Liburu osoa (pdf, 2155kB)
Aurkezpena | >> 2 >> 3 >> 4.
Testu-mota ugari eta azkar irakurriak

XX. mendearen azken hogeita hamar urteetan zehar euskararen normalkuntza lortzea izan zen euskal gizartearen helbururik nagusienetariko bat, hots, euskararen erabileraren berreskurapen osoa lortzea: pertsonala, soziala, kulturala eta lurraldetasunezkoa. Ildo horretatik, euskarak bizi zuen ordezkapen-prozesua gainditu nahian, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzera zuzendu ziren herri-erakunde eta erakunde ofizialen ahaleginak Euskal Herriko herrialdeetan. Bai herri-ekimenen bai erakunde politiko-administraziozkoen helburuetako bat, haur zein helduen euskalduntze eta alfabetatze prozesuak bultzatzea zen eta, aldi berean, gizartean euskara erabiltzeko aukerak eskaintzea eta euskara erabilaraztea, bai ahozko zein idatzizko adierazpenean.

Erabileraren sustapenari dagokionez, eta aurreko urteekin konparatuz gero, garrantzi handikoak izan ziren aipatu urteak hainbat arrazoirengatik: Batetik, euskararen produkzio idatzia eta bibliografiazkoa kuantitatiboki eta kualitatiboki asko areagotu zen, nabarmena izan zelarik, argitaletxe berrien sorkuntza. Era berean, azpimarragarria da aldizkari berrien sorrera edota iraganekoen birmoldaketa eta, finean, euskararekiko gizarteak hartzen duen jarreraren bilakaera.

Euskal liburugintzaren egoeraren ezaugarri nagusiak honela laburbilduko genituzke, J.M. Torrealdai jaunak eginiko azterketa abiapuntutzat hartuta:[38] argitaratutako liburuen kopurua nabarmen ugaldu zen, euskaraz jorraturiko gaiak eta esparruak zabaldu ziren, literatura eta irakaskuntza-motako liburuenganako joera gero eta nabarmenagoa egin zen, eta euskara batuaren errotze-prozesua gauzatu zen. Urtero argitaratzen ziren liburuen kopuruaren igoera nabarmenduz joan zen hamarkadetan aurrera egin ahala. Adibidez, 1975 arte ez zen urtean 100 liburu argitaratzera iristen. Kopuru hori gaindituta geratuko zen gerora. Euskaraz lantzen ziren gaien alorrean, bestalde, ikusten da zabaltze-joera nabaria, gero eta gai gehiago lantzen baitziren euskaraz, nahiz eta liburu kopuru gutxi argitaratu sail askotan.

Gerra aurreko saiakerei helduz, berriro ere, 1960an argitaratzen hasi zen Pan-Pin. Haurrentzako lehenengo euskarazko TBOa.

Baina, aldi berean ere agerikoa da produkzioa gai batzuen inguruan bilduz joan zela, haur eta gazte-literatura sailak eta irakaskuntza-sailak gero eta ekoizpen-proportzio handiagoa bereganatu baitzuten. [39] Gero eta nabarmenagoa egin zen halaber itzulpengintzarako joera. Aipatu joera hauek, jakina, liburuaren merkatuaren eta zehazki argitalpengintzaren testuinguruan ulertu behar ditugu, azken batean argitaletxeak [40] baitira libururen bat argitaratzeko garaian azken hitza dutenak eta, ondorioz, merkatuan eskaintza kontrolatuko dutenak.

Euskarazko liburuak erosi eta irakurriko zituen merkaturik egon bazegoen, irakaskuntzako goi-mailetan eta alfabetatze-euskalduntzekoetan kontzentratua hein handi batean. Bistan da eskaria bazela eta zentzu horretan euskarazko irakurketak gizartean lekua hartu zuela, eta euskal irakurlegoa heziz eta haziz joan zela urteetan. Idazketaren kasuan, ezin dugu esan hein bereko garapena izan zuenik. Kasu honetan, euskal idazleak tradizioz izan duen, eta behar izan duen, borondate on, ofizio eta euskararekiko militantzia funtsezko aldagaia izan zen euskal liburuaren idazketan eta argitalpenean.

Ildo horretatik, aipatzekoak dira administrazio publikoetatik euskal liburugintzari eskaini zitzaizkion laguntzak, idazle zein argitaletxeentzako subentzio eta lehiaketak bideratuz, gerraz geroztik eman ziren lehenetariko saiakerak ziren neurrian, eta euskararekiko eta euskal kulturarekiko nolabaiteko ardura eta bultzada adierazten zuten heinean.

Aldizkariei dagokienez ere, liburugintzan azpimarratu dugun ugaltze-fenomenoaren antzekoa gauzatu zen mendearen bigarren erdialdean. Jada 70eko hamarkadan gutxi edo gehiago iraun zuten aldizkari berri dezente sortu zen, eta aurreko urteetan sorturiko zenbait aldizkarik sakoneko eraldaketa bizi zuten. Kopuruari begiratuz, aurreko urteetan sortutakoei [41] gehitu zitzaizkien 70ko hamarkadatik aurrera sortu ziren berriak. [42] Kualitatiboki emandako aldaketak izango zuen eragina euskararen erabilera idatziaren normalizazio-prozesuan. Batetik, informazio-aldizkarien artean, informazio erlijioso edo lokala utzirik, informazio orokorreko astekari bihurtu ziren, adibidez, 1976. urtean Zeruko Argia, Anaitasuna eta Goiz Argi. Euskal prentsa funtzional baten alde egin zuten apustua. Prentsa funtzional berri horri Deia eta (1977) egunkarien eta Punto y Hora, Garaia eta Berriak bezalako astekari elebidunen sorrera gehitu behar diogu; Euskal Herriko arazoak eta informazioa lantzeko sortuak, elebidunak (nahiz eta euskararen presentzia urria izan), planteamendu profesionalaz sortuak, euskal gizartearen kontzientzian eragin zuzena izan zuten.

Euskararen erabilera idatziaren eremuan beste aldaketa garrantzitsua aldizkari espezializatuen eskutik etorri zen. Zientzia arloko Elhuyar aldizkariaren sorrerak eta ondorengo bilakaerak eginkizun nagusia jokatu zuen, adibidez, zientzia eta teknika arloko euskararen gaikuntzan. Kultur aldizkarien artean, berriz, frankismoak eginiko eraso eta debekuen gainetik atereaz, 1977. urtean aukera berriek gorputza hartu zuten, eta beraien artean Jakin. Etenaldi askoren ondoren, 1977. urtean argitaletxe izateari utzi eta gai monografikoak landuko zituen aldizkari bihurtuz, indar berriz atera zen eta euskara eta euskal kulturaren bilakaeraren azterketan erreferentzia puntu bihurtu zen. Aipatzekoak dira, halaber, Zabal eta Zehatz aldizkariak, nahiz eta lehenengoak bezainbeste ez iraun, bere garaian euskal kulturaren munduan itzal handia izan zuten heinean.

Hedapen orokorreko komunikabideen aurrean tokian tokiko baliabideak txikikeriak badirudite ere, ezin baztertu daitekeen fenomenoa dugu herri eta eskualdeetako aldizkariena. Askotan baliabide eskasekin sortuak, eta herritar askoren borondate sutsuari esker, beren balioa irabazia izan dute urteetan zehar. Izan ere, hedapen zabalekoak iritsi ez diren herritarrengana heldu izan dira asko eta irakurketa-ohitura batzuk finkatzen lagundu dute.

Diru-laguntzak lortzeko bideak irekiz joan ahala, bestalde, aldizkari kopurua ugarituz joan zen. [43] Baionan, Iruñean, Bilbon edo Donostian sortuak, informazio orokorreko zein espezializatuak; literatura, antzerkia, zientzia eta teknika, soziolinguistika, soziopolitika eta abarreko gai ugari lantzen zituzten aldizkarien sorrera areagotu zen.

Geografia eremu zabalari begira eginiko aldizkariekin batera, kontutan hartu behar dira herri zein eskualdeetan argitara atera zen aldizkari mordoa. Euskal herriko eskualde gehienetan izan zen iraupen motzeko edo luzeko aldizkariren bat, hala nola: Arraste Press, Akatz, Hots, Amilamia, Plazara, Hitza etab.

Euskaldunon Egunkaria, Lasarte-Oria, 1990ko abenduaren 6an jaio zen.  Mendearen hasieran euskarazko egunkaria mantentzeko saiakera batzuk egin ziren arren, egunkariaren argitalpena fenomeno berria suertatu zen. Euskararen erabilera idatzia bere osotasunean menperatzen zuen populazioaren eskaera adierazten zuelarik, euskarazko irakurketa esparruen zabaltzea ekarri zuen. Irudian 2001eko irailaren 12ko azala. 2003an Espainiako Gobernuak itxi zuen.

Aldizkarien kasuan eman zen oparotasuna ez zen, tamalez, sumatu egunkarien kasuan. Eguneroko prentsan eginiko saiakera txiki batzuk salbu, erdara nagusi izan zen. Egin egunkariak 1986an Hemen aldizkaria argitaratu zuen, eta Deia egunkariak, bere aldetik, Eguna argitaratu zuen euskal egunkari bat izan zitekeenaren lehen saiakera modura. Euskal egunkari sendo eta zabala 1990. urte arte, Euskaldunon Egunkaria argitara eman zen arte [44] ez zen posible izan.

Euskara hutsez idatziriko egunkaria edukitzea kultura moderno eta normalizatuaren adierazpena da, edo behintzat modernizazio eta normalizatze bidean dagoen kulturaren adierazgarria. Euskaraz informazioa helarazi, zabaldu, hartu, utzi, biziberritzen den gizarte moderno bati dagokion egunerokotasunean txertatua dagoela adierazten digu. Kultura moderno bateko hizkuntza normalizatu orok irakurketaren eta idazketaren gizarte-bilakaerarako duen oinarrizko tresnetariko bat da, 90ko hamarkadak eman zuena. Etorkizunak neurtu beharko du emaniko aurrerapauso horren eraginaren zenbatekoa.

Euskararen modernizazio prozesurako ezinbestekoa izan da hizkuntzaren estandarizazioa, euskalkien mugak gainditu eta idatzizko komunikazioa erraztuko zuen hizkuntza bateratua aho batez adostu eta onartzea alegia. Irakaskuntza euskalduntzeko eta herritar guztiengana zabaltzeko, testugintzarako, liburu eta aldizkarien irakurle merkatu iraunkor eta sendoa eduki ahal izateko derrigorrezko tresna bihurtu zen euskara batua. Urteetako errebindikazioa izan zelarik, euskara estandarraren beharra berpiztu zen, gerra-osteko isilunearen ondoren, 60ko hamarkadaren inguruan. Oraingoan, aurreko saiakeretan ez bezala, batasunaren ideiak indarra hartu zuen eta, nola hala, euskaltzaleen komunitateak onartu zuen nork arduratu behar zuen hizkuntzaren estandarizazioaz, euskara batuaz alegia: Euskaltzaindiak.

Ildo horretatik, euskararen batasunerako bidea markatuko duten gunerik garrantzitsuenetarikoak Euskaltzaindiaren 1968ko Arantzazuko Biltzarra eta 1978ko Bergarako Biltzarra izan ziren, batean zein bestean hartutako erabakiak eta oinarriak erabatekoak izan baitziren, irizpide nagusien finkapen gisa. Tarteko eta ondorengo urteetan oinarrizko xehetasunak eta atal zehatzak landu ziren, ahal zenetan, zenbait erabaki hartu eta herritarrei igorriz.

Hizkuntza eta kulturaren modernizazio prozesurik ezinezkoa litzateke, idatzizko euskarrian baina ahozko komunikazioan diharduten hedabideen garapenik gabe, hots, euskara hutsezko irratirik eta telebistarik gabe. Modu berean, erabakigarria izan zen hizkuntza zientzia eta teknika alorretan gaitzeko hainbat erakundek egin zuten lana. UZEI, ELHUYAR eta UEU izan ziren euskara teknikoa, eta ezagutza-arloetako terminologia prestatu zutenak eta, modu horretan euskaldunak zeregin horretarako gaitzen lehenak, baina ez bakarrak. Horiekin batera, eta horien ondoren, diharduten euskaltzaleen erronka izan da eta izango da teknologia berrietatik eta giza-adierazpen modu berrietatik eratorri zaizkigun egokitze beharrei erantzuteko hizkuntza eta hiztunak prestatzea, euskara eta euskaldunak gaitzea.

Aurkezpena | >> 2 >> 3 >> 4.
Fecha de la última modificación: 21/12/2007