Liburu osoa (pdf, 2155kB)
Aurkezpena | 1 >> 2 >> 3 >> ...
Eskola eta erdararen ikaskuntza


Emakumea irakurtzen

Mendeetan zehar gutxi batzuen esku egon dairakurtzen eta idazten ikasteko aukera, baita gaitasun horiek eguneroko bizitzan erabiltzearena ere. Gizarte eta kultura mailako eliteak eta euren seme-alabak izan dira duela gutxi arte idatzi eta irakurri izan dutenak. Halere, azken bi mende hauetan, lehen batzuen esku zegoen ezagutza herri xeheari zabaltzeko egin den saiakera esanguratsua izan da Europan. Garai horretan egin dira era berean, kultura idatzia herritarren artean zabaltzeko, eta herritarrak irakurketan eta idazketan gaitzeko saiakerarik handienak.

Umea idazten

Ondorengo orrietan, irakurle, XIX eta XX. mendeetan zehar irakurtzen eta idazten ikasteko aukeren bilakaera eta euskaraz idatzitakoa irakurtzeko herritarrek izan dituzten moduak zeintzuk izan diren ulertzen lagunduko dizuten gako nagusiak eskainiko dizkizugu. Gurean, XX. mendearen lehenengo hamarkadetan sortzen hasi eta, batez ere, bigarren erdialdetik aurrera garatu izan direnak. Bilakaera horretan irakurketa eta idazketaren ikaskuntza modua erdara ardatz nagusi zuen eskolatik euskararen eta euskarazko irakaskuntza bermatu nahi izan duen eskolarantz doan ibilbidean kokatzen da nagusiki. Erabilerari dagokionez, berriz, irakurtzeko testu gutxi batzuk behin eta berriz irakurtzeko joeratik esku artean ugari edukitzera eta irakurketa azkarragoak egiteko joeretara igaroko gara.

ESKOLA ETA ERDARAREN IKASKUNTZA

Liburuak

Oro har, XX. mendearen erdialdera arte, herritar euskaldunak irakurtzen eta idazten batik bat eskolan eta erdaraz ikasi zuen. Ez dugu esango nor edo nork eskolaz kanpo ikasteko aukerarik izango ez zuenik. Baina herritar gehienentzat eskola izan da irakurtzen eta idazten irakatsi izan dioten lekua. XIX. mendeaz geroztik Frantzia eta Espainiako Estatuek eskolatzeko politika tinko eraman zuten aurrera, besteak beste, eskolen sorrera bultzatuz eta beren antolaketarako estatu-sistema osoa finkatuz.

Bi Estatuen eskolatze politikaren ardatz garrantzitsua, halaber, irakaskuntzan erabili beharreko hizkuntzarena izan zen. Izan ere, Estatuek derrigorrezko ezarri zuten irakaskuntza estatuko hizkuntzan izatea, gazteleraz zein frantsesez, eta buru-belarri ekin zioten araua lurralde eta herri guztietan aplika zedin, bereziki euskal lurraldeetan eta herrietan eraginez. Euskal herrialdeetan, halere, euskararen presentzia nagusia zen, eta honek oztopo eta zailtasun ugari ekarri zien estatuei beren eskolatze politika aurrera eramateko, eta erdal irakaskuntza eraginkorra ezartzeko garaian. Frantziaren kasuan, adibidez, 1833an [1] eginiko inkesta orokor batean garbi ikusten da nolako lana ematen zien ikuskatzaileei eskoletan euskarak zuen presentziak. Irakasleriaren gehiengoa bertakoa baitzen. Frantsesez eta euskaraz idatzitako liburuak debeka zitzaten gomendatzen zitzaien behin eta berriz irakasleei. Ikuskatzaileen ustez, euskararen erabilera hain hedatu eta finkatuta egoteak frantsesez irakurri eta idaztearen ikaskuntza zailtzen zuen

Eginahalak eginda ere, ordea, lortutako emaitzak ez ziren erabatekoak eta, eskoletako araudietan aipatzen zenez, irakasleek maiz euskarara itzuli behar izaten zituzten beren testuak eta azalpenak, ikasleek frantsesez ulertu ahal izateko. Ondorioz, Frantziako Instrukzio Publikorako Ministerioak agindu zuen ahozko zein idatzizko itzulpen ariketak egunero egin zitezen.

Hegoaldean ere antzerako politika eraman zen 1839an baieztatutako Foruen testuinguruan. Estatuak zeraman eskolatze politikaren aurrean Diputazioek beren kexa behin baino gehiagotan azaldu arren, eskolan gazteleraz emaniko irakaskuntzaren nagusitasuna gero eta nabarmenago ezarri zen. Finean ez baitzuten euskal erakundeek erresistentzia handiegirik jarri ezarpenaren aurrean.

Mendean zehar Espainiar Estatuaren eskolatze politikak izan zituen ondorioak ederki ikus daitezke erroldetako datuetan oinarrituz egin dugun beheko grafiko honetan. Bertan irakurtzen eta idazten zekien populazio kopuruaren bilakaera ikus dezakegu.

Alfabetatu-osoen portzentaiak, oro har, lau herrialdeetan, 1860-1930. Iturria: I.N.E., Censos de población.


Erroldak sistematikoki egiten hasi ziren garaia abiapuntu izanik, ikusten dugu, oro har, herritarren erdiak baino dezente gutxiagok zekiela irakurtzen eta idazten 1860an. Herrialdeen artean, bestalde, neurrietan dauden desberdintasunak nabarmenak dira. Guztien artean Araba zen irakurtzen eta idazten zekien herritar kopururik handiena zuena. Gipuzkoa, aldiz, proportzio-neurri baxuena zuena. Halere, XX. mendearen lehenengo herenerako (1930) hegoaldeko euskal herrialdeek portzentaje bertsuan ageri dute irakurtzen eta idazten zekien populazioa, hots, herritarren hiru laurdenaren ingurukoa. Horra hor eskolatzearen arrakasta.[2]

Frantsesaren kasuan bezala, Hegoaldeko eskoletan ere zenbait praktika elebidun bideratu zen gazteleraz irakurri eta idaztearen ikaskuntza errazteko. Hiztegi eta hiztegidun gramatiken erabilera zabaldu zen eskoletan. Helburu horrekin argitaratu zuen 1842an Agustín Pascual Iturriaga (pdf, 861kB) jaunak, kasu, Diálogos vasco-castellanos para las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa liburua. Era berean, Luis de Astigarraga eman zuen bere “Manual vascongado y castellano", eskoletan dohainik banatua izan zena 1840ko Batzar Nagusiek hartutako erabakiaren arabera. Euskara zekitenak hobetzeko, ez zekitenak ikasteko eta gaztelera behar bezala hitz egiteko. Irakurtzen eta idazten ikasteko baliagarria omen zen manuala dugu hau. Euskararen eskutik, alegia, gaztelerari eman nahi zitzaion sarbidea. Hona hemen “Ejercicios de construcción gramatical" atalean azaltzen den hasierako ariketaren “I.- De pronombre y verbos" adibidea, lehenik esaldiak euskaraz eta bakoitzari parean gaztelerazkoa emanez:

Gramatika ariketak

“¿Euscalduna cerade?…………. (erd)
¿Euscaraz badaquizu?…………..
¿Iracurtzen dezu ondo?…………..
¿Escribitzen icasi cenduan?………….
¿Euscalerria ezagutzen dezu?……………
¿Maite dituzu Erligioa fuero eta oitura zarrac?…………
Orduan ecatzu bosteco-ori……………………..
Bioc euscaldun eta adisquideac guerade……………..
Atseguiñ det ortzaz (edo orretzaz)……………..
Icasi degu euscara cerbait…………………..
Oraiñ erderaz jardun bear degu………………..
¿Biyetara sayatuco guerade?…………………
Bay, ongui da, asi zaitez………………………." [3]

Gaztelera eskoletan eta eskoletatik kanpo indar handienaz ezar zedin lan egin zuenetakoa izan zen Juan Maria de Eguren liberala, 1859-1876 bitartean Gipuzkoa eta Arabako irakaskuntza-ikuskatzailea izan zena. Egin zuen Ikuskaritza lanaz gain, [4] aipatzekoak dira estrategia elebiduna defendituz argitara eman zituen lanak: 1867an “Método práctico para enseñar el castellano en las escuelas vascongadas" (Instrukzio Publikorako Kontseiluak eskoletako irakaskuntzarako onartua) delakoa, “Diccionario vasco-castellano" bat eta “Manual de conversación para uso de los que visitan el P.V." Bere asmoa, euskara bakarrik ezagutzen zuten ikasleek gazteleraz zen irakaskuntza ulertzea zen. Helburu nagusia gaztelera irakastea zuen, zeharka euskararen ezagutza hobea eskaintzeko bidea ematen bazuen ere.

Metodo práctico. Enseñar el castellano

Egurenen metodoa Gipuzkoako euskaldunei gaztelera irakasteko 1867an argitaratu zuen metodoa gaztelera ez jakiteak herritarrari sortarazten zizkion arazoak saihesten laguntzera zetorren. Bertan eskoletan gaztelera irakasteko zein prozedura eraman proposatzen zen: irakasleak egunero tarte bat hartu beharko zukeen gaztelera irakasteko, horretarako ikasleak lau talde handitan banatuz, eta talde hauek hamarnakako behar adina taldetan bilduz. Bai hitzak, esaldiak etab. lehenik euskaraz zeuden bezala ikasi behar zituzten eta gero gazteleraz, itzulpen ariketak eginez. Dotrina ere euskaraz galdetzea komenigarria ikusten zuen, ikasleei gazteleraz erantzun araziz. Lehenengo euskaraz, gero gazteleraz. Eta, ondoren, lehenengo gazteleraz eta gero euskaraz esanarazi behar ziren liburuko atal bakoitzeko edukiak. Helburua ez zen izan herritarren artean euskara lantzea, berau gaztelera tinko ezartzeko bide bat baino. (Koldo Mitxelena. Fondo Gordeak: J.U.4178b. Argazkia egilearena.)

Oro har, irakaskuntza estrategia elebiduna erabili izanak gazteleraren ikaskuntza ziurtatzeaz gain beste efektu bat -aintzakotzat hartu beharrekoa oso- sortaraziko zuen gure ustez. Metodo eta manual horiek, irakurketarako gaitasuna –idazketarako baino gehiago-, areagotu zuten ikaslearengan, ama hizkuntzan eta bigarren hizkuntzan (gazteleran) irakurtzen trebatuz.

Argiki irakaskuntza elebidunaren aldarrikapen politikoa karlisten esku zegoen Instrukziorako Juntak egin zuen 1875ean bere Reglamento Provisional de las escuelas de instrucción primaria de la M.N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa [5] onartu zuenean. Araudi horretan oinarrituz, lehenengo euskaraz eta gero gaztelaniaz irakurtzen irakatsi beharra adierazten zuen zirkularra [6] zabaldu zen. Aldi berean, Juntak aginduta, irakurketarako kartila bat argitaratu zen Iracurtzaren asierac edo lenasteac euscalerrico aurrentzat, [7] G. Zalakainek moldatuta, eta eskoletarako testu ofizial gisa jarri zen salgai. Gobernu karlistak hartutako neurri hauek, berez, ez zuten eraginkortasun handiegirik izan, bizi zen guda garaia zela eta. Baina euskararen sustapenerako izan zezaketen interesa adierazten dute, eta bere garaian hain praktika arrotza izango ez zela pentsatzeko bidea ematen digute.

Ondorengo Foruen galerak (1876) eta Kontzertu Ekonomikoen hasierak, bestalde, ondorio politiko, ekonomiko eta kultur mailakoak ekarri zituen. Batetik, euskal nortasunaren berezitasunak aldarrikatzen zituen ideologian kokaturiko kultur berpizkundea ekarri zuen, bere adierazpen politikoan alderdi nazionalista baten sorrera zuena. Bestetik, barne zein kanpo migrazioak sortaraziko zituen ekonomia politika protekzionistan murgilduriko industrializazioaren garapena. Egoera horrek, bere gorabehera politikoekin, Bigarren Errepublika arte iraun zuen

Garai horretan, ikusi dugu, gaztelerazko alfabetatze mailan gorakada nabarmena gertatu zen. Baina, aldi berean, euskal kultura eta politika mugimenduek eskolatze eredu berriak garatzeko gune gisa hartu zuten eskola, euskararen erabileran oinarrituz. Honela sortu ziren lehenengo ikastolak deiturikoak. R.M. de Azkuek (pdf, 773kB) 1886an Bilbon sortutako “Ikastetxea" eta hiri berean urte batzuk geroago sortuko zirenak, nahiz eta irakaskuntzaren euskalduntze osoaren beharra oso argi zuten, ezin izan zuten guztiz lortu eta hauetan euskara, ikasgai soila zen. Euskara eta euskarazko irakaskuntza helburu izanik irakaskuntza estrategia elebidunaz edo irakaskuntza euskara hutsez bideratuko zuten eskola ereduak XX. mendean garatu ziren. Donostian Muñoak 1914. urtean ireki zuen “Koruko Andra Mariaren Ikastetxea"-n aurrekoek zituzten mugak gainditu eta irakaskuntza osoa euskaraz izatera iritsi zen. Bere eskolaren adibidea kenduta, [8] batez ere 20ko hamarkadatik aurrera burutu ziren euskarazko irakurketa-idazketa eta irakaskuntza bultzatu zuten eskolak -ez orain gaztelerazkoaren garapenerako baliabide gisa, baizik eta bere horretan sustatu nahi zen fenomeno gisa-, zela Diputazioak –Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak- bideraturiko auzo eskolen bitartez, [9] zela Euzko Alderdi Jeltzalearen eremu abertzaleko euskaltzaleek eta elkarteek Bigarren Errepublika garaian martxan jarritako euskal eskolen bitartez. [10]

Nekazaritzako irakuŕaldiak. Gipuzkoa-ko Diputazioa. Nekazaritzako Irakuŕaldiak: mendi-aldeko ikastolentzat. Donostia: Diputazioko Irarkolan, 1933. (HPS)


Euskarazko irakaskuntza bultzatu zuten esperientzia haietatik kanpo, aurreko mendean eta garaiko beste eskola arruntetan baimendu zen euskarazko testu bakarra kristau dotrina zen. Oro har, umeen eskuetan gehien jarri zen liburu mota kristau ikasbidea izan zela esan dezakegu. Eta berau irakasteko katixima ugari argitaratu zen. Euskarazko dotrina arruntenak, bai Foruen garaian eta bai hauen galeraren ondorengo lehenengo hamarkadetan euskarazko ekoizpen idatzia urrituz joan zenean ere, Astete aitaren eta Ripaldaren itzulpenak izan ziren, euskalki ugarietara itzuliak izan zirelarik gainera.


Asteteren dotrina Duela gutxi arte euskal literaturan izan den testu eskasiak eta irakaskuntza gazteleraz edo frantsesez egin beharra izateak bihurtu zuten katixima eskoletarako oinarrizko testu. Katiximen erabilera oso zabaldua izan zen Euskal Herri osoan XIX. eta XX. mendeetan. Irakurketaren ikaskuntzarako tresna izango da gainera. (HPS)

Katiximekin batera ipuinak eta silabarioak izan ziren XIX. mendearen inguruan gehien erabili ziren irakaskuntza eta eskola-liburuak. Izan ere, ipuin eta alegiena arrakasta eta entzute handia izan zuen literatura izan zen, gaztetxoei irakasbideren bat agerian jartzera zuzenduak zeudelarik, erlijio testuak baino irakurterrazagoak baitziren. Zabalduak izan ziren oso Samaniegoren alegiak, baita Bizenta Mogelen Ipui onac, ceintzuetan arquituco dituzten euscaldun necazari, ta gazte guciac eracaste ederrac beren vicitza zucentzeco, eta Agustin Pascual Iturriagaren Ipuiak ere.

Foruen galeraren ondorengo kultur susperraldian, silabarioak izan ziren euskarazko testuliburuen aitzindari gisa eskura jarri ziren lehen testuak. Euskaraz irakurtzen eta idazten irakasteko lehen urratsak izan ziren. Karlistek argitara eman zuten kartilaren ezaugarri bertsuekin 1886an argitaratu zen Agakia euskeras irakuŕten ikastekoaizenburua zeraman silabarioa, K. A. Ormaetxeak idatzia [11]. Horren egitura berdintsuarekin ikusi zuen argia S. Arana ren (pdf, 697kB) Umiaren lenengo aizkidia-k 1897an.

Gerora, eta XX. mendearen 20ko hamarkadatik aurrera, euskarazko irakaskuntza bultzatu zuten aipatu eskola esperientziekin batera, euskaraz irakurtzen eta idazten ikasten laguntzeko liburu eta kartilak, irakurketa-liburuak, ipuinak, geografia edota aritmetika irakasteko testuak etab. argitaratu ziren, oraingoan Eusko Ikaskuntzak gauzatutako hizkuntzaren berreskurapen kulturalerako politikaren barruan.

Lutelesti Euskara kultur esparru gehiagotara zabaldu nahiak eta euskarazko irakaskuntzarako euskarriak sortu beharrak eraman zituen mendearen hasierako euskaltzaleak hainbat gairen inguruko liburuak prestatu eta argitaratzera. Geografiazkoari buruzko hau adibide:  Iturriotz, Pirmin. Lutelesti. Iru-Mailetan. Igo maila. Gasteiz: 1932. (HPS)


Honela argitaratu ziren euskara ikasteko gramatikak eta hiztegiak, helduei begira idatziak batik bat, hala nola A. Campionen (pdf, 502kB) Euskal-Izkindea, Aizkibel ta Novia Salcedoren Iztegiyak, J.M. Lertxundiren Euskal-iztiya, M. De Arruzaren Método práctico para aprender el euzkera, B.´tar P-k idatzitako Método fácil para aprender el euzkera, Lopez Mendizabal I.k (pdf, 582kB) egindako Euskeraz eta erderaz itz egiteko esku-liburua, Erdera-euzkera eta Euzkera-erdera iztegia etab. Aritmetika irakasteko I. Lopez Mendizabal-ek idatzitako Ume koxkorrentzat euzkeraz egindako zenbakiztiya edo aritmética, R.M. de Azkueren Erkindea-Geografia (ume txikientzat). Irakurketa liburuetan: R.M. Azkueren Lenengo irakurgaia Bein ta betiko, J.M. Lertxundiren Polli eta Pello, E. Bustinzaren (pdf, 1427kB) Abarrak, edota Vicente de Aizkibelen Ipuin Aberkoyak.

 Umearen laguna  López Mendizabal´dar Ixakak idatzia. Egile berak idatzitako Xabiertxo eta Martin Txilibitu liburuekin batera irakurtzen ikasteko oinarrizko testu-liburua izan zen mende hasierako euskal eskoletan, baita 60ko hamarkadako lehenengo ikastoletan ere. (Bidegileak)


Euskara zein euskarazko irakaskuntzari begira argitaratutako liburu eta kartilen ugaltzea eta zabaltzea nabarmena izan zen mendearen bigarren hamarkadatik aurrera, lehen esan bezala, Eusko Ikaskuntzaren kultur berreskurapen politikaren eraginez argitaratu ziren lanen ildotik. Hor, nabarmen ageri den izena I. Lopez Mendizabalena da, berak eta bere moldiztegiak esparru didaktiko honetan egin zuen lana –Umearen laguna, Xabiertxo, Martin Txilibitu...- erabat esanguratsua izan baitzen ondorengo urteetan garatu zen euskarazko irakaskuntzarako



Aurkezpena | 1 >> 2 >> 3 >> ...