Lehendakaritza

Erradikalizazio biolentoaren prebentzioari buruzko nazioarteko mintegia

Mintegiaren antolatzaileek kontzeptu batzuei buruzko gogoeta sustatu nahi zuten, hiru galderen inguruan. Hona lehenengoa: politika publikoen bidez zerbait egin ote daiteke erradikalizazio biolentoari aurrea hartzeko? Bigarrena: posible al da proposamen erabilgarriak eta efizienteak antzematea eta bultzatzea? Eta hirugarrena: nola, hau da, zer tresna eta estrategia baliatuta, urratu daiteke biolentziaren edozein adierazpe n-mota saihesteko bidea?  Esanguratsua eta onerako eraginkorra izan daitekeen bideaz ari gara.
Eusko Jaurlaritzak erantzun bana eman die galdera horiei, abiapuntu eta lan-hipotesi gisa.

Lehenengo galderari dagokionez, irmo samar esan daiteke politika publikoek politika prebentiboetan inbertitu dezaketela, eta horixe egin behar dutela, hain zuzen. Izan ere, horrelako inbertsiorik ez egitea arduragabekeria izateaz gain, nolabait, mehatxatzen gaituzten arazoei aurre egiteko obligaziotik ihes egitea edo hari zirkin egitea izango litzateke. Egiazki, prebentzioa edozein arlotan da egin daitekeen inbertsiorik errentagarriena; baina konplexuena ere bai, seguru aski.

Bigarren galderari erantzuteko ñabardura bat egin behar dugu. Ez dago proiektu prebentibo baten efizientzia aurrez bermatzeko modurik. Biolentziari aurrea hartzea helburu duen hezkuntzajarduera batek ez du bermatzen, eta are gutxiago epe motzean, gertaera biolentoak desagertuko direnik. Biolentzia baliatzea aukera baztergarria eta arbuiagarria bilakatzera bideratu behar da prebentzioa. Prebentzioaren aldeko hezkuntzaren helburuak masa kritiko soziala sortzea izan behar du, soil-soilik bitarteko baketsuak erabiltzearen alde egiten duena, hau da, gertaera biolentoei erresilentzia ez-biolentoaren bidez erantzuteko gauza dena.

Hirugarren kontuari dagokionez (nola urratu bidea arrastoa utziko duen prebentzio-proiektu bati), hipotesi hau planteatzen dugu: erradikalizazio biolento guztiek kausa unibertsal erkideak dituzte.
Mintegi honetan Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen proiektuak hipotesi hori esploratzeko bideari ekiten dio. Ibilbide horren bidez antzeman nahi dugu zein diren kausa unibertsal horiek. Hori egin ondoren, kausa horiek ezagutzen laguntzen duten esperientzia pertsonalizatuetan islatzeaz gain, hezteko eta prebentzioa lantzeko helburuaz landu nahi ditugu.

Azken aldaketako data: