Arautegia
Inprimatu134/2025 DEKRETUA, ekainaren 24koa, Onkologikoa osasun-zentroa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakunde publikoan titulartasun publikoko baliabide gisa integratzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Osasun Saila; Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saila; Ogasun eta Finantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 122
- Hurrenkera-zk.: 2898
- Xedapen-zk.: 134
- Xedapen-data: 2025/06/24
- Argitaratze-data: 2025/06/30
Gaikako eremua
- Gaia: Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Sailak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak ontzat ematen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak hamalaugarren xedapen gehigarrian honako hau xedatzen du:
Baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari Onkologikoa osasun-zentroa integratu dezan titulartasun publikoko baliabide gisa; horren ondorioz, honako hauen mende geratuko da: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 21. artikuluan ezarritako araubide juridikoa, hor aipatzen den araudia; Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Dekretu baten bidez zehaztuko dira integrazio horren baldintzak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoari atxikiko zaizkio erakunde publiko horrek aurrerantzean beteko dituen eginkizunei lotutako edo haietatik eratorritako ondasun, eskubide eta betebeharrak; gainera, Onkologikoa Fundazioaren langileen titulartasunarekin batera, enteak onartu egingo du langile horiek integraziora arte kontsolidatu eta eskuratu dituzten lan-eskubideen eta -betebeharren ondorengotza.
Integrazio hori amaitu bitartean, indarrean jarraituko du 2018ko abenduaren 27an Osasun Sailaren eta Onkologikoa Fundazioaren artean zerbitzu sanitarioak emateko izenpetutako atxikimendu-hitzarmenak.
Baimen horretan oinarrituta, 2024ko apirilaren 26an, lankidetza-hitzarmena sinatu dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Onkologikoa Fundazioak.
Hitzarmen honen xedea da, lehenengo klausulak ezartzen duenez, alderdien eskubide eta betebehar guztiak adostea, Onkologikoa Fundazioaren osasun-zentroaren aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean integratzeko.
Azaltzen duenez, integrazioa «fundazio hori azkendu ondoren gertatuko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldirako Aurrekontuen Legearen hamalaugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuz emango den dekretuaren arabera».
Horiek horrela, Onkologikoa Fundazioa azkendu ondoren, Dekretu hau onartzen da, goian aipatutako lege-agindua aplikatuz, Onkologikoa osasun-zentroa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Instituzionalaren zuzenbide pribatuko erakunde publikoan Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan titulartasun publikoko baliabide gisa sartzeko baldintzak ezar daitezen.
Onkologikoa Fundazioaren barne-bilakaerak berak behartu du Onkologikoa Fundazioa bere izatea bera edo izateko arrazoia zalantzan jartzera; izan ere, urteen poderioz eta Administrazio Publikoak onkologiaren arloko osasun-zerbitzuen prestazioa pixkanaka bere gain hartuta, Fundazioa osasun-zerbitzu publikoen osagarri subsidiario bihurtu zen. Gaur egun, Administrazio Publikoak arlo horretan hartu duen erabateko protagonismoa ikusita, badirudi Fundazioak zerbitzu horiek ematen hasitako prozesua bukatu beharra dagoela.
Onkologikoa Fundazioa azkendu ondotik, bidezkotzat jotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ontzat ematea likidaziotik soberan geratu den ondarea eskualdatzea, eta oinordetza unibertsalaren bidez subrogatzea hura osatzen duten eta Onkologikoa osasun-zentroak emandako osasun-jarduerarekin lotuta dauden aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztiak.
Administrazio honen nahia da Onkologikoa osasun-zentroa osasun-laguntza eskaintzeko erabiltzen jarraitzea, titulartasun publikoko baliabide gisa. Hori horrela den heinean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari atxikiko zaizkio laguntza horri lotutako edo hortik eratorritako ondasun guztiak, haren titulartasuna benetan transmititzeko beharrezko izapideak formalizatu eta osasun-zerbitzu publikoari lotu ondoren, guztia ere azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoarekin bat etorriz.
Finean, erregelamendu-mailako arau honen xedeak dira:
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Onkologikoa Fundazioaren aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztien (lan-arlokoak barne) eskubide osoko titular izateko beharrezkoak diren administrazio-prozedura guztiak garatzea eta administrazio-egintza guztiak onartzea, oinordetza unibertsalaren bidez horietan subrogatuta.
Onkologikoa osasun-zentroko langileen lan-harreman juridikoak subrogatzeko baldintzak ezartzea.
Horrek esan nahi du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren oinordetza unibertsala gauzatuko dela fundazioaren aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztietan fundazioa azkendu ondoren, EAEko Administrazio Orokorra baita Onkologikoaren jarduerarekin jarraitu ahal izateko beharrezkoak diren aurrekontu, finantza eta ondare ahalmenak eta eskumenak batzen dituen lurralde-erakundea.
Era berean, ikuspegi sanitario hutsetik hori baita proiektatutako integrazioaren funtsezko arrazoia, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak osasun-laguntza emateko baliabide berri bat izango duela esan nahi du. Hori horrela izanik, beharrezkoa da erakunde publikoari atxikitzea, bai langileak, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak oinordetza unibertsalaren bidez eskuratutako ondasun, eskubide eta betebehar guztiak, Onkologikoak ematen duen osasun-zerbitzuarekin lotuta daudenak, barnean harturik integrazioaren unean indarrean dagoen hitzarmen kolektiboari lotutako langileen harreman juridikoak.
Horri dagokionez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan indarrean daudenez bestelako ordainsari-egiturak eta beharrezkoa denez integratu beharreko langileen lan-baldintzei eustea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren sisteman integratzeko mekanismo bat egituratu behar da, ukituriko langileen soldatak integratzen diren unitateei dagozkienekin pixkanaka parekatzeko, eta, aldi berean, ukituriko pertsona horien lan-eskubideak errespetatzen direla bermatzeko.
Ondorioz, Osasuneko sailburuaren, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren oniritziarekin, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko ekainaren 24ko bilkuran proposamena aztertu eta onetsi ondoren, hau
Dekretu honen xedea da beharrezkoak diren baldintzak ezartzea, Onkologikoa osasun-zentroa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakunde publikoan integratzeko, titulartasun publikoko baliabide gisa.
Integrazio hori Onkologikoa Fundazioa azkentzearen eta likidatzearen ondorioz gertatzen da, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra haren aktibo, pasibo eta harreman juridiko guztietan oinordetza unibertsalaren bidez eta dekretu honetan aurreikusitako baldintzetan subrogatzearen ondorioz ere. Hala, osasun-zerbitzu publikoa emateko erabiliko dira horiek guztiak.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari atxikitzen zaizkio osasun-zerbitzu publikoa ematearekin lotutako ondasunak, eskubideak eta betebeharrak, betiere hurrengo artikuluetan ezartzen diren baldintzei jarraikiz. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak ezarriko ditu atxikitako ondasun, eskubide eta betebeharrak berrantolatzeko neurriak.
Baimentzen da dekretu honen I. eranskinean [Inbentarioa eguneratzea] zerrendatutako ondasun higiezin eta higigarrien jabetzaren ondare-eskualdaketa onartzea, doan eta kargarik gabe. Ondasun horiek Onkologikoa osasun-zentroak emandako osasun-prestazioari lotuta daude, eta eskualdaketa hori formalizatzeak dakartzan gastuak bere gain hartuko ditu.
Ogasun eta Finantzetako sailburuak erabakiko du horiek ontzat ematea, eta Ondare eta Kontratazioko zuzendariak ahalmena izango du erosketa formalizatzeko eta dagozkion erregistro publikoetan inskribatzeko behar diren dokumentu guztiak emateko.
Xedatzen da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak subrogatzen dituela Onkologikoa osasun-zentroan lan egiten duten langile sanitarioen zein ez-sanitarioen eskubide eta betebeharrak, eta, zehazki, integratzeko unean osasun-zentroan indarrean dagoen hitzarmen kolektiboaren aplikazio-eremuan dagoen Langileen Estatutuari lotutako lan-kontratu baten bidez dihardutenenak. Dekretu honekin batera doan II. eranskinean [Langileen zerrenda] zehazten da langile horien zerrenda.
Subrogaziotik kanpo geratzen dira, berariaz, osasun-zentro horretan izaera bereziko lan-harreman baten bidez lan egiten duten langileak, kontuan izanik goi-zuzendaritzako kontratuak arautzen dituela haien lan-baldintzak, Goi-zuzendaritzako langileen lan-harreman berezia arautzen duen abuztuaren 1eko 1382/1982 Errege Dekretuari jarraikiz.
Nolanahi ere, Onkologikoa osasun-zentroko langileak OsakidetzaEuskal Osasun Zerbitzua erakunde publikoan atxikitzeak ez du esan nahi langile horiei estatutupeko langileen izaera aitortzen zaienik. Atxikipen horri aplikatzekoak izango dira langileak integratuko diren erakunde publikoaren araubide juridikoa, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legean aplikatzekoak zaizkien manuak, lan-arloko legeria eta aplikatu behar diren gainerako arauak.
Integratzen diren langile sanitario eta ez-sanitario lan-kontratudunak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioari atxikita geratuko dira integratzen diren unean alderdi guztietan indarrean dagoen akordioari, alegia eta kategoria eta kontzeptu bakoitzerako ateratzen den ordainsaria parekatuta, kasuak hala eskatzen badu, harik eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lan-baldintzak arautzen dituen Akordio berri bat onetsi arte, zehazten diren baldintza areagotuekin.
Bat egiten duen egunetik aurrera, langileen ordainsari-egitura Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan indarrean dagoenera egokituko da, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan kategoria edo lanpostu baliokideetarako indarrean dagoen araudian aurreikusitako ordainsari-kontzeptuak eta zenbatekoak jasoko dituzte. Konbertsioa egiteko, kontuan hartuko da lanpostuko ordainsari finko eta aldizkako guztiak kontuan hartuko dituen azterketa objektibo bat, bai eta orain arte jasotzen ari ziren ordainsari pertsonalena ere. Aurreikuspen horretatik kanpo geratuko dira banakako akordioei dagozkien zenbatekoak, hitzarmen kolektiboak babesten ez dituen kontzeptuak aitortzen dituztenak.
Aurreko apartatuan agindutakoa aplikatzearen ondorioz, integratzeko egunera arte jasotakoak baino ordainsari txikiagoak jasotzen dituztenei osagarri pertsonal eta iragankor bat aitortuko zaie, jasotzen ari diren ordainsariaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan jasotzea dagokienaren arteko aldearen zenbatekoarekin.
Osagarri hori ezin izango da eguneratu gorantz, hau da, ez zaizkio aplikatuko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak integratu ondoren bere langileentzat erabaki ditzakeen igoerak.
Horretaz gainera, soldatak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileekin pixkanaka parekatzeko eta aurreko puntuetan ezarritakoa aplikatzeagatik sor daitekeen soldata-arrakala zuzentzeko, osagarria konpentsagarritzat eta xurgagarritzat hartuko da erakundeak adosten dituen ordainsari-gehikuntzekin, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko sisteman dauden beste kontzeptu batzuei lotutako zenbatekoarekin eta ukiturikoek erakundearentzat zerbitzuak ematen ari diren bitartean sor ditzaketen zenbatekoekin edo gaur egun Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan indarrean dagoen araudian aurreikusten ez diren ordainsari-kontzeptu berriei lotutako zenbatekoekin, harik eta behin betiko zuzendu arte sortutako soldata-aldea.
Eutsi egingo zaio integrazioaren ondorioz aurreko apartatuan aipatu den osagarri posibleari, modu pertsonalean, langileak bat egitearen unean betetzen zuen lanpostuan diharduen bitartean, eta mugikortasuneko edo lehiaketako borondatezko prozesuen ondoriozko edozein destino-aldaketak osagarri pertsonala galtzea ekarriko du.
Integrazioaren unetik, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde berean emango zaie alta langileei.
Iraupen jakineko kontratua edukita langile finkoentzako diren lanpostuetan zerbitzuak ematen dituzten langileek beren egungo izaerari eutsiko diote, harik eta langile finkoak beren lanpostura itzuli arte, gertaera eragilea amaitzen den arte edo ordeztutako langileak erretiro arrunta hartzeko adina lortu arte. Horien barruan sartzen dira aldi baterako ezintasun-egoerak betetzeko sortutakoak, eszedentzia-egoerak betetzeko sortutakoak, eta errelebo-kontratudun erretiro partzialen kasuan sinatutakoak.
Langile integratuak Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuari atxikiko zaizkio, eta beharrezko neurriak hartu ahal izango dira antolaketari eta baliabideak antolatzeari dagokienez, asistentzia prestazioa bermatzeko.
eranskinean [Kontratuak] zerrendatutako hirugarrenekiko harreman juridikoen titulartasunaren ondorengotza onartzen da, eta, ondorioz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari atxikitzen zaizkio aurreko titularraren eskubideak eta betebeharrak.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari atxikitzen zaizkion zerbitzuak, giza baliabideak eta ondasunak arau hauetan ezarritako araubide juridikoaren mende geratuko dira: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea; Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legea; Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren erakunde sanitario integratuei buruzko uztailaren 3ko 100/2018 Dekretua, haren estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Era berean, ondasunei eta eskubideei aplikatzekoa izango zaie azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginean eta hura garatzen duen erregelamenduan ezarritakoa.
Onkologikoa osasun-zentroko langileen integrazioak, hirugarrenekiko harreman juridikoek eta horiek guztiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari atxikitzeak Dekretu hau indarrean sartzen denetik aurrera izango dituzte ondorioak.
Ondare-elementuak integratzearen eta horiei lotutako gainerako harreman juridikoen ondorioak Ogasun eta Finantza Sailak benetan onartu arte atzeratuko dira, xede horri dagozkion jarduketak egin ondoren.
Osasun Sailak eta Onkologikoa Fundazioak osasun-zerbitzuak emateko 2018ko abenduaren 27an sinatutako atxikimendu-hitzarmenaren ondorioak indargabetu egingo dira Dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Begiristain Doktorearen Pasealekuko 121. zenbakian dagoen eraikinari buruzko klausula bereziak.
Donostiako Begiristain Doktorearen Pasealekuko 121. zenbakian dagoen eraikina onkologiarekin lotutako zereginetarako erabiliko da lehentasunez, gutxienez 30 urtez eraikina eskuratzen denetik, eta haren titulartasuna Kutxa Fundazioaren (Onkologikoa Fundazioaren erakunde fundatzailea) alde itzultzeko betebeharra hartuko da, erabilera-konpromiso hori betetzen ez bada.
Goian adierazitako epea igaro ondoren Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak erabilera osorik edo partzialki aldatzea erabakitzen badu, aldaketa hori eragin duten arrazoiak eman beharko ditu.
Lehengoratuz gero, espresuki hortik kanpo geratuko dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak erositako eta eraikin horretara bideratutako ekipoak eta azpiegiturak.
Eraikin horretan, ikusteko moduan, Kutxa Fundazioaren anagrama mantendu eta kontserbatuko da, dekretu hau indarrean sartzean zeuden baldintza bertsuetan. Kutxa Fundazioak bakarrik baimendu edo eskatu ahal izango du anagrama kentzea.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Datu pertsonalak.
Onkologikoa osasun-zentroko langileen eta pazienteen datu pertsonalen erregulazioari dagokionez, arau hauek bete beharko dira: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia; 41/2002 Legea, azaroaren 14koa, Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituena; 38/2012 Dekretua, martxoaren 13koa, historia klinikoari eta osasun-arloko paziente eta profesionalek dokumentazio klinikoaren arloan dituzten eskubide eta betebeharrei buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Aldatzea 100/2018 Dekretua, uztailaren 3koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren erakunde sanitario integratuei buruzkoa.
Aldatu egiten da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren erakunde sanitario integratuen uztailaren 3ko 100/2018 Dekretuaren eranskina, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2019ko otsailaren 5eko Erabakiaren bidez hartutako aldaketan jasotako zehaztapenei jarraikiz. Erabaki haren bidez, Gipuzkoako Kudeaketa Kliniko eta Onkohematologiako Unitatea eratzearen aldeko jarrera adierazten da, eta aldatu egiten da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren zerbitzu-erakundeen zerrenda, Gipuzkoako osasun-barrutiaren lurralde-eremuari dagokionez. Hona hemen aldaketak:
Gipuzkoako Osasun Barrutiaren lurralde-eremua:
Donostialdeko ESI.
Debagoieneko ESI.
Bidasoko ESI.
Debabarreneko ESI.
Goierri-Urola Garaiko ESI.
Tolosaldeko ESI.
Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarea,
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko ekainaren 24an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
Osasuneko sailburua,
ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)