Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Halaxe izan zen OGP Euskadiren 2018-2020 Ekintza Planeko 2. eta 3. Konpromisoei buruzko online Foro Irekia

Foro abierto

egilea: Pegip 2020, 

Uztailaren 21, 22 eta 23an, OGP Euskadiren 2018-2020 Ekintza Planaren 2. eta 3. Konpromisoei buruzko Foro Irekia antolatu zen. Covid19 pandemiak eragindako osasun-egoeraren ondorioz, foroa osatu zuten hiru saioak online egin ziren, Zoom plataformaren bidez.

Hiru egun horietan, herritarren partaidetzaren (3. konpromisoa) arloko berrikuntzarekin zerikusia duten esperientziak partekatzeko aukera izan genuen, eta lehenengo saioan, herritarren partaidetzarako Ilab-eko proiektu pilotuak nahiz 2019ko Elkarlan Sarien irabazleak ezagutu ahal izan genituen. Saio hau bigarren jardunaldiaren atarikoa izan zen, eta bertan, 3. Konpromisoaren Taldeko kideek ezagutzera eman zieten bideokonferentzia bidez parte hartu zutenei nola, zergatik eta noiz abiarazi zen Euskadiko herritarren partaidetzarako berrikuntza-laborategia deritzona. Azkenik, uztailaren 24an egin zen azken saioan, bertatik bertara ezagutu ahal izan genituen euskal administrazioetako datu irekietatik abiatuta sortu diren zenbait zerbitzu berri, baita Euskaditik kanpoko esperientzia batzuk ere, Open Data Euskadiko 2. Konpromisoaren eta Linked Open Dataren inguruko lantaldearen esparruari dagokionez. Parte hartzeari buruz bildutako datuen arabera, 67 pertsona konektatu ziren lehenengo egunean, 52 bigarrenean eta 44 azken egunean.

Topaketa honetan distantziaz parte hartzera behartuta egon garen arren, formatua modu positiboan baloratu du parte-hartzaileen % 70ek, amaierako inkestan jasotako datuen arabera. Inkesta horretan bildutako beste datu batzuen harira, parte-hartzaileen % 80k baino gehiagok interesgarritzat jo ditu aztertutako gaiak eta % 56ri topaketak OGP Euskadi hobeto ezagutzen lagundu dio.

Jarraian laburbildu ditugu saioetan jorratutako gaiak, saioen bideo osoekin batera.

1. saioa: Esperimentatu eta ikasketak partekatzea publikoa eta komuna hobetzen laguntzeko

Eusko Jaurlaritzako Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritu eta Hobetzeko zuzendari Javier Bikandik egindako ongietorriaren ondoren, OGP Euskadiren 3. Konpromisoaren barruan garatzen ari diren lau proiektu pilotuen (Etorkin Rekalde, Thinking Fadura, Herritarren parte-hartze prozesuen potentzial salutogenikoa, eta Parte-hartze bidezko aurrekontu prozesuak) ordezkariek hitz egin eta Elkarlan Sarien aurreko edizioko irabazleak eman zituzten ezagutzera: Ehkolektiboa, Agroekologiaren bidean eta Goian, Gasteizko alde zaharreko hezkuntza-proiektua.

Koldobike Uriarte Eusko Jaurlaritzako berrikuntza publikoko proiektuen arduradunak moderatu zuen agerraldien txanda, galdera honetatik abiatuta: Zer da parte-hartzean berritzea? “Pentsatu eta birpentsatu, asmatu eta berriro asmatu”.

Bilboko Errekalde barrutiko migratuen parte-hartzea areagotzea xede duen Etorkin Rekalde proiektuaren izenean, Beatriz Acha Ugartek prozesuak proiektu bakoitzaren ezaugarrietara egokitzearen garrantzia azpimarratu zuen.

EAEko bost udalerritan zenbait ereduren bitartez lantzen ari diren "parte-hartze bidezko aurrekontuen proiektua"ri dagokionez, Ibane Muniategik berariaz nabarmendu ditu herritarrek prozesu bakoitzaren faseetan duten eginkizuna eta zabalkundearen garrantzia.

María Blanco Egañak osasuna herritarren parte-hartzeari lotutako baliotzat bistaratzeko helburua azpimarratu zuen, “Herritarren parte-hartze prozesuen potentzial salutogenikoa” deritzon proiektuaren barruan.

Azken proiektu pilotuan, Getxoko Fadura ingurua parke publikoa bihurtzearen esperientzia ardatz duen Thinking Fadura izenekoan, Asier Arevalok herritarren parte-hartzeari buruzko prestakuntzaren garrantzia azpimarratu zuen.

Elkarlan Sarietako proiektu irabazleei dagokienez, Ehkolektiboko Leire Rodriguezek kontrol eta ziurtagiri ofizialei egindako alternatiba “herrikoiaren” proposamena nabarmendu zuen, izan ere, bide ofizialak ez ditu islatzen batzuetan produktu ekologikoak lortzeko baldintzak. Goian Kultura eta Kirol Elkarteak Gasteizko alde zaharrean bultzatutako hezkuntza proiektuari dagokionez, Natasha Ruedak elkarte eta taldeen arteko sareko lanaren garrantzia nabarmendu zuen.

Hementxe duzue lehenengo saioaren bideo osoa:

2. saioa: Ilab: parte-hartzean berritzeko ikasketa eta elkar-laguntzarako komunitatea

Foro Irekiak uztailaren 22an antolatutako saioan, Ilab proiektua azaldu eta honen eraldaketa-gaitasunaz hitz egin zuten. Bertan parte hartu zuten Javier Bikandik eta Koldobike Uriartek, Eusko Jaurlaritzaren izenean, eta Gotzon Bernaolak eta Goizalde Atxutegik, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren ordezkari gisa.

Javier Bikandik eskerrak eman zizkion 3. Konpromisoaren taldeari herritarren parte-hartzeari buruzko ilab-ean izandako inplikazioagatik, eta sarrera txiki batean, parte-hartzeari buruzko ikerketa, saiakuntza zein ikaskuntzarako eta sarean berritzeko tresna zehatz eta baliagarrien bilaketarako laborategi bat sortzeak dakarren erronka aztertu zuen.

Bestalde, Koldobike Uriartek egindako deskribapenaren arabera, ilab-a jorratzen hasiak garen bidea bezalakoa da, partaidetzan berritzea, parte hartuz berritzea eta sarean berritzea helburu dituena. Hori guztia, “sistema politiko demokratikoa hobetzeko eta zerbitzu publikoak, araudiak zein plangintza estrategikoa (politikak eta jarduerak, eta ematen diren zerbitzuak) hobetzeko. Besteak beste, Ilab-a arautuko duten printzipioak nabarmendu zituen: irisgarritasuna, irekitasuna, lankidetza, etika, eraginkortasuna, ekitatea, osotasuna, gardentasuna, etab.

Gotzon Bernaola Innobasqueko berrikuntza arloko zuzendaria arduratu zen Ilab proiektua nolakoa izango den eta horren gobernantza nola kudeatuko den azaltzeaz, honako lau puntu hauek nabarmendu zituelarik:

• Gobernu Irekiaren printzipioen arabera
• Espazio elitistak sortu gabe
• Malgutasunez eta bizkortasunez
• Esperimentazioa sustatuz

Azkenik, Goizalde Atxutegi Innobasqueko berrikuntza sozialeko proiektuen arduradunak ezagutzera eman zizkien Foro Irekian parte hartu zutenei ilab-aren proiektuaren fase bakoitzean ikasitakoak, laborategiari buruzko ideiak nola gauzatzen ari diren azaltzeaz gain.

Bigarren saioa hemen ikus daiteke:


3. saioa: Datu irekiak: administrazioek bat egin dute datuak irekitzeko, zerbitzu berriak eskaintzeko eta hauen erabilera gizartean sustatzeko.

OGP Euskadiren Fori Irekiaren hirugarren eta azken saioak Open Data Euskadi eta Linked Open Dataren 2. Konpromisoa izan zuen ardatz.

Saio honetan, gurekin izan ziren Nuria Portillo, Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Gobernu Irekiaren Katedrako zuzendaria; Alberto Ortiz de Zárate, Desidedatum Data Companyko Senior Managerra; Loreto Susperregi, Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektuan duen ordezkaria; Alex Lara, Ejieko teknikaria, eta Pablo Aretxabala, “datuak berrerabiltzen dituen” herritarra.

Aurreko saioetan bezalaxe, Javier Bikandi arduratu zen ekitaldia irekitzeaz. Bikandik testuinguruan kokatu zuen Euskadi Open Government Partnerhship Gobernu Irekirako Aliantzan sartu izana, eta erakundeen arteko lankidetzak datuen irekieran duen garrantzia nabarmendu zuen.

Nuria Portillok zenbait lankidetza-proiekturen errepasoa egin zuen, Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Gobernu Irekiaren Katedratik bideratu dituen datu irekietan oinarrituta, eta garrantzitsutzat jo zuen herritarrak ahalduntzea politika publikoetan parte hartzeko gauza izan daitezen.

Bestalde, Alberto Ortiz de Zaratek OGP Euskadiren 2. Konpromisoari lotutako proiektuko lan-prozesuaren faseak azaldu eta erakunde nahiz herritarren arteko komunitatea sortzeak eskaintzen dituen onurak nabarmendu zituen, batzuen besteengandik ikasteko eta gizarte osoari eskaintzeko moduko zerbitzuak elkarrekin lantzeko.

Loreto Susperregik prozesuaren bigarren faseko datu irekiak aurkeztu eta modu positiboan baloratu zituen elkarlanak baterako irizpideak sortu eta lehentasunak ezartzeko eskaintzen dituen abantailak. Prozesuan aurkitu diren zailtasunak ere aipatu zituen, hala nola, baliabideen eskasia, kostuak edota erakunde bakoitzaren abiapuntua.

Alex Larak 2. Konpromisoaren barruan sortutako proiektutik abiatuta eskaintzen ari diren datu irekien erabilerari buruzko zenbait kasu praktiko batzuk azaldu eta jarduketa-arlo horiek herritarren parte-hartzeaz nola definitu ziren argitu zuen. Honako hauek izan ziren: eremu publikoko ekitaldiak, hirietako ingurumen-kalitatea, mugikortasun iraunkorra, kontu-ematea, eta kirola eta bizimodu osasungarria.

Saio honetako azken hizlariak, Pablo Aretxabalak, “datuak berrerabiltzen dituen herritar” bezala izandako esperientzia partekatu zuen, izan ere, Twitterren bitartez, Covid19aren pandemiari buruzko grafikoak eta datuak zabaldu zituen, han-hemenkako atarietan kosta ahala kosta aurkitutako datuekin landutakoak. Aretxabalak eskaera publikoa egin zuen, datuak eskaintzen dituzten atariek datu horiek berrerabili nahi dituztenentzako atal espezifikoa izan dezaten, informazio zehatzagoa eta lana errazteko moduko laguntza jasoz.

Foro Irekiaren hirugarren saioa hemen ikusi dezakezu:

Saioak Twitterrez ere jarraitu ahal izan ziren #OGPEuskadi traolaren bitartez, eta Foroak iraun zuen egunetan, 38 parte-hartzailek bidalitako 230 txio baino gehiago bildu ziren.

Amaieran, OGP Euskadiko parte-hartzaileei gogoratu zieten Ekintza Plan berria lantzeko ekarpenak jasotzen hasiak direla eta, seguruenik, epe luzeagoa izango duela etorkizuneko erronka berrietan lan egin ahal izateko.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi genizkieke Foro Ireki honetan parte hartu duten hizlariei eta online jarraitu zutenei, OGP Euskadi gertu-gertutik jarraitzera eta www.ogpeuskadi.eus proiektuaren webgunearen bitartez landutako materialetan ikertzera animatuz.

Eskerrik asko!