Arautegia

Inprimatu

185/2010 DEKRETUA, uztailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 136
  • Hurrenkera-zk.: 3455
  • Xedapen-zk.: 185
  • Xedapen-data: 2010/07/06
  • Argitaratze-data: 2010/07/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ordenamendu juridikoak, oro har, arautzen du negoziazio kolektiborako eskubidea gauzatzeko era, baita enplegatu publikoen lan-baldintzak zehazteko izan beharreko ordezkaritza eta parte-hartze instituzionala ere. Parte-hartze hori ordezkariak izateko sindikatuei aitortutako gaitasunaren bidez eramaten da aurrera. Gauzak horrela, Administrazioak eta sindikatuek akordioak lortu ahal dituzte pertsonal funtzionarioaren lan-baldintzak zehazteko, haien eskuduntza diren arloen barruan.

Aurreikuspen horiek betez eta irailaren 4ko 228/1990 Dekretuak aldatzen duen urriaren 6ko 304/1987 Dekretuak, ordezkaritza-organoei, hauteskunde-prozesuaren erregulazioari, lan-baldintzak zehazten dituenari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen zerbitzuko pertsonalaren parte-hartzeari buruzkoak, xedatutakoaren arabera, unibertsitateaz kanpoko irakasle publikoentzako negoziazio-mahai sektoriala osatu zen eta horrela hasiera eman zitzaion sindikatuekin negoziatzeko prozesuari, ekainaren 12ko 9/1987 Legeak, ordezkaritza-organoei, lan-baldintzak zehazten dituenari eta Administrazio Publikoen zerbitzuko pertsonalaren partehartzeari buruzkoak, orduan indarrean zeuden 30. eta 31. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Azkenik, 2010eko ekainaren 7an bukaera eman zitzaion negoziazio-prozesu horri, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta CCOO eta FETE-UGT sindikatuek izenpetu zuten aurreakordio batekin.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko 7/2007 Legeak xedatutakoaren arabera, lortutako aurreakordioa baliagarria eta eraginkorra izateko, Gobernu Kontseiluak era formalean eta espresuki eman behar dio oniritzia, orain, dekretu honen bidez, ematen dena.

Horren arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko uztailaren 6ko bileran aldez aurretik deliberatu eta onartu ondoren, honako hau

Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 6a.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Hitzarmenak Euskal Autonomia Erkidego osoan izango du indarra.

Hitzarmen hau unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionario guztiei aplikatuko zaie. Hala ere, bertako artikuluek salbuespenak ezar ditzakete karrerako funtzionario ez diren langileentzat.

Hitzarmen hau sinatzen den egunean jarriko da indarrean eta 2012ko abenduaren 31 arte jarraituko du indarra izaten. Ondorio ekonomikoek atzerako eragina izango dute, 2010eko urtarrilaren 1etik hasita, 68. artikuluan jasotakoak izan ezik, hitzarmena argitaratzen denean izango baitute eragina.

Hitzarmena aurreko artikuluan iragarritako egunean amaituko da. Bestalde, luzatutzat joko da hitzarmena amaitzen den egunetik hitzarmen hau ordeztuko duena indarrean sartzen den egunera arte.

  1. Hitzarmen honen xedea da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak behar bezala garatzea.

  2. Hitzarmenak gutxienekoak jasotzen ditu eta zatiezina da, ondorio guztietarako. Izan ere, hitzarmen honen barruko arauak multzo oso eta bakarra dira, eta erabiltzeko, orotara hartu eta osotasunari atxiki beharko zaizkio. Beraz, ezin dira berriro bereizirik negoziatu, ezta artikulu batzuk bakan aplikatu ere, gainerako guztiak bazter utzita. Hortaz, oso-osorik aplikatu eta bete beharko da.

Hitzarmen honetan jasotako arauen esangura eta norainokoa osotasunarekin bat etorrita ulertu eta aplikatu beharko da, hitzartutakoaren esangura jatorra gal ez dadin bertan ez jasotakoak, hutsuneak, alderdi ilunak edo nahasiak direla-eta.

  1. Zuzenean. Hitzarmena sinatu duten alderdiek hitzematen dute bertan jasotako artikuluak zuzen-zuzenean aplikatuko dituztela. Halaber, ez dute sorraraziko testuan hitzartutako baldintzak alda litzaketen auzirik.

  2. Lehentasunez. Hitzarmen honetan jasotako artikuluak eta xedapenak beste edozeinen aurretik aplikatuko dira, eta testu honetan aurreikusitakoak barne hartzen ez duen gainerako guztian, indarrean dagoen araudi ordeztailea aplikatu beharko da.

Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek adierazi dutenez, egun hezkuntza-sisteman dauden bitartekoen ratioa murriztu nahi dute, eragindako langileentzat onuragarria izango delakoan eta, gainera, irakaskuntzaren kalitatea ere hobetuko du, benetan egonkorrak diren klaustroak lortzen lagunduko duelakoan.

Nahi hori adierazteko, eta joan den 2009ko azaroaren 18an Euskal Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean sinatutako hitzarmenari jarraiki, 2010-2012 aldian zehar, egiturazko aldi bateko lana finkatu egingo da; izan ere, lanpostu horiek dagozkien lanpostu-zerrendetan azalduko dira.

Halaber, 2010 eta 2012 urteetan zehar, bitartekotasuna murrizteko helburuarekin, urtero lan-eskaintza publikoak deituko dira. Horietan lanpostu huts begetatiboak gehituko dira beti. Gainera, bitarteko langileen gehienezko portzentajea negoziatuko da, eta hortik egingo dira hautatze-prozesu berriak.

Aurreko puntuetan ezarritako neurriak zehazteko, minimoen konpromiso bat adostu da egiturazko aldi bateko lana finkatzeko eta lan-eskaintza publikoak egiteko. Hona baldintzak:

Egiturazko lana finkatzea: 2.500 plaza.

2010. urtea: 1.000 plaza.

2011. urtea: 800 plaza.

2012. urtea: 700 plaza.

Lanpostuak finkatzeko irizpideak:

2010-2011ko LPZen, finkatu beharreko plazak honako hauetan azalduko dira:

HaurH/LH/BH: ikastetxeak taxutu beharreko plazak.

HaurH/LH: hizkuntza indartzeko programako irakasleak.

BIGARREN H: ikastetxeak taxutu beharreko plazak.

Hurrengo LPZetan, hauek sartuko dira:

Eskolaz kanpoko ekintzen arduraduna.

Jantoki-arduradunak.

Berritzeko proiektuen menpeko beste figura batzuk.

LEP deialdiak: 3.600 plaza:

2010. urtea: 1.200 plaza.

2011. urtea: 1.200 plaza.

2012. urtea: 1.200 plaza.

Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek batzorde paritarioan ezarriko dute nola zehaztu eskaini behar diren plazak. Horretarako, oinarritzat hartuko da arestian aipatutako gutxienekoen konpromisoa; horrela, LOEren ezarpen-aldian deitzen diren lan-eskaintzetan ahalik eta plazarik gehien eskaini ahal izango dira. Irakasle-kidego guztietan, gutxienez, 1.500 plaza eskainiko dira, aipatutako legearen hamazazpigarren xedapen iraunkorrean ezarritakoaren arabera.

Urtero autonomia-erkidego honetako irakasle funtzionarioak lekuz aldatzeko lehiaketak deituko dira eta horiek, aldizka, Estaturako edo erkidegorako izango dira. Horiek gauzatzeko, urriaren 2ko 2112/1998 Errege Dekretua, edo hori garatu edo ordezten duen arautegia aplikatuko da.

Eskola-barrutia hezkuntza-aldearen baliokidea izango da, 895/1989 Errege Dekretuak unitateak kentzeko xedatu duenaren ondorerako.

Bestalde, batzorde paritarioan baloratu egingo da komenigarria den ala ez lanpostu berezietarako beste deialdirik egitea.

Jarduneko funtzionarioen artean destinoak trukatu ahal izateko, urriaren 2ko 2112/1998 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako baldintzak bete behar dira.

Urtero ikastetxeetako plantillak eguneratuko dira, hezkuntza-maila guztietan onartutako lanpostu-zerrendetan egindako aldaketek eragiten dituzten langileak zehazteko prozesuen bidez. Prozesu horiek ikastetxearen esparruan bertan gauzatuko dira, dekretu hauetan edo dekretuok ordezten dituzten arautegietan ezarritako irizpideekin bat etorriz:

Apirilaren 16ko 81/1996 Dekretua (uztailaren 29ko 147/2008 Dekretuak aldatua), Haur eta Lehen Hezkuntzako, Helduentzako Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko mailetarako; abenduaren 22ko 409/1998 Dekretuarekin osatua, derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen ziklorako.

Apirilaren 16ko 86/2002 Dekretua, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta Goi-mailako Lanbide Heziketako berariazko ikastetxeetarako; urriaren 10eko 198/2006 eta uztailaren 29ko 148/2008 dekretuen bidez aldatua.

Prozesu horiek hizkuntza-eskola ofizialetarako eta araubide bereziko ikasketak ematen dituzten ikastetxeetarako berariaz arautu arte, prozesu horiek aplikatu behar direnean, 86/2002 Dekretuak aurreikusitako irizpideen eta arauetara joko da.

Hitzarmen hau indarrean den bitartean, lanpostu-zerrendetan egindako aldaketek eragiten dituzten pertsonak zehazteko prozesuei buruz dagoen arautegia aztertuko da, beharrezko aldaketak proposatu eta arauak osatzeko.

Irakaskuntzako arrazoiak edo norbere osasun-arazo larriak direla-eta, karrerako funtzionarioek berez dagokiena ez den beste ikastetxe batean lan egin ahal izango dute. Salbuespen gisa, zerbitzu-eginkizunak eman ahal izango dira odol-ahaidetasuneko lehen mailako senideren batek gaixotasun larria baldin badu, betiere elkarrekin bizi badira eta interesdunaren arreta pertsonala beharrezkoa dela egiaztatzen bada.

Era berean, salbuespen gisa, eta gehienez ere bi urtez, zerbitzu-eginkizunak eman ahal izango zaizkie gaixotasun larria duten pertsonei, betiere hori bidezko mediku-txostenaren bidez egiaztatzen bada. Eginkizun horiek izan daitezke zuzenean eskolak ez emateko.

Zerbitzu-eginkizunak ikasturte osorako izango dira eta interesdunak ezingo die horiei uko egin. Urtero, ikasturtean ikasturteko zerbitzu-eginkizunen deialdiak egingo dira Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez.

Ezaugarri bereziak dituzten lanpostuak edo funtzioak bete behar direnean, berariazko deialdiak egin ahal izango dira haiek zerbitzu-eginkizunen bidez betetzeko. Deialdi horietan zerbitzu-eginkizuna hurrengo ikasturteetarako luzatzeko aukera aztertu ahal izango da, egindako lana ontzat eman ondoren.

Berariazko deialdietan bitarteko funtzionarioek ere parte hartu ahal izango dute. Bitarteko funtzionarioren bat suertatzen bada esleipendun, bitarteko gisa aukeratuko da kasuan kasuko ikasturterako; dena den, zerbitzu-eginkizuna luzatu ahal izango da, aurreko atalean aurreikusitako moduan.

Hitzarmen hau indarrean den bitartean, Plangintza Batzorde Teknikoak irakaspostuak betetzeko salbuespenezko modu hau erabili ote daitekeen aztertuko du, baita gainerako hornitze-figurekin duen erlazioa ere, horien artean beharrezko doikuntzak proposatzeko.

  1. Urtero, ikasturte-hasieran ondozko ondoko hainbat prozesu egin behar izaten dira. Prozesu horien amaieran, behin betiko destinoa duten lagunek hartu ez dituzten lanpostuak esleitzen zaizkie behin betiko destinorik izan ez edo, halakorik izanda ere, beteko ez duten lagunei.

    Era berean, prozesu horietan, irakas-lanpostu jakin batzuk esleitzen zaizkie bitarteko irakasleei, titulu honetako VI. kapituluan jasotzen diren ondoz ondoko faseetan.

    Lanpostu horietako izendapenak ikasturte horretarako izango dira, hau da, ezin izango dira luzatu ikasturte hori amaitzean.

    Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak emandako agindu baten bidez arautuko da ikasturte-hasierako esleipen-prozesua, hori Plangintza Batzorde Teknikoan negoziatu ostean.

  2. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren asmoa da behin betiko destinoa izan, baina destino hori ezabatu eta destinorik gabe gelditu diren langileei behin-behineko destinoa esleitzea, nori bere eskola-barrutian edo ondoko eskola-barrutietan. Hala ere, lurralde-eremu hori gainditu ahalko da, sistemaren beharrizanei erantzuteko beharrezkoa bada.

  3. Esleipen-prozesuaren esparruan, behin-behineko destinoa duten funtzionarioek nork bere borondatez lurraldea trukatzeko sistemari heldu ahal izango diote; sistema hori ez da mugatuko eskaera gutxien egiten dituen lurraldetik aurkeztutako gehieneko eskaera-kopurura, plangintza-beharrei baizik.

Karrerako irakasle funtzionarioak administrazio-egoera hauetakoren batean egongo dira (horien inguruko arauak Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean eta hori aldatu edo ordezten duen arautegian biltzen dira):

  1. Jarduneko zerbitzua.

  2. Zerbitzu bereziak.

  3. Beste administrazio publiko batzuetako zerbitzua.

  4. Destinoaren zain.

  5. Eszedentzia.

  6. Eginkizun-gabetzea.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, hitzarmen hau indarrean den artean, irakasleei irakaskuntza modu normalizatuan egiaztatzea sustatuko du. Egiaztatze horrek, gutxienez, botere publikoen mendeko liburutegi eta museoetara dohainik sartzeko balio izango du Hezkuntzaren maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 104.3 artikuluan jasotzen duen bezala. Era berean, liburutegi horiek liburuak eta beste material batzuk maileguan hartzeko eskaintzen dituzten zerbitzuak erabili ahal izango dituzte.

Irakaslearen lana lanbide moduan eta gizartean aitortzeko, hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzeko bestelako neurriez gain, lanbide-karreraren eredu bat sendotu behar da, lan-egoera hobetzeko lanbidearen estimulu, pizgarri eta motibazio izan dadin, batik bat ikasleen aniztasuna kontuan hartuta ikasteko eta irakasteko modu egokienak etengabe bilatzen ahalegintzen diren horientzat.

Ildo horretan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak karrerako funtzionarioen barne-sustapena erraztuko du, funtzionarioak beren kidegotik eta lanbide-sailkapeneko azpitaldetik lanbide-sailkapeneko beste azpitaldeetako kidego batzuetara sar daitezen.

  1. Horrela, hitzarmen hau indarrean den artean, dagokion batzordean gizarte-aldearekin negoziatu ostean, indarrean den legerian ezarritakoari jarraiki, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hautatze-prozesuak deituko ditu honako hauek lortzeko:

    Irakasle-kidegoetan lanbide-sailkapeneko azpitalde bereko goragoko azpitalde batera igotzea (sustapen bertikala).

    Katedradunen kidegoetarako barne-sustapenerako.

    Hezkuntzako Ikuskarien kidegoan sartzea.

    Barne-sustapena sailkapeneko azpitalde eta osagarri-maila bereko funtzionarioen kidegoetara (sustapen horizontala).

    Espezialitate berriak eskuratzeko.

    Alderdi sinatzaileek Batzorde paritarioan zehaztuko dute zenbat plaza eskainiko diren prozesu horietako bakoitzean. Nolanahi ere, deitzen diren LEP guztietan ezarritako epaimahaiak aprobetxatuko dira espezialitate berriak lortzeko prozesuetarako.

  2. Halaber, 2010-2011 ikasturtean zehar, irakaskuntzako lanbide-karreraren negoziazioari helduko zaio, arloari buruzko oinarrizko araudiak ezartzen dituen printzipio eta epeei dagokienez. Negoziazio hori eta ordaintzeko sistema berria jartzeko negoziazioa batera jorratuko dira.

    Irakasle-kidegoetako karrerako funtzionarioen lanbide-karrera hori honako hauen aitorpenean eta ebaluazioan oinarrituko da: egindako lanbide-jarduna, ikastetxeko jardueretako inplikazioa eta irakaskuntzarekin lotutako etengabeko prestakuntzako jarduerak.

    Lanbide-karrera hori ezartzeko aintzakotzat hartu beharreko irizpideen artean, besteak beste, honako hauek hartu ahal izango dira kontuan: irakas-praktikaren borondatezko ebaluazio positiboa, tutoretza-funtzioa aitortzea, etengabeko prestakuntza egiaztatzea eta/edo baloratzea, lan eta erantzukizun osagarriak norbere gain hartzea, ikasleei hobeto irakasten eta ikasleen emaitzetan inplikatzea; lan gehiago egitea;

  1. Langileak Kudeaketa Zuzendaritzak jarraibideak finkatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetarako irakasleen ordezkapenak egiteko ordezkogaien zerrenda kudeatzeko, horretarako berariaz ezarritako arautegiaren bidez. Arautegi hori erakunde sindikalekin negoziatu eta gero, onartu eta aldatuko da, hitzarmen hau indarrean den denboraldian.

    Zerrenda hori prestatzeko erabiltzen diren baremoek, funtsean, karrerako funtzionarioa ez den irakasle gisa eskainitako zerbitzuak baloratuko dituzte.

  2. Era berean, LOEko hamazazpigarren xedapen iragankorrean definitutako lan-eskaintza publikorako deialdi iragankorrak bete ondoren, izangaien zerrendak birbarematzerakoan, ondorengo LEPetan lortutako nota ere kontuan hartuko ahal izango du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak. Batzorde paritarioak erabaki beharko du elementu hori baremoan sartuko den ala ez, eta behar izanez gero, sartu egingo da.

  3. Irakasle-plaza bat ordezko modura betetzeko, egiaztatu egin beharko dira plaza horrek baldintza moduan ezarrita dituen hizkuntza-eskakizuna eta espezialitatea; halaber, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluak aipatzen duen prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izan beharko da.

    Ez da inor ordezko-lanik egiteko deituko, ez badu hizkuntza-eskakizunik egiaztatu eta aurretik jardun ez badu irakaskuntzan; baldintza horiek betetzen ez dituztenei bakar-bakarrik deituko zaie ez dagoenean plazaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duen ordezkogairik.

  4. Baliabideak eraginkortasunez kudeatzeko eta ahalik eta ondoen erabiltzea eta hezkuntza-sistemak dituen premiei egoki erantzutea uztartzeko, baita sistemaren kalitatea hobetzeko ere, jarraibideak modu negoziatuan eguneratuko dira alderdien artean.

  1. Harik eta Funtzio Publikoko Mahai Orokorraren hitzarmenetan ezarritako baldintzetan bitartekotasuna murrizteko helburuak bete arte eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta erakunde sindikalek aurretik adierazitako nahia zehazteko, hau da, langileek ikastetxeetan jarraitu eta plantillen egonkortasun handiagoa lortu ahal izateko izendapenen sistema egituratzeko nahia zehazteko, ikastetxean finkatzeko formula mantenduko zaie bitarteko irakasleei ikasturte-hasierako esleipen-prozesuan parte hartzen dutenean, honako arau hauei jarraiki:

    Urtero, finkatzeko eskubidea izango duen lagunen kopurua izango da aurreko ikasturtearen hasieran eskaini baina gainerako taldeei esleitu ondoren libre geratu ziren lanpostu guztien % 50. Kopuru hori talde hautako bakoitzerako izango da: Haur eta Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketako irakasle teknikoak, musika-kontserbatorioetako instrumentu-espezialitateak eta arte-eskoletako espezialitate praktikoak.

    Pertsona horiek ordezkogaien zerrendan ezarritako ordenaren arabera zehaztuko dira. Horretarako, gainera, beharrezkoa da gutxienez aurreko ikasturteko otsailetik aurrera etengabe zerbitzuak ematen aritu izatea. Ondorio horietarako, ez dira kontuan hartuko, ordezkogaien zerrendan egon arren, irakaskuntzako zerbitzuak euskal sistema publikoan eskaintzen ez dituzten pertsonak.

    Eskubide hori onartuta duten pertsonak finkatu egingo dira aurreko ikasturtean zerbitzuak eskaintzen aritu ziren ikastetxean, betiere horretarako lanposturik baldin badago eta lanpostuaren baldintzak betetzen badituzte. Hala izan ezean, hautapen-fasera igaroko dira eta, bertan, gainerako lanpostuetako bat lortzeko aukera izango dute, taldeko gainerako pertsonekin batera eta ordezkogaien zerrendako ordenaren arabera.

    Bi fase horietan (bai finkatzekoan bai hautatzekoan), ikasturte-hasierako esleipenari buruzko arautegian jasotako xedapenak ere hartuko dira kontuan.

    Batzorde paritarioan aztertuko da adierazitako portzentajea handitu edo murriztu behar den hurrengo ikasturteetan, sistemaren premiei jaramon eginez eta horren erabilerak dituen ondorioak ikusi ondoren.

    Era berean, batzorde paritarioan aztertuko da berrikusi behar diren ala ez paragrafo honetan irakasleak finkatzeko ezartzen diren arauak, eta aldaketarik proposatuz gero, dagokien batzordean negoziatu beharko dira.

  2. Ikasturte-hasierako esleipen-prozesuan, bitarteko langileak hautatzeko fasea ekitaldi bakarrean egingo da EAEko hiru lurralde historikoetarako. Edo baliabide informatikoak horretarako beren-beregi erabiliko dira horretarako: zerrenda bakarra erabiliko da eta, pertsona bakoitzari dagokion hizkuntza-eskakizuna edo dituen gaikuntzak gorabehera, ez dira murriztuko baldintzak egoki betetzeagatik eskura ditzakeen lanpostuak lortzeko aukerak. Hezkuntza Administrazioak arreta berezia jarriko du, prozesu horretan sortzen diren lanpostuen ezaugarri mugatzaileez gain, horiei dagozkien gainerako baldintza aipagarriak ere zehatz daitezen.

    Alderdien asmoa da, aztertu eta gero, modu negoziatuan ezartzea ikasturte-hasierako esleipen-prozesu horietan eragindako lagunek, eta batez ere bitarteko irakasleek, parte hartzeko baldintzak hobetzeko elementuak eta mekanismo bizkor eta egokiak jartzea, berdintasun-, merezimendu, gaitasun- eta publikotasun-irizpideak jagonda eta baliabide informatikoak erabiliz.

  1. Alderdi guztien helburua da bitarteko langileen lan-baldintzak hobetzea. Horretarako, karrerako funtzionarioen lan-baldintzekiko parekotasun handiena aurkitu beharko dute betiere, legezko xedapen eta baliabideen erabilgarritasunari kasu eginez, ezen lan-baldintzak hobetu ahala, hezkuntza-sistemaren kalitateak modu eragingarrian egingo du aurrera.

    Horregatik, kasuan kasuko batzordeak bitarteko langileen lan-baldintzak aztertuko ditu, baita karrerako funtzionarioen lan-baldintzetatik bereizten dituzten alderdiak ere.

  2. Era berean, ikasturte batean 165 egunetan edo gehiagotan lan egin duten bitarteko funtzionarioek uztail eta abuztuko lansariak jasoko dituzte, eta hala badagokio, baita iraileko zatia ere. Halaber, aldi horietako puntuak ere jasoko dituzte, irakaskuntzako ordezkogaien zerrendaren baremoaren ondorioetarako.

  3. Irakasleen ohiko irakasjardun osoaren herena baino gutxiagoko irakastorduak dituzten lanpostuak badira, ikastetxeak muga horretaraino osatuko ditu, horixe joko da-eta eskaini daitekeen gutxienezkotzat.

  4. Lanpostu baten urteko irakastorduak denboraldi batean metatzearen ondorioz beharrezkoa bada asteko gehienezko irakasjarduna gehitzea eta ez bada aurreikusten horiek, ondoren, konpentsatu egingo direnik irakasjarduna gutxienekotik behera murrizten den aldietan, Hezkuntza Administrazioak beharrezko doikuntzak proposatu ahal izango ditu bitartekoak izendatzeko, betiere Plangintza Batzorde Teknikoan aztertuko diren irizpideetan oinarrituta.

  5. Administrazioa eta sindikatuak une oro arduratuko dira bitarteko langileen lan-baldintzak hobetzeaz.

Lehen egunetik PTEko ikasgela itxietako bajak eta liberazio sindikalen ondoriozkoak ordezkatuko dira.

Haur Hezkuntzako bajak eta norberaren gauzetarako baimenak jakinarazi eta hurrengo egunean ordezkatuko dira.

Hirugarren egunetik Lehen Hezkuntzan ingeleseko eta euskarako bajak.

Laugarren egunetik Lehen Hezkuntzako gainerako ordezpenak.

Bosgarren egunetik Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa, hizkuntza-eskola ofizial, kontserbatorio, arte-eskola eta HHEko ikastetxeetakoak.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari emandako ardura da, Eusko Jaurlaritzak onartutako legeetatik datozen aurrekontuei dagokienez, beharrezko giza baliabideak zein baliabide materialak modu arduratsuan kudeatzea, hezkuntza-arloko gizarte-eskariei erantzun egokia emateko.

Hala ere, komenigarria da kudeaketa hori partekatua izatea, besteak beste, hezkuntza-komunitatean diharduten gizarte-eragileekin, eta zehazkiago, irakasle-ordezkaritzarekin.

Hitzarmen honen ondorioz, Plangintza Batzorde Teknikoa (PBT) eratuko da Euskal Autonomia Erkidego osorako. Batzordeko burua Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko zuzendari bat izango da, kasuan kasukoa, aztertu beharreko gaiekin bat etorriz.

PBT hartuko da plangintzari hezkuntza-premien dimentsio prospektibo eta dinamikoaren zehaztapen gisa buruzko guztia kontsultatzeko, parte hartzeko eta negoziatzeko organotzat. Horren ondorioz, PBT horrek eskumenak izango ditu plangintza-arau orokorretan, eskola-mapan eta haren zonifikazioan, ikastetxe-sarean egiten diren aldaketetan, hezkuntza-etapetarako jartzen diren giza baliabideetan, laguntza-zerbitzuetan, irakaskuntzak arautzen eta hezkuntza-eskaintza osatzen, kidego eta lanpostuen arteko mugimenduetan.

Era berean, Plangintza Batzorde Teknikoak lanpostu ibiltariak dituzten irakasleen egoera aztertuko du, lan-baldintzak hobetzeko, eta aplikatzeko.

Halaber, PBTaren orientabide eta erabakien aplikazio praktikoaren jarraipen a egiteko lurraldeko plangintza-batzordeak eratuko dira, eta aldizka bilduko dira Administrazioak deituta, edo alde sindikalak eskatuta.

Plangintza Batzorde Teknikoak eta lurraldeetako batzordeek ondo funtzionatu dezaten, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Plangintza Batzorde Teknikoan aurkeztuko ditu, ikasturte hasieran, sare publikoko ikastetxeetako ikasle eta taldeei buruzko datuak. Era berean, Sailak alde sozialari helaraziko dio Plangintza Batzorde Teknikoak bere lanak egiteko behar duen dokumentazioa.

  1. Haur Hezkuntza:

    2 urtekoen gelak: 18 ikasle gelako.

    3 urtekoen gelak: 23 ikasle gelako.

    4 urtekoen gelak: 23 ikasle gelako.

    5 urtekoen gelak: 23 ikasle gelako.

  2. Lehen Hezkuntzan:

    Etapa osoan: 25 ikasle gelako.

  3. Hainbat adin eta taldetako ikasleak bateratzea Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan:

    Bi adinetako ikasleak (2 eta 3 urte): 18 ikasle gelako.

    Bi adinetako ikasleak (gainerako adinetan): 20 ikasle gelako.

    Hiru adinetako ikasleak: 15 ikasle gelako.

    Hiru adin baino gehiagoko ikasleak: 12 ikasle gelako.

  4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza:

    Lehen zikloa: 25 ikasle gelako.

    Bigarren zikloa: 25 ikasle gelako.

  5. Batxilergoa eta Heziketa Zikloak:

    Batxilergoa: 30 ikasle gelako.

    Heziketa Zikloak: 20 eta 25 ikasle bitartean gelako.

    Ratio horiei erreparatuta ere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak beste ratio batzuk dituzten taldeak baimendu ahal izango ditu hainbat berezitasun kontuan hartuta (ikasleen aparteko osaera, eskualde behartsuak, etorkinentzako arreta, ikastetxeen berariazko programak, hizkuntza-normalkuntzako proiektuak,).

    Orokorrean, hezkuntza-etapa guztiei dagokienez, ratio horien ondorioz taldeak banatu ezin badira ikastetxearen tamaina dela-eta, eragozpen hori kontuan hartuko da ikastetxe horri laguntza emateko orduan.

Aurrekoan oinarrituta, hitzarmen hau sinatzen duten aldeek ustez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari hezkuntza-eskaintzaren plangintzaren eta baliabide materialen eta giza baliabideen arloan emandako erantzukizun hori ezarri egin ahal izango da hitzarmen hau indarrean den artean garatuko diren konpromiso batzuk hartuz.

  1. Irakasle-plantilla finkatzea.

    Sinatzen duten aldeen ustez, irakasle-plantilla euskal irakaskuntza publikoaren oinarrizko bermea da, eta oraingo irakasle-plantillari finkatzea eta aurrekontu-plantillari hiru urtean 2.500 lanpostu gehitzea erabaki dute.

    Plazak epe hauetan finkatuko dira:

    2010. urtea: 1.000 plaza.

    2011. urtea: 800 plaza.

    2012. urtea: 700 plaza.

    Era berean, adostu dute, hitzarmena indarrean den artean, erretiroak direla-eta ez dela plazarik amortizatuko.

    Urtero, PBTen, lanpostu-zerrendak zehazteko irizpideak negoziatuko dira. Ikastetxeei galdetu ondoren, Plangintza Batzorde Teknikoak ezarritako irizpideak aztertu eta berrikusiko dituzte edo, hala badagokio, lurralde-batzordeek egingo dute hori, eratzen diren plantillak baliozkotu edo berriro aztertzeko argitaratu baino lehenago.

  2. Zuzendaritza-taldeak indartzea.

    Irakaskuntzaren kalitatearekin zuzenean lotutako faktoreetako bat da ikastetxeetako zuzendaritza-taldeek garatzen duten lanaren egonkortasuna eta kalitatea bera. Hitzarmen hau sinatzen dutenen lehentasunen artean sartzen da ikastetxearen antolamendu-egitura indartzea, kudeaketara bideratutako baliabideei dagokienez arrazionalizazio-elementuak sartzea, hezkuntza-proiektu batek babestutako zuzendaritza-taldeak finkatzea eta ezartzea, horien prestakuntza bultzatzea,

    Ildo horretan, alderdi sinatzaileek beharrezko ikusten dute neurri batzuk antolatzea, honetarako:

    Zuzendaritza-taldeek egindako lana behar bezala konpentsatzeko pizgarriak hobetzeko (gradua finkatzeko, osagarriak,).

    Ikastetxeetan, kudeaketa-baliabideak arrazionalizatzeko, zuzendaritza-taldearen zeregina indartzen duen kudeaketa-kreditu orokor bat osatzeko. Baliabide horiek ikastetxe bakoitzaren errealitate sozioekonomikoarekin eta hezkuntza-proiektuarekin bat etorriz antolatuko dira.

    Haur-hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikastetxeetan administrariak pixkaka sartzeko.

    Horien konpetentzia hobetzen duen prestakuntza-plan batez hornitzeko.

    Hobetzeko motor gisa, zuzendaritza-lana ebaluatzeko elementuak sartzeko.

  3. Hezkuntza-eskaintza optimizatzea, taldeak eratzea eta irakasleak jartzea.

    Hezkuntza Administrazioaren ardura eta berezko eskumen esklusiboa da matrikula-eskaerei erantzutea, ikasle-taldeak osatzea eta irakasleak jartzea, premia horiei erantzuteko.

    Hitzarmen hau sinatzen duten aldeek, baina, PBTaren baitan eta lurraldeko batzordeetan zeregin hori urtero antolatuko duten irizpideak negoziatzeko konpromisoa ezarri dute.

    Aurrekoarekin bat etorriz, ikastetxeek dituzten hezkuntza-baliabideak optimizatzeko elementuak tratatzeko konpromisoa ere hartu dute.

  4. Aniztasunaren eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen arreta arrazionalizatzea eta indartzea.

    LOEk eta Euskal Eskola Publikoaren Legeak aniztasunaren arreta ezartzen dute oinarrizko irakaskuntza osoa zuzendu behar duen funtsezko printzipio gisa, ikasle guztiei beren ezaugarrietara eta premietara egokitutako hezkuntza eskaintzeko. Halaber, ekitatea bermatzeko apustuak berekin dakar hezkuntzan laguntzeko premiaren bat duten ikasleei hezkuntzako erantzun berezia ematea, eta zeregin horri heltzeko baliabide zehatzak ezartzea, ikasle horien txertatze eta integratu eta gizarteratzeko.

    Ikasle guztiei hezkuntza-erantzun egokia emateko, inklusio-printzipioa hartu behar da abiapuntutzat, era bakarra baita guztien garapena bermatzeko, ekitatea bultzatzeko eta gizarte-kohesio handiagoa lortzeko. Hezkuntza-etapa guztiek eta ikasle guztiek behar dute aniztasunari erantzutea. Hau da, ikasleen aniztasuna kontuan hartzea ez da gutxi batzuen premiei erantzuteko neurri gisa hartu behar, printzipio gisa baizik.

    Helburu hori lortzeko, tutoretza eta orientabidea funtsezko tresnak dira ikasle guztiak banan-banan ezagutzeko eta arreta-kontuetan nori berea eskaintzeko.

    Ikastetxeek ematen duten hezkuntza-erantzuna eta horretarako jarri diren giza baliabideak garrantzi handikoak izan dira, baina hezkuntza-laguntza hori hobetzeko, alderdi sinatzaileek beharrezko ikusten dituzte:

    Aniztasunari eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei erantzuteko ekintzak aztertzea eta indartzea.

    Hezkuntza-ekintza horretarako jartzen diren giza baliabideak aztertzea eta arrazionalizatzea, diagnosi-ardatzak berriro sakon aztertuta.

    Aniztasunari eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei erantzuten parte hartzen duten profesionalen elkarrekintza egokitzea.

  1. Ikastetxeko talde bakoitzari tutore bat esleitu behar zaio.

  2. Espezialisten ordu-karga ikastetxearen osaeraren arabera kalkulatzen da.

  3. Berariazko kreditu bat esleitu behar da bi urteko gelei laguntzeko. Horrela, unitate 1 edo 2 dituzten ikastetxeek irakasle erdi gehiago izango dute; 3 edo 4 unitate dituztenek, irakasle bat gehiago, eta 5 unitatetik gora dituztenek, berriz, irakasle eta erdi gehiago.

  4. Kontsultorea esleitu behar da, irizpide honen arabera:

    8 taldeko ikastetxeak: kontsultore erdia.

    9 taldeko edo gehiagoko ikastetxeak: kontsultore 1.

    Ikastetxeek ezin izango dute kontsultorea beste figura batez (irakasle aditua, laguntzako irakaslea,) ordeztu.

  5. Ikastetxeek Administrazioa Kudeatzeko arduraduna eduki beharko dute honako irizpide honen arabera:

    13 eta 15 talde arteko ikastetxeak: Administrazioa Kudeatzeko arduradun erdia.

    16 taldeko edo gehiagoko ikastetxeak: Administrazioa Kudeatzeko arduradun bat.

  6. Berariazko kreditu bat esleitzen da zuzendaritzako berariazko irakasleak jartzeko, ikastetxeko taldeen arabera eta lau urterako hautatutako zuzendaritzak indartzeko, eskala honekin bat etorriz:

    8 edo 9 unitate: 0,5 kreditu.

    10 unitatetik 19 unitatera: kreditu 1.

    20 unitatetik 29 unitatera: 1,5 kreditu.

    30 unitatetik 39 unitatera: 2 kreditu.

    40 unitatetik 49 unitatera: 2,5 kreditu.

    50 unitatetik 59 unitatera: 3 kreditu.

    60 unitate edo gehiago: 3,5 kreditu.

    Zuzendaritza lau urterako hautatuta duten ikastetxeek 29 unitatera arte badituzte, beste 0,33 kreditu izango dituzte; 30 unitate baino gehiago badituzte, berriz, 0,5.

  7. Ikastetxeko hezkuntza kudeatzeko, lineako 0,33 kreditu esleitzen da, eta bertan sartzen dira IKT, bizikidetza eta arriskuak aurreikusteko dedikazioa; izan ere, ikastetxe guztiek garatu behar dituzte jarduera horiek. Kreditua 0,5ekoa izan liteke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak onartutako proiektu orokorretan (Amara Berrin, ikas-komunitateetan, ikastetxe-autonomian,) murgilduta dauden ikastetxeentzat.

  8. Ohiko plantilla gorabehera, ikastetxe guztiei behar beste irakasle esleituko zaie, hezkuntza-premia bereziei erantzuteko, beti ere berariazko irizpideei jarraiki, azken ikasturteetan egin izan den moduan.

  9. Irizpide homogeneoak erabilita, irakasle gehiagoko kreditu bat esleituko zaie ezaugarri jakin batzuk dituzten ikastetxeei. Hona ezaugarriak:

  1. 8 talde baino gutxiago dituzten ikastetxeak:

    Talde 1etik eta 4 taldera: 0,33 kreditu.

    5 taldetik 7 taldera: 0,5 kreditu.

  2. Haur Hezkuntzako gela asko izatea 2 eta 3 urteko ikasleekin. Erreferentzia-kreditu gehigarria:

    5 edo 6 gela: 0,5 kreditu.

    5 edo 6 gelaz: kreditu 1.

  3. Ikasle/gela ratio handiak. Erreferentzia-kreditu gehigarria:

    Gelako 21 ikasleko ratioa edo handiagoa: 0,5 kreditu.

  4. Bereizitako eraikinak izatea.

    Hainbat eraikinetan sakabanatuta dauden ikastetxeak 0,5 kreditu.

    Ikastetxe txikiek kontsultorea partekatzen dutenean.

    Haur Hezkuntza baino ematen ez duten ikastetxeak.

    IKT heldutasuneko programetako ikastetxeak.

    Beste egoera berezi batzuk.

  1. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak mantenduko ditu Eskola Txikietako koordinatzaileak.

    Ikastetxeei hori guztia esleitzeko modu honen helburua da ikastetxeen autonomia indartzea eta orduak murriztea dakarten programen eskaintza sinplifikatzea. Proiektuetan parte hartzeko berariazko deialdiak egingo dira, parte-hartze hori nahitaezkoa ez denean.

  1. Taldeak eratzea:

    1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza:

      Taldeak eratzeko oinarria 25 ikaslekoa da gelako.

      Talde-kopurua kalkulatzeko, curriculum anitzeko taldeen ikasle-kopurua kenduko zaio guztira dagoen ikasle-kopuruari. Neurri hori aplikatuta, 25 ikasletik gorako taldeak sortzen badira curriculum anitzeko taldeetako ikasleak besteekin elkartzen diren geletan, behar duen ordu-kopurua emango zaio ikastetxeari, gela horiek banatzeko.

      Ikastetxeek aukerako irakasgaiak eman ahal ditzaten, gutxienez 15 ikaslek aritu beharko dute aukerako irakasgai batean. Hizkuntza-eredu jakin batean, talde bakarra izan eta, hizkuntza-arrazoiak direla-eta, bi hizkuntza-eredutako ikasleak ezin elkar daitezkeenean, hizkuntza-eredu horretan, gutxienez, 10 ikaslek gutxienez aritu beharko dute aukerako irakasgaian.

      Aukerako irakasgaietan eratu ahal diren taldeen kopurua % 50 ere handitu ahalko da maila bateko talde naturalen kopuruaren aldean.

      Maila bereko hainbat talderen Erlijioa/Erlijioen Historia eta Kultura irakasgaien ordutegiak bateratuko dira, ikasleak batetik bestera aldatu ahal izan daitezen, aukeratutako irakasgaien arabera.

      Erlijioa/Erlijioen Historia eta Kultura irakasgaietan gelak banatzen direnean, honako talde-kopuruak gehitu ahalko dira:

    1. Talde bat, 5 talde baino gutxiago dituzten mailetan.

    2. 2 talde, 5 taldetik eta 10era dituzten mailetan.

    3. 3 talde, 10 talde edo gehiago dituzten mailetan.

    1. Batxilergoa:

      Taldeak eratzeko oinarria 30 ikaslekoa izango da gelako. Hala ere, behar izan eta Ikastetxeen zuzendariak baimena emanez gero, salbuespenak egin daitezke.

      Hainbat modalitateko ikasleak elkartuko dira irakasgai orokorretan, betiere 30 ikasle baino gehiago elkartzen ez badira.

      Modalitate berri bateko edo lehenagoko bateko ikasle-taldeak eratzeko, hizkuntza-eredu bereko 17 ikasle beharko dira, gutxienez. Ikastetxeen zuzendariak beren-beregi baimena emanez gero, salbuespenak egin ahal izango dira.

      Ikastetxeek modalitate bateko ikasleei aukerako irakasgai gisa eskaini ahal izango dizkiete bertan ematen dituzten modalitate guztietako berariazko irakasgai guztiak eta aukerako irakasgaiak ere bai.

      Hezkuntzako sailburuordeak eman beharko du baimena ikastetxe batek aukera izan dezan Batxilergoan ematerik ez duen modalitate bateko aukerako irakasgaiak eskaintzeko.

      Oro har, ikastetxeek aukerako edo modalitateko irakasgai jakin bat eman ahal izan dezan, gutxienez 15 ikasle izan beharko ditu irakasgai horretan.

      Hizkuntza-eredu jakin batean, talde bakarra izan eta, hizkuntza-arrazoiak direla-eta, bi hizkuntza-eredutako ikasleak ezin elkar daitezkeenean, hizkuntza-eredu horretan 10 ikasle beharko dira, gutxienez. Ondorioz, hainbat modalitatetako ikasleekin talde mistoak eratzeko, modalitate bakoitzeko 10 ikasle beharko dira, gutxienez.

      Ikasle gutxi duten hizkuntza-eredu edo modalitateei dagokienez, gutxienez ibilbide oso bat eskainiko da.

      Batxilergoan gehienez ere zenbatu ahal izango diren irakastorduak zehazteko, kontuan izango da taldeak eratzeko araudia, Ikastetxeen Zuzendaritzak eta Lanbide Heziketako Zuzendaritzak urtero argitaratzen dutena.

  2. Baliabideak esleitzeko irizpideak.

    Irakasleen ordu-karga kalkulatzeko, kontuan hartzen da ikastetxearen osaera eta hautazkotasun- eta aukerakotasun-maila. DBH soilik ematen duten ikastetxeetan, erreferentziatzat hartuko da unitateko 2 irakasleko ratioa eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren Ondokoa soilik ematen dutenetan, berriz, 2,25ekoa.

    Irakaskuntza biak ematen dituzten ikastetxeetan, gutxieneko ratioa formula honekin kalkulatuko da:

    (2 x DBHko talde-kopurua + 2,25 x DBHOko talde-kopurua) / ikastetxeak guztira dituen taldeak.

    Ikasle-kopuruaren eta ikasturte eta hizkuntza-eredu jakin bateko talde kopuruaren arteko zatidura 20 edo handiagoa denean, astean hiru irakastordu gehiagoko kreditu bat esleituko da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta bi ordutakoa Batxilergoan, taldeak banatzeko.

    Talde-kopuruaren arabera kreditu bat esleituko da ikastetxeko hezkuntza kudeatzeko, eta IKT eta bizikidetza jorratzeko eta arriskuak aurreikusteko izango da; izan ere, ikastetxe guztiek garatu behar dituzte jarduera horiek. Kreditu hori areagotu egin liteke proiektu orokorretan murgilduta dabiltzan ikastetxeentzat, eta areagotu ere eskala honen arabera:

    11 unitatetik behera: 0,33 kreditu edo 0,5.

    12 unitatetik 23ra: 0,5 kreditu edo 0,66.

    24 unitatetik 33ra: 0,66 kreditu edo 0,75.

    35 unitatetik gora: kreditu 1 edo 1,25.

  1. Ikasturte jakin batean, taldeko ikasleak 20 edo gehiago direnean, astean irakastordu gehiagoko kreditu bat esleituko da taldeak banatzeko ikasleei zuzenean irakasteko.

  2. Departamentuko berezko jarduerak (aktibo eta baliabideekin lotutako jarduera eta eginkizunak) kudeatzeko ordu-dotazio bat esleituko da, eta, heziketa-zikloetan irakastea indartzeko eta ikastetxeko kudeaketa-lanak egiteko, eta esleitu ere irizpide hauen arabera esleituko da:

    5 ordu lanbide-familia guztien lehen ziklorako.

    1,5 ordu hurrengoetarako (beste ziklo batzuetarako).

  3. Ikasleen benetako matrikula 12 ikasletik beherakoa bada, ezingo da abian den ziklo bat eman. Ezarri berri diren zikloetan, 15 ikaslek edo gehiagok egin beharko dute matrikula.

    Heziketa-ziklo bakoitzean gehienez ere zenbatu daitekeen irakastorduak zehazteko, atal hauek gehituko dira:

    1. Heziketa-zikloko moduluetan zuzenean emandako irakastorduak (zutabea/oinarria).

    2. Lanbide-zikloetako modulu batzuetako irakasleei laguntzeko orduak (kreditu orokorra).

    3. Heziketa-zikloetako ikasleek kasuan kasuko sektoreko enpresetan egin behar dituzten Lantokiko Prestakuntzako moduluak kudeatzen eta tutoretza-lanetan emandako orduak.

      Heziketa-ziklo bakoitzak izango duen ordu-kopuruak gorabeherak ditu, kasuan kasuko lanbide-profila lortzeko prozeduren arrisku, zailtasun eta konplexutasunaren arabera. Ziklo bakoitzari esleituko zaion ordu-karga zehazteko, Lanbide Heziketako zuzendariak eta Ikastetxeen zuzendariak ebazpena emango dute urtero Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako Institutuen eta Goi-mailako Lanbide Heziketako Berariazko Institutuen lanpostu-zerrenda osatzeko irizpideak arautzeko.

      Talde mistoak osatzeko, Lanbide Heziketako zuzendariak eta Ikastetxeen zuzendariak ebazpena emango dute urtero, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko ikastetxe publikoetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta Lanbide Heziketako maila eta etapetako taldeak eratzeko irizpideak zehazteko.

Hona kulturartekotasuneko programen eta ikasle etorri berriak gizarteratzeko programen helburuak: kultura-arteko hezkuntza bultzatzea, ikasle etorri berriak eskolan nahiz gizartean barnera daitezen sustatzea eta ikasle horiei eskola-arrakasta lortzen laguntzea, gure erkidegoko bi hizkuntzak, eta bereziki euskara, erakutsita.

Ikastetxeak arduratzen dira programan aipatzen diren ia neurri guztiak aplikatzeaz; izan ere, EAEko ikastetxeetako ikasleak dira proposatutako ekintza guztien azken hartzaileak.

Azaldutako hiru helburu horien lan-ildoak aintzakotzat hartuta, ikastetxeek zenbait jarduera burutu behar dituzte. Hezkuntza Sailak beharrezko baliabideak jarriko ditu horiek garatzeko egin beharreko zereginak eta eginkizunak gauzatzeko. Horrela, bada, erreferentzia-neurri hauek ezartzen dira baliabideak jartzeko:

  1. Euskal hezkuntza-sisteman ikasle etorkin sartu berriei laguntzeko hizkuntza indartzeko irakasle-kupoa mantenduko da, hau da, 250 izango dira. Ikastetxe berean hiru urtean mantendu diren giza baliabideek ikastetxearen lanpostu-zerrenda osatuko dute. Batzorde paritarioak aztertuko du kupo hori handitzeko erarik dagoen.

  2. Gainera, Lehen Hezkuntzako ikastetxeek dituzten ikasleetatik, gutxienez, % 30 etorkinak badira, ordu gehiago izango dituzte, eta Bigarren Hezkuntzakoek ere bai, gutxienez ikasleen % 20 etorkinak badira. Irakasle horren lana batez ere izango da ikasle heldu berriak gizarteratzeko eta kulturartekotasuna lantzeko plana prestatzea. Era berean, plan hori (harrera-programa, tutoreekin koordinatu, familia eta udalekin harremanak izan,). bete eta koordinatu beharko du, eta horren jarraipena egin. Portzentaje horietara iristen ez diren ikastetxeetan, Bigarren Hezkuntzan ikasle etorkinei erantzuteko hezkuntza-laguntzarik behar izanez gero, Hezkuntza berariaz indartzeko proiektuaren bitartez bideratuko da.

  1. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek ezgaitasunak edo jokabide-nahaste larriak dituzte. Hori dela eta, hezkuntzan beren-beregi lagundu edo erantzun behar zaie eskolatze-aldi batean edo eskolatze osoan.

    Baliabide arruntak nahikoa ez badira hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei hezkuntza-erantzun egokia emateko, ikastetxeek baliabide bereziak izango dituzte ikasle horiek gaitasun pertsonalak ahalik eta gehien garatu ahal izan ditzaten eta, beti ere, ikasle guztientzat orokorrean ezarritako helburuak bete ditzaten.

    Era berean, Pedagogia Terapeutikoan espezializatutako irakasleek parte hartu ahal izango dute ikasteko zailtasunak dituzten ikasleei hezkuntza-erantzuna ematen, horretarako ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte eta zailtasunek zerikusia badute nahasmendu hauekin: mugako adimen-gaitasunarekin, hiperaktibitatedun edo hiperaktibitate gabeko atentzio-defizitarekin, irakurtzeko nahasmendu edo dislexiarekin edo hizkuntzaren berariazko nahasmenduarekin.

    Hori betetzeko, Pedagogia Terapeutikoko irakasle espezializatuak jartzeko irizpideek kontuan izan beharko dute zenbat ikasle diren eta behar den laguntzaren intentsitatea. Horretarako, erreferentzia modura irizpide hauek aplikatuko dira:

  1. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza:

    1. Hezkuntza-premia bereziak dituzten 3 ikasletik gora, PTEko irakasle 1.

    2. Behar bezala egiaztaturiko hezkuntza-premia bereziak dituzten 6 ikasletik 12ra, PTEko 2 irakasle.

    3. Hezkuntza-premia bereziak dituzten 13 ikasletik 18ra, PTEko 3 irakasle.

    4. Hezkuntza-premia bereziak dituzten 19 ikasletik gora, PTEko 4 irakasle.

    5. Ikastetxe batean, hezkuntza-premia bereziak dituzten 3 ikasle baino gutxiago badaude, berariazko planetan taxutuko da nola erantzun ikasle horiei.

  2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza:

    1. Hezkuntza-premia bereziak dituen ikasle 1etik 5era, PTEko irakasle 1.

    2. Hezkuntza-premia bereziak dituzten 6 ikasletik 10era, PTEko irakasle 2.

    3. Hezkuntza-premia bereziak dituzten 11 ikasletik 15era, PTEko 3 irakasle.

    4. Hezkuntza-premia bereziak dituzten 16 ikasletik gora, PTEko 4 irakasle.

      Nolanahi ere, kontuan hartuko dira hezkuntza-premia berezietako aholkularitzen txostenak eta lurralde-ordezkaritzetako Hezkuntza Berriztatzeko (Hezkuntza Bereziko) teknikarien irizpideak.

      Indarrean dagoen legediaren arabera jarriko dira atazak ikasteko geletako eta gela iraunkorreko dotazioak.

      1. Entzuteko desgaitasuna edo komunikazio-nahasmendua nahiz hizkuntzaren berariazko nahasmendu organikoak dituzten ikasleei erantzungo diete Entzumena eta Hizkuntzako irakasleek, ikastetxeari beren-beregi emandako baliabideen bitartez edo Berritzeguneekin batera egindako planak baliatuz.

Hezkuntza zabala denez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak ikasleei behar bezalako erantzuteko neurriak hartu behar ditu, ahal den heinean ikasleak lan-taldetik ez bereizteko eta, gainera, eskola-jardueran aurrera egiteko aukera izan dezaten. Helburu horiek lortzeko, erreferentzia-neurri hauek hartuko dira:

  1. Hezkuntza berariaz indartzeko proiektuak.

    DBHko 1 eta 2. mailetan eskolatutako ikasleek (16 urtetik beherakoak) eskola-atzerapen larria badute, banan-banan lagundu beharko zaie. Ikastetxeak berak erantzun beharko die, ikastetxeko baliabideak erabiliz.

    Egoera horretan ikasle asko direnean, ikastetxearen baliabideak erabilita neurri egokiak hartu ezin edo hartzea zeharo zaila bada, Hezkuntza Administrazioak behar beste giza baliabide jarri ahalko ditu, ikastetxeak aurkezten duen proiektuaren eta parte-hartzen duten irakasleen arabera. Halaber, kontuan hartuko da zenbat ikasle dauden egoera horretan.

  2. Eskolatzeko programa osagarriak.

    Eskolan egokitzeko zailtasun handiak dituzten DBHko ikasleentzako dira, eta aniztasunari erantzuteko bestelako neurriak agortzen direnean jartzen dira. Helburua da jarrera positiboak garatzea hezkuntza-prozesuarekiko, ikaskideekiko, irakasleekiko eta gizarte-ingurunearekiko, batik bat ikasleak eskolan eta gizartean molda daitezen.

  3. Curriculum anitzeko programak.

    Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak curriculum anitzeko taldeak eratzeko baimena emango du gutxienez 8 ikaslek betetzen dituztenean Euskal Autonomia Erkidegoko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako curriculum anitzeko programek arautzen dituzten baldintzak. Curriculum anitzeko taldeko, gehienez, 15 ikasle egongo dira. Programa horietarako gehienez proposatzen diren ikasleak inoiz ere ezingo dira izan ikastetxean DBHko 3. eta 4. mailetan matrikulatuta dauden ikasle guztien % 15 baino gehiago; baimendutako talde-kopuruak ere ezingo du 2tik gorakoa izan, salbu DBHko 3. eta 4. mailetan 300 ikasle baino gehiago matrikulatuta dituzten ikastetxeetan.

    Taldeko bi irakasle esleituko dira, bata hizkuntza- eta gizarte-arlokoa, eta bestea zientzia eta teknologiaren arlokoa. Irakasle horiek, behintzat, talde bakoitzari txertatzen dizkioten arloak emango ditu eta, hortaz, irakasle bakoitzak gutxienez 9 ordu eskaini beharko dizkio curriculum anitzeko taldeari. Era berean, taldeko tutoretzaz eta ikasle bakoitzaren tutoretzaz arduratuko dira.

    Talde horiei arreta eskaintzen dieten irakasleen irakasjarduna 14 ordukoa izango da, ikasleei tutoretzak emateko orduak barne. Ikasleak 10 baino gutxiago direnean, talde horretan irakasten duten irakasleek ordutegia osatu egin behar dute, etapako irakasleen ohiko dedikaziorekin bat etorri arte. Nolanahi ere, aniztasunari behar bezala erantzuteko, izan litezkeen egoera zehatzak aztertuko ditu Administrazioak, beti ere salbuespen modura.

  4. Psikologia eta Pedagogiako lanpostuak.

    Orientazioa hezkuntza-jarduera guztien parte da. Beraz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta/edo Batxilergoa zuzeneko irakaskuntza gisa duten ikastetxe publiko guztietan Psikologia-Pedagogia espezialitateko lanpostu bat egongo da eginkizun hori koordinatu eta horretan laguntzeko, baita aniztasuna eta eragindako ikasleen arreta jorratzen duten programen jarraipena egiteko ere; dena dela, kasuan kasuko tutoreak ere bere eginkizunak izango ditu.

    Psikologia eta Pedagogia espezialitateko beste lanpostu bat ere izango dute aurreko atalean aipatzen diren ikastetxeek, baldin eta baldintza hauetakoren bat betetzen badute:

    700 ikasle baino gehiago izatea.

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta/edo Batxilergoko irakaskuntzak bi udalerritan ematea.

    Psikologia eta Pedagogia espezialitateko plazen hizkuntza-eskakizuna zehazteko, kontuan hartuko dira indarrean den arautegiak unean-unean ezartzen duena.

  5. Eskualde behartsuetan diren LHko ikastetxeei jarri zitzaizkien orientatzaile-lanpostuak bere horretan mantenduko dira, beti ere hasierako lanbideko ikasleak badituzte; HHEko orientadoreak ere mantenduko dira. Edozelan ere, Batzorde paritarioak aztertuko du baliabide horiek jarri ala ez.

  6. Zereginak Ikasteko Geletako plazak.

    Ikastetxean baimendutako Zereginak Ikaskasteko gelako, espezialitate horretako plaza bat jasoko du lanpostu-zerrendak. Plaza hori Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen kidegokoa izango da. Bestalde, Pedagogia Terapeutikoko plaza bat esleituko da, Irakasleen kidetik.

    Zereginak Ikasteko Geletako plazen hizkuntza-eskakizuna zehazteko, kontuan hartuko da indarrean den arautegiak unean-unean ezartzen duena.

  1. Zuzendaritza-taldeak. Ikastetxeen tamaina eta konplexutasunaren arabera, honako kargu hauek izan daitezke.

  1. Ikastetxe guztietako zuzendaritza-karguak:

    Zuzendaria.

    Ikasketa-burua.

    Idazkaria.

    Eskola gaueko txandan ematen duten ikastetxeetan, ordutegi hori zaintzeko ikasketa-burua egon daiteke.

  2. Zuzendaritza-karguak ikastetxe-motaren arabera:

    Zuzendari-albokoa (figura hori izango dute Haur/Lehen Hezkuntzako ikastetxeek, baldin eta 40 talde edo gehiago badituzte edo 35 baino gehiago baina bi eraikinetan, eta batetik bestera 200 m baino gehiago badira).

    Ikasketa-buru laguntzailea.

    Idazkari laguntzailea.

    Gaueko ikasketa-burua (eskola gaueko txanda ematen duten ikastetxeetan).

  3. Bigarren Hezkuntza eta/edo Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxeetako kargu bereziak:

    DBHko koordinatzailea (etapa hori duten ikastetxeetan).

    Irakasle ordezkaria (ikastegiak dituzten ikastetxeetan).

    Kalitate-arduraduna (ISO 9000 ziurtagiria duten ikastetxeetan).

    Lanbide Heziketako eta Lantokiko Prestakuntzako koordinatzailea.

    Lanbide Heziketa Ez Arautuko arduraduna.

  4. Lanbide Heziketako institutuetako berariazko karguak:

    Mantentze eta Lanen arduraduna (goi-mailakoetan).

    Ekonomia Kudeatzeko arduraduna.

  1. Ikastetxeko zuzendaritza-karguen eta beste kargu batzuen murrizketak kalkulatzeko arauak:

  1. Ikastetxeko ikasle ofizialak kontuan hartuta, tarte hauek arautu dira:

    350 baino gutxiago: 27 ordu murriztuko dira.

    350etik 750era: 33 ordu murriztuko dira.

    751tik 1.000ra: 39 ordu murriztuko dira.

    000tik gora: 33 ordu murriztuko dira.

  2. Eskola gaueko txanda ematen duten ikastetxeek beste 6 ordu gehiago murriztuko dituzte.

  3. DBH eta DBHO aldi berean irakasten duten ikastetxeek beste 6 ordu murriztuko dituzte.

  4. Batxilergoko bi modalitate edo hiru edo modalitate gehiago irakasten dituzten ikastetxeek beste 6 eta 9 ordu murriztu ahalko dituzte, hurrenez hurren.

  5. Heziketa-zikloak irakasten dituzten ikastetxeek beste 3 ordu arte murriztuko dituzte zikloko (gehienez, 18 ordu).

  6. Eraikin bat baino gehiago izan eta hainbat eskola-esparrutan dituzten ikastetxeek beste 9 ordu gehiago murriztu ahalko dituzte.

  7. Mantentze eta Lanen arduraduna duten ikastetxeek 3 ordu murriztuko dizkiote kargu horri.

  1. Murrizketa-orduen erabilera.

    Ikastetxeko kargudun guztiek orotara murriztu beharreko orduak kalkulatzeko aurreko ataletako murrizketa-ordu guztiak batuko dira. Ikastetxeek guztira duten ordu-kopurua banatu egingo dute zuzendari, ikasketa-buru, idazkari eta gainerako kargudunen artean. Horretarako jarraibide hauek beteko dituzte:

  1. Zuzendari, ikasketa-buru, idazkari, irakasle ordezkari eta DBHko koordinatzaileri, gehienez ere, ordu hauek murriztuko zaizkie:

    Zuzendaria: 9 ordu.

    Ikasketa-burua: 6 ordu.

    Idazkaria: 6 ordu.

    Irakasle ordezkaria: 6 ordu.

    DBHko koordinatzailea: 3 ordu.

  2. Karguaren titularrari beti murriztuko zaizkio laguntzaileari baino ordu gehiago.

  3. Kargu laguntzaileak berariazko osagarria jasotzeko eskubidea izan dezan, gutxienez 9 orduko murrizketa izan beharko du.

    Ezarritako kopuruak aintzat harturik eta indarrean den legeria aintzakotzat hartuta, zuzendaritza-taldeak erabakiko du zenbat ordu murriztu kargudun bakoitzari, ikastetxeari guztira dagozkion orduak agortu arte.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila berariazko deialdien bidez arautuko ditu hiru hizkuntzako irakaskuntzak eta esperientzia eleanitzak ezarri eta garatzeko programak.

Deialdi horiek eta ikasturte-hasierako ebazpenek arautu egingo dute zein baldintzetan parte hartuko duten irakasleek programa horietan, bai ordu-dedikazioari eragiteko, bai horiekin lotutako prestakuntza-jardueretan parte hartzeko.

Titulu honetan jasotako zehaztapenak ikasturte bakoitzean aldatu ahal izango dira, urtetik urtera sortzen diren egoerei jaramon eginez. Edozer aldatzeko, ebazpena eman beharko du sailburuordeak edo dagokion zuzendariak, Batzorde paritarioan aztertu Plangintza Batzorde Teknikoarekin negoziatu ostean.

  1. Atal honetan ezartzen diren lanaldi eta egutegi motak gorabehera, 1.462 ordukoa izango da irakasleen dedikazio-erregimena. Ikasturte-hasiera guztietan arautuko da urteko eta asteko lanaldia, irakastorduak zelan banatu eskolako edo eskolaz kanpoko orduetan (ezin izango dira irakastorduak areagotu); era berean, behar izanez gero, ordu osagarriak ere arautuko dira ikasturte guztien hasieran.

    Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleek astean 30 orduko lanaldia beteko dute, ikastetxean eman beharrekoa. Ordu horietatik, gehienez, 23 irakastorduak izango dira (atsedenaldiak barne). Lanaldia goizez eta arratsaldez egingo da, eta arratsalde bat libratuko dute irakasleek prestatzeko, ikastetxeko OOGaren oniritzia lortuz gero.

    Bigarren Hezkuntzako irakasleek astean 30 orduko lanaldia egingo dute ikastetxerako, eta 23 ordu ikastetxean bertan emango dituzte. Batez beste, 17 eskola-ordu emango dituzte, eta gehienez 18. Nolanahi ere, gehienezko 18 orduko dedikazioa aldatzeko aukera izango da, Heziketa Zikloek edo ohiz kanpoko beste egoera berezi jakin batzuek hala eskatzen badute. Egoera horiek behar bezala justifikatu beharko dira.

    DBHko lanaldia goizez eta arratsaldez egingo da, eta irakasleek arratsalde bat libratuko dute prestatzeko, koordinatzeko edo ikastetxeak egoki deritzen beste jarduera batzuk egiteko. Beste arratsalde bat ere har daiteke, OOGk onartzen badu, estamentu guztien heren biko gehiengo kualifikatua dela medio. Irailean eta ekainean, goizeko lanaldia egiteko aukera izango dute irakasleek. Nolanahi ere, astean 30 eskola-saio eman beharko dira.

    DBHOko lanaldia goizekoa eta arratsaldekoa edo bakarrik goizekoa izan daiteke, ikastetxeak erabakitzen duenaren arabera.

    Ikastetxean bertan egoteko gainerako orduak honela banatuko dira:

    Astean 1 ordu ikasleen gurasoekin egoteko, eta nork bere karguko zereginak betetzeko. Tutoretzak eman behar dituzten irakasleei dagokienez, ordu horiek tutore-lanetarako izango dira, baina ez ikasleekin zuzeneko tutore-lanak egiteko, baizik eta tutoretzari lotutako administrazio-zereginak, tutoretza koordinatzeko bilerak, orientabideko berariazkoak jarduerak eta abar.

    Astean 3 ordu guardiak egiteko. DBHko ikasleen atsedenaldiak iraun bitartean egiten den guardia 30 minutukoa edo luzeagoa bada (edo 15 minutu edo gehiagoko bi aldien batura) guardia arrunteko ordubeteren baliokidea izango da.

    Astean ordu 1 Didaktika Departamentuko bilerak edota pedagogia koordinatzeko beste bilera batzuk egiteko.

    Astean ordu 1 prestakuntza jardueretan aritzeko. Irakasleak prestatzeko saioak antolatu behar dira Sailak erabakitzen dituen irizpideen arabera.

    Ikastetxean astean eman beharreko beste 7 orduak hilean kontabilizatuko dira, eta hauek gauzatzeko erabiliko dira: Departamentuko jarduerak areagotzeko, taldeko organoen bilerak egiteko, ebaluazio-batzarrak, ikastetxearen plangintza egin eta antolatzeko tresnak egiteko, taldeko edo maila bereko irakasleekin koordinatzeko bilerak egitea, Hizkuntza Normalizatzeko Batzordeari beren-beregi dagozkion hainbat zeregin eta beste jarduera osagarri batzuk eta eskolaz kanpokoak egiteko.

  2. Urtero, ikasturte-hasieran, ikastetxeko irakasleen lan-egutegia eta lan-ordutegia prestatuko dira, beti ere Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikasturte-hasierako antolakuntzari buruzko Ebazpenean ezartzen dituen arau orokorrekin bat etorriz.

    Egutegi hori ikasturte osorako izango da, eta izan daitezkeen aldaketak beti ere kasu berezietan zerbitzuko premien menpe egongo dira.

  3. Laguntza- eta ikuskaritza-zerbitzuetako berariazko lanaldia honakoa izango da:

    1. Berritzeguneak eta IIHIIak.

      Berritzeguneetara eta IIHIIetara atxikitako langileen lanaldia astean 30 ordukoa izango da, goiz eta arratsaldekoa, eta behar besteko malgutasunez egokituko zaie eragin-eremuko ikastetxeen beharrizanei, kasuan kasuko lurralde-arduradunarekin bat etorriz.

      Berritzeguneetako eta IIHIIetako urteko egutegia 1.200 ordukoa izango da (200 egun). Lan-egutegia irailaren 1ean hasi eta uztailaren 15ean amaituko da urtero.

      Edonola ere, Berritzeguneen eta IIHIIen ohiko ordutegia, zonako zerbitzu gisa, ikastetxeetako irakasleei erantzuteko modukoa izango da. Horretarako, zentroko kide guztien ordutegiak behar besteko malgutasunez zehaztuko dira; egunean 6 ordu banatu beharko dira 08:00etatik 19:00ak bitartean, eta ordutegi horretan ezingo da beste jarduera ordaindurik egin.

      b) ISEI.

      ISEIri atxikitako langileen lanaldia goiz eta arratsaldekoa izango da, zatitua, eta astean 30 ordukoa.

      Urteko egutegia 1.200 ordukoa izango da (200 egun). Lan-egutegia irailaren 1ean hasi eta uztailaren 15ean amaituko da urtero.

      ISEIren ohiko ordutegiak lagundu egin beharko du institutuak aurreikusitako programak garatzen. Horretarako, zentroko kide guztien ordutegiak behar besteko malgutasunez zehaztuko dira; egunean 6 ordu banatu beharko dira 09:00etatik 18:00ak bitartean, eta ordutegi horretan ezingo da beste jarduera ordaindurik egin.

    1. Ikusmen-urritasuna duten ikasleak Hezkuntzan integratzeko Itsuen baliabideetarako zentroak.

      Zentro horiei atxikitako langileen lanaldia 30 ordukoa izango da astean, goizez eta arratsaldez, eta behar besteko malgutasunez egokituko da eragin-eremuko ikastetxeen beharrizanetara, kasuan kasuko lurralde-arduradunarekin bat etorriz.

      Jarduera-aldia irailaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean amaituko da urtero.

    2. Ospitaleetako eta Etxez Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Hezkuntza Arreta Terapeutikoko Lurralde Zentroak.

      2010-2011 ikasturtetik aurrera, zentro horiei atxikitako langileen asteko lanaldia 30 ordukoa izango da, goizez eta arratsaldez, eta behar besteko malgutasunez egokituko da eragin-eremuko ikastetxeen beharrizanetara, kasuan kasuko lurralde-arduradunarekin bat etorriz.

      Jarduera-aldia irailaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean amaituko da urtero.

    3. IRALE eta Euskal Girotze Barnetegiak.

      IRALEri atxikitako langileen lanaldia astean 30 ordukoa izango da, eta ahal izanez gero lanaldi trinkoa egingo da goizetan. Urteko egutegia 1.182 ordukoa izango da (197 egun).

      Euskal Girotze Barnetegietako urteko egutegi mota 1.389 ordukoa izango da (200 egun). Lan-egutegia irailaren 1ean hasi eta uztailaren 15ean amaituko da urtero.

    4. Hezkuntza Ikuskaritza.

      Hezkuntza Ikuskaritzako langileen lanaldia, gutxienez, 1.283 ordukoa izango da urtean (202 egun). Lanaldia goiz eta arratsaldeko ordutegian beteko da, salbu ekainetik iraila bitartean eta urte osoko ostiraletan; izan ere, aldi horretan eta egun horietan lanaldia trinkoa izango da goizetan.

      Hezkuntzako sailburuordearen Ebazpenaren bidez, urtero zehaztuko dira Hezkuntza Ikuskaritzaren egutegia eta ordutegia.

Enplegatu Publikoen Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 50. artikuluaren arabera, irakasle funtzionarioek eskubidea izango dute urte natural bakoitzean, gutxienez, ordaindutako hogeita bi egun balioduneko oporraldia izateko, edo, zerbitzuan emandako denbora urtebetera iristen ez bada, proportzioan dagozkien egunetako oporraldia izateko. Artikulu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, larunbatak ez dira egun balioduntzat joko.

Oporraldi hori urtero abuztuan izango da, eta inoiz ez da hartuko iraileko egunik.

Oporraldia eten ahal izango da horren barruan gaixoaldi edo istripuren bat gertatuz gero. Gorabehera horiek pasa eta medikuaren alta jaso ostean, interesatuak oporraldiarekin jarraitzeko aukera izango du.

Hartu gabeko oporraldia aldi bakar batean hartuko da, eta ahal izanez gero, irakastordurik ez dagoenean.

Eusko Jaurlaritzako langile guztiek hartu ahal dituzten egunak azaltzen dira Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 48.1.k) artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Negoziazio Mahai Orokorrak 2009ko azaroaren 18an hartutako akordioan (2010-02-26ko EHAA), eta norberaren gauzetarako egunak, berriz, lege horretako 48.2 artikuluan. Egun horiek metatu ahal izango aurreko artikuluan araututako oporraldiaren aurreko egun moduan.

  1. Hitzarmen honen eraginpean dauden langileek ordaindutako lizentzia har dezakete arrazoi hauengatik eta denbora hauetarako:

    1. Istripu edo gaixotasunagatiko lizentzia.

    2. Haurdunaldi, erditze, edoskitze, adopzio edo harrerako lizentzia.

    3. Aitatasun-lizentzia.

    4. Norberaren edo senideren baten ezkontzagatiko lizentzia.

    5. Senideren baten gaixotasun larriagatiko edo heriotzagatiko lizentzia.

    6. Lehen mailako senideen oso gaixotasun larria dela-eta lanaldia murriztea

    7. Nahitaezko betebehar publikoak edo norberaren betebeharrak betetzeko lizentzia.

    8. Ohiko etxebizitzaz aldatzeko lizentzia.

    9. Sindikatuaren edo langileriaren ordezkotza egiteko lizentzia.

    10. Emakume funtzionarioaren aurkako genero-indarkeriaren ondoriozko lizentzia.

      Lizentzia hauek hartzeari dagokionez, izatezko eta legebidezko bikoteek eskubide berberak izango dituzte.

  2. Halaber, baimen hauek eman ahal izango, bakoitzerako ezartzen diren arauen arabera. Hona baimenak:

    1. Adingabeak, ezgaituak edo senide gaixoak zaintzeko baimena.

    2. Gaixotasun kronikoren bat edo mugitzeko arazoak dituzten senideei laguntzeko baimena.

    3. Lanbidea hobetzeko, lanpostuaren edo eginkizunekin zuzeneko zerikusia duten hobekuntza- ikastaroak egiteko baimena.

    4. Lanpostuarekin edo eginkizunekin lotura zuzena ez duten ikasketak egiteko baimena.

    5. Azterketetan parte hartzeko baimena.

    6. EAEko administrazio orokorrean sartzeko probetan parte hartzeko ordaindutako baimena.

    7. Medikuaren kontsulta, tratamendu eta azterketetara joateko baimena.

    8. Zientzia-, teknika-, lanbide-, elkargo-, elkarte- eta sindikatu-izaerako ekitaldi kolektiboetara joateko baimena.

    9. Norberaren gauzetarako baimena.

    10. Hautapenezko karguari dagozkion jardunak betetzeko baimena.

    11. Ordaindu gabeko baimena.

    12. Partzialki ordaindutako baimena.

Edoskitzaroko etenaldiko bateragarritasunak izan ezik, adingabekoak, elbarri fisikoak, psikikoak edo sentsorialak, edota odol-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideak zaintzeko lanorduak murriztuz gero, inoiz ezin izango da aldi berean aurreko artikuluan jasotako beste lizentzia edo baimenik hartu; berdin gertatzen da partzialki ordaindutako baimenarekin eta gaixotasun edo istripua dela-eta ematen diren lizentziekin. Oporraldietan ere ezin izango da ordaindutako lizentziaz edo baimenez baliatu.

Lizentzia eta baimena hartzeko denbora bukatu ondoren, langileek berehala itzuli beharko dute nork bere lanpostura.

  1. Langileek lizentzia hartzeko eskubidea izango dute, gaixorik daudenean edo istripuren bat izan dutenean, eta, ondorioz, beren jardunak behar bezala egiteko gai ez badira beti ere, hori horrela dela egiaztatzeko, mediku-zerbitzuek egindako baja aurkezten badute, eta eskubidea izango dute eta medikuak alta eman arte. Hala ere, bajak inoiz ez du kontratuaren iraupena gainditu.

  2. Aldi baterako baliaezintasuneko egoeretan Administrazioak sorospen osagarriak ordainduko ditu, langileak, gaixorik badago edo istripua izan badu, lansarien % 100a jaso dezan bajan dagoen bitartean eta gehienez 18 hilabetez.

    Enpresako Osasun Zerbitzuak egindako mediku-azterketaren bidez, Administrazioak langilearen gaixotasunaren edota istripuaren jarraipena egin eta haren osasun-egoera egiazta dezake, egoeraren berri jakiteko, behar den laguntza emateko eta langilea erabat sendatu dadin lehenbailehen. Langileak horrelako azterketarik egin nahi ez badu, jasotzen dituen laguntza ekonomiko osagarriak gal ditzake, entzunaldiaren izapidea idatziz egin ondoren.

  3. Hemezortzi hilabeteko gehienezko epe hori amaitu eta, bien bitartean, kaltetuak elbarritasun iraunkorren bat eskatu badu, aurreko paragrafoan adierazitako zenbatekoa hartzeko eskubidea izango du medikuaren alta jaso arte, elbarritasuna onartuta edo onartu gabe, edo zendu arte. Baliaezintasun iraunkorra onartzen bazaio, dela guztizko baliaezintasun iraunkorra, dela erabateko baliaezintasun iraunkorra, bai eta baliaezintasun larria ere, eskubide hori GSINen ebazpenean adierazten den ondorio ekonomikoen eguneko bezpera arte luzatuko da.

    Hori dela-eta, eskubide hori gauzatzeko eskaera hilabeteko epean aurkeztu behar da; epe hori ezingo da luzatu eta hasi, berriz, alta-egunean edo baliaezintasun-maila onartzen duen ebazpena jakinarazten den egunean edo, sendatzeko aukerak badaude, baliaezintasuna ukatzen duen ebazpena jakinarazten den egunean edo heriotza-egunean hasiko da.

    Baliaezintasuna 18 hilabeteko epea bukatu ondoren eskatzen bada, eskaera egiten den egunetik aurrera aitortuko da gorago aipatutako zenbatekoa jasotzeko eskubidea.

  4. Istripu edo gaixotasunagatiko lizentziarekin dagoela langileak bere edo beste inoren konturako lanak egiten baditu, galdu egingo aurreko idatz-zatian ezarritako zenbatekoa eskuratzeko eskubidea, eta, arrazoi horregatik diru-kopururen bat jaso badu ordurako, itzuli egin beharko dio Administrazioari hilabeteko epean, nolanahi ere, diziplinako espedientea ireki dakioke.

  5. Langileak gaixoaldia edo istripu-aldia borondatez eta arrazoirik gabe luzatzen badu, diziplinazko erantzukizuna izango du, besteak beste, eta bigarren idatz-zatian ezarritako zenbatekoa eskuratzeko eskubidea galduko du.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza publikoko emakume langileek haurdunaldiko eta erditzeko lizentzia har dezakete. Lizentzia hemezortzi astekoa izango da, etenik gabe, eta bi aste luza daiteke jaioberria ezgaitua bada edo erditzea multiplea bada, seme-alabako eta bigarrenetik aurrera.

    Interesdunak aukeratuko du denboraldia nola banatu, baina umea egin eta berehala sei aste hartu beharko ditu. Ama zentzen bada, beste gurasoak hartu ahal izango ditu baimeneko egun guztiak edo, baimena hasita badago, gelditzen diren egunak.

    Hala ere, amak erditu ondoren nahitaez hartu beharreko nahitaezko atsedenaldiari dagozkion hilabeteak gorabehera, guraso biek lan egiten badute, amatasunagatiko atsedenaldia hastean, amak erabakiko du beste gurasoak hartuko duen erditu osteko atsedenaldi horren tarte jakin eta etenik gabeko bat, berarekin batera edo beraren ostean. Beste gurasoak hasieran laga zuen amatasunagatiko lizentziaren zatiaz gozatzen jarraitu ahal izango da, nahiz eta ama aldi baterako ezintasun-egoeran egon. Atsedenaldiak aldi berean hartzen badira, atseden-egunen batuketa egitean, biak batuta ez da gaindituko aurreko ataletan ezarritako hemezortzi asteko muga, edo erditze multiplerako aurreikusitako muga.

    Erditu eta 30 egunen barruan jaioberria ospitaleratu beharko balitz, ama-lizentzia luzatu egingo da ospitalizazio-aldiak dirauen bitartean eta, gehienez 13 astez.

    Lizentziaren iraupen osoa agortutakoan, emakume langileak bere lanera ohiko eran itzultzea eragozten dion osasun-arazorik baldin badu, aldi baterako ezintasun-baja hartuko du. Horretarako, nahitaezko izapideak bete beharko ditu.

  2. Adingabekoren bat adoptatuz gero edo adoptatu aurretik modu iraunkorrean hartuz gero, langileak hemezortzi aste jarraituko lizentzia hartzeko eskubidea izango du. Ume bat baino gehiago adoptatu edo hartuz gero, epe hori bi aste luzatu ahalko da adingabekoa ezgaitua bada eta beste bi aste semeko edo alabako, bigarrenetik hasita.

    Interesdunak hala nahi izanez gero, denboraldi hori zenbatzen hasiko da harrerari buruzko administrazio-erabakia edo erabaki judiziala ematen denetik edo adopzioa eratu duen ebazpen judiziala ematen denetik aurrera. Biek lan egiten badute, nahi duten moduan banatuko dute baimena, eta, horrenbestez, aldi berean edo elkarren segidan hartu ahal izango dute, baina etenik gabeko denboraldiak egin beharko dituzte beti. Atsedenaldiak aldi berean hartzen badira, atseden-egunak batuta, ez da gaindituko aurreko ataletan ezarritako hemezortzi asteko muga. Orobat, haur bat baino gehiago adoptatu edo hartuz gero, ez dira horri dagozkion asteak gaindituko.

    Haurra atzerrian adoptatuz gero, gurasoek adoptatu nahi duten haurraren jaioterrira aurrez joan behar badute, atal honetan ezartzen diren baimenak ahal izango dira adoptatzeko ebazpena eman baino lau aste lehenago ere. Gainera, interesdunek gehienez 2 hilabeteko baimenaz gozatzeko baimena izango dute horretarako eta denboraldi horretan oinarrizko ordainsariak baino ez dituzte jasoko.

  3. Aurreko idatz-zatietan araututakoarekin bat etorriz, aitak dagokion baimenetik gutxienez lau aste hartzea erabakitzen badu, beste aste bi hartzeko eskubidea izango du.

  4. Oporraldia eta haurdunaldi, erditze, edoskitze, adopzio edo harrerako lizentzia-aldia elkartzeko modukoak izango dira, nahiz eta oporraldiari dagokion egutegiko urtea amaiturik egon.

  5. Era berean, emakume langileak lanean ordubeteko etenaldia egiteko eskubidea du hamar hilabete baino gutxiagoko seme-alabako; denbora hori bi zatitan bana dezake bularra edo biberoia emateko. Emakumeak, hala nahi badu, eskubide horren ordez ohiko lanaldia ordubetez murritz dezake, helburu bererako bada. Baimen hau proportzionalki luzatuko da erditzea multiplea denean.

    Edoskitzea artifiziala denean, lan-jardunaldian etenaldia egiteko edo lanaldia gutxitzeko eskubidea aitari pasatu ahal zaio, aitak eskatzen badu; dena den, halakoetan amak lan egiten duela egiaztatu behar da, eta amak berak ziurtatu behar du lizentziako eskubideari uko egiten diola edo ezin dela lizentziaz baliatu.

    Emakume langileak aukera izango du aurreko paragrafoan azaldutako lizentziari eusteko, edo denbora hori haurdunaldi, erditze eta edoskitzeko lizentziari gehitzeko. Gehituz gero, 6 ordu izango dira laneguneko. Dena dela, horretarako kontuan har daitezkeen orduak benetako lanegunetakoak dira. Hori dela-eta, funtzionarioak, lizentzia eskatzean, hamargarren hilabetea bete artean geratzen den garaian, lizentziak, baimenak, oporrak edo lan-utzialdiak hartzeko asmoa duen adierazi behar du, tarte horiek guztirakotik kendu ahal izateko.

    Edoskitze naturaleko aldian arriskurik egonez gero, funtzionarioei lizentzia ematea baimenduko da.

  6. Administrazioak sorospen osagarriak ordainduko ditu, enplegatuak lansariaren % 100 jaso dezan amatasun egoeran dagoen bitartean.

Aitak edo beste gurasoak etenik gabeko 21 egun naturaleko lizentzia jasotzeko eskubidea izango du jaiotza, adopzio edo harreragatik. Lizentzia hori, nolanahi ere, haurra jaiotzen denetik edo ebazpen judiziala edo administrazio-ebazpena ematen denetik hasiko da, lanaldi osoan. Baimen hori etenik gabeko lau astera luzatuko da 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Administrazioak osagarri bat ordainduko dio langileari, GSINek onartutako prestazio ekonomikoaren osagarri modura, aitatasun-baimenak dirauen bitartean ordainsarien % 100 jaso dezan.

  1. Langileak 20 egun naturaleko lizentzia izango du ezkontzeko. Lizentzia ezkontza ospatu baino lehen edo ospatu ondoren hartu ahal izango da, baina, edonola ere, ezkontzaren eguna aldi horren barruan geratuko da.

    Lizentzia hori oporraldiari gehitu ahal zaio aurretik zein atzetik; horrela eginez gero, gutxienez 15 egun lehenago adierazi behar zaio lurralde-ordezkaritzari.

  2. Lizentzia hori izateko eskubidea izango dute izatezko bikotea eratzen duten enplegatuek, beti ere maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak jasotzen dituen baldintzak betetzen badituzte (lege horren bitartez, izatezko bikoteak arautzen dira). Horretarako, EAEko Izatezko Bikoteen erroldaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

    Hitzarmen honek indarra hartu eta gero bizikidetza egonkorrean hasten diren langileentzat baino ez da izango lizentzia hau.

    Ezkontza edo bizikidetza egonkorra dela-eta, ezin izango da beste lizentzia bat hartu 6 urte igaro arte eta inolaz ere ez bikoteko kideak berberak direnean.

  3. Ezkontza langilearen gurasoena, aita-amaginarrebena, neba-arrebena, suhi-errainena, seme-alabena, ilobena edo aitona-amonena denean, langileak ezkontza-eguna izango du libre, baina, ospakizuna funtzionarioaren bizilekutik 150 km baino urrutiago ospatzen bada, hiru egutegi-egun emango dira libre, joan-etorriak arintzeko.

  1. Arrazoi hori dela-eta, langileen lizentziaren iraupen-aldiak honako hauek dira: 3 lanegun odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideen heriotzagatik, edota, elkarrekin biziz gero, maila urrunagoko senideen heriotzagatik; eta 5 lanegun, ezkontidearen, bikotekidearen edo seme-alabaren egiaztaturiko gaixotasun larriagatik edo heriotzagatik. Bi lanegun izango ditu odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideen egiaztaturiko gaixotasun larriagatik edota, elkarrekin biziz gero, maila urrunagoko senideen gaixotasun larriagatik.

  2. Lizentzia-aldi horiei 2 egun natural gehiago gehituko zaizkie, gertakizunak langilearen ohiko bizilekutik 150 km-ra edo urrunago jazotzen badira.

  3. Odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideen gaixotasun larri egiaztatuen kasuan, edota, elkarrekin biziz gero, maila urrunagoko senideen gaixotasun larri egiaztatuen kasuan, epealdi berdineko beste lizentzia bat hartzeko eskubidea izango du langileak, lehenengo lizentzia bukatzen denetik ondoz ondoko 30 egun igaro ondoren. Behar bezala egiaztatutako azkenburuko gaixotasunen kasuan, berriz, ez da 30 eguneko epe hori egongo, eta ezin izango da luzatu erabili ohiko bizitokiko distantzia dela eta.

    Langileak odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideen gaixotasun larri egiaztatuen baimena, edota, elkarrekin biziz gero, maila urrunagoko senideen gaixotasun larri egiaztaturiko baimena hartzen badu, eta, baimenarekin dagoen bitartean, gaixoa zentzen bada, heriotza dela-eta dauden baimen-egunak heriotza gertatzen den egunean bertan hasiko dira kontatzen.

  4. Batzorde paritarioak ezarriko ditu irizpideak gaixotasun larria zer den zehazteko. Zalantzarik izanez gero, Prebentzio Zerbitzuko Arlo Medikuak larritzat hartzen dituen gaixotasunak joko dira horrelakotzat.

  5. Artikulu honetan araututako lizentzietarako ezarritako lanegunak hartu egin beharko dira lizentzia horiek emateko arrazoi diren kasuak gertatzen diren egunetan.

Oso gaixotasun larria dela-eta lehengo mailako senidea zaintzeko edo, harekin biziz gero, urruneko maila batekoa zaintzeko, langileek eskubide izango dute hilabetean lanaldia asteko lanaldiaren erdira edo herrenera murrizteko, ordainduta.

  1. Ezinbestez bete behar diren betebehar publikoak edo norberaren betebeharrak egiteko, behar beste denbora izango dute langileek, baldin eta lanorduetatik kanpo egiterik ez badago.

  2. Akordioari dagokionez, hauek hartuko dira nahitaezko betebehar publikotzat eta norberaren betebehartzat:

    1. epaitegi, polizia-etxe edo bestelako administrazio-organoetako zitazioak.

    2. NAN, pasaportea edo gidatzeko baimena egiteko edo berritzeko.

    3. Ezkontza edo odolezko ahaidetasun edo odol-kidetasuneko 2. mailarainoko ahaideei laguntzea gorputzez edo adimenez elbarrituta badaude, egoerari dagozkion izapide puntualak egiten. Izapideok a) eta b) idatz-zatietan azaltzen dira.

    4. Zinegotzi, ahaldun, batzar nagusietako kide edo legebiltzarkide izateagatik Jaurlaritzako organoen edo horien menpeko batzordeen bileretara joatea.

Langileak ohiko bizilekuaz aldatu behar duenean, 2 laneguneko lizentzia hartzeko eskubidea izango du.

Errolda-ziurtagiriaz egiaztatu beharko du hori, eta erroldatu eta 15 egun naturaleko epean hartuko ditu egunak.

Sindikatuak edo langileak ordezkatzen dituzten langileek horretarako lizentziaz gozatzeko eskubidea dute, egun indarrean dagoen legeriak eta hitzarmen honek arautzen dituen xedapenek ezartzen dutenaren arabera.

Genero-indarkeriaren biktima diren funtzionarioen hutsegiteak, erabatekoak edo partzialak izan, arretarako edo osasuneko gizarte-zerbitzuek kasuan kasurako zehazten dituzten denboran eta baldintzetan egingo dira.

Era berean, emakumearen aurkako indarkeriaren biktima diren funtzionarioek, babesa jasotzeko edo gizarte-arreta integralerako eskubidea egikaritzeko, lanaldia murriztu ahalko dute, ordainsaria hein berean murriztuta, edo lan-denbora berriro antolatu ahalko dute, ordutegia moldatuta, ordutegi malguaz baliatuta edo lan-denbora antolatzeko beste formula batzuk aplikatuta, halakoetan administrazio publiko eskudunak kasuan kasu ezartzen dituen baldintzetan.

Legez agindutako zaintza duelako, lanaldi arrunta murrizteko baimena eskatu ahal izango du kasu hauetan: langileak zuzenean bere ardurapean hamabi urtetik beherako adingabekoren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen ezgaitu fisikoren, psikikoren edo sentsorialen bat badu edo larriki gaixotuta dagoen eta berarekin bizi den odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideren bat edota, elkarrekin biziz gero, maila urrunagoko senideren bat. Murrizketa hori lanegunaren herenekoa izango da gutxienez edo erdikoa gehienez, eta lansariaren atal guztien heineko beherapena ekarriko du bere baitan.

Karrerako funtzionarioek edo ikasturte osorako lanpostu hutsa betetzen ari den bitartekoek urtean ordaindutako berrogeita hamar ordu arteko baimena izango du kasu hauetan: mugitzeko arazoak dituen edo gaitz larri jarraituren bat txosten medikuaren bidez behar bezala egiaztatua duen odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideren bat zaindu behar badu edota, elkarrekin biziz gero, maila urrunagoko senideren bat. Oro har, ordu-kreditu hori erabiltzeko egunean har daitekeen denbora bi ordu izango dira gehienez, eta ordu horiek lanera sartzearekin edo lanetik irtetearekin batera erabili beharko dira.

Baimen hau ikastetxeko zuzendaritzarekin koordinatuta hartu beharko da, eskaintzen duen zerbitzuko beharrizanei erantzun ahal izateko.

Baimen hau ematea hautazkoa da, eta, hura erabiliz gero, ordainsariak jasoko dira.

Hitzarmen honen Hobetzeko eta Euskalduntzeko Batzordeak aztertu eta proposatu beharko du lizentzia-kopurua ezarri edo lizentziak ugarituko ote diren aurreikustea, aurrekontuetan hala jasotzeko.

Honako artikulu hau ez zaie aplikatuko bitarteko funtzionarioei.

Langileriak Kudeatzeko Zuzendaritzak baimen hori eman dezake, ikasturte luzaezin bateko ordainsariei berariaz uko egin ondoren. Bestalde, Honako hitzarmen honen Hobekuntza eta Euskalduntze Batzordeak aztertu eta proposatu, aurrekontuetan jasotzeko zenbat lizentzia eman edo lizentzia-kopuru hori handitzeko.

Artikulu honek karrerako funtzionarioentzat baino ez du balio.

Langileek zentro ofizialetako edo homologatuetako azterketetara joateko baimen-eskubidea izango dute. Egutegiko egun bat emango zaie azterketako bai deialdi arruntetan, bai ohiz kanpoko deialdietan, beti ere egiaztagiria aurkezten badute. Azterketa-tokia azterketariaren etxebizitzatik 150 km-tara bada, baimena bi egunekoa izango da. Baimen hori ordaindu egingo da.

Ordaindutako baimena emango da irakasleen kidegoetan barne-sustapenez sartzeko deialdietan aurreikusitako hautzatze-probetako ariketak egiteko. Baimen hori probetan parte hartzeko behar adina denborarako emango da.

Artikulu honek karrerako edo praktiketako funtzionarioentzat baino ez du balio.

  1. Langileek eskubidea dute lanaldiaren barruan kontsulta, tratamendu eta azterketa medikuak egitera joateko, arrazoiak behar bezala egiaztatzen badituzte eta osasun-zentro horietan bestelako kontsulta-ordurik ez badute langilea lanorduetatik at joateko.

  2. Haurdun dagoen emakumeak behar beste denborarako baimena izango du erditzea prestatzeko teknikak ikastera eta jaio aurreko azterketak egitera joateko, eta hori ordaindu egingo zaio. Astean lau ordu izango dira, goitik jota. Horretarako, egiaztatu egin beharko da jarduerak lanaldiaren barruan egin behar direla eta benetan bertara joan behar dela.

  1. Karrerako funtzionarioek eta ikasturte osoko lanpostu hutsa betetzen ari den bitartekoek baimena izango dute biltzar, ikastaldi, ikastaro, mintegi, symposium, topaketa, lehiaketa, elkarrizketa, hitzaldi, bilera, jardunaldi eta zientzia-, teknika-, lanbide-, elkargo-, elkarte- eta sindikatu-izaerako bestelako ekitaldi kolektiboetara joateko. Horretarako, kontuan izango dira zerbitzuaren beharrizanak eta lurralde-ordezkaritzak eman beharko du baimena.

  2. Langileak bere kabuz eskatutako baimena denean, bost egunera arte ordainduko da. Muga horretatik gorakoa, berriz, ez da ordainduko, eta ez da kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango, ez dietarik, ez bidaia-gasturik, ez egonaldi- edo inskripzio-gasturik, ez beste ezer, den-denak langilearen kontura izango baitira.

Karrerako, praktiketako eta ikasturte osoko lanpostu hutsa betetzen ari den bitartekoek, instituzioetako kargu hautetsiak direnean, baimena izango dute kargu horiei egokitu eta 45.d) artikuluko kasuetan sartuta ez dauden zereginak betetzeko, behar adina denboran eduki ere, beti ere orduak guztira ez badira urteko lanaldiaren % 10 baino gehiago.

Egoera horretan dauden langileek lanaldi arrunteko orduak murrizteko baimena har dezakete. Murrizketa hori lanegunaren bostenekoa, herenekoa edo, praktiketako funtzionarioen kasuan izan ezik, erdikoa izango da. Bostena murriztuz gero, ordaindu egingo da; herena edo erdia murriztuz gero, ordainsariak hein berean murriztuko dira, eta murriztu ere kontzeptu guztietan.

  1. Norberaren eginkizunetarako baimena, oso arrazoi bereziagatik ez bada, ezin izango da eskatu urtebete igaro arte jardunean hasi edo lanera itzultzen denetik.

  2. Norberaren eginkizunetarako baimen-aldietan ez da ezer ordainduko, gainera, baimen-aldia oporrei kenduko zaie hein berean. Baimen hori, guztira, ezin izango da lau hilabetekoa baino luzeagoa izan urte bitik behin.

    Baimen-aldia hartzen den lehenengo egunetik hasiko dira zenbatzen bi urteok; hori horrela, ondoz ondoko lau hilabeteko aldirako ematen bada, ezin izango da beste bat eman bi urte igaro arte, lehenengoaren hasiera-egunetik hasita. Aldi laburragoko baimenak eskatzeko, hasiera-egunetik hasiko da zenbatzen, eta bi urteko epearen barruan norberaren gauzetarako beste baimen batzuk eman ahal izango dira, lau hilabeteak osatu arte.

    Baimena ikasketa ofizialak egiteko eskatzen bada, urtean ondoz ondoko lau hilabete eman ahalko dira, gehienez.

    Garatzeko bidean dauden herrialdeetan eginkizunen bat egiteko eskatzen bada baimena, eta, betiere gobernuz kanpoko erakundeen babespean bada, baimenaren iraupena, metatuta hartuta, ezin izango da urtebetetik gorakoa izan bost urtetik behin, eta gutxieneko aldia hiru hilabetekoa izango da.

  3. Baimena emango da administrazio eta erakunde publikoetako kidegoetara eta eskaletara sartzeko deialdietan ezarritako hautatze-probetako ariketak egiteko. Baimen hori probetan parte hartzeko behar adina denborarako emango da.

    Halaber, baimena emango da zigor askatasun-gabetzaileren bat betetzen ari den odol-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideren bati bisita egiteko, behar beste denborarako eman ere, baldin eta bisitak lanorduetatik kanpo egiterik ez badago.

  4. EAEko Hezkuntza Administrazioarentzat lan egin duten bitarteko funtzionarioek baimen hori hartzeko eskubidea izango dute, betiere urtebetean lan egin badute etenik gabe.

  5. Baimen hori, dena delako modukoa izanik ere, laneko beharren arabera emango da. Ebazpena ezezkoa bada, horren arrazoiak eman beharko dira.

Karrerako funtzionarioek ordaindu gabeko baimena eska dezakete ikasturte osorako edo sei hilabeterako. Azkena eskatuz gero, denbora-tarte hauetakoren batean hartu beharko da: abuztutik urtarrilera edo otsailetik uztailera. Baimen hori jasoz gero, ezin izango da jardun ordaindurik egin.

Baimen hau ezin izango da berriz eskatu, harik eta baimena amaitzen denetik jardunean beste 5 urte bete arte.

Karrerako funtzionarioek baimen-modalitate honi hel diezaiokete. Horretaz gozatzeko baldintzak jasotzen ditu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2004ko urtarrilaren 7ko Aginduak edo hori ordezten duen arauak.

  1. Irakasjardunaren murrizketak mantenduko dira 60 urtetik goragoko irakasle funtzionarioentzat. Horiek bakarrik aplikatuko zaizkie 65 urte baino gutxiago dituzten funtzionarioei eta, 65 urte beteta izan arren, erretiroa hartzeko eskubidea kausatzeko beharrezko gabezia-aldia estalita ez dutenei.

    Batzorde paritarioak banaka aztertuko du neurri hori aplikatu ala ez premia egiaztatuta izan eta 65 urte beteta duten beste irakasle batzuei.

  2. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan lanean diharduten 59 urte baino gehiagoko irakasleek gehienez 2 orduz ordeztu ahalko dute astean duten irakasjardunetik. Hezkuntza administrazioak emandakoen jarduera jakin batzuen artean eman beharko dute denbora hori ikastetxean bertan.

    Gainerako hezkuntza-mailetan ere gauza bera egin ote daitekeen aztertuko du Batzorde Paritarioak, egon dauden langileak kontuan hartuta.

  3. Karrerako funtzionarioek gehienez lanaldiaren heren bat murrizteko eskatu ahal izango dute ikasketa ofizialak egiteko. Murrizketa horren ondorio,ordainsariak hein berean murriztuko dira.

  4. Karrerako funtzionarioek asteko lanaldiaren herena edo erdia murrizteko eskatu ahal dute, baina lansariak ere hein berean murriztuko zaizkie, hirurtekoak barne. Ondorio horretarako, ikasturte-hasierako ebazpenak xedatutakoari men egin beharko zaio.

    Lanaldia murriztea onartuz gero, irakaslea ezin izango da arituko beste jarduera ordaindutan murrizten zaion ordutegiaren barruan. Eskaera urtebeterako izango da gutxienez. Baimena eten ondoren, 3 urte igaro beharko dira berriz ere eskatu ahal izateko. Jarduneko zerbitzuan hasita, edo horretara itzulita, bi urte igaro beharko dira baimena berriro eskatzeko.

  5. Oro har, egun indarrean dagoen irakastorduen herena murrizteko aukera mantendu egingo da osasun-arazo larriak izan eta ohiko irakasjarduna behar bezala bete ezin dezaketen irakasleentzat eta gehienez ere bi urterako. Segurtasun eta Osasun Batzordean baloratuko da adierazitako aldi hori luzatu ahal den ala ez eta hori zehazteko protokoloak ezarriko dira.

  6. Artikulu honetan araututako ordu-murrizketak ikasturte osoko lanpostuan ari diren bitartekoei aplikatu ahalko zaizkie.

  1. Bitartekoek zerbitzuak aldi baterako eten ahalko dituzte seme-alaba adingabea zaintzeko. Hori edozein unetan eskatu ahalko da, eta eskatu ere behin baino ez, eta baimena, gehienez ere, adingabeak hiru urte bete arte luzatuko da.

  2. Egoera horretan, lanpostua gordeko da lana eteten den ikasturtean, baina bakarrik lana eteten denean, onuraduna ikasturte osoko lanpostu hutsa betetzen ari bada.

    Egoera horren onuradunak lanpostua gordetzea nahi badu hurrengo urteetan lanera itzultzeko, destinoak esleitzeko ikasturte-hasierako ekitaldietara joan beharko du eta berriz ere ikasturte osoko lanpostu hutsa lortu. Bestela, aldi baterako etete-egoera amaitzen denean, libre moduan itzuliko da ordezkogaiak kudeatzeko zerrendara, ordezpenak betetzeko.

  3. Aldi baterako etete-egoera jarduneko zerbitzutzat hartzen da eta, zerbitzuak benetan ematen ez direnez, egoera horretan ematen den denbora ez da kontuan hartzen antzinatasunerako eta hirurtekoetarako.

    Hori gorabehera, interesdunak egoera horretan eman duen denbora libre izan balitz interesdunak lanpostu hutsean edo ordezkapenetan beteko zuena kontuan izango da ordezkogaiak kudeatzeko zerrenda berriro barematzean.

  4. Onuradunak gutxienez 20 egun lehenago adierazi behar du, idatziz, libre dagoela/ordezkogaiak kudeatzeko zerrendara itzuliko dela. Hori adierazi beharko du seme-alabak hiru urte betetzean edo bete lehenagoko edozein unetan, berak hala erabakiz gero.

  5. Uneko aldi baterako etete-egoerari uko egiten zaiola formalizatu ondoren, interesdunak ezingo du berriro egoera hori eskatu, beste seme-alaba bat izan ezean; hala gertatuz gero, baldintza berdinetan eskatu ahalko du.

  6. Hitzarmen honetako edukiak bi gurasoei aplikatu ahal bazaizkie, batek bakarrik eskatu ahalko du zerbitzuak etetea.

Askatasun-gabetzea dela-eta, zerbitzua etenda daukan langileak lanpostua gordetzeko eskubidea izango du, zigor-epaia ezarri arte. Bien bitartean, jaso beharreko ordainsari guztiak jasoko ditu, funtzionario publikoei buruz indarrean den legeria aplikatzeko. Artikulu honek karrerako funtzionarioentzat baino ez du balio.

Administrazio publikoen zerbitzura diharduten langileen bateraezintasunen araubidea gorabehera, alderdi sinatzaileek hitzeman dute, interes publikoko arrazoiak direla-eta, gure hezkuntza-sisteman lanbide-jarduna eta irakaskuntza bateragarri egiteko formulak aztertuko dituztela hornitze-mekanismo arrunten bidez profesional egokiak lortzeko bermerik ez duten irakaskuntza edo espezialitateetan, bereziki, musika-irakaskuntzetan.

Beharrezkoak izanez gero, kontratu horiek lan-zuzenbideko araubidean egingo dira, lanaldi partzialean eta behar den denborarako baino ez.

Jardunean dauden funtzionarioek, indarrean diren aurrekontuetako diru-izendapenen barruan hileko soldata garbiaren % 100erainoko aurrerakinak jasotzeko eskubidea izango dute, korriturik gabe, beti ere kontratu-harremana hilaren azkena baino lehenago bukatzen ez bada. Aurrerakin hori eskatzen den hileko soldatan eman beharko da.

Orobat, hilero atxikipenik eginez gero, langileek hileko soldata garbiaren % 100eko aurrerakina jaso ahal izango dute, atxikipen hori kenduta.

Hitzarmen honetan jasotzen diren karrerako funtzionarioek, jardunean ari badira, nominaren zati bat aurreratzeko eskubidea izango dute, hitzarmena argitaratzen den egunetik bertatik hasita, eta arautegi hau kontuan izanik:

Nomina aurreratzea da oraindik egiteke dagoen lan bati dagozkion ordainsarien kontura diru-kopuruak ordaintzea.

  1. Nomina aurreratzea lortzeko, ezinbestekoa izango da bosgarren atalean premia handiko egoeratzat sailkatutako egoeraren baten izatea. Hona zer aurreratuko den gehienez ere nominetan:

    000 euro etxebizitza erostearren.

    500 laneko ibilgailua erostearren.

    000 euro gainerakoengatik.

    Halere, atal horretan jasotako e), f), g), h), i), j), k) eta l) kasuetan, gastuen frogagirietan agertzen den kopuruak zehaztuko du zenbat den eman beharreko zenbatekoa, beti ere aipatutako gehienezko zenbatekoen mugen barruan. Eskatzaileak agiriok aurkeztu beharko ditu, eskearekin batera, premia larria egiaztatzeko.

  2. Itzultzeko epea, gehienez ere, hogeita lau hilabetekoa izango da. Aurrerapenengatik ez da inolako korriturik ordainduko, eta gehienez emandako epea bete baino lehenago itzuli ahal izango dira.

  3. Ezin da nominarik aurreratu lehendik emandako konpromisoak zeharo kitatu arte. Halaber, gutxienez sei hilabete igaro behar dira nomina-aurrerapen bat kitatzen denetik beste bat eskatu arte. Hala ere, aurrerapenaren kausa f) atalean jasotakoa bada, aurrerapen bakarra emango da hamar urteko epealdian. Ibilgailua erosteko aurrerapena dela eta, ezin izango da arrazoi beragatik beste aurrerapenik eman harik eta ibilgailua erosteko nominak aurreratu eta 5 urte igaro arte.

    Nomina-aurrerapenen onuradunen administrazio-egoerak aldatu eta sei hilabete baino gehiagoan nominetan bajan egon behar badute, oso-osorik itzuli beharko dute aurreratutako nomina.

  4. Indarrean diren kredituak, gehienez ere, soldata-kostuen % 2koak izango dira.

  5. Premia larriak. Egoera hauetatik sortutakoak joko dira premia larritzat:

    1. Eskatzailearen ezkontza edo bikotekidearekiko bizikidetza iraunkorrean hastea, behar bezala egiaztatuta.

    2. Eskatzailea dibortziatzea, banantzea edo haren ezkontza baliogabetzea.

    3. Ezkontidearen edota seme edo alabaren baten heriotza.

    4. Seme-alabak jaiotzea, haurrak adoptatu eta etxean jasotzea.

    5. Eskatzailearen, ezkontidearen, bizilagunaren, seme-alaben edo etxera jasota dituen adingabeen gaixotasun larria edo ebakuntza kirurgiko zaila.

    6. Ohiko bizilekua erostea eta ohiko bizilekua erosteko hartutako banku-kredituak amortizatzea. Kasu honetan, itzultzeko epea, gehienez ere, 48 hilabetekoa izango da.

    7. Ohiko etxebizitza zaintzeko, beharrezko eta ezinbesteko lanak egin behar izatea.

    8. Lantokia dagoen herrira bizitzera joatea.

    9. Ohiko etxebizitza atontzeko altzariak erostea.

    10. Eskatzaileak, ezkontideak, bikotekideak, seme-alabek edo ardurapean dituen pertsonek ikastetxe ofizialetan egiten dituzten ikasketen matrikula ordaintzeko gastuak.

    11. Ibilgailua erostea. Ibilgailua lanean erabiltzeko erosten bada, eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak aurrez egiaztatzen badu, eskatzaileak gehienez ere 36 hiletan itzuli beharko du.

    12. Antzekoak diren beste inguruabar batzuk, horrelakotzat jotzeko modukoak baldin badira.

      Ukatu diren eskaerak aldian behin jakinaraziko zaizkio Batzorde paritarioari.

  6. Izapidetzea. Nominak aurreratzeko eskaerak aurkezteko, gehienez ere, bi hilabeteko epea izango da, eskaera eragin duen gertakizunaren egunetik aurrera. Hala ere, salbuespenezko kasuetan, gertakizunaren egunaren aurreko hilean datatutako eskaerak ere onartu ahal izango dira, eskatzaileak agintzen badu, nomina aurreratu eta bi hilabeteko epean egiaztagiriak aurkeztuko dituela behar bezala egiaztatutako kasuetan izan ezik. Agindu hori ez betetzeak besterik gabe baliogabetuko du aurrerapena.

    Nomina aurreratzeko eskaerak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzara bidali beharko dira, lurralde-ordezkaritzaren bidez. Lurralde-ordezkaritzak, bestalde, aurreko paragrafoan xedatutakoa betetzeko, eskaeraren harrera-data jaso, eta jatorriari buruzko txostena egin beharko du.

  1. Administrazioak istripu-aseguruaren estaldura bere horretan mantenduko du, honako kapital hauen arabera:

    Heriotza: 33.000 euro.

    Erabateko baliaezintasun iraunkorra: 33.000 euro.

    Guztizko baliaezintasun iraunkorra: 33.000 euro.

    Partezko baliaezintasun iraunkorra: 33.000 euroraino, baremoaren arabera.

  2. Administrazioak 33.000 eurorainoko estaldura duen bizi-asegurua eta erabateko baliaezintasun iraunkorreko asegurua mantenduko du.

  3. Autonomia-administrazio honek izenpetuta duen erantzukizun zibileko polizak babesten ditu hitzarmen honek jasotzen dituen langileak; izan ere, poliza hori sinatu du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren alde, haren autonomia-organoen alde, ordezkari, enplegatu edota eginkizunak betetzen nahiz lanbide jardueran aritzen diren mendeko pertsona guztien alde.

    Ezbeharrak direla-eta muga 3.000.000 eurokoa egongo da, biktimako. Urteko muga osagarria 10.000.000 eurokoa izango da, kalte-ordainak, kostuak, fidantzak eta gastuak barne, eta azpimuga, berriz, biktimako 1.200.000 eurokoa, kalte pertsonal eta horien ondorioetarako. 3.000.000 euroko azpi-muga ezartzen da istripuko eta urteko kalte material eta/edo gorputzeko kalteen ondorio ez diren galeretarako.

  4. Administrazioak sorospidez bere gain hartzen du irakasleen irakasjarduera, eskolaz kanpoko ekintza edo ekintza osagarrien ondoriozko erantzukizun zibila.

1. a) Karrerako funtzionarioek Hezkuntzari buruzko LOEren bigarren xedapen iragankorrak xedatzen duen borondatezko erretiroaren aukeraz baliatu ahal izango dira. Horrela, zerbitzu-denborari, gehienez ere, 5 urte gehiago kontatuko zaio. 60 urte baino gehiago eduki eta zerbitzuan 28 urte baino gehiago eman dituzten funtzionarioei borondatezko erretiroaren sari osagarria ordainduko die Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, nor bere borondatez erretiratuz gero. Borondatezko erretiroaren sariak jaso egingo du LOEk aurreikusten duen aparteko eskersaria, artikulu honetako hirugarren atalean ezarritako baldintzetara iritsi arte.

  1. Aurreko atalean adierazitako borondatezko erretiroko modalitateari heltzen dioten karrerako funtzionarioek aukera izango dute ere borondatezko erretiroko saria jasotzeko; horrek osatu egingo du erretiro-pentsioa eta LOEk aurreikusitako aparteko eskersaria batzean lortzen den emaitza, eta osatu ere 65 urterekin jardunean jasoko luketen ordainsari garbien % 99raino osatuko du.

    Sari hori kalkulatzeko, kontuan hartuko dira interesdunaren kidegoari esleitutako ordainsari garbiak eta bakar-bakarrik gehituko zaizkio finkatuta dituen ordainsari osagarriak, bai eta antzinatasuna eta erretiro-egunean indarrean den erretiro-pentsioa ere.

    Hala ere, hasieran kalkulatutako zenbatekoa behin-behinekoa izango da. Interesdunak klase pasiboen behin betiko ebazpena aurkeztuko du irailean; bertan, erakunde horrek onartu dion erretiro-pentsioaren zenbatekoa adierazi behar da. Erretiroa hartzen den egunean alderdi hori edo kalkuluan kontuan hartzen diren parametroetakoren bat aldatu egin dela ikusiko balitz, saria aldatu ahal izango da.

    1. Estatuko klase pasiboen babespean izan diren karrerako funtzionarioek edo Gizarte Segurantzako erregimenean 1967 baino lehenagoko kotitazioak dituztenek ezin badiote heldu LOEko bigarren xedapen iraunkorreko eskubideari edo lege horrek aurreikusitako aparteko eskersaria jasotzeko eskubiderik ez badute, klase pasiboetan duten murrizketa konpentsatzeko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute, borondatezko erretiroa hartzearren.

      Era berean, karrerako funtzionarioek kalte-ordain hori jasotzeko eskubidea mantendu egingo dute, nahiz eta hitzarmen hau indarrean den bitartean LOEko bigarren xedapen iraunkorrak ezartzen duen borondatezko erretiroa indargabetu.

      Kasu horretan, borondatezko erretiroa aitortzen duen Aginduan ezarritako kalte-ordaina ordaindu egingo da interesatuak GSEEko Ebazpena aurkeztu eta gero. Erabaki horretan erretiroa hartzera doala eta zein egunetan hartuko duen azalduko dira. Halaber, Ebazpenarekin batera, GSINen ziurtagiria ere aurkeztu behar du, interesdunak baliaezintasuneko espedientea hasi ez zaiola egiaztatzeko.

      1. atalean ezarritako sariaren zenbatekoa eta 2. atalak aipatzen duen kalte-ordainaren eskala honen arabera ezartzen dira, beti ere kontuan hartuta ordainsari gordinak guztira zenbatzen direla.

      Adina Hilabete-kopurua

      60 urte 19

      61 urte 15

      62 urte 11

      63 urte 7

      64 urte 4

      Kasuan kasurako egokituko liratekeen ordainsarien hileko-kopurua zehazteko, aintzakotzat hartuko da zenbat urte dituen langileak borondatezko erretiroa hartzen duen egunean.

      Erretiro-saria edo kalte-ordaina kalkulatzeko, hileko zenbatekoa izango da: interesdunaren kidegoari dagokion urteko ordainsari gordina zati hamabi. Horri bakar-bakarrik gehituko zaizkio interesdunak finkatuta dituen ordainsari osagarriak eta antzinatasunari lotutako kontzeptuak.

    1. Karrerako funtzionarioek heldu nahi ez badiote 1. atalean jasotzen den LOEko bigarren xedapen gehigarriko araubideari eta 2. atalean jasotako kalte-ordainari ere ez, borondatezko erretiroa hartzearren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute, horrek klase pasiboetan dakarren murrizketa konpentsatzeko. Kalte-ordain hori kalkulatzeko, eskala hau erabiliko da, beti ere ordainsari gordinak guztira kontuan hartuta:

      Adina Hilabete-kopurua

      60 urte 16

      61 urte 12

      62 urte 8

      63 urte 4

      64 urte 1

      Kasuan kasurako egokituko litzatekeen ordainsarien hileko-kopurua zehazteko, kontuan hartuko da langileak borondatezko erretiroa hartzen duen egunean duen adina.

      Kalte-ordaina kalkulatzeko erabiltzen diren hilabetekoa izango da: interesdunaren kidegoko urteko ordainsari gordina zati hamabi. Horri bakarrik gehituko zaizkio interesdunak finkatuta dituen ordainsari osagarriak eta antzinatasunari lotutako kontzeptuak.

      Kasu horretan ere, borondatezko erretiroa aitortzen duen Aginduan ezarritako kalte-ordaina ordaintzeko, interesdunak GSEEren Ebazpena aurkeztu beharko du. Ebazpen horretan erretiroa hartzera doala eta zein egunetan hartuko duen azalduko dira. Halaber, Ebazpenarekin batera, interesdunak baliaezintasuneko espedientea hasi ez zaiola egiaztatzen duen GSINen ziurtagiria ere aurkeztu behar du.

    2. LOEko bigarren xedapen iragankorrean ezarritako borondatezko erretiro modalitateari, lehen atalean jasotzakoari, heltzen dioten langileen kasuan, borondatezko erretiroak ondorioak izango ditu eskatzen den urteko abuztuaren 31n.

      Bigarren atalean azaltzen diren langileen kasuan, aukera izango dute urteak egiten dituen egun berean erretiroa hartzeko edo abuztuaren 31n, ikasturtea amaitzen denean. LOEko bigarren xedapen iragankorrean ezarritako borondatezko erretiroaren modalitatea indargabetuko balitz hitzarmen honen indarraldian, bigarren atalean ezarritakoari helduta erretiro hartzen duten irakasleak bakarrik erretiratu ahal izango dira abuztuaren 31n.

      Laugarren atalean azaltzen diren langileen kasuan, horiek aukeratu ahal izango dute beren borondatez erretiroa hartu nahi duten urteak egiten dituzten egunean bertan.

    3. LOEko bigarren xedapen iragankorrean ezarritako borondatezko erretiroko modalitatea hartzen duten langileen kasuan, eskabidea interesdunak aurkeztu beharko du, eta aurkeztu ere erretiroa borondatez hartu nahi duen urteko urtarrilean edo otsailean. Bigarren edo laugarren ataletan azaltzen diren langileen kasuan, eskabidea interesdunak aurkeztu beharko du erretiroa eta aurkeztu ere erretiratzeko eskatzen duen eguna baino hiru hilabete lehenago.

    4. Oro har, aurreko ataletan araututako saria edo kalte-ordaina jaso ahal izateko, beharrezkoa da azken hamar urteotan eskatzailea jarduneko zerbitzuan egon izatea edo, bestela, lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran, EAEko Administrazio Orokorreko lanposturen batean edo kanpoko lanpostuei atxikita.Egoera berezirik azalduz gero, batzorde paritarioak aztertuko ditu.

Urtero 66.000 euroko funts bat egongo da kapitulu honetan jasota ez dauden aparteko gizarte-laguntzak finantzatzeko.

Administrazioak, Batzorde Paritarioaren bitartez, azaldu egingo du zertan erabili duen funts hori.

  1. Hitzarmen hau indarrean den aldian ordainsari orokorrak igotzeko, kontuan hartuko dira Euskal Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrak hartuko akordioak; izan ere, horiek ere aldi horretan ekonomia eta aurrekontu-gaietan indarrean diren lege-arauen menpe daude.

  2. Dagokien kidegorako finkatu den ordainsaria gainditzen duten langileek ordainsari bera jasotzen jarraituko dute, irensgarria izango den osagarri pertsonal iragankorrari esker.

Hainbat zerbitzu-urte bete ostean, gero eta gehiago dira urtero sektorea uzten duten irakasleak. Ondorioz, seiurtekoak kapitalizateko indarrean den (eta ordainsarietarako beste sistema bat negoziatu artean 1995etik indarrean mantendu den) sistemaren ondorio ekonomikoak ia nuluak edo negatiboak dira. Ondorioz, hori aplikatzen jarraitzea ez da bideragarria.

Aldi berean, hitzarmena indarrean den aldian konpromisoa hartzen da beste ordainsari-sistema bat negoziatzeko, eta 2011-2012 ikasturtean finkatzeko. 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera ordaindu egingo dira ordainsari-sistema horretan irakasle funtzionario guztientzat jasotzen diren kopuru ekonomiko guztiak.

Negoziatu eta harik eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko irakasleen lanbide-karrerari lotutako ordainsari-sistema berria ezarri arte, gehitu egingo dira dedikazio-osagarri bereziari lotutako kopuru ekonomikoak, hain zuzen ere bat etorriaz gradu sistema onartzen duen 213/1992 Dekreturekin eta hura garatzen duen 1994ko uztailaren 22ko Aginduarekin, eta gehitu ere langile hauentzat: graduak hobetzeko eskubidea izanda ere, orain arte seiurtekoak kapitalizatzeko garatu izan den sistema dela-eta, eskubide hori gauzatzerik izan ez duten irakasleentzat.

Kopuru horiek honela gehituko dira: batetik, gradua kontuan izanik eta, bestetik, kapitalizazio-sistema dela-eta finkatutzat jotzen diren diru-zenbatekoak (3.673,61 euro). Horretaz bakar-bakarrik baliatu ahal izango dira karrerako funtzionarioak, baldin eta dagozkien zerbitzu-urteak egiaztatzearren beste gradu gehiago lortzeko moduan bazeuden. Gehikuntza ekonomikoak aintzakotzat hartuko ditu graduen balioetarako bere egunean ezarri ziren kopuru eguneratuak.

Horrela, bada, hona aldi horretan ezarri beharreko kantitateak:

Gradua Gehitu beharreko kopurua

  1. a 669,57 euro

  2. a 554,82 euro (+669,57= 1.224,39 euro)

    2010. eta 2011. urteetan zehar, karrerako funtzionarioei ordaindu egingo zaizkie gehikuntza ekonomiko horren ondoriozko kantitateak; horretarako, dena den, baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute. Era horretan, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera, gutxienez 330,01 euro ordainduko zaizkie urteko 4. gradua egiaztatzen duten karrerako funtzionarioei, eta urteko 603,48 euro, berriz, 5.a egiaztatzen duten karrerako funtzionarioei. Halaber, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, 4. eta 5. graduak osorik ordainduko zaizkie karrerako funtzionario guztiei, baldin eta horiek jasotzeko behar beste zerbitzu-urte egiaztatzen badute.

    Arduraldi bereziko osagaiaren lehen maila ordainduko zaie benetako lanean 6 urte eman dituztela egiaztatzen duten langile guztiei.

  1. Zuzendaritza-taldeetako kideei % 10 igoko zaizkie zuzendaritza-taldeen berariazko osagarri gehigarri modura ordaindutako kantitateak.

  2. Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, zuzendari-karguen laguntzaileak honela ordainduko dira:

    Zuzendari laguntzailea zuzendaritza-karguaren moduan, ikastetxearen tamainaren arabera.

    Ikasketa-buru laguntzailea: D motako zuzendaritza-karguen moduan.

    Idazkari laguntzailea: idazkariordearen moduan.

  3. DBHko ikastetxe batean zuzendaritza-kargu batean aritu edo mintegiko buru diren maisu-maistrek irakasle teknikoentzat ezarritako osagarri bera kobratuko dute.

  4. LHko ikastetxeetan, LHko eta lantegitan prestatzeko koordinatzaile-karguek eta ekonomia kudeatzeko arduraduek: zein kidegotakoak diren, kidego horretako departamentu-buruak duen osagarri bera jasoko dute.

  5. DBHko koordinatzaile-karguan edo etapako ordezkari-karguan dihardutenek Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko departamentu-buruaren osagarri bera jasoko dute.

  6. Hizkuntza-eskola ofizialetako zuzendaritza-karguek Bigarren Hezkuntzakoen osagarriaren modukoa jasoko dute, nahiz eta haien talde-sailkapena Eskolako irakasle-kopuruaren araberakoa izan. Horrela:

    Zenbat irakasle, Osagarria.

    20 arte, C motakoa.

    21etik eta 40ra, B motakoa.

    40tik gora, A motakoa.

  7. HHEko zuzendaritza-karguek, orain arte bezala, eginkizun horiek betetzen dituzten kidegoko langileentzat ezarritako osagarriak kobratuko dituzte, ikastetxearen tamainaren arabera.

  1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan eskolaz kanpoko jardueren ordezkari-lanetan ari diren maisu-maistrek dagokien osagarria jasoko dute.

  2. Alderdi sinatzaileek adierazi dute zenbait kargu eta zeregin bultzatu nahi dituztela, hala eginda, hezkuntza-sistemako premiei hobeto erantzungo zaielakoan eta, ondorioz, irakaskuntzaren kalitatea hobetuko delakoan. Horretarako, bi arrazoi daude: batetik, eginkizun horiek betetzea garrantzitsua dela aitortzea; eta, bestetik, beharrezkoa delako berariazko jarduerak eta jarduera osagarriak garatzea.

    Horrela, bada, irakaskuntzako lanbide-karrera negoziatu artean, indarrean egongo da tutore-funtzioak benetan betetzea saritzeko pizgarri ekonomiko gehigarria Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako erregimen orokorreko irakaskuntzetako, LHko heziketa-zikloetako eta Helduen Hezkuntzako ikastetxeetako Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat, bai eta heziketa-zikloetakoei eta ziklo-koordinatzaileentzat ere, dagozkien urteko zenbatekoetan.

    Halaber, ordainsari-sistema berria ezartzeko proposatutakoak kontuan hartuta, Batzorde paritarioak aztertu egingo du aukerarik dagoen aurreko paragrafoan adierazitako funtzioak betetzen ez dituzten Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleei banan banakako pizgarri bat arautzeko ikastetxearentzat beren-beregi lan egitearren.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 2010eko abenduaren 31 baino lehenago arautuko du zein baldintza eta prozedura jarri behar diren, LOEren 139.4 artikuluan ezarritakoan oinarrituta, Euskal Herriko ikastetxe publikoetako zuzendari-kargua betetzeari dagokion ordainsari osagarriaren zati bat jasotzen jarraitzeko.

Titulu honetako edukiak garatu eta horien jarraipena egiteko, Prestakuntza Batzordea eta Hizkuntza Normalizatzeko eta Euskalduntzeko Batzordea (HINOEBA) eratuko dira. Batzorde horiek neurriak aztertu, proposatu eta/edo ezarriko dituzte, irakasleen trebakuntza eta hizkuntza-gaikuntza, eta ikastetxeetan hizkuntzaren erabilera normalizatzearen inguruan hartutako konpromisoak bete eta aurrera eramateko.

  1. Prestakuntza Batzordea:

    Prestakuntza Batzordeak prestakuntza ebaluatu egingo du; horretarako kontuan hartuko ditu aurrekontuko sailak, ziurtagiriak, lehentasunak jartzea, derrigortasunak, emaitza eta abar. Beste alde batetik, Prestakuntza Batzordeak aztertu eta negoziatu egingo ditu prestakuntza plan markoa eta urteko prestakuntza-planak, horien edukiak, aurrekontuko baliabideen banaketa eta euskal hezkuntza- sistema eskaeren araberako egokitzea.

  2. Hizkuntza Normalizatzeko eta Euskalduntzeko Batzordea (HINOEBA).

    Hizkuntza Normalizatzeko eta Euskalduntzeko Batzordean hauek negoziatuko dira: IRALE programa eguneratzea, prestakuntza-programetan irakasleak hautatzeko irizpideak, horien jarraipena egitea, hezkuntza-eskaintzak urtero izango dituen lehentasunak, IRALEko ikastetxe eta plantillak egokitzea eta hitzarmen honetako 81. artikuluan hartutako konpromisoak aurrera eramatea.

Irakasleen etengabeko trebakuntza «irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, batetik, eta Hezkuntza Administrazioen eta Ikastetxeen ardura, bestetik». Horrela onartzen da eta hala jasota dago LOEren 102. artikuluan.

Irakasleak etengabe prestatzen dira Hezkuntza Sailak egituratu duen plan markoaren bidez, hau da, GARATU Planaren bidez eta Lanbide Heziketako berariazko Planaren bidez. Plan horiek ezaugarri hauek dituzte:

  1. Prestatzeko eskaintza zuzenean lotuko zaie ikastetxeek proposaturiko beharrizan eta eskaerei, irakasleen eskaerei eta, oro har, hezkuntza-sistemaren premiei. Horien artean, honako hauek nabarmen ditzakegu:

    Euskal hezkuntza-sistemak denentzako eskola baten alde egiten du, eta eskola horren erronka da hezkuntza-premia bereziei erantzuten ahalegintzea eta gizarte sektore guztiei kalitatezko hezkuntza eskaintzea. Helburua da etorkinak gure gizartean eskubide osoko herritar gisa barneratzea, eta, aldi berean, euren nortasun kulturala garatzeko eskubidea zaintzea. Era berean, asmoa da baloreetan heztea, giza-eskubideak errespetatzeko, emakumeen duintasuna eta aukera berak izateko eskubidea errespetatzea eta bakean eta elkarrekin bizitzeko heztea.

    Euskal hezkuntza-sistema eskola «hobea»ren bila dabil, eta kalitate-adierazleak hauek dira: bizikidetza positiboa, metodologia interaktiboak erabiltzea, kudeaketa demokratikoa, barnean hartzea, ingurunera irekitzea eta norberaren, gizarteko eta laneko bizitzarako prestatzea. Ukaezina da Ikastetxeen Zuzendaritzaren eginkizuna funtsezko elementua dela aldaketak kudeatzeko prozesuetan hezkuntza-kalitatea hobetzeko; halaber, eskolako bizikidetza ere, bizitzarako ikaskuntza gisa ulertuta, ezinbesteko baldintza da ikasi eta irakasteko prozesuak modu positibo eta eraginkorrean aurrera eramateko.

    Euskal hezkuntza-sistemak gaur egungo eskola bat nahi du, arreta jartzen duena ikasleen gaitasunak garatzen. Curriculumaren diseinu berriak printzipio horien guztien berri eman nahi du eta irakasjarduera antolatzen laguntzeko elementu gisa planteatzen da. Bizi garen gizartean ezin da aurreikusi zein ezagutza (oinarrizko alfabetatzeaz gain) behar izango den etorkizun hurbilean. Eginkizun zaila da; izan ere, erabaki egin behar da haur eta gazteei zein baliabide eman behar zaizkien, helduaroan arrakasta lortzeko behar izango dituzten ezagutzak eta oinarrizko gaitasunak eskura ditzaten. Irakasgaietako berariazko edukiez gain, zeharkako jakintzak eskuratzeko bidea eman behar zaie ikasleei, egungo mundua ulertu ahal izan dezaten, eraldatzeko. Ardatz honek ildo horretan bideratu nahi du ekintza, etorkizunera begirako hezkuntza-ekintza batean barneratu beharrekotzat jotzen diren elementuak nabarmenduz: gaitasunetan oinarrituta ikastea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT), EAEko eta hizkuntzak (bertokoak eta atzerrikoak) jakitea, ezagutza sortu eta oinarritzeko tresnak baitira, eta elkarrekin bizitzeko sistema askotarikoaren funtsezko parte. Hezkuntza zientifikoa eta garapen iraunkorra, naturarekin eta gizadiaren erritmoekin errespetu handiagoa duen garapen iraunkorreko eredu baten inguruan hausnartzeko eta lan egiteko.

  2. Prestatzeko eskaintza zabala izango da, guztientzat, kalitatezkoa eta doakoa, eta pixkanaka-pixkanaka egokituko zaie gure elebitasunetik datozen hizkuntza normalizatzeko prozesuei: euskaraz irakasten duten irakasleek, funtsean, hizkuntza horretan prestatu behar dute.

  3. Prestatzeko eskaintza, ahal dela, ikastetxean emango da. Hala ere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak aldi baterako liberazioak eskainiko ditu, irakasleek iraupen ertain edo luzeko ikastaro edo proiektuetako trebakuntza trinkoa jaso ahal izan dezaten.

    Eskaintza horretan, prestatzeko hainbat modu sartu ahal izango dira: presentziala, on line edo mistoa.

  4. Ikastetxeen eta ikastetxeetako hezkuntza-komunitateen garapena sustatzeko printzipioa jasoko du; bereziki irakasleei emango zaie lehentasuna, banaka hartuta.

  5. Ikastetxeen eskaera eta beharrizanen arabera antolatuko da, eta lotura estuak izango ditu curriculumaren garapenarekin, irakasleek geletan egunero-egunero egiten duten jarduerarekin eta irakasleen lan-ibilbide eta lanbide-aurrekariekin, horien guztien lanbide-garapena erraztu eta sustatzeko asmoz. Prestakuntza irakasle guztientzat izango da, eta haien arazo praktikoak konpontzen ahaleginduko da.

    Ikastetxeen autonomia garatu eta, aldi berean, gure gizartearen bilakaerak dakarzkigun erronka eta beharrizan berriei erantzuteko, proiektu esperimentalak garatu ahal izango dira ikastetxean bertan. Horrela, taldea prestatzeko beharrizanei erantzun ahal izango zaie.

  6. Eskaintza horren oinarrizko alderdiak Administrazioak eta irakasleen ordezkariek negoziatuko dituzte.

  7. Prestatzeko eskaintzak metodologiak, estrategiak eta antolatzeko era zehaztuko ditu. Halaber, behar beste alderdi argituko ditu, irakasleek hobeto uler dezaten.

  8. Nolanahi ere, behin betiko prestakuntza-eskaintza oinarritzeko, azterlan bat egingo da hezkuntza-sistemaren eta ikastetxeen titulazio-premiei eta eskakizunei buruz. Hartara, urtero-urtero diseinatzen diren planek taxuz erantzun ahal izango diete beharrizan horiei.

  9. Prestakuntza-jardueren onarpen administratiboa bermatuko du, bai Sailak sustatutakoentzat, bai erakunde laguntzaileek sustatutakoentzat, betiere dagokien araudiaren arabera homologatu badira.

  10. Heziketa-ziklo berriak eta ekonomiaren sektoreetan gertatzen diren aldaketa teknologikoak ezartzeko beharrizan eta eskakizunei erantzungo die.

  11. Barne hartuko ditu karrerako funtzionarioak eta bitarteko funtzionarioak.

Irakasleak prestatzeko lau jarduketa-ildo nagusi daude:

  1. Jardunean diren irakasleak etengabe prestatzea.

    GARATU deialdiak (urtero 350 ikasturte inguru 5.000ren bat parte-hartzailerentzat).

  2. Ikastetxeko prestakuntza hauei lotuta:

    Prestakuntza-proiektuak (600 edo 700 inguru).

    Ekintza berritzaileak (400 bat) (hirueletasuna eta eleaniztasuna, IKT, hezkuntza zientifikoa, ikas-komunitateak, bizikidetza eta bakea, garapen iraunkorra, aniztasunari erantzutea,).

  3. Berritzeguneetatik bideratzen den eskualdeko prestakuntza (600 jarduketa inguruko eskaintza).

  4. Banakako laguntza ekonomikoak, erakundeen eskaintzan jasota ez dauden prestakuntza-ikastaroetara joaten diren irakasleen gastuak ordaintzeko.

    Prestakuntza-modalitate guztiak kontuan hartuta, Hezkuntza Sailak lortu nahi luke irakasleek, kapituluka, honela parte hartzea hitzarmen hau amaitzean:

    Ikastetxeetako prestakuntza, % 60.

    Eguneratze zientifiko-didaktikoa, % 35.

    Hainbat jarduera, % 5.

    Prestakuntza-jarduerak ikastetxean eman beharreko ordutegiaren barruan zein hortik kanpo egingo dira, eta uztailera eta abuztura jo ahal izango da erakunde-prestakuntzarako ezohiko eta berariazko kasuetan.

    Lan-ordutegiaren barruan egin beharreko prestakuntza-jardueretarako bi aukera daude, kontuan hartuta nola egokitzen diren prestakuntza-programen ezaugarrietara:

    1. Liberazioko ikastaroak.

    2. Liberaziorik gabeko ikastaroak.

      Sailak Garatu ikastaroen bidez eskaintzen duen prestakuntzaren % 60, gutxienez,euskaraz izango da, eskaintza hizkuntzetakoa ez bada.

      Hitzarmen hau indarrean den artean, lehentasuna emango zaie hizkuntzetakoak ez diren arloetako irakasleak atzerriko hizkuntzetan gaitzeko prestakuntza-ekintzei.

      Euskarazko gaitze didaktikoa eta metodologikoa IRALE programaren barruan egingo da nagusiki.

Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legearen 15. artikuluak dioenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko ikasle guztiek eskubidea dute ikasketak euskaraz nahiz gaztelaniaz egiteko.

Eskubide hori gauzatuko bada, euskara eta euskaraz irakasteko gai diren irakasleak behar dira.

Euskararen erabilera normalizatzeko jorratu den bidea luzea izan bada ere, argi eta garbi dago oraindik ere hamaika ekintza gauzatu behar direla. Hitzarmen honen indarraldian, Hizkuntza Normalizatzeko eta Euskalduntzeko Batzordeak honako alderdi hauen inguruan antolatuko ditu ekintza horiek:

Irakasleak euskalduntzea bultzatzea (IRALE).

Ikastetxeetan eta Hezkuntza Administrazioan euskararen erabilera normalizatzea (NOLEGA). Ikastetxearen hizkuntza-proiektua.

Euskararen ezagutza eta erabilera normalizatzen aurrerapauso handiak eman dira euskal hezkuntzan. Hala ere, euskararen irakaskuntzan premiak izaten jarraitzen dugu, esaterako, hezkuntza-erronka berriei aurre egiteko material egokiak sortu behar dira eta euskara irakatsi eta klaseak euskaraz ematen dituzten irakasleak didaktikan gaitzea, eta euskaraz erantzun behar zaie beharrizan horiei. IRALE programaren helburuak honetara bideratuko dira:

  1. Oraindik euskaldundu gabe dauden irakasleak euskalduntzera.

  2. Euskaldundutako irakasleen euskara-gaitasunak hobetzera.

  3. Euskaldundutako irakasleak didaktikan eta metodologietan gaitzera, ikasleen hizkuntza-gaitasunak hobetzearren.

    IRALE programa birmoldatu egingo da. Horrela, euskarazko irakaskuntzari laguntzeko instantzia horrek bi betekizun hauek beteko ditu:

    Sektorean identifikatutako premia eta lehentasun berriak onartzea.

    Euskarazko irakaskuntza eta kalitateko euskara bermatzen duten alderdi didaktikoetan eta material egokien premietan sakontzea.

    Hobeto egokitzea irakasleek prestatzeko dituzten aukera eta baliabideetara. Horretarako, IRALE modernizatzeko prozedura bati ekingo zaio, prestatzeko modu desberdinak erabiliz: eskola presentzialak, on line, mistoak, etab.

    Bestetik, hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba mugatuetan parte hartu baina ohiko azterketa gainditzen ez duten irakasleek aparteko beste proba bat egin ahal izango dute, eta, hala dagokionean, gainditu duten partearen nota mantenduko zaie, idatziarena edo ahozkoarena.

Irakaskuntza publikoaren sektoreari dagokionez, Hezkuntza Sailak U140, U240 eta U340 ikastaroetarako urtero prestatzen diren liburuxkan ezarritako baldintzak betetzen dituen irakasle oro liberatuko du, egungo kupoa bete arte.

Bitarteko langileei zuzendutako urte-erdiko 3000, 4000 eta 5000 modalitateetarako, erabilgarri dagoen kupoa mantenduko da, gehienez ere 80 plazakoa (horietatik 50 izango dira 4000 eta 5000 modalitateetarako eta 30, berriz, 3000rako).

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 540 liberazio inguruko kupo bat eskainiko du R modalitateetan prestatzeko. Honela banatuko dira liberazioak, erreferentziaka:

R300: 300 hiruhilekoa + jarraipen-fase bat.

R400: 40 7 astekoa + jarraipen-fase bat.

R500: 80 Hilabetekoa + jarraipen-fase bat.

R600: 40 7 astekoa + jarraipen-fase bat.

R700: 80 hilabetekoa + jarraipen-fase bat.

540 plaza horietatik, 490 karrerako funtzionario diren irakasleentzat izango dira eta beste 50ak, berriz, bitarteko irakasleentzat.

Irakasle funtzionarioen 490 plaza horiek bete ezean, kopuru berean handitu ahal izango da 50 plazako azpikupoa, 540 plazak bete arte.

Irakastorduen barruan modalitate hauek eskainiko dira:

U140 eta U240 urteko ikastaroak (1. HE lortzeko) eta U340 urteko ikastaroa (2. HE lortzeko).

Urte-erdiko 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak.

R300, R400, R500, R600 eta R700 hiruhileko, hiruhil-erdiko eta hileko R ikastaroak (ikasturte bakoitzeko lehen, bigarren edo hirugarren hiruhilekoan eman beharrekoak).

3300 eta 5300 berariazko ikastaroak ematen jarraituko da (1. HE eta 2. HE lortzeko, hurrenez hurren), deialdi itxian.

Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoaren sektorean lan egin eta ikasturte-hasierako esleipenaren ondorioz urte osoko plaza hutsa hartzen duten bitarteko irakasleek 4000 eta 5000 ikastaroetan parte hartu ahal izango dute 2. HE lortzeko, eta 3000 ikastaroetan 1. HE lortzeko. 4000 modalitatea ikasi nahi dutenak ikasturtearen lehenengo txandan liberatu ahal izango dira.

HINOEBA Batzordean negoziatu ostean, urteko azalpen-liburuxketan ezarriko dira irakastorduetan prestatzeko modalitateetara sartzeko lehentasun-irizpideak.

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan jarraipena emango zaie euskararen erabilera normalizatzeko planei, beti ere Ulibarri programa arautzen duen abenduaren 31ko 323/2003 Dekretuan xedatutakoari eta hori garatzen duten xedapen arautzaileei jarraiki.

  1. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak behar beste neurri guztiak hartuko ditu lan-arriskuak aurreikusteko eta langileen segurtasuna eta osasuna babesteko: arriskuak ebaluatzea, informatzea, kontsultak egitea, langileek parte hartzea eta langileak trebatzea, larrialdietan edo berehalako arrisku handiko kasuetan jardutea eta osasuna zaintzea.

  2. Horretarako, ikastetxe eta hezkuntza-zerbitzu guztiek laguntzaileak izango dituzte Lan-arriskuen Prebentzio zerbitzuarekin lankidetzan jarduteko, azaroaren 9ko 299/2003 Dekretuko 6. artikuluaz ezartzen duen moduan. Lan hori, ikastetxeak kudeatzeko lanen barruan integratuko da, eta ikastetxeek zehaztuko dute, duten autonomian oinarrituta. Horrela, bada, lan hori irakasle batek egiten badu, irakasle horrek astean bi irakastorduko liberazioa du. Egungo egoeratik abiatuta, kudeatze-lanetarako ikastetxeak duen ordutegi orokorrean sartuko da ordu-kreditu hori.

  3. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko segurtasun eta osasuneko politika orokorreko agirian ezarritakoari jarraiki, segurtasun eta osasun batzordeak arduratuko dira arriskuei aurre egiteko plan eta programak martxan jarri eta ebaluatzeaz.

  4. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak sustatu egingo ditu lan- eta sexu-jazarpena saihesten dituzten lan-baldintzak. Era berean, lan- eta sexu-jazarpenak saihesteko, irakasleei zuzendutako prestakuntza-ekintzak sartuko dira prestakuntza-planetan. Bitartekari baten bidez gatazkak konpontzeko prozedurak ezartzea bultzatuko du Sailak, laneko jazarpen morala eta sexualeko kasuetarako eta lan-giro ona sustatzeko.

  5. Prebentzioko ordezkari izan daitezke, EAEko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen sektorean ordezkaritza duten erakunde sindikalek izendatzen dituzten langileak, nahiz eta langileen edo sindikatuen ordezkari izan ez. Sektore honetako prebentzioko ordezkarien kopurua Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko prebentzioko ordezkari guztien banaketaren araberakoa izango da, eta, sektore arteko akordioaren arabera, 65 izango dira. Era horretan, erakunde sindikalek prebentzioko ordezkariak proposatuko dituzte adostutako banaketaren arabera, zerbitzuak edozein sektoretan ematen dituztela ere.

    Prebentzioko ordezkariek dietak jaso ahal izango dituzte, eginkizunak betetzeko egiten dituzten joan-etorrietako gastuen kalte-ordain modura.

Berdintasuna sustatzeko planetan jasota dauden neurrien garapena bermatzeko, Berdintasuna Artatzeko Batzordea eratu da, eta eginkizun hauek izango ditu:

  1. Emakumeekin zerikusia duten legezko arauak eta gomendioak (berdintasunerako planak, akordioak, etab.) betetzen direla zaintzea, tratuan izan daitezkeen desberdintasunak desager daitezen; halaber, diskriminazio-egoerarik ez dagoela egiaztatzea eta ekintza positiboko neurriak aplikatzen direla bermatzea.

  2. Emakumeen diskriminazioarekin, lan-baldintzekin, organo erabakitzaileetan duten presentziarekin, eta abarrekin zerikusirik duten arazo eta gaiei buruzko txostenak egitea.

    Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak sustatu egingo ditu lan- eta sexu-jazarpena saihesten dituzten lan-baldintzak. Era berean, lan- eta sexu-jazarpenak saihesteko, irakasleei zuzendutako prestakuntza-ekintzak sartuko dira prestakuntza-planetan.

    Sektore-eremu guztietan gatazkak konpontzeko prozedurak ezartzea bultzatuko da. Horretarako, bitartekari batek parte hartuko du laneko sexu-jazarpeneko kasuetan, eta egin beharreko egokitzapen guztiak egingo dira, sektore bakoitzaren ezaugarri bereziak kontuan hartuta.

    Genero-biolentziaren biktima diren langile publikoek benetan babesteko eskubidea izango dute:

  1. Epaileak emandako babes-aginduak irauten duen bitartean lanaldia murrizteko eskubidea, ordainsaria ere dagokion proportzioan murriztuta; betiere, ezarriko diren irizpideen arabera gauzatuko da eskubide hau.

  2. Lan-denbora berriro antolatzea, ordutegia moldatuta, ordutegi malguaz baliatuta edo lan-denbora antolatzeko beste formula batzuk aplikatuta, halakoetan administrazio publiko eskudunak kasuan kasu ezartzen dituen baldintzetan.

  3. Genero-indarkeriaren biktima diren emakume funtzionarioak indarkeria horren ondorioz euren lanpostuetatik kanpo izan behar badute, lanera ez joate horiek, erabatekoak zein zatikakoak, justifikatutzat joko dira, laguntzarako gizarte-zerbitzuek edo osasun-zerbitzuek, bidezkoa denaren arabera, erabakitzen duten aldian eta baldintzetan

  4. Dauden aukeren arabera, lantokiz aldatzeko eskubidea.

  5. Eszedentziarako eskubidea, aldez aurretik zerbitzuak eskaintzen gutxieneko epe batean egon beharrik gabe eta eszedentzian egoteko epeak aplikatu gabe Eszedentziaren lehenbiziko sei hilabeteetan, eskubidea izango dute betetzen duten lanpostua gorde dakien, eta epe hori kontuan hartuko da mailaz igotzeko, hirurtekoetarako eta eskubide pasiboetarako.

    Hori gorabehera, babes judizialerako jardunaren ondorioz, biktimaren babes-eskubidea eragingarria izan dadin, beharrezkoa bada, hiru hilabeteko aldietan luzatu ahal izango da, gehienez ere hemezortzi hilabetera arte, aurreko lerrokadaren arabera, lanpostua erreserbatuta izateko aldia, lerrokada horretan aipatu ondore berberekin.

    Administrazioak hitzeman du hizkuntza ez-sexista erabiliko duela eta ez duela emakumearen diskriminaziozko irudirik aurkeztuko, Aipatzekoa da zenbait lanposturen profila aldatu egingo dela, estereotipoen ondorio baitira. Estereotipo horien arabera, lan edo jarduera batzuk gizonezkoei dagozkie eta beste batzuk, berriz, emakumezkoei, eta azken horiek gutxietsi egiten dira gizartean.

    Irizpide hauek estatistikei buruz hitz egiterakoan ere aplikatu behar dira, alegia, sexua aldagaia sektorean nolabaiteko garrantzia duten datu guztiak aztertzerakoan hartuko da kontuan.

Alderdi sinatzaileen ustez, baloreetan heztea da, orokorrean, hezkuntzaren helburu nagusia, eta elkarbizitza hobetzeko lan eginda hezkuntza-esparru egokia bermatzen da; beraz, hezkuntza-komunitate osoaren erantzukizuna da lan egitea helburu nagusi bi horiek lortzeko baldintzarik onenak jartzen ahalegintzea.

Ildo horretatik, ekintza hauek planifikatzen dira:

  1. Bizikidetza-planak prestatzea eta bizikidetzaren behatokiak sortzea EAEko ikastetxe guztietan (eskola txikietan, Haur Hezkuntza soilik ematen duten ikastetxeetan, kontserbatorioetan, HEOetan eta arte-eskoletan izan ezik). Hori egiteko, gehienez ere, bi ikasturteko epea ematen da. Ikastetxeek kudeaketa-lanen barruan sartuko dituzte plan eta behatoki horiek sortu eta dinamizatzeko lanak, eta, autonomia-mailaren arabera, ikastetxearen egituran duten inbrikazio-maila ezarriko dute. Era berean, irakasleei orain arte ordu-kreditu bat eman izan zaie ikastetxeko bizikidetza-plana egiteko, eta egungo egoera horretatik abiatuta, aurreko atalean ezarritako guztia aurrera ateratzeko, ikastetxeak kudeaketa-lanetarako duen ordutegi orokorreko kupoaren barruan zenbatuko da ordu-kreditu hori.

  2. Orientabide eta praktika onen gida bat aurkeztea. Gida hori prestatzeko, kontuan izan dira Ikuskaritzak eta bizikidetzako aholkulariek bizikidetza- planak eta behatokia 3 edo 4 urtean ezarri duten ikastetxeetan egindako ebaluazioa.

  3. EAEko bizikidetzaren behatokia sortzeko dekretua berregitea. Lehengo bilera egin da eta lehenengo batzordeak 2010. urtea amaitzean eratuko dira.

  4. «Cyberbullying» kasuei aurre egiteko eta horren aurrean jokatzeko protokolo bat aurkeztea 2010eko ekainean.

  5. Irakasle eta eskolan jardutearen ondorioz prozesuetan sartuta dauden irakasleei defentsa juridikoa eta laguntza eskaintzea, baldin eta irakaslearen jokaera bat badator ikastetxearen bizikidetza-planaren izpiritu eta edukiekin.

  6. Ikastetxe publikoetan eraso pertsonalak daudenean zelan jokatu zehazteko 2007an prestatutako gidaren erabilera eta egokitasuna baloratzea.

  7. EAEko Eskolako Bizikidetzaren Behatokiak emango ditu irakasleen erantzukizun juridikoaren gaineko orientabideak.

Eskubide sindikalak eta jarduera sindikala gauzatzeko eta garatzeko, oraingo araudia bete beharko da, bereziki «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eskubide sindikalei eta jarduera sindikalak betetzeari buruzko Esparru Akordioa» (1988ko azaroaren 18ko EHAA), indarrean baita, eta Autonomia Erkidegoko Administrazio honen esparruan etorkizunean sinatzen diren bestelako akordioak.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoaren arloan, ekintza sindikalak beheko ataletan jasotakoa aintzat hartuko du:

  1. Ordezkapen-zerrendak aukera ematen duen guztietan, sindikatuko orduak jarduera sindikalak betetzeko erabiltzen direnean, ordezkatu egin beharko dira ikastetxetik kanpo dauden langileak, betiere gutxienez egun baterako kanporatzen badira eta hori gertatu baino gutxienez lau egun natural lehenago jakinarazten badute.

  2. Sindikatuko liberatu guztiak jarduneko zerbitzu-egoeran daude ondorio guztietarako.

  3. Atal sindikalen eta Administrazioko organoen arteko harremanek aurrera egin dezaten eta haiek eta dagozkien sindikatuek elkarrekin lotura gehiago izan dezaten, ordezkaritza-erakundeetako atal sindikalek kide bat hautatu ahal izango dute, ordezkari-lanetan jardun dezan eta, horretarako, bere lanaldia betetzetik erabat liberatuko da. Edonola ere, horrek ez du gainerako kideei dagozkien ordu sindikaletan eraginik izango. Irakasle horrek, liberazioari eusten dion bitartean, ez du inolako ordainsaririk jasoko inongo kontzeptu dela eta.

  4. Era berean, Batzorde paritarioari hitzarmen honen ondorioz jarritako lanak errazteko, erakunde sindikal sinatzaileek beren kideetako bat edo gehiago izendatu ahal izango dituzte, lanetik erabat liberatzeko. Horrek ez du eragingo gainerako kideen ordu sindikaletan. Beste liberatu sindikal guztiek dituzten lan-baldintzak eta administrazio-egoera izango dituzte liberatu horiek.

  5. Hitzarmen hau indarrean den bitartean, batzorde paritarioak aztertu egingo du zein baldintzatan itzuliko diren liberatu sindikalak lanpostuetara, liberatuta aldi jakin bat eman eta gero.

  1. Xedea. Hitzarmen hau sinatzen denean, Batzorde Paritarioa eratuko da, hitzarmena interpretatu, jarraitu eta aplikatzetik datozen auzi guztiak aztertu eta ebazteko, baita hitzarmenak jasotzen dituen langileek izan ditzaketen lan-arazoak aztertu eta erabakitzeko ere.

  2. Osaera. Batzorde Paritarioa osatuko dute hitzarmen hau sinatu duten sindikatuetako bina titularrek eta Administrazioko kideek, proportzio berean. Administrazioaren eta sindikatuen kide titular bakoitzeko aholkulari batek parte hartu ahal izango du batzordean, hitzarekin baina botorik gabe. Bileren hasieran erabakiko da nork jardungo duen eztabaidagai bakoitzeko titular gisa.

  3. Aldizkakotasuna. Batzorde Paritarioa biltzeko eskaera idatziz egin beharko du sinatzaileetako edozeinek, bilera egin baino gutxienez hamar egun lehenago. Dena dela, bileran bertan erabaki ahal izango da noiz egin hurrengo bilera. Deialdiren eta bileraren arteko denbora laburtzeko aukera dago, alderdiek hala adostuz gero. Nolanahi ere, bilera baten eta hurrengoaren artean bi hilabete igaroko dira, gehienez, eta hamabost egun, gutxienez, alderdiek besterik erabaki ezean.

  4. Deialdia eta eguneko gai-zerrenda. Aurreko puntuan azaldutakoa kontuan hartuta, Batzorde Paritarioaren deialdiak zehatz-mehatz jaso beharko du eguneko gai-zerrenda, eta bilera non, zein egunetan eta zein ordutan izango den; nahitaezkoa izango da bi aldeak bertan agertzea.

    Alderdiek proposaturiko gaiek osatuko dute eguneko aztergai-zerrenda, baina gutxienez bilera egin baino hamar egun lehenago proposatu beharko dituzte, 88. artikuluaren azken paragrafoak adierazten duen egoeran izan ezik.

    Erabakiak baliozkoak izan daitezen, alderdi bakoitzeko, gutxienez, bi kidek parte hartu beharko dute bileran.

  5. Erabakitzea. Erabakiak bi alderdien gehiengoz hartuko dira. Sindikatuetako ordezkariek boto kualifikatua izango dute, azken hauteskundeetan lortutako emaitzen arabera.

  6. Idazkaria. Batzorde honek hobeto funtziona dezan, idazkaria izendatuko da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko kidea bera. Bileren aktak egin eta zaindu beharko ditu, eta alderdien arteko hartu-emanak bideratuko ditu batzordearen jardunarekin zerikusia duten gai guztietan.

Lehenengo eta behin, bi alderdiek Batzorde Paritarioari azaldu eta erabakitzeko utzi beharko dizkiote hitzarmen hau interpretatu, aplikatu eta beronen indarraldia ezartzeari buruzko desadostasun guztiak, baita hitzarmenak jasotzen dituen langileen beste edozein lan-arazoren gaineko desadostasunak ere.

Batzorde Paritarioa ados jarriko ez balitz, bi aldeek bitartekaritzara jo ahal izango dute. Hala eginez gero, edozein presio- edo gatazka-neurri hartu aurretik, eta ados jartzeko, zortzi egun balioduneko epean bitartekaria edo adiskidetzailea izendatuko da bi aldeek proposatzen duten hirukotetik. Nolanahi ere, batzorde tekniko bat bultzatuko da; horrek PRECOn sartzeko mekanismoak aztertuko ditu, lan-egoeraren eta mahai sektorial honen esparruko itun eta hitzarmenen interpretazioaren arloko gatazkak judizioz kanpo ebazteko.

Sindikatuen gehiengoaren iritziz, Administrazioaren alde bakarreko egintza batek hitzarmena larriki hautsi badu, gehiengo horrek Batzorde Paritarioaren aparteko bilera egiteko eskatuko du, eta deialdia egiten denetik gehienez hiru balioduneko epean bilduko da batzordea. Ikasturteko, ezin izango da aparteko hiru bilera baino gehiago egin.

Batzorde Paritarioaren erabakiak, gehienez ere, 40 eguneko epean bete behar dira, erabakia hartzen denetik aurrera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzuko irakasle funtzionarioentzako hitzarmene(t)an ezer hobetzen bazaie hitzarmen honetako laugarren eta bosgarren tituluetan jasotako edukiei, borondatezko erretiroari buruzko edukiei izan ezik, aplikatu egingo zaien hitzarmen honetako esparruan jasotako irakasleei, eta aplikatu ere aipatutako hitzarmen(ar)en eragin berberekin, Mahai Orokorraren hitzarmena Jarraitu, Interpretatu eta Ebaluatzeko Batzordeak erabaki eta gero.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (10)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.