Hezkuntza Saila

EIMA - Aurkezpena


EIMA izena akronimo bat da eta hau esan nahi du: euskarazko ikasmaterialgintza. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak 1982. urtetik hona abian duen lan-programa bat da. Helburu nagusia da unibertsitateaz kanpoko irakasmailetarako euskaraz behar adina ikasmaterial sor dadin bultzatzea, ikasmaterial horien kalitatea zaintzea eta ikasmaterial horiek zabalkundea izan dezaten administraziotik laguntzea.

Helburu hori betetze aldera, EIMA programak euskarazko ikasmaterialak sortu eta editatzeko dirulaguntza-deialdiak atera ditu urtero:

  • EIMA 1 - Unibertsitateaz kanpoko irakasmailetarako euskarazko ikasmaterial inprimatuak egiteko dirulaguntzak
  • EIMA DIGITALA - Unibertsitateaz kanpoko irakasmailetarako euskarazko ikasmaterial digitalak egiteko dirulaguntzak
  • EIMA 4 - Unibertsitateaz kanpoko irakasmailetarako euskarazko ikasmaterial imprimatuak sortzeko dirulaguntzak
2019tik aurrera, hiru deialdiak Agindu berean jaso dira.
 
Agindu honen barruan, bi atal bereizten dira: atal orokorra eta modalitateei dagokien atala. Azken horiek eranskin gisa jasoko dira.
 
Atal orokorrean, hiru modalitateetan komunak diren edukiak jasotzen dira. Eranskinetan, orain artean EIMA programaren bidez garatu diren EIMA 1, EIMA Digitala eta EIMA 4 dirulaguntza deialdiek propio dituzten ezaugarriak biltzen dira. Modalitate bakoitzak bere aurrekontua eta prozedura izango ditu. 

Sorkuntzarako dirulaguntzez gainera, ikasmaterialgileen lan eskerga aitortu nahi izan da administraziotik Ixaka Lopez-Mendizabal eta Migel Altzo sari-banaketekin, 1986an hasi eta 2011 arte urtero-urtero euskarazko ikasmaterialik onenak sarituz.

Ikasmaterialen kalitate egokia bermatzeko, dirulaguntza deialdietara aurkezten diren ikasmaterialei hainbat azterketa egiten zaizkie: hizkuntza-azterketa, didaktika-azterketa eta azterketa teknikoa. Arloan arloko teknikari berezituak arduratzen dira azterketa horiek egiteaz. Ikasmaterialen hizkuntza-kalitateari lotuta, ikasmaterialentzako estilo-liburua argitaratzen da, zatika. Guztira, 9 liburuki argitaratu dira.

Ikasmaterialen zabalkundean laguntzeko, berriz, EIMA katalogoa sortu zuen Sailak, 2005ean. EIMA Katalogoa euskarazko ikasmaterialak biltzen eta katalogatzen dituen dokumentazio-zentroa da. Katalogoaren bidez, hezkuntza-komunitateak aukera du euskarazko ikasmaterialei buruzko erreferentziak kontsultatzeko eta materialak eskuratzeko (maileguan hartu, deskargatu…).

2019an EIMA Katalogoak webgunea (leiho berri batean irekitzen da) berritu du eta, horrekin batera, mailegu-zerbitzua ireki du.

EIMAnet

2011. urtean Hezkuntza Sailak EIMAnet zerbitzua jarri zuen abian. Zerbitzu horrekin, EIMA programaren bidez diruz laguntzen diren ikasmaterial digitalen kalitatea etengabe zaindu nahi du. Horretarako, edozein erabiltzailek aukera du ikasmaterial horietan detektatzen dituen hizkuntza-akats edo huts teknikoak adierazteko, berariazko formulario hau erabiliz.