Gipuzkoako (Euskadi) San Markos Mankomunitateari buruz, hain zuzen ere. San Markos mankomunitatea

Gipuzkoako ondorengo 10 udalerriek osatzen dute San Markos Mankomunitatea: Donostia, Errenteria, Pasaia, Oiartzun, Lezo, Astigarraga, Lasarte-Oria, Usurbil, Urnieta eta Hernani, guztira 311.613 biztanle.

Kepa UgartemendiaMankomunitatea, Kepa Ugartemendia zuzendari nagusiaren bitartez, gugana zuzendu zen haiek garatutako “Aktiboen amortizazioen kontrolerako aplikazioa” OpenApps-en argitaratzeko eta partekatzeko asmoarekin.

Hona hemen Kepa Ugartemendiari egindako elkarrizketa.

SALE: Zertan datza zuen Aktiboen amortizazioen kontrolerako aplikazioa?

Kepa Ugartemendia: Administrazio lokalaren aktibo orokorren kontrolerako aplikazioa da. Erakunde baten aktiboen inbentarioa kudeatzen du, eta aktibo bakoitzaren amortizazioaren kontrola darama. Intranet bezala diseinatuta dago, hala ere extranet bezala funtziona dezake.

Aplikazioaren helburuak honako hauek dira: erakunde baten aktiboen kudeaketa egitea; denboran zehar aktibo horien amortizazioaren kontrola izatea, ebentu eta metodo desberdinak erabiliz (aurreratutako beherapenak, bizitza erabilgarriaren luzapenak), amortizazioan eragina izan dezaketenak; eta kontabilitaterako erabilgarriak izan daitezkeen txostenen sorrera, amortizazioetarako urteko hornidura edo aktiboen historia, besteak beste.

SALE: Udalen batek zuengana jo du aplikazioa erabili ahal izateko?

Kepa Ugartemendia: Momentuz Mankomunitateak erabiltzen du, baina udalek erabiltzeko prest dago. Orokorrean, gure eskualdeko Udalek aplikazio nahiko ahulak zituzten, Excel-en oinarrituta edo lizentziapean. Gipuzkoako udalen gehiengoak IZFEren aplikazioak erabiltzen ditu, baina esparru horretan ez dute ezer garatuta.

SALE: Zergatik nahi duzue zuen aplikazioa argitaratzea eta publikoki partekatzea?

Kepa Ugartemendia: Diru publikoarekin ordaindu denez, baliabideak optimizatzeko aukera bat da. Adibidez, guk garatzen dugun guztia Kode Irekian garatuta dago. Gainera, gogoratu behar dugu badagoela Eusko Jaurlaritzaren Dekretua eta baita Estatukoa ere. Laburbilduz, uste dugu egokia dela.

SALE: Zuen aldetik, beste udal edo mankomunitateren batek garatutako aplikazioren bat erabili izan duzue?

Kepa Ugartemendia: Oraingoz ez dugu berrerabili besteen aplikazioak. Hala ere, LibreOffice, kode irekian garatutako aplikazioak, etab. erabiltzen ditugu.

SALE: Zein da zuen iritzia aplikazioak publikoki argitaratzeari eta partekatzeari buruz.

Kepa Ugartemendia: Pentsatzen dugu hori dela bide egokiena. Beraz, gure aplikazio propioak garatzen ditugun heinean, argitaratzen eta partekatzen jarraituko dugu.

SALE: Zerbait gehiago adierazi nahi duzu?

Kepa Ugartemendia: Eusko Jaurlaritzari eskertu nahi diogu OpenData plataforma erabiltzeko emandako aukera. Gure aplikazioa gaur gaurkoz gaztelania hutsez badago ere, hurrengo erabiltzaileren batek euskeratuko balu asko eskertuko genuke.