Lan eta Enplegu Saila

Euskadiko Lan Ikuskaritza - Ohiko Galderak

LAGUNTZA GEHIAGO BEHAR DUZU ZURE KONTSULTAREKIN?

ZEIN ALDE DAGO IKUSKAPEN-SISTEMAN ATXIKIPEN ORGANIKOAREN ETA ATXIKIPEN FUNTZIONALAREN ARTEAN?
Atxikipen organikoa antolakuntzari, baliabide materialak eskura jartzeari eta, besteak beste, ordainsaria eta horren ordainketa zehazteari dagokio; atxikipen funtzionala, berriz, funtzioak eta eskumenak esleitzeari eta horiek garatzeko irizpideei dagokie. Lan Ikuskaritzaren jardunak hainbat gairi eragiten die, hala nola, lanari, Gizarte Segurantzari, eta beste gai batzuei. Gai horiek, oro har, estatu-mailan araututa daude, baina, kasu batzuetan, horiek betearaztea autonomia-erkidegoaren eskumena da. Hala, lan-arloko arau-haustearen akta baten bidez zehapen-prozedura bat hastean, hura ebatzi behar duen agintaritza, kasuan kasu, autonomikoa izan daiteke. Akta egiten duen ikuskaria edo laneko ikuskariordea Estatuko edo Autonomia Erkidegoko administrazio bati edo besteari atxikita egon daiteke organikoki, baina, bere eginkizun eta eskumenengatik, kasu honetan funtzionalki administrazio autonomikoari atxikita egongo da.
IKUSKARITZA AUTONOMIA-ERKIDEGO BATZUETARA ESKUALDATZEAK ERAGINA AL DAUKA IKUSKARITZAREN FUNTZIONAMENDUAN?
Ikuskaritza Sistemaren antolaketaren eta funtzionamenduaren irizpideen arabera, ez. Izan ere, Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskarien eta laneko ikuskariordeen kidegoetako enplegatu publikoek baino ez dute betetzen ikuskaritza-funtzioa, organikoki zein administrazio publikori atxikita dauden alde batera utzita. Halaber, funtzio- eta jarduketa-batasunaren printzipioaren pean jarduten dute, Sistemaren ikuskera bakar eta integralarekin, inplikatutako administrazio publikoen koordinazioa, lankidetza eta partaidetza tartean daudela.
EDOZEIN ESKALAKO LANEKO IKUSKARIORDE BATEK EGIN AL DEZAKE EGIAZTAPEN-JARDUERA BAT ALDI BATERAKO LANEKO ENPRESA BATEAN?
Bai, baina betiere bere ikuskaritza-funtzioaren barruan. Aldi baterako laneko enpresa batek langileak ditu, bai egiturakoak, bai eskura jarritakoak, eta, horregatik, Gizarte Segurantzaren, laneko segurtasunaren edo lan-arriskuen prebentzioaren arloko arauetan ezarritako betebeharrak bete behar ditu, beste edozein enpresak bezala, baina, era berean, betebehar jakin batzuk bete behar ditu bere izaeragatik, hala nola finantza-bermearen balioa eguneratzea, legez aurreikusitako baldintzetan, edo gaia arautzen duen arauaren 1. artikuluan aipatzen diren jardueretan soilik jardutea. Alderdi horretan soilik garatu dezakete beren ikuskaritza-funtzioa ikuskariek.
ZER EGIN DEZAKE LANEKO IKUSKARI BATEK EDO LANEKO IKUSKARIORDE BATEK LANTOKI BATEAN?
Lantokira egiten den bisita da Lan Ikuskaritzak egiaztapenak egiteko erabiltzen duen bitartekorik ohikoena, bertan gertatzen diren egoera batzuk egiaztatu nahi direnean. Izan ere, modu objektiboan egiaztatu behar ditu funtzionario jarduleak egoera horiek. Objektibotasun hori egiaztatutako gertaeren ustezko egiazkotasunaren berezko ezaugarria da. Fase horretan, lantokira sartu eta bertan geratu ahal izango da, enpresaren jarduera behar baino gehiago ez asaldatzen saiatuz eta hainbat jarduera eginez: elkarrizketak egitea, dokumentazioa aztertzea, argazkiak ateratzea, enpresari aldez aurretik jakinarazita, eta egoera jakin batzuetan kautelazko neurriak hartzea. Ahalmen horiek guztiak baliatzeko bermeari esker, egite edo ez-egite bidezko eragozpena ikuskaritza-lana oztopatzea izan daiteke, eta, beraz, zehapen-prozedura bat abiaraztea ekar dezake, 225.018 eurora arteko zehapena tartean, 2021eko urriaren 1etik aurrera.
ZELAN EGIN DEZAKET KONTSULTA BAT LAN IKUSKARITZAN?
Lan Ikuskaritzaren eginkizuna da lan-arloko arauak betetzen direla zaintzea eta dagozkion erantzukizunak eskatzea, aholkuak emanez eta, hala badagokio, arlo horietan adiskidetuz, bitartekari-lanak eginez eta arbitratuz. Hala eta guztiz ere, enpresei eta langileei ematen zaien laguntza teknikoaren funtzioa informazioa ematea da, legezko betebeharrak bete ditzaten, baina, betiere, ikuskaritza-eginkizunaren esparruan. Eginkizun hori zerbitzu-agindu bat dagoenean baino ez da betetzen. Horrenbestez, Ikuskaritza, hasiera batean, ez da kontsulta-zerbitzu bat. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan badira elkargo profesional batzuk, aholkularitza-zerbitzuak dohainik ematen dituztenak, bulegoen bitartez: “informazio sozio-laboraleko eta herritarrei arreta emateko gunea” edo” orientazio juridiko-laboraleko zerbitzua”.
EZ DIDAZU KONPENTSAZIO-PENTSIOA ORDAINDU, EZ BAITUZU LANIK. JAKINARAZI AL DIEZAIOKET IKUSKARITZARI SEGURTATU GABE LANEAN ARI DEN?
Banaketa edo dibortzio baten ondoriozko betebeharren urraketak ez dira Ikuskaritzaren eskumenean sartzen, baizik eta arlo zibileko jurisdikzioan. Hala ere, Ikuskaritzak idazkia izapidetuko du, baldin eta Gizarte Segurantzaren legedia urratu dela uste bada. Ukitutako pertsonak interesdunaren izaera ez duenez, ezingo da jardueraren emaitzaren berri eman. Hala ere, errekerimendu judizialaren arabera, egin diren eta Ikuskaritzaren eskumenekoek ez diren egiaztapenak epaitegian edo auzitegian azaldu ahal izango dira, urraketaren ondoreetarako esanguratsutzat jotzen badira.
ZENBAT IRAUN DEZAKE IKUSKARITZAREN EGIAZTAPEN-LANAK?
Ikuskaritza-jardueraren iraupenari dagokionez, bi alderdi bereiz daitezke: batetik, jarduketa zehatz bakoitzaren, bisitaren, dokumentazioaren azterketaren edo ikuskapenaren egoitzan egindako agerraldiaren iraupena, jardulearen iritziz beharrezkoa dena iraungo duena, eta, bestetik, egiaztapen-lanen gehieneko iraupena, bisita egiten denetik zenbatzen hasita, guztia baloratu ahal izan bada, edo eskatutako dokumentazioa osorik aurkezten den egunetik jarduketak artxibatzen diren edo zehapen-prozedura hasten den arte. Epe hori 9 hilabetekoa da, baina gehienez 18 hilabetera arte luzatu daiteke, tasatutako kasuetan, betiere egiaztapen-lanak ez badira eten 5 hilabete baino gehiago. Edonola ere, kontuan hartu behar da egoera jakin batzuetan ez dela denbora zenbatzen, tartean enpresari edo beren ordezkariei egotz dakizkiekeen aldietan. Adibidez, enpresa edo langile bat errekerimendu bidez eta hartu-agiriarekin epatu bazen garaiz eta forma egokian egun jakin baterako, eta 14 egun geroago agertzen bada, errekerimenduaren eta bertaratzearen arteko egunak ez dira zenbatuko 9 hilabeteko gehieneko iraupenaren ondorioetarako, ezta egiaztapenen arteko 5 hilabeteko etenaldiaren ondorioetarako ere.
ZELAN AURKEZTU DEZAKET SALAKETA BAT EAE-KO LAN IKUSKARITZAN?
EAEko Lan Ikuskatzailetzan salaketa edozein pertsonak aurkez dezake, lan-arloko arauetan edozein urraketa posible egon dela antzemanez gero. Salaketa egiteko, eta aurkezteko modua errazte aldera, hainbat prozedura erabil daitezke: Aurrez aurre Ikuskatzailetzaren bulegoetan (08:30etik 14:00etara) edo Zuzenean zerbitzuko bulegoetan (kontsultatu ordutegiak eta aurretiko hitzordua har daitekeen). Kasu horretan ezingo da anonimoa izan. Horretarako, formulario jakin bat dago, Lan Ikuskatzailetzaren bulegoetan. Bestela, bete eta inprimatu daiteke (1), aurrez aurreko izapidea, ondoren aurkezteko. Era berean, telematikoki aurkez daiteke, egoitza elektronikoaren bidez (1), izapide elektronikoa; kasu horretan, ziurtagiri digitalen bitartez norbere burua identifikatu beharko da. Beste aukera bat modu anonimoan aurkeztea da, Laneko Iruzurraren Postontziaren bidez (2), izapide elektronikoa; ez da ziurtagiri digitalik behar horrelakoetan. Azken kasu horretan, ez da jarduerak hasi edo amaitu izanagatiko erantzunik jasoko, eta, halaber, sistemak ez du bermatuko jarduera horiek egingo direnik. Hala ere, eskariotan jasotako informazioa kontuan har daiteke planifikatutako jarduerak hasteko. Nolanahi ere, Ikuskaritza Sistemak isilpean gordeko du ezagutzen duen edozein kexaren jatorria.
(1) https://www.euskadi.eus/arbitraje_denuncia_reclamacion/inspeccion-de-trabajo/web01-tramite/es/
(2) https://www.euskadi.eus/arbitraje_denuncia_reclamacion/buzon-del-fraude-laboral/web01-tramite/es