Hezkuntza Saila

Curriculum anitzeko programak

Curriculum Anitzeko programak (CA) aniztasunari erantzuteko neurriak dira, eta DBHko 3. edo 4. mailan eskolatuta egonda ikasteko edo eskolara egokitzeko zailtasun nabarmenak nahiz ikaskuntza-erritmo desberdinak dituzten ikasleei zuzenduta daude (ez dira hor sartzen ikasteko ahalegin faltaren ondoriozko arazoak dituztenak). Ikasle horiei DBHko gradua titulua lortzen laguntzea dute xede. Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzak urtero proposatuko ditu CA programei buruzko ikastetxe bakoitzeko taldeak. Baliabide hori zehazteko, kontuan hartuko dira ikastetxeko Hezkuntza Konplexutasunaren Indizea (HKI), eremuan dauden CA programen eskaintza, gaur egun programan dauden ikasleak, eta ikasleen gehieneko kopuruari buruzko irizpideak.

Oro har, programa horietarako proposatzen diren ikasleen kopuruak ezin izango du gainditu DBHko 3. eta 4. mailetan matrikulatutako ikasle guztien % 15, eta baimendutako taldeak ezin izango dira bi baino gehiago izan, DBHko 3. eta 4. mailetan matrikulatutako 300 ikasle baino gehiago dituzten ikastetxeetan izan ezik.

Baimenik ez duten eta programa honetarako hautagai diren ikasleak dituzten ikastetxeek, hezkuntza-orientazioko taldeen bidez, programa duten zonako ikastetxeetara joko dute, ikasle hautagaien inklusioa eskatzeko. Era berean, baimena duten ikastetxeek plaza batzuk gorde beharko dituzte beren zonako beste ikastetxe batzuetatik bideratutako ikasleak hartzeko. Irizpide horiek funts publikoekin finantzatutako ikastetxe guztietan aplikatuko dira.