Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

KLIMATEK. Klima-aldaketaren bereizmen handiko agertokiak egitea Euskadirako

Xehetasunak

azala

Klima-aldaketaren aurkako borrokan, etorkizuneko klima-baldintzak nolakoak izango diren aurreikustea da urratsetan lehena. Hori horrela, klimaren joerei buruzko proiekzioak egiten dira aldian behin, zirkulazio orokorreko ereduen bidez (GCM-General Circulation Models), hainbat aukera aintzat hartuta.

Nazioartean, IPCC (Intergovernmental Panel on Climate Change) erakundeak koordinatzen du jarduera hori. Haren azken txostenak (Fifth Assessment Report, AR5) lau agertoki ezartzen ditu, kontzentrazio-ibilbide adierazgarriak izenekoak (RCP-Representative Concentration Pathways). RCP horiek 2100. urteko guztizko behartze erradiatiboaren gutxi gorabeherako kalkulua egiten dute 1750. urtearekin alderatuta; 2.6 W m–2, 4.5 W m–2, 6.0 W m–2 edo 8.5 W m–2-koa izan daiteke, zein agertokiri dagokion: RCP2.6, RCP4.5, RCP6.0 eta RCP8.5ri, hurrenez hurren (gutxi gorabehera, 475, 630, 800 eta 1313 ppm-ko CO2 baliokide kontzentrazioak —CH4 eta N2O barne—).

GCMen bereizmen espaziala ehunka kilometrotakoa da, eta ez du aukera ematen eskualdeko heterogenotasunak kontuan hartzeko. Baina badaude «eskualdekatze» prozesuak (down-scaling) horien bereizmena handitzeko.

Teknika horietako bat da, adibidez, eskualde-ereduen erabileran oinarritutako eskualdekatze dinamikoa (RCMRegional Climate Models). Prozesuaren urrats horietako bakoitzak (agertokiak, GCM, RCM) ziurgabetasun batzuk dauzka, dena den.

Europan, hainbat ikerketa-proiekturen bitartez sortu eta eguneratu dituzte klima-aldaketaren eskualdeetako proiekzioak, IPCCren txostenen GCMen emaitzak barne hartuta:

Ekimena

Bereizmena

Lotutako IPCCren txostena

 PRUDENCE  50km x 50km  AR3 (2001)
 ENSEMBLES  25km x 25km AR4 (2007)
 CORDEX

 12km x 12km

(eta 50km x 50km)

AR5 (2013, 2014)

Gaur egun, Euro-CORDEX ekimenaren barruan — CORDEX (COrdinated Regional Downscaling EXperiment) ekimenaren Europako adarra da— 0,11 o-ko bereizmena (12 x 12 km2 inguru) eta 0,44 o-ko bereizmena (50 x 50 km2 inguru) duten RCMekin egiten dute lan.