Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko ekainaren 21ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, laneko jazarpen moral, sexual eta/edo sexistak ebazteko aldian jarduten duen Ikerketa Batzordearen Antolamendu eta Funtzionamendu Araudia eta ikerketarako irizpide nagusiak onartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 157
  • Hurrenkera-zk.: 3701
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/06/21
  • Argitaratze-data: 2012/08/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa; Sailak; Funtzio publikoa

Testu legala

Uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duenak, VIII. tituluko 83. artikuluaren 4. puntuan adierazten du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak lan- eta sexu-jazarpena eragozteko moduko lan-baldintzak sustatuko dituela. Halaber, lantokietan lan- eta sexu-jazarpena prebenitzeko irakasleentzako prestakuntza-ekintzak txertatuko dira prestakuntza-planetan. Sailak bultzatuko du arazoak konpontzeko prozedurak ezartzea, bitartekari baten laguntzaz, laneko jazarpen morala edota sexu-jazarpena gertatutako kasuak bideratzeko eta lan-giro ona sustatzeko.

Bestalde, 2004ko maiatzaren 21eko ebazpenak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko lan-legepeko irakasle eta hezitzaileentzako hitzarmen kolektiboa argitaratzen duenak, 59. artikuluan adierazten du, laneko osasunaren eta segurtasunaren alorrari dagokionez, azaroaren 8ko 31/1995 Legeak, lan-arriskuen prebentzioari buruzkoak, xedatutakoaren mende dagoela. Lege horrek aurreikusten du arriskuak benetan prebenitzeko metodo eta prozedurei buruzko ekimenak sustatzea, arrisku psikosozialak barne hartuta. Halaber, aipatutako hitzarmen kolektibo horren 70. artikuluan adierazten da emakumeei buruzko lege-arau eta gomendioak betetzen direla zaindu behar dela, egon daitezkeen tratu-desberdintasunak desagerrarazteko eta diskriminazio-egoerarik ez dagoela egiaztatzeko.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eremuan, horrelako jardute-prozedurak 2011ko ekainaren 20ko Aginduaren bidez arautu dira. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren agindu horretan zehazten dira laneko jazarpen moral, sexual eta/edo sexisten prebentziorako neurriak eta kasuren bat gertatuz gero jarduteko prozedurak, agindu horren bigarren artikuluan xedatutakoaren aplikazio-eremuari dagokionez. Agindu horren amaierako xedapenetako bigarrenak adierazten du Ikerketa Batzordearen funtzionamendurako barne-araudia eman behar dela.

Ikerketa Batzordearen Funtzionamendu Araudia egin da, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Lurralde eta Sektore arteko Segurtasun eta Osasun Batzordeak onartu du, dagozkion kontsultak egin ostean. Horrenbestez,

Agindu honen II. eranskinean aurreikusitako jazarpen moral, sexual eta/edo sexisten ustezko kasuak aztertzeko Ikerketa Batzordeak oinarri hartuko dituen irizpide orokorrak onartzea. Irizpide horiek aldez aurretik eztabaidatu eta onartu ditu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Lurralde eta Sektore arteko Segurtasun eta Osasun Batzordeak.

Lehenengoa. Euskararen erabilera.

Agindu honetan ezarritako prozeduran araututako faseren batean parte hartzen duten enplegatu publikoei bermatuko zaie bai gaztelania bai euskara erabiltzeko aukera, ahoz nahiz idatziz. Halaber, interesdunei bermatuko zaie dagozkien jakinarazpenak Hezkuntza Administrazioarekiko harremanak hasi dituzten hizkuntza berean jasoko dituztela.

Batzordekideek gaztelania zein euskara erabili ahal izango dute bileretan; halaber, deialdietan, aktetan, txostenetan eta gainerako idazkietan Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.

Bigarrena. Tipifikazioak.

Gatazkaren ebazpen-aldian erabakiko balitz jazarpen moral, sexual eta/edo sexista egiteagatik Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxeren batean lan egiten duen enplegatu publiko baten aurka zigor-espedientea ireki behar dela, aplikatu beharreko diziplina-araubidean ezarritako kalifikazioa emango zaio.

Lehenengoa. Ordezko araubidea.

Agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztirako, xedapen hauek bete behar dira: azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren ekainaren 20ko Agindua, laneko jazarpen moral, sexual eta/edo sexisten prebentziorako neurriak eta kasuren bat gertatuz gero jarduteko prozedurak ezartzen dituena, unibertsitatez kanpoko ikastetxetan lan egiten duten enplegatu publiko guztientzat eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko beste hezkuntza-zentro edo -instalazio batzuetan edota hezkuntza kudeatzeko zerbitzuetan lan egiten duten irakasleentzat.

Bigarrena. Indarrean jartzea.

Agindu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 21a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)