Loiolan Loiolatarren dorretxea bisitatu behar da, eraikin kubiko ederra, XIII. mendeko gotiko-mudejarra. 1456. urtean moztu eta 1461ean berreraiki egin zen.
XV. mendean, Enrike IV.ak dorretxe guztiak birmoldatzeko eta haien hormen altuera jaisteko agindua eman zuen. Horregatik, Loiolako San Iñazioren aitonak berreraikitako errematea adreiluzkoa da, mudejar-motakoa.
Loiolako santutegia inguru natural eder batean dago kokatuta. Multzo arkitektoniko handia da eta ondoko elementu hauek osatzen dute: erdialdean basilika eta alboetako bi hegal zabal, 150 metroko luzerako fatxadakoak. Bernini-ren dizipulu zen Carlo Fontana arkitekto erromatarrak eraiki zuen, Austriako Mariana I.a erreginaren babespean.
XVII. mendean proiektatutako eta XVIII. mendean eraikitako santutegi honen eraikuntza-lerroak soilak dira, nahiz eta garai barrokoan egina izan. Elementu italinizatzaileak beste herreriar batzuekin nahasten ditu. Basilikaren oinplanoa zirkularra da eta 33 metroko diametroa du. Aipatzekoa da 20 metroko kupula, linterna poligonal batez errematatua. Azpeititik, hiribide zabal bat basilikan sartzeko harmailadiraino iristen da. Harmailadiko balaustreen apainduran ustez Churriguerak hartu zuen parte.