Liburu osoa (pdf, 2155kB)
Aurkezpena | >> 2 >> 3 >> 4.
Eskola eta euskararen ikaskuntza

XX. mendean, Estatu frantziarraren eta espainiarraren politikekin bat, herritarren eskolatzea finkatuz joan zen Euskal Herrian. Eta, horrekin batera ere, nahiko ezarria geratu zen herritarren artean irakurri eta idazteko trebetasuna. Trebetasun horiek, bestalde, nagusiki Estatu hizkuntzetan eskuratu izan zituzten herritarrek, gaztelaniaz edo frantsesez. Halere, mende honek ezagutu du, ordura arte ez bezala, eskolaren euskalduntze prozesu itzela, hots, euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren garapen historikoki aurrekaririk gabekoa, eta euskal curriculumaren eraikuntza.

Euskaldunei euskarazko irakaskuntza eskaintzeko lehenengo saiakera pisuzkoak mendearen hasierako hamarkadetan bideratu ziren. Bereziki II. Errepublikako garaian. Hor ezarri ziren gerora, mendearen amaiera aldera, finkatu ziren euskal eskola eta euskal curriculumerako lehenengo oinarri sendoak. Halere, 1936an piztu zen Gerra Zibilak, eta ondorengo hamarkadetan, lehenengo bietan nabarmenen, frankismoak eraman zuen politikak erabat zapuztu zituen, beste proiektu asko legez, euskarazko irakaskuntzarako saiakerak. Euskararen zapalkuntza izan zen Estatu berriaren helburu nagusietariko bat. Euskara espazio eta erabilera publikotik erabat desagerrarazi zuten, etxe-espazio eta esparru pribatuetan ezkutatua geratuz. Euskal kultura isiltasunaren kultura izatera pasa zen.

Frankismo garaiaren azken aldera, ordea, euskararen berreskurapen publikoa abian jarri zen pausoz pauso, klandestinitate egoeran hasiera batean, eta etsi-etsi nolabaiteko onarpen egoeran sartuz ondoren. Isiltasunaren kultura batetik euskal identitatearen ezaugarrien errebindikazio publikora igaro zen, batik bat 60ko hamarkadatik aurrera. Errebindikazio horiek bideratzeko eta ekintzak aurrera eramateko sortu ziren gizarte eta kultur erakunde berriak. Era horretan, publikotasun-mailan euskararen erabilera ezarri eta garatzeko asmotan burutu ziren ekintza eta proposamenen arloan etapa interesgarrienetarikoa izan zen 70eko hamarkada. 80koa, berriz, aurreko hamarkadan zehar bultzatu ziren euskararen aldeko adierazpen sozialak bideratu, arautu, antolatu eta erakundetuz joan zireneko garaia dugu.

Kontutan izan, hizkuntza eta kultura arloetan bideratu zen prozesua etengabeko aldaketan murgildurik zegoen gizartean kokatu behar dugula. Batetik, Nafarroa eta Arabako 60ko hamarkadako garapen industriala, turismoaren proiekzioa Iparraldean, eta migrazio mugimenduak Euskal Herri osoan. Bestetik, Hegoaldea banatuko duten bi lurralde administrazio sorrerak, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa, eta bere garaian frankismoaren aurkako borrokan giltzarri izan ziren eta momentuko egoera politikoan ekintzarako ardatz nagusi bihurtu ziren kultura eta hizkuntzaren berreskurapenaren aldeko mugimenduek, euskararen ahozko zein idatzizko erabileran garapen prozesu ezberdinak bideraraziko dituzte.

Gerra aurretik ikasi eta aritutako maistra izan zen Elbira Zipitria.  Gerraondoren, halaber, bere etxe-eskola ireki zuen Donostian, bertan bederatzi urte bitarteko neska-mutikoei oinarrizko ikasketak euskaraz ematen zitzaizkielarik. Beren etxe-eskolak sortuko zituzten hainbat maistren irakasle eta formatzailea ere izan zen. Irudian Elbiraren gela bati egindako erasoa.


Frankismo garaiko eskola legeek espresuki galarazi zuten euskararen erabilera (1945ko oinarrizko irakaskuntzarako legea, eta 1967ko testua). Legedia leundu zen 1970ko Lege Orokorraren ondoren eta batez ere 1975. urtetik aurrera. Izan ere, 1978ko Konstituzioak Estatu Espainiarraren hizkuntza ofizial bat baino gehiago errekonozitzen zituelarik, Autonomia Estatutuen esku utzi zuen ofizialtasunaren garapena. 1979ko 1.049 Erret Dekretuaren arabera sartu zen euskara irakaskuntza sistemaren barruan. Horren ondoren araubide ugaria sortu da euskararen erabilera normaltzeari begira. [33]

Bien bitartean, gerra aurreko euskal eskolen esperientziaren ildoari nolabaiteko jarraipena emanez, martxan jarri zen, orain klandestinitatean, haur euskaldunei oinarrizko ikaskuntzak (irakurtzen eta idazten ikastea barne) euskaraz egiteko aukera eskainiko zion irakaskuntza modua.

Lehenengo modu murritzean, eta gero pixkanaka zabalduz euskarazko eskolen bi esperientzia sortu ziren: Donostian Elbira Zipitriaren (pdf, 1561kB) inguruan sortu ziren Etxe-eskolak (1946-1969) bata, eta 1960tik aurrera garatzen hasi zen Ikastolen mugimendua bestea.

Donostiako Etxe-eskolak, eskola txikiak ziren (10en bat ikaslez ostuak) andereño titular bakoitzak bere etxean martxan jarri zuena. Euskara mantentzea zen bilatzen zena. Ume euskaldunei zuzenduta zeudelarik, haiei euskaraz ongi irakurtzen eta idazten irakastea zuten helburu, gero gazteleraz egin ahal zezaten. Eskola horietan 9 urte bitarteko haurrei irakasten zitzaien. Gero ingresoa egiten zen, eta gaztelerazko eskola pribatuetan jarraitzen zuten. Honelako esperientzia Donostian bakarrik sortu zen eta gerra aurreko ereduaren jarraipena izan zen nagusiki.

Aldi berean, testuinguru industrializatu eta gizarte urbanora egokituko zen euskal kultura modernizatuaren aldeko oihua gero eta ozenago entzuten hasi zen. Honela, euskaraz alfabetatzearen eta euskaraz eskolatzearen aldeko mugimendua sortzen hasi zen, eta Rikardo Arregi (pdf, 1064kB) izan zen aldarrikapen horien alde ahotsa ozenkien zabaldu zuenetakoa. Egoera klandestinoan, noski. Urte batzuen buruan, etxe-eskola eredua testuinguru soziologiko eta ideologiko berrian txertatu zen, ikastola sortuz. Erabat euskaraz izango zen irakaskuntzaren abiapuntua izan zen, eta lehenengo urteetan zegoen sare eta aukera bakarra. Une haietan artikulatzen hasi zen euskaraz izango zen hezkuntza prozesu orokorra. Ordura arte burutu ziren euskarazko irakaskuntza esperientziak (gerra aurrekoak eta etxe-eskolak) batik bat euskaldunak, euskara ama-hizkuntza zuten haurrei zuzendurikoak izan ziren. 60ko hamarkadan hasiera eman zitzaion ikastolen proiektua haur euskaldun eta erdaldunei begira sortu zen.

Klandestinitate urte batzuen ondoren (1943-1960), hedapen eta legeztatze fasea izan zuen mugimenduak 1960-1976 bitartean, Gipuzkoan eta Bizkaian lortuz garapen handiena. Esan daiteke 1960-1975/78 bitartean eskolatze sare berri baten sorrera gauzatu zela, euskal eskola publikoaren eraikuntzarako derrigorrezko erreferentzia izango zena. Ondorengo urteak normalizazio juridikoa eta berdinketa publikoa eskuratzeko ahaleginen garaia izan ziren, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionean bederen. [34]

Frankismoaren lehenengo etapetan, euskarazko testuak argitaratzeko arazoak medio, haurren irakaskuntzarako erabiltzen ziren testu eta irakurketa liburuak gerra-aurrekoak izan ziren, bai etxe-eskoletan bai lehenengo urteetako ikastoletan. Testurik erabiliena Isaac López-Mendizabal jaunak 1923an idatzi zuen Xabiertxo liburua izan zen.

Lopez-Mendizabal’dar Ixaka. Xabiertxo. Umiei euskeraz irakurtzen erakusteko idaztia. Txikiren edergarriak. Euskalerriaren Aldea 1923’g. urtean saritua. Bigarren argitaldia. 1932 – Tolosa’n: Lopez Mendizabal’enean. Hona liburuaren azala eta barruko orri aukeratuak.



Honela aurkezten zitzaion Xabiertxo irakurleari:
“Emen ageri dan mutiltxo hau Xabiertxo da.
"–Egun on, amatxo. Egun on, aita."
–Egun on, Xabiertxo."
Jekitzerakoan egun onak eman bear dira. Aita eta ama asko maite ditu Xabiertxo’k. Xabiertxo oso ona da. Bere ar´eba Iziartxo’k asko maite du. Seme ona gurasoen poza izaten da. Ume onak ez dira beñere alkar´en artean asar´etzen. Jainkoak ez du nai iñori kalte egiterik. Guztiok anayak gera ta guztiok alkar maite izatea nai du Jainkoak".



Euskal Kultura tradizionalean txertaturiko identitate-ezaugarriekin eman zitzaion hasiera esperientzia berriari. Ondorengo urteetan, aldiz, maila bakoitzari zegokion materiala egokia argitaratuz joan zen, helburu pedagogikoekin sortu ziren Gordailu (1968-1969) eta Iker (1972) bezalako argitaletxe batzuen esku edota argitaletxe arrunten esku. Gauza da, normalizazio prozesuan sarturik jada, irakaskuntza behar berrien arabera material didaktiko berria egokitzen eta argitaratzen joan zela, irakaskuntza-maila bakoitzerako materiala bereiziz, baita irakasgai ezberdinei egokituriko testu modernoak argitaratuz. Ildo honetatik, 1970 eta, batez ere, 1975. urtetik aurrerakoa “boom" baten hasiera izan ziren, ordura arte ezagutu gabekoa. Halaber, euskararen erabilera normaltzeko 10/1982 legea onartu zenetik nabarmenago areagotu zen eskola liburu eta materialen argitalpena, merkatua ziurtatuz.

Aipatu euskararen normalkuntza legea azpimarratu behar dugu, izan ere bera abiapuntutzat harturik hizkuntza politika berri bati hasiera eman baitzitzaion Euskal Autonomia Erkidegoan. Honela, hezkuntza alorreko hizkuntza normalkuntzaren oinarrizko irizpideen artean zera aitortzen zaie ikasleei 15. atalean: “Ikasle guztiei, hezkuntza-maila berezitan, irakaskuntza euskaraz eta gaztelaniaz hartzeko eskubidea aitortzen zaie". Legeak ezarri zuen marko berriaren testuinguruan eskola sistema osoan (ikastoletan, eskola publikoetan eta eskola pribatuetan) hizkuntza mailaren araberako hezkuntza eredua ezarri zen. Hizkuntza-ereduak ezartzen zituen 138/1983 (pdf, 424kB) dekretua onartu zelarik, unibertsitate mailatik kanpo zegoen irakaskuntza maila guztietan hiru eredu nagusi bereizi ziren: A eredua, B eredua eta D eredua. Ez istilurik gabe eta bere planteamendu eta egokitasuna behin eta berriz berraztertua izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza ez-unibertsitario osoa eredu horien arabera antolatuta geratu zen ondorengo urteetarako. Nafarroaren kasuan, 1986ko abenduaren 15ean ezarri zen “Vascuence"aren legeak ekarri zuen hizkuntza eta hezkuntza politikarako marko berria. Lege horrek Nafarroako udalerriak hiru eskualdetan banatu zituen eskualde euskaldun, eskualde misto eta eskualde ez-euskaldunean. Eremuen arabera eginiko bereizketari egokitu beharko zitzaizkion, ondoren, A, B eta D hizkuntza ereduak, 159/1988 Foru-Dekretuak arautu zituenak.

Egokitasunak egokitasun, hezkuntza ereduen planteamendu hauek egin izanak agerian jartzen duena zera da: haur euskaldunen alfabetatze maila egokia eta haur erdaldunen euskalduntzearen garapen nahikoa ahalbideratzearen inguruan euskal gizartean egon den kezka, eta hauek bermatzeko izan duen borondatea. Ikastolen sortze eta garapenak hezkuntza sistema orokorrean euskarazko irakaskuntza sartzea ekarri zuen. Baita, ondorioz, oinarrizko irakaskuntza mailetatik haratago, bigarren mailako irakaskuntzan eta unibertsitate mailako titulazioetan euskara presente egotea. Maila horietarako testu espezializatuak apurka-apurka gauzatuz joango direlarik, ikerketa eta hiztegi teknikoak egiten ziharduten erakundeak (UZEI, Elhuyar etab), eta bereziki euskaraz argitaratzen saiatzen ziren argitaletxeak sortu ziren.

Hala ere, ordea, irakaskuntza eta eskola mailan jorratutako bideak ez dira nahiko izan, ez lehen ez orain, haurrak zein helduak irakurketan eta idazketan euskaraz gaitzeko. XIX. mendean, baita XX.goaren hasieran egin zenaren antzera, frankismo garaiko lehenengo urteetan ere hainbat ekintza burutu ziren euskal esparru osoan, eskolatik kanpo, modu informalean eskola gaztelaniaz jasotzen zuten umeei euskaraz irakurtzen eta idazten irakasteko asmoarekin. Merezi du horietako esperientzia batzuk kontutan hartzea. Adibidez, Umeen Deia (1957-1964)[35] aldizkaria eta bere inguruan antolatutako ekintzak.Felipe Murieta Aitak horrela erabakita, umeentzat eta umeek egindako aldizkaria sortu zen Umeen Deia izenburuarekin Nafarroako Príncipe de Viana erakundearen barruan. Argia ikusi zuten 65 zenbakietan euskaraz idatzitako 1500 lankidetza izan zituen, horietako 885 hamalau urtetik beherako umeek idatziak. Lanak Nafarroa eta Gipuzkoatik heltzen baziren ere, egon bazeuden Araba, Bizkaia, Behe Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoatik, baita Argentina, Canada, Chile eta Venezuelatik bidalitako lanak ere.

Umeek ziotenari erreparatuz gero, ikus dezakegu hauek euskaraz irakurtzen eta idazten ikasten zutela eskolatik kanpo, eta gazteleraz jasotzen zuten alfabetatzearekin batera. Horretarako bide bereziak ei zeuden. Bat dotrinaren bidetik ematen zena: herrietako parrokoen bitartez animatzen zituzten haurrak euskaraz idatz zezaten. Umeek bertan ikasten zuten euskaraz irakurtzen eta idazten, baita euskaraz ipuinak kontatzen. Beste aukera bat 60ko hamarkadako lehenengo urteetan zenbait herritan eskola bukatu ondoren euskaraz irakurtzen eta idazten ikasteko ematen ziren eskola orduena zen. Erabili zen beste akuilu bat eskoletan (publiko zein pribatuetan) lanean ari ziren maisu-maistren bitartekoa zen. Hauek, aurreko mendean erabilitako estrategiei helduz, euskaraz irakasten zieten lehenengo gero gaztelera ikasteko. Bi aldiz ikasten zuten irakurtzen eta idazten, bi hizkuntzetan.

Umeen Deia umeen arteko harremana dinamizatu zuen aldizkaria izan zen. Bere inguruan, batez ere Gipuzkoan eta Nafarroan, azterketak egiten ziren, baita sariak banatu ere. Umeentzako euskarazko irakurketa eta idazketa froga-lehiaketak antolatzen ziren, eta irabazleek saritzat opariak jaso edo txango antolatuak egiten zituzten.

70 hamarkadan umeentzat Bizkaian sortu eta beste gainontzeko herrialdeetan zabaldu zen aldizkaria eta alfabetatze-txapelketa dugu 




kili-kili.

 Eskola gazteleraz izaten zuten haurrentzat, zein euskaraz hartzen zutenentzat formazio osagarria eskaintzen zuen ekintza zen. Bere lan-koadernoetan ezartzen ziren aktibitateen bitartez irakurketa eta idazketa garatzeaz gain euskal kultura lantzeko aukera eskaintzen zitzaion haurrari. Hori guztia lehiaketaren inguruan herriz herri ospatzen ziren festa eta jaien testuinguruan.


Bere jarraipentzat har daitekeen beste aldizkari baten sorrera ere aipatu beharko litzateke, Kili-Kili [36] alegia.

Ikastolen mugimenduaren hedapen garaiarekin batera sortu zen. Bere helburua, aurrekoa legez, haur euskaldunen artean irakurketa eta idazketa euskaraz bultzatzea zen, bai gazteleraz eskolatuak zeudenen artean, baita ikastoletan ikasten zebiltzanen artean ere. Joxe Antonio Retolazaren bultzadaz Bizkaian sortu zen. Haur-aldizkari bezala sortu zena, gerora ere lehiaketa bihurtu zen: “Kili-Kili Sariketa Nagusia", Kili-Kili Lan ta Lan koadernoak eginez.


Hizkuntza eta kultur berreskurapen mugimendua 60ko hamarkadan abian jarri zenetik, euskara irakasteko metodoak ugaritu egin ziren. Helduen alfabetatzea eta euskalduntzea euskararen erabileraren normalkuntzara bideraturiko hizkuntza-politikaren oinarrizko elementuetako bat izan zen.

Sistema honelakoa zen: hamabi lan-koaderno ziren, umeen etxeetara bidaltzen zirenak, bete ondoren atzera itzultzeko baldintzarekin. Ikasturte bakoitzean hiru koaderno egiten ziren, honako ariketa hauek lantzen zirelarik: irakurketa eta idazketa, euskal kulturaren inguruko gaiak, hala nola, geografia, historia, matematika, erlijioa, kantak, marrazkiak, etab. Bere inguruan festak ere antolatzen ziren, herri askotako umeak elkartu zitezen, festa eta jolas giroan euskararekiko zaletasuna zabaltzeko. Ikasturte amaieran txangoak eta opari banaketak izaten ziren. Proiektuak Nafarroan “Príncipe de Viana" erakundearen, Gipuzkoan “Euskara-lagunak"-en, Bizkaian “Euskarazaleak"-en, Araban Foru Diputazioaren eta Iparraldean Seaskaren laguntza jaso zuen, 19.000 ikaslerengana iritsiz 1973an.

Hein berean, ezin ditugu testuinguru honetan aipatu gabe utzi XX. mendearen bigarren erdialdean helduen heziketan burutu ziren ekintzak eta bideratu ziren proiektuak. Izan ere, euskararen berreskurapenaren eta euskal kulturaren modernizazioaren alde egin zen apustuan ezinbestekoa ikusi zen haurtzaroan beren eskola garaian euskaraz irakurtzen eta idazten ikasteko aukerarik izan ez zuten helduengan eragitea, eta haiei ere euskara ikasteko edota euskaraz alfabetatzeko bideak irekitzea. Honela, Ikastolen mugimenduarekin batera, eta antzeko bilakaera pausoekin, 60ko hamarkadaz geroztik helduen heziketaren kontzepzio berri bat sortu zen: Helduen Alfabetatze eta Euskalduntze mugimendua (pdf, 41kB).

Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) lehenik, eta baita ondoren Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze Erakundeak (HABE) ere diseinatu eta programatu zituzten helduei zuzendutako formazio ikastaroak, gaueskolak, euskaltegiak eta barnetegiak antolatuz beti ere helduen populazioaren beharrei egokiturik. Era berean, beren esku egon zen denbora luzez helduentzako egokia izango zen euskalduntze eta alfabetatze materialaren [37] sorkuntza.

Aurkezpena | >> 2 >> 3 >> 4.