Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Euskadiko salgai arriskutsuen errepide eta trenbideko garraioaren fluxu-mapa - 2013

Xehetasunak

“Euskadiko salgai arriskutsuen errepide eta trenbideko garraioaren fluxu-mapa” izendatutako ikerlanaren egilea IHOBE, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, izan da. Lanaren helburu nagusia Euskal Autonomia Erkidegoko salgai arriskutsuen errepideko eta trenbideko garraioen fluxu-mapen eguneratzea izan da.

407/1992 Errege Dekretuak, apirilaren 24koa, Babes Zibilari buruzko 2/1985 Legearen, urtarrilaren 21koa, 8. artikuluan aurreikusitako Babes Zibileko Oinarrizko Araua onartu zuen. Aipatutako Oinarrizko Arauak xedatzen du, besteak beste, salgai arriskutsuen garraioan gerta daitezkeen istripuetatik erator daitezkeen larrialdiei dagokienez plan bereziak egingo direla, dagokion Oinarrizko Gidalerroaren arabera. Jarraibide horrek ezarriko ditu administrazio publikoek jarraitu beharko dituzten gutxieneko irizpideak, salgai arriskutsuak errepidez eta trenbidez garraiatzeko istripu-arriskuei aurre egiteko Babes Zibileko Plan Berezi horiek egiteko bakoitzaren eskumen eta lurralde eremuaren arabera.

387/1996 Errege Dekretuaren bidez, martxoaren 1koa, onartutako Oinarrizko Gidalerroaren arabera, salgai arriskutsutzat hartuko dira honako substantzia hauek: garraioan, errepidean edo trenbidean, istripuren bat gertatuz gero, biztanleentzat, ondasunentzat eta ingurumenarentzat arriskutsuak izan daitezkeenak, eta horregatik, haien garraio-baldintzak Salgai arriskutsuen nazioarteko trenbideko (RID) eta errepideko (ADR) garraioaren gaineko erregelamenduetan araututa daudenak.

387/1996 Gidalerroaren II. kapituluko 2. atalean ezartzen denez, salgai arriskutsuen errepide eta trenbideko garraioaren fluxu-mapak, salgai arriskutsuen garraioaren estatistikak zehaztutako zenbakizko analisia eta adierazpen grafikoa izango dira, denbora-tarte eta lurralde jakin bati dagokionez, lurralde osoan edo zati batean ibilitako garraio-kopuruaren eta salgai guztien kopuruaren xehetasunarekin. Garraiatutako salgai arriskutsuak gaika, salgaien moten arabera eta  garraiorako erabilitako bidearen arabera sailkatuko dira.

Salgai arriskutsuen garraioaren fluxu-mapak egitearen helburuak honako hauek izango dira: alde batetik, istripu posible baten ondorioak arintzeko hartu beharreko esku-hartze neurriak eta estrategiak aurreikusteko oinarria izatea; eta bestetik, garrantzi berezikotzat jo behar diren eremuen mugatzea, bere inguruko bideetatik garraiatutako salgai arriskutsuen kopuru, maiztasun eta ezaugarrien arabera, kaltetuak izan daitezkeen herritarrak, ondasunak edo ingurumena babesteko neurriak aurreikusteko.