Euskal Nekazaritza-Sektorean Belaunaldien Arteko Erreleboa egiteko Estrategia Integrala
Nekazaritza-sektoreko belaunaldien arteko erreleboa lehentasunezko problematika da bai Europan bai estatuan eta eskualdeetan. Europako Batzordeak estatu kideak premiatu ditu desafio horretan sakontzera, nekazaritzako elikagaien sektorearen jasangarritasunean, landa-garapenean eta lurralde-orekan duen eragin kritikoa kontuan hartuta. 2020ko nekazaritza-zentsuaren arabera, nekazaritza-ustiategien titularren % 30,6k 65 urte baino gehiago dituzte, eta % 10ek baino ez dituzte 40 urte baino gutxiago. Nekazaritza-ustiategien adin-taldeen araberako banaketa 2009. urtekoaren antzekoa da.
Euskadik estrategia propio bat diseinatu du, integrala eta nekazaritza-arloko lau euskal administrazioen artean adostua. Estrategia horrek euskal nekazaritza-sektorearen berezitasunak hartzen ditu kontuan, eta beste autonomia-erkidego eta estatu kide batzuetako esperientziak eta jardunbide egokiak baloratzen ditu.
Hona hemen euskal estrategia horren justifikazioa:
1. Sektoreko zahartzea: 65 urtetik gorako titularren proportzio handiak eta gazteen presentzia urriak ekintza zehatzak eta egokituak eskatzen dituzte.
2. Nekazaritza uzteko arriskua: erreleborik ez izateak arriskuan jartzen du ustiategi askoren jarraitutasuna.
3. Lerrokatze estrategikorako aukera: hiru lurralde historikoetako ikaskuntzak integratzea.
4. Nekazaritza-sektoreak landa-jasangarritasunean betetzen duen eginkizuna: produkzioaz harago, nekazaritza-sektoreak ingurumena, paisaia, kultura eta lurralde-kohesioa mantentzen laguntzen du.
Estrategia horren garapena, gainera, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak heldu beharreko funtsezko erronketako bat da, Eusko Jaurlaritzaren legegintzaldi honetarako konpromiso eta ekimenetan txertatua; zehazki, gobernu-programaren 94. konpromisoaren 1. ekimenean kokatzen da. Era berean, erronka hori garrantzitsuenen artean aintzat hartzen da hiru foru-aldundien ekintza politikoan, haren kudeaketaz arduratzen diren departamentuen/sailen barruan.
Azken aldaketako data: