Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

EuskalHiria kongresua 2026

Ber-hazi. Hiria etxebizitzaren eta iraunkortasunaren erronken artean

EuskalHiria Kongresua 2002. urtetik ari da egiten Euskadin, hiriei eta lurraldeari buruzko eztabaida sustatzeko tresna gisa Euskadiren testuinguruan. Kongresuak, proposatutako gaien bidez, hiri-eremuek gaur egun dituzten erronkak eta aukerak jorratzen ditu, askotariko eragileen ikuspegitik eta ezagutzaren hainbat esparrutatik. EuskalhiriaKongresua Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak antolatu du, eta Giza Kokalekuetarako Nazio Batuen Programaren (NBE-Habitat) laguntza jaso du.

Etxebizitza eskuratzeko gero eta zailtasun handiagoak, krisi klimatikoak eta lurzoruaren erabilera arduratsuagoa egiteko beharrak markatutako testuinguru batean, hiriek premiazko galdera bati egin behar diote aurre: nola bermatu etxebizitza eskuragarria, zerbitzuak eta aukerak herritarrentzat, automobilarekiko mendekotasuna, azpiegituren sakabanaketa eta lurralde-zatiketa areagotu duten hiri-hedapen horizontaleko ereduetara jo gabe?

Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak eta Hiri Agenda Berriak, beste esparru global batzuekin batera, azpimarratzen dute hiri-eredu inklusiboago, seguruago, erresilienteago eta jasangarriagoetarantz jo behar dela, etxebizitza egokia izateko eskubidea lurralde-plangintza efizienteago eta orekatuago batekin artikulatzeko gai izango direnak. Ildo beretik doa Euskadiko Hiri Agenda, Bultzatu 2050, Eusko Jaurlaritzak 2019an onartua, politika publikoen koherentzia indartzeko eta EAEko lurraldeak aukerak, jasangarritasuna, kohesio soziala eta bizi-kalitatea sortzeko duen gaitasuna indartzeko tresna estrategiko gisa.

Ikuspegi horretatik, "Ber-hazi. Hiria etxebizitzaren erronken eta jasangarritasunaren artean». Kongresuak hiriaren hazkundeari buruzko eztabaida ikuspegi berritutik irekitzea proposatzen du. Lurzoruaren kontsumo intentsiboko hiri-hedapeneko ereduen aurrean, dagoeneko eraikita dagoen hiriak egungo premiei erantzuteko nola eboluzionatu dezakeen aztertzera gonbidatzen du biltzarrak, hiri-kalitatea birbanatuz, etxebizitzarako sarbidea handituz eta lurraldeen ingurumen- eta gizarte-jasangarritasuna indartuz.