Hondarribia da Gipuzkoan forua jaso zuen bigarren hiribildua. Duen kokapen estrategikoak, gotorleku gisa zuen garrantziak eta bertako babes-sistemen garapenak aparteko ospea eman diote ondoren hiri bilakatutako hiribildu honi. Bidasoa kontrolatzeko eraiki zen, Gaztelako erresumaren muga baitzen 1200. urtetik aurrera, eta baliabide ugari erabili ziren berorren eraikuntzan, plaza militar garrantzitsua bilakatu arte. Hondarribiren kasuan, beraz, hirigintza-bilakaera harresien menpe egon da, bai Erdi Aroan bai eta garai modernoan ere. Historian zehar sarritan berreraiki izan da, suteen eta jasandako erasoen ondorioz. 1794an bertako harresiak suntsitu egin zituzten eta gotorlekua behin betiko galdu zuen. Errege Katolikoek eta Karlos V.ak
harresiak konpondu zituzten. Portua harresitutako eremutik kanpo dago eta hirigune historikoak kanpamendu militarren ereduari jarraitzen dio. Bost kale zuzen eta paralelo eta horiek mozten dituen zeharkako bat ditu. Hiriaren hazkundea harresiek mugatu zuten eta, horregatik, etxeek orube estu eta luzeak dituzte, Erdi Aroko hirigintzako ohikoak. Eraikin horien gauzarik bereizgarriena teilategalen mailakatzea da, goi-oinetan azalera irabaztearren.
Monumentu historiko-artistiko deklaratuta, harresitutako barrutiak aberastasun monumental handia barne hartzen du. Kale Nagusia, Pampinot kalea, Arma plaza, San Nikolas kalea, etab. etxe tipikoz eta jauregi ederrez josita daude. Nahitaez bisitatu beharreko lekuak dira
Zuloaga-Etxea, XVII. mendekoa eta barrokoa, Jasokundeko eta
Sagarrondoko Andre Maria elizak eta
Karlos V.aren gaztelua.
Santa Maria atea da hirirako sarbide nagusia, gordetzen den bakarra, zeuden beste biak armada frantsesak suntsitu egin baitzituen 1795ean. Goialdean aipatzekoa da hiriko armarria.
Sagarrondoko Andre Maria eliza, XVI. mendekoa, eraikin gotikoa da eta herriaren leku garaienean dago. Gurutze latindarreko oinplanoa, gurutzadura duten hiru nabe eta hiru abside poligonal ditu. Antzinako erretaula Iriartek eginda da XVI. mendearen amaiera aldean. Horren ordez erretaula neoklasikoa jarri zuten eta, era berean, horren lekuan gaur egun dagoena ipini. Sakristian Iriarteren erretaularen erliebe eta irudi batzuk ikus daitezke. Elizaren gainerako erretaulak barrokoak dira.
Hondarribiako beste monumentu handietakoa Karlos V.aren gaztelua da, XVI. mendeko eraikin soila, harri ilunez eraikitakoa. Fatxada nagusia lisoa da eta harlanduz egindako horma nabarmentzen da bertan. Gazteluak egitura lauangeluarra du eta portada aipagarria dauka, tamainaz txikia baina edertasun handikoa.