Balda dorrea XVI. mendeko dorretxe errenazentista da eta haren jatorria ez da ezaguna.
Insausti jauregia, Azkoitiko hiribilduaren barruan, Loiolari begira eraikitako jauregitxo laukizuzen ederra da. Insausti oinetxea aspaldi-aspalditik barne hartzen zuen orubearen gainean dago eraikita. Tipologiari dagokionez, jauregiak eredu serliarrari jarraitzen dio eta inguruan antzeko beste bi eredu ditu. Xabier Maria de Munibe Peñafloridako konde eta Real Sociedad Bascongada de Amigos del Pais erakundearen sortzaileak eraiki zuen 1764an.
Etxe Beltz izenaz ezaguna, Idiakez etxea dorretxe armarridun nabaria da, harri-hormak dituena. Fatxadan aipatzekoa da arku zorrotz klabeduneko atea, dobela guztiz landatarrak eta ate-leiho eskudeldunaren baoak.