Liburu osoa (pdf, 2155kB)
Aurkezpena | 1 >> 2 >> 3 >> ...
Testu-mota gutxi eta maiz irakurriak

Irakurtzen eta idazten aritzeko trebetasuna herritarren artean gero eta gehiago zabaltzen ari zen aldi berean, irakurketarako ohitura ere hedatuz joan zen pixkanaka-pixkanaka XIX. mendean zehar. Gizarte tradizionalari dagokion antzera, euskal herritarren artean finkatu zen irakurketa modua ahozko kultura eta adierazpenarekin oso lotura estua zuen irakurketa intentsiboaren eredua izan zen.

Argitaratu ziren idatziak zenbatek irakurriko ote zituzten jakiteko datu zehatzik ez dugu, baina hainbat gertaera kontutan hartzea komeni zaigu irakurtzeko joera zuten herritarren ezaugarri eta mugak zeintzuk ziren antzemateko. Alde batetik, alfabetatze-tasak eta eskola-baldintzak ikusita, euskaraz irakur zezakeen populazioa nahiko mugatua zela pentsatu behar dugu. Garai haietan ere euskaldun guztiek erabiltzen zuten euskara idatzirik ez egoteak dezente mugatzen zuen euskaraz idazten zenaren zabalpen esparrua. Bestalde, euskaraz idatzitako testuen eskaintza aurreko garaietakoa baino handiagoa zen, baina, nahiko apala oraindik ere. Ez zen gai askotan euskaraz idazten, eta argitalpen bakoitzean zabaltzen ziren ale kopuruak ere ez ziren oso handiak.

XIX. mendean eta XX.aren lehen zatian, oraindik, nahiko mugatua zen euskararen merkatua. [12] Oro har, euskarazko lanen eskaria –liburu zein aldizkariena– nahiko apala zen. Euskarazko liburuak edota aldizkariak eskuratu eta irakurriko zituen irakurleak trebakuntza maila egokia eta baliabide ekonomiko nahikoak edukitzeaz gain, hizkuntzarekiko interesa eta motibazio berezia beharrezkoak zituen. Interes eta motibazio horretan eragitera jo zuten garaiko euskalgintzan eta kulturgintzan ziharduten pertsonaiek eta taldeek.

Herri xeheak gertuen zituen testuak gutxi ziren. Eta testu horiek behin eta berriz irakurtzen zituzten, askotan ozenki, familiaren inguruan. Memorizatuak ziren testuak ziren, plekaria moduan, bere irakurketak zuen esanahia jada ahoz ezagutzen ziren mezuak deszifratzea zelarik azken batean. Eliza-liburu eta dotrinarekin batera, Egutegiak ziren herritar euskaldun gehienek irakurtzen zituzten euskarazko testuak. Gipuzkoan, hirugarren testu mota bat gehituko genuke: bertso-paperak.

Ahozko literaturaren esparruan, poemagintzak, atsotitzak eta antzerkigintzak, izan eduki zuten bere lekua, baina XIX. mendean goren maila lortu zuen literatura mota, bertsolaritza izan zen. Aipatu beste literatura motek goitik beherako bidea hartua zutelarik, bertsolaritza erabat nagusitu zen XIX. mendean, kualitatibo eta kuantitatiboki, Gipuzkoan bereziki. Tradizioz bertso desafioak zirenak desagertuz joan ziren bigarren karlistadatik aitzina eta plazako bertsogintza modua –lehiaketa modukoa– indartu egin zen. Hau, batez ere, Lore Jokoei esker gertatu zen, txapelketa eta jaialdien antolabide berriak indartuz joan ziren heinean. Testuinguru horretan, Lekuona k aditzera ematen digunez “Bapateko bertsogintza palanka ederra zitekeen herriarengana iristeko, eta herria eritziz eta sentimenduz hornitzeko, jokabide sozial-politikoen zerbitzuan”. [13] Badirudi bertsolarien jendaurreko emanaldiei eragin soziala aitortzen zitzaiela nolabait. Eta, faktore hori oinarrizkoa izango zen, beharbada, fenomenoaren biziraupenerako. Bertsolaritzaren iraupen eta hedapenean eragin zuen beste faktore garrantzitsuenetakoa, bertso-paperen fenomenoa izan zen; bai herri-kulturaren ikuspegitik zein komunikazio idatziaren aldetik ere. [14]

Bertsoak paperean jarri, inprimatu eta azoketan saltzen zirelarik, kultur fenomeno oso garrantzitsua izatera iritsi zen,






 batik bat Gipuzkoan eta bi karlistaden arteko garaian. Denboraren poderioz, merkatu bidezko salmenta publikoa 


 



 desagertuz joan zen eta, horren ordez, garaiko aldizkari  eta


  Egutegi


etan
 argitaratzen hasi  ziren.


XX. mendean aurreko bideari jarraitu bazitzaion ere, pixkanaka ahulduz joan zen bertso-paperen fenomenoa, herritarren irakurketa zaletasunak beste produkzio idatzietarantz bideratzen hasi ziren aldi berean. Egutegi eta almanakak ziren gustuko idatzi berriak.

Egutegi eta almanakak erruz agertu ziren XVI, XVII eta XVIII. mendeetan herrialde protestanteetan zein katolikoetan. [15] Euskal Herrian, aldiz, XIX. mendean zehar hasi ziren nabarmentzen.

Gazteleraz idatzitako egutegi eta almanakek Euskal Herrian izan zuten zabalkuntzaren berri zuzenik ez badugu ere, badirudi herritarren artean nahiko zabaldua zen praktika zela hauen irakurketa, euskarazkoetan egiten ziren aipamenak direla medio. Euskaraz idatzitako egutegiei dagokienez berriz, XIX. mendean batez ere Iparraldean oso publikazio mota esanguratsua izan zen. Hegoaldean XX. mendera arte itxaron behar dugu euskarazko egutegien irakurketa zabaldu, orokortu eta iraunkortzeko.

Euskaraz idatzitako almanakek eta egutegiek gazteleraz idatzi ziren egutegien ereduari jarraitu zioten. Gehienetan adierazita zetorren gaztelerazko egutegiak bete zuen espazioa ordezkatzeko zuten nahia, [16] neurri handi batean berauen bertsio euskalduna izan zirelarik: batetik, egutegia, familia osoarentzat pentsatua zegoen, adin guztietako familia-kideentzat. Bestetik, modu argian eta errazean egon behar zuen idatzia, guztien eskura egon zedin. Eta eguneroko bizitza egoki eraman ahal izateko, gizarteratzeko hitz batean, oinarrizko informazioa eta ikasbideak eskaini behar zizkion familia-kide bakoitzari. Horrekin batera, irakurleak bere heziketa moralean orientabide egokia izango zuela ziurtatu behar zuen, gizartearen ordenuarentzat oinarrizkoak ziren balioak transmitituko zitzaizkiolarik. Zabaltzen zituzten mezuak herritar arruntaren beharrei erantzuteko eginak izanik, hizkuntza erraz eta argian –erraz ulertu eta gogoan hartzeko moduan– idatziak egonik eta zuten salneurri merkea eta formatu zabalgarria kontutan edukirik, pentsa daiteke herri xehean izan zuten hedapena zabala izan zela. Uste hori indartzera dator, halaber, egutegi askok izan zuten bizitza luzea. Horietako adibide esanguratsu bat dugu Euzkel-Egutegiya.[17]

Euzkel-Egutegiya Tolosan E. López-en etxean argitaratu zen 1909. urtetik 1934ra. Horman jartzeko tako-moduko formatuaz gainera esku-liburu txikiaren tankeran ere argitaratu zuten. Beraren osagarri gisa, argitara eman zen Euzkel-Egutegi txikiya (1910-1920) sakelerako egutegia. Bien artean luzaroan bereganatu zuten irakurlego herritar euskalduna.

Lehenengo urteko egutegia Euskal Esnalea elkarteak argitaratu zuen 1909. urtean Euskal-Esnalea´ren Egundiya izenarekin, eta ondorengo urteetan Euzkel-Egutegiya izenarekin argitaratuko zen, orain, Eusebio Lopezen moldiztegian, eta bereziki I. Lopez Mendizabalen ardurapean.

Egutegiaren eragileek euskara zabaltzeko bide garrantzitsu gisa sortu zuten berau. Hormarako egutegi gisa kaleratua izanik, tako moduan jarri zen salgai, paretan zintzilikatzeko, José Eizaguirre jaunak margoturiko euskal kutsua zuen marrazkiren batekin. Edukia zela eta, aurrealdekoa eta atzealdekoa bereizirik zeuden. Aurrealdekoa egutegi guztien antzekoa zen, egunaren inguruko xehetasunak emango zituena. Atzealdean berriz, eduki atsegin eta entretenigarri ugari eskaintzen zen. Egileen partaidetza zabala eta anitza zen eta honek aberastasuna ematen zion. Saiatu omen ziren ahalik eta salneurririk merkeena jartzen, egutegia edonorentzat eskuragarria izan zedin, eta dirua ez zedin euskara irakurtzeko oztopo izan, helburua ahalik eta jende gehienak irakurtzea baitzen. Xede nagusia euskaldunak euskaraz irakurtzen zaletzea eta ohitzea zen.

Euskaldun sentitzen zen orok eskuratuko zuela uste zuten egutegia bultzatu zutenek “...Euskaldun batek ere ez luke gelditu biar egundi au erosi gabe. Besterik ez bada erderazko nolabaiteko Kalendariyo lasaikeriz betetakoen ordez edukitzeagatik ere bat. Baserriyetako sukaldietan eta kale-eche eta jauregiyetako tokirik onenian jarri biar da egundi au. Ta egunero gure begiyen aurrian egon biar duben gauza nola baitan, poliki-poliki, piskabana, aitzenerako on asko egin lezake euskeraren alde. Uste degun, ba, euskaldun on denak gure Egundiya erosiko dutela.” [18]

Egutegian agertutako mezu asko hedatu ziren aldi berean, beste bide batzuetatik: eguneroko prentsan, kultur prentsa espezializatuan (RIEV, Euskal-Esnalea, Euskal-Erria etab.), baita Itz-Jostaldi eta Euskal Festetan, batik bat bertan irakurritako hitzaldietan. Baina egutegian, mezu horiek modu sinpleagoan agertzen ziren, herritarrak gogoan, irakurketa modu arinari begira.

Prentsa itxura zuen, euskaraz idatzita zeuden artikulu eta idatzi guztiak (garaiko kultur aldizkarietan gertatzen ez zena) , ia dena gipuzkeraz, irakur errazak, urte askotan zehar argitaratuak izan ziren.

Egutegiak zuen hezkuntzarako balioaz ederki jabetuta zeuden berau bultzatu zuten euskaltzaleak, ondorengo idatzian ikus daitekeenez: “(…) Gure egundia ez dala ezertarako…Ator, gizarajo ori: ¿asteko egun guztien izenak euskeraz ondo baialdakizkik? Ik bai, apika, baña beste askok ez. Eta ortarako aukerako liburu bat artuta parra-parra egunen izenak ikasten noizbait euskaldunak asiko dirala uste al dek? Eta ik, egunen izenak badakizkik ere, urteko ille guztien izenak euskeraz ezetz ondo esan? Eta i ere, liburu bat artuta ¿asiko alaiz beiñere izen aiek ikasten? ¡Bai zera! Gauza oiek ez dizkik iñork ikasi nai, ikasteko lan pit^in bat egin bearra zeok-eta. Ona bada egi aundi-aundi bat: iñork (ez askok beintzat) ez dik euskera ikasi nai, ortarako lan apur bat egin bear baldin bada. Euskera erakusteko ikasleak lan egin gabe erakusteko bide bat aurkitu bear genduan: orregatik egundia argitaratuko diagu. Urte betea, 52 aldiz egun bakoitzaren izena erakutsiko dik egundiak. Urte betean, 30 aldiz, (…) erakutsiko dik illee bakoitzaren izena. Ta nai ta nai ez, ikusi bear izen oiek, egundia erosiko duten guztiak. Eta uste diat, astots^o bat ez izan ezkero behintzat, 30 edo 52 aldiz gauza bat esan ezkero ikasi leikeala. Geiago ere baziok oraindik, Atze-aldean, alderantzian, orri bakoitzak ipui, ts^irristada, ziribiursa, alegia, edo onelako beste gauza politen bat zekarrek euskeraz: geien-geienera jo ta ere hogei errenkada. Ta ik (eta ik bezela besteak) parra egit^eagatik eta euskeraz irakurtzen ikasteagatik: ez aldit^uk egunero hogei errenkada irakurri naiko? (…) Ez lagun, ez; ez dek alperrikako lana. Egundia erosi ta humilla gabero, apalondoan, egun artako orria irakurri erazi; au dek ik egin bear dekana. Ta erorrek irakurtzea ere ez zaik gaizki etorriko (…) Erosi ezak egundia, ta jarri ezak ire ets^eko orman, gela agirienean: ondo ikusi dedilla. Ta gabetan irakurri orria ta ume ts^ikiai ere irakurri erazi. Ta, bai ta aundiai ere. Emazteak irakurtzen badik, obe, orain eta oraindik obeago neskameak ere irakurtzen badik. Au egin eta egin erazita, ikusiko dek urte azkenerako ire ets^eko umiak eta zarrak euskeraz, batere lanik egin gabe ederki irakurriko dutela.(…)”. [19]

Horman jartzeko egutegi gisa argitaratzeaz gain, liburuxka moduan ere argitaratu zen Euzkel-Egutegiya. Formatu honek, horma-modukoak ez bezala, Irakurritakoa gordetzeko aukera eskaintzen zion irakurleari.

1909 eta 1934 bitartean, gipuzkoar askok irakurri ei zituzten bere baitan zituen orrietako mezuak, zirela euskara eta euskaltzaletasunarekin loturikoak, kultura orokorrekoak, moral eta erlijiosoak, umorezkoak edota denbora-pasakoak. Aurrez zabaldu ziren egutegiek ez bezala, urte luzez iraun zuten, herritarren artean arrakasta handia lortuz. Irakurketa ohitura bat finkatu zuen eta ondorengo antzeko hormarako egutegien sorrerarako bidea egin zuen, Argia egutegia kasu. Horrelako beste adibiderik (izaera literario, kulturala eta hezitzailea zuena) ez dugu aurkituko Gipuzkoan –ez literaturan, ez prentsaren esparruan ez eta irakaskuntza-liburuen alorrean ere– garai horretan, dotrinaren kasua kenduta.

Urte sasoi horiei dagokienez, halaber, ezin ditugu azpimarratu gabe utzi herritarren artean euskarazko ahozko zein idatzizko komunikazioa areagotzeko hainbat euskaltzalek, eta bere inguruan bilduriko talde eta elkartek, sortu eta bultzatu zituzten proiektuak. Ekintza horien oihartzuna herritar xehearengana iritsi ez bazen ere, euskal kultura idatzia modernizazio bidean jartzen eta kultura-elite euskaldun eta euskaltzalea finkatzen lagundu zuten proiektu garrantzitsuak izan ziren heinean kontutan hartzekoak dira.

Ekintza eta jarduera horietako batzuk herri eta herrialdeko administrazio publikoek bultzatu zituzten. Ildo honetan, bereziki aipatu beharrekoa da lau herrialdeetako Diputazioek egin zuten lana: bere gain hartu behar zuten langileria kontratatzerako garaian euskararen ezagutza eskatuaz adibidez; [20] euskarazko katedren sorrera bultzatuz bigarren mailako irakaskuntzako institutuetan, maisu-maistra eskoletan eta apaiztegian; euskarazko deklamazio eskolak sortuz etab; [21] kale izendegietan, bando eta zirkularretan euskararen erabilera bultzatuz; [22] euskal liburugintzarako laguntza emanez lehiaketen bitartez eta erakunde eta liburutegiak euskal liburuz hornituz. [23]

Lehen adierazi bezala, nabarmendu behar ditugu euskaltzale askok eta berauen inguruko talde eta elkarteek abian jarritako ekimenak, zenbaitetan administrazio publikoekin lankidetzan burutu zirenak.

Arturo Campion. Idazle oparoa eta euskaltzale eta kultur eragile nekaezina. Bere garaiko hainbat kultur proiekturen sorkuntzan eta bilakaeran hartu zuen parte zuzena,besteak beste Euskal itz-jostaldien Batzarrean eta Euskal Esnalea elkartean.


Horien artekoa dugu A. Campion jauna eta berak literatura zein lanketa zientifikoa indartzeko ezarri zituen helburuei jarraikiz sortu zuen lehen elkartea, Nafarroako Euskal-Elkargoa.

Berak argitaratu zuen 1877an Revista Euskara (1878-1883) abiapuntutzat hartuta, aldizkari gehiago sortu ziren ondoren: Gasteizen Revista de las Provincias Euskara (1878-79), Donostian Euskal Erria (1880-1918), Bilbon Revista de Vizcaya 1.885ean, Iparraldean Euskalduna 1.888an, etab. Elkarte eta aldizkari horien inguruan bultzatu ziren, besteak beste, Lore Jokoak Euskal Herrian zehar, baita euskal kultura eta hizkuntzaren defentsa helburutzat zuten intelektual taldeak ere.

Foruen deuseztapenaren ondorioz loratu zen Kultur Pizkundean –Literatur Pizkundea bezala ere izendatua izan dena– Hegoaldean zabaltzen hasi ziren jada Iparraldean D´Abbadie (pdf, 437) [24] jaunak 1850.urtetik aurrera antolatu zituen Lore Jokoak .

Festa hauek mugaz bestaldean agertu izana bat dator, Europan zein Espainian bertan ere, liberalismoaren ezarpenak zekartzan politika zentralizatzaileak zirela eta, hedatutako mugimenduarekin. Hauekiko erreakzio gisa, Katalunian eta Estatuko beste zonalde batzuetan (Valentzia, Galizia etab) bertako literaturaren errebindikazioari hasiera eman zitzaion. Iparraldean iraun bazuen ere, Hegoaldean, 1876. urtean, azken guda karlistaren ondoren, Foruak galtzearen eraginez sortu zen literatur eta kultur mugimenduarekin batera eman zitzaien hasiera festa hauei.

Mugaz honako lehenengo euskal festak Elizondon (1879) ospatu ziren, Nafarroako Euskal-Elkargoaren bultzadaz, Iparraldeko tradizioa jaso eta Lore Jokoei hasiera emanez. Elizondoko lehenengo lehiaketa hartan presente egon ziren, beste gizon ospetsuen artean, Iparraldeko festen babesle ziren D´Abbadie eta Duvoisin, Iparragirre poeta herrikoia eta Manterola, gerora Gipuzkoako festen bultzatzaileetariko bat izango zena. Hasiera urte hartatik aurrera Euskal Herri osoan barrena ospatu ziren Euskal Festak, izen desberdinekin eta euskarazko literatur produkzioaren errebindikazioa xede. Aparteko garrantzia hartu zuten Gipuzkoan eta Iparraldean, bi arrazoirengatik batez ere: iraunkorki ospatu zirelako Itz-jostaldiak eta Euskal-Festak, eta hauetan beste herrialdeetan baino presentzia handiagoa izan zuelako euskarak.

Donostiak soilik eutsi zion modu iraunkorrean (1880. urtetik 1918ra), “Euskal itz-jostaldiak” edota “Juegos Florales Euskaros” izenarekin. Antolatzailea Donostiako Euskal-itz-jostaldien Batzarrea zen. Egun beteko ospakizun-emanaldiak biltzen zituen musika emankizunak, literatur lehiaketan sarituak izan ziren lanak eta garaiko bertsolari ospetsuenak. Bertsolariak ez ezik, lehiaketa hauetan garaiko euskaltzale eta idazleen belaunaldi oso batek hartu zuen parte; besteak beste, Karmelo Etxegarai, Ramon Artola, Biktoriano Iraola, Felipe Arrese (pdf, 1759kB), Jose Artola, Migel Antonio Iñarra, Francisco López Alén, Domingo Agirre (pdf, 478kB) , Toribio Alzaga, Arturo Campion, Gregorio Arrue etab.

Festa hauek, Katalunian ospatu zirenen antzera, bertako hizkuntza berreskuratzea zuten helburu nagusi, zegokion literatura garatuz. Egun bateko ospakizunaren mugak gaindituz, Batzarreak saritutako lanak urteroko memorietan eta Euskal Erria aldizkarian argitaratzen zituen, baita monografia moduan argitaratu ere. Honela, ordura arte ez zegoen argitalpen multzo iraunkor bat sortu zen lehiaketa hauen inguruan, idazleak idaztera bultzatzeko motibazioa eduki zezaten eta irakurleei euskaraz irakurtzeko aukerak zabaltzeko asmoarekin.

Santo Tomas feria egunean banatzen zituen Batzarreak Itz-Jostaldi edo Lore Jokoetan irabazitako sariak; antzerki 




emanaldiak

 ere egun horretan egiten ziren.


Euskararen erabilera zabaltzeko helburuarekin ere literatur festa horien barruan beste jarduera bati eman zitzaion hasiera: 15 urtetik beherako gazteentzat antolaturiko irakurketa eta idazketa ariketak edo azterketak. Azterketa hauen bitartez umeak, gazteak, euskaraz irakurri eta idaztearen ikaskuntzarantz motibatzea lortu nahi zen. Gerora irakurle eta idazle izango ziren gazteei laguntza eta babesa ematea alegia.


Euskal Itz-Jostaldiak [25] 1894. urte arte Donostian eratu ziren, eta bereziki literatura eta artearen inguruko festak ziren. Aurrerago ordea, 1896. urtetik aurrera, Euskal Festak (Fiestas Euskaras) izenaren pean ospatu ziren festa multzo baten barruan kokatuak azaldu ziren, Gipuzkoako herri askotan antolatuz joango zirenak. Egoera aldaketa hau, hain zuzen, Diputazioak Gipuzkoan ospatu ohi ziren ganadu erakusketei eman nahi zien bultzada berriaren eraginez etorri zen. Modu honetan, Diputazioak ospakizun berean bildu zituen nekazaritza eta ganadu erakusketak, eta literatur lehiaketak.

Diputazioak finkatu zuen zein urtetan eta zein herritan burutuko ziren aipatu nekazaritza eta ganadu lehiaketa probintzialak, 1896.etik 1913. urte bitartekoak zehaztuz. Aukeratutako herriak honako hauek ziren: Arrasate, Oiartzun, Zestoa, Zumarraga, Zumaia, Azpeitia, Oñati, Irun, Ordizia, Bergara, Donostia, Elgoibar, Eibar, Hernani, Azkoitia, Segura, Zarautz, eta Tolosa. [26]

Euskal-Festetan Itz-jostaldiak festa testuinguru orokorragoaren barruan txertatu ziren, hiri testuingurutik atera eta herrialde osoan zehar Diputazioak aurrez ezarri herrietan barrenazabaldu zirelarik, herrialdean abereen feria eta erakusketak berrindartzeko Diputazioak zuen asmoari erantzunez.Uztartu egin ziren, beraz, festa berean nekazal eta abeltzain ospakizuna eta literatur lehiaketak.


Festa hauetan, D´Abbadie jaunak Iparraldean antolatzen zituen ospakizunen ezaugarriak biltzen ziren: euskal tradizioak, dantzak, bertsolariak, feria, abelburuen lehiaketa eta literatur lehiaketa. Festa itxurako lehiaketak izateaz gain, bilgune, eztabaida-gune eta erabakiak hartzeko espazio garrantzitsua ere izan ziren, nekazaritza inguruko erabakiak hartzeko, noski, baina baita kultura, hizkuntza eta hezkuntza arloko eztabaidak eta erabakiak hartzeko gunea ere. Festa hauetan, bestalde, garrantzi handia izan zuten alderdiak izan ziren, hitzaldiena, sermoiarena, brindisarena eta protokoloarena. Espazio berri hau mitin eta hitzaldietarako oso testuinguru aproposa zen, garaiko hizkuntza, kultura eta politika errealitatearen inguruan euskaltzaleek zituzten kezkak eta egin hausnarketak azaltzeko parada paregabea eskaintzen zuena.


Festa hauek espazioen irekiera ahalbideratu zuten, non nekazari girokoa zena eta hirikoa zena sinbiosi perfektuan azaltzen ziren, beti ere, eta Gipuzkoako lehiaketetan batik bat, nekazari izaera tradizionala zuena birbaloratzeko helburuarekin. Poliki-poliki, euskal identitatearen adierazpen ezaugarri bilakatu ziren. Prozesu honekin ere zerikusia izan zuen probintzia zein herrietako korporazioen esku hartzeak, espresuki helburu horretarako erakunde kolaboratzaileak sortu baitzituzten.

Jostaldi eta Festetan saritutako idazle gehienak, garaiko kultur aldizkarietan idazten zutenak ziren, baita egutegietan ere –batez ere Euzkel-Egutegiya-n–. Aldi berean, idazle horietako asko Euskal-itz jostaldien Batzarrea, Euskal-Esnalea, Euskaltzaleen Biltzarra etab. bezalako elkarteetako kide esanguratsuak izan ziren. Finean, guztiek klase intelektual, letratu, elebidun eta kulturbiduna –elite kulturala– osatzen zuten, euskal kultura idatzia herritarren artean hedatze prozesuan parte-hartze zuzena eduki zuena. [27]

XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen lehenengo hamarkadetan, herritarren irakurketa joerak aurreko mendeetako ildotik bazihoazen ere, idazketarako joerak aldatzen hasiak ziren, eta kultura idatziaren ekoizpena zabaltzen eta hedatzen hasia zen pixkanaka-pixkanaka. Ekoizpena kuantitatiboki gainditu zelarik, dibertsifikazio nabarmena gauzatu zen eta apurka formazio erlijiosora zuzenduriko lanek izan zuten nagusitasuna desagertuz joan zen, nahiz eta idatzi zen guztiaren oinarria funtsean katolikoa izan oso.

Orduan hasi zen, euskarazko idazketa literarioa beste idazketa motetatik –erlijiosozkotik, linguistikoetatik– bereizten eta estatutu soziokultural berariazkoa edukitzen. Garai haietan euskal literaturak dimentsio berria eta aurrekoarekiko erabat bestelakoa hartu zuen: erromantikoa, nazionala eta herritarra. Literatur lanen ugaltze eta dibertsifikatzeaz gainera, epealdia, azpimarragarria da nagusiki Hegoaldean sortu ziren, eta nolabaiteko sendotasuna eduki zuten, kultur talde ugariengatik eta, gehienetan haiei lotuta argitaratu ziren aldizkariengatik. Euskarazko aldizkarien benetako “boom”-a, 20ko hamarkada inguruan izan zen, eta 30ekoaren erdialdera arte iraun zuen.

Euskaraz idatzitako prentsari dagokionez, 1919-1937 denbora tartea haustura-garaia izendatua izan da, [28] euskal kazetaritzarako garai berri baten hasiera, euskarazko kazetaritza modernitatean sartu zeneko unea alegia.

1919. urtetik aurrera euskara eguneroko prentsan sartzeko egin zen ahalegin sendoak, euskarak irrati eta komikietan izan zuen sarrerak eta denetariko kazeta-baliabideen erabilerak eraman dute Diaz Noci modernitatean sartutako euskal kazetaritzaz hitz egitera.

1921. urtean kaleratu zelarik, Argia aldizkaria euskarazko kazetagintza modernoaren hastapentzat hartua izan da. Aldizkariaren izaera modernoa aditzera ematen duten ezaugarri ugarien artean azpimarratzekoa da 1927an umeentzako propio sortu zuen gehigarria, Txistu. Euskarazko komikia egiteko lehenengo saiakera.


Aurreko garaia, beraz, Díaz Nocik ezarri 1834-1919 denbora mugen artean kokatzen denez, modernitate aurrekotzat edo euskal prentsaren hastapentzat hartua izan da. Euskal kazetaritzaren lehenengo adibidea 1834ean Donostian argitaratu zen "El Correo del Norte" aldizkari liberalean azaldu ziren euskarazko lehenengo testuetan ikusten du, bertan liberalak azalduko zaizkigularik, nekazariak beren ideietara makurtzearren, euskaraz idatzitako prentsaz arduratu ziren lehenak. Oro har esan daiteke, XIX. mendean zehar areagotuz joan zen polarizazio politikoaren ondorioz piztu zela euskarazko kazetaritza, Ipar zein Hego Euskal Herriko prentsa, almanaka eta kazetez osatutako kazetaritza.


Foruak galdu eta gero, 80ko hamarkadatik aurrera batik bat, euskarazko kazetagintza gailurrera ailegatu zen Hego Euskal Herrian. Sasoi horretatik aurrera, Díazek esango digunez, bi korronte nagusi bereizi ziren, euskara estandarra ulertzeko modu desberdinak zituztenak: Revista Euskara, Euskal Erria edo Euskal Esnalea aldizkari kulturalen inguruan sorturiko korronte foruzale edo euskaltzalea batetik, Azkueren teoriatik gertu, gipuzkerako ereduari jarraitu ziona, eta XX. mendearen lehenengo hamarkadetan sortu zen Argia aldizkarien orrialdeetan finkatuko zena.

Eta, bestetik, Arana Goiri eta bere jarraitzaileak, azpieuskalki batzuen elementuez osaturiko bizkaierazko ereduari heltzen ziotenak, eta irakurlegoaren eskaera eta beharretatik urrundu zen neurrian kazetaritzan beste ereduek baino arrakasta txikiagoa izan zuena. Bien artean, halaber, Euskalerriakoak leudeke, Azkuerekin, foruzaletasunean sortu eta abertzaletasunerantz jo zutenak. [29]

Baserritarra (1904-1911). Kultur berreskurapen testuinguruan euskararen alde jardungo zuten aldizkarien multzoa sortu zen. Aldizkari horietako asko elebidunak ziren, eta beraien orrietan idatzi zuten garaiko euskal intelektualek. Baserritarra eta Gipuzkoako Nekazaritza (1903-1907), bizitza motza eduki arren, azpimarratzekoak dira elite euskaltzalearen aldetik nekazal inguruko herritarrengana hurbiltzeko egin ziren eginahalen adibide esanguratsua izan ziren heinean.


Testuinguru horretan kokatu behar ditugu, aipatu aldizkari kulturalekin batera Revista Internacional de Revista Internacional de Estudios Vascos (1907-1936); prentsa abertzale-jelkidearen artean, adibidez, Bizkaitarra (1893-1895), Baserritarra (1897), Gipuzkoarra (1907-1913), Napartarra (1911-1918), Arabarra (1912- ), Euzkadi (1913- lehenengo kultur aldizkari abertzalea ), eta Euzko Deya (1916-1923, abertzaleen euskara hutsezko lehenengo aldizkari kulturala); Euskalerriakoen prentsaren barruan, Euskalduna (1896-1909), Euskalzale (1897-1899), eta Ibaizabal (1902-1903); jelkide ez izan arren euskara nolabait erabiltzen zuten aldizkarien artean, Adelante (1901- ), La Voz del Trabajo (1901-1934), eta El Kantabriko (1910- ); erlijio aldizkarien artean, Jaungoiko-Zale (1912-1932), Jesus´en Biotza´ren deya (1917-1936), eta Zeruko Argia (1919-1936); nekazaritzari buruzko aldizkarien artean, Gipuzkoako Nekazaritza (1903-1907), eta Baserritarra (1904-1911).


Abertzaletasuna, zentzu orokorrean, eratzeko ezinbestekoa izan zen pentsamolde zabalaren barruan kokatuak zeuden aldizkari horiek guztiak. Tokian tokiko mugak gaindituz, euskal herrialdeen zein, kasu batzuetan, Ameriketako esparrua hartzen zuen irakurlego euskaldun, euskaltzale, euzkotar edo “vascongado”aren artean saiatu ziren beraien mezua zabaltzen, ideologia jarraitzaileak bildu eta elkarren artean lotzen. Probintziaz gaindiko izaera edukitzeak, bestalde, ideologiaren zabalkuntza mailan eragiteaz gain maila linguistikoan ere izan zuen bere garrantzia. Ohar gaitezen lehenengo urte horietan oraindik ez zela euskara baturik ezarri ez eta onartu ere; beraz, hainbat kasutan, euskara gutxi edo gehiago erabiltzen zuten aldizkariek euskalkiak erabiltzera jo behar izan zuten beren mezuaren zabalkundearen mesederako.[30] Zentzu horretan, joera nagusiena aldizkariaren sorlekuari zegokion euskalkian oinarrituriko idazkera erabiltzea izan zen,[31] eta horrek, herrialdeen artean sortu zen aldizkarien mugikortasuna ikusirik, irakurleari zenbait esfortzu gehigarri eskatzen zion, irakurketan gaitze maila landua beharrezkoa izango zitzaion, norberaren euskalkia ez zen beste batean idatziriko testuak irakurri behar izaten zutenen kasuetan bederen. Egoera hau areagotu egingo zen idatzita ematen zen euskalkia irakurlearen ahozko euskalkitik nabarmenki aldentzen zenean, edota erabiltzen ziren euskalkiaren arauak irakurlearen ahozko erreferentzia hurbilenetik (euskalki berekoa izanik) gehiegi urruntzen zireneko egoeretan.

Kultura idatzia areagotuz zihoan neurrian are eta beharrezkoagoa ikusten zen euskara idatziaren inguruko arau batzuen finkapena. Halere, mendearen hasierako hamarkada haietan ez zen kontsensuzko erabakirik hartu. Aitzitik, aldizkarien ereduez adierazi dugun legez, idazle eta euskaltzale-taldeen arabera eredu eta bide bereiziak jorratzeari ekin zitzaion. Mendearen amaiera inguruan finkatu zen euskara baturanzko lehenengo pausua Euskaltzaindiaren sorrera izan zen. Bere aldeko aldarrikapenak 1898tik jada eginak baziren ere, ez zen 1919. urte arte, Eusko-Ikaskuntzaren babespean aukera egokitu zitzaion arte, erakundetu. Eusko Ikaskuntza –Sociedad de Estudios Vascos (1918) [32] izan zen hain zuzen, egin zituen kongresuen bitartez, Espainiako Gerra Zibila heldu bitartean, euskal kulturaren eta hizkuntzaren normalkuntza helburu nagusitzat zuten intelektualak bildu zituen erakundea.

Aurkezpena | 1 >> 2 >> 3 >> ...