- Gasteizko egoitzak 5.000 metro karratu inguruko azalera izango du, eta lau laborategi, zortzi tailer, azterketa sentsorialerako bi areto eta bi sukaldaritza-tailer izango ditu. Horrez gain, hainbat edari egiteko instalazio pilotu bat eta izaera esperimentaleko drinks bar bat ere izango ditu
- Imanol Pradales: “Garrantzi handiko erabakiak hartzen jarraituko dugu sektoreak bizi dituen zailtasunei aurre egiteko. Horretarako, sektorearen ahotsa Europara eramango dugu, eta euskal NPB indartu eta deszentralizatua eskatuko dugu”
Basque Culinary Centerrek Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin sustatutako EDA Drinks & Wine Campus ardoari eta edariei buruzko erreferentziazko prestakuntza-ekimenak urrats erabakigarria egin du gaur, Gasteizko egoitza eraikitzen hasi baita.
Lehen harria jartzeko ekitaldian parte hartu dute Imanol Pradales Lehendakariak eta Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak, Arabako eta Basque Culinary Centerreko ordezkari instituzionalekin batera. EDA Drinks & Wine Campusen Gasteizko egoitza kokatuko den lursailean egin da ekitaldia. Talentua, bikaintasuna eta eremu akademikoaren eta unibertso likidoaren arteko lotura sustatzeko pentsatutako espazioa da EDA Drinks & Wine Campus. Mugarri hori horma-irudi baten bidez irudikatu da, eta bertaratutakoek beren sinadura utzi dute, zenbait edariren botilekin batera (konbutxa, garagardoa eta sagardoa). Edari horien inguruko prestakuntza eskainiko da bertan, eta etorkizuneko eraikinean ikerketa garatu. Keinu sinboliko horrek sektorearen orainarekiko eta etorkizunarekiko konpromisoa adierazten du.
Imanol Pradales Lehendakariak hitzaldian nabarmendu duenez, “berrikuntza gastronomikoari eta ardogintzari dagokienez Araba eta Euskadi mundu mailako erreferente izaten jarraitzea nahi dugu”. Horrez gain, Pradalesek adierazi duenez, “garrantzi handiko erabakiak hartzen jarraituko dugu sektoreak bizi dituen zailtasunei aurre egiteko. Horretarako, sektorearen ahotsa Europara eramango dugu, eta euskal NPB indartu eta deszentralizatua eskatuko dugu”. Era berean, lehengaiaren garrantzia azpimarratu du: “Funtsezkoa da ezagutza aurreratua izatea, eta hori lantzen duen talentua”. Tokiko produktuak kontsumitzeko deia ere egin du, “Euskadik ere asko egin baitezake”.
Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “EDA Drinks & Wine Campusen Gasteizko eraikineko obrak hastearekin batera, eraikuntza-prozesuaren hasiera amaitzen da, eta urrats hori funtsezkoa da Basque Culinary Centerrentzat eta ardoaren eta edarien sektorearentzat. Proiektu hau nazioartean prestakuntza, ikerketa, berrikuntza eta ekintzailetza gidatzeko asmoarekin sortu da, ezagutza, lurraldea eta enpresa integratuz. EDA, gainera, leku irekia eta dinamikoa izango da biharko erronkei aurrea hartzeko, talentua sustatzeko eta inpaktu ekonomiko, sozial eta kultural positibo bat sortzeko, ikuspegi global eta iraunkor batetik".
Aurrerapen horri esker, EDA Drinks & Wine Campus erreferentziazko ekimen gisa finkatu da prestakuntzaren, ekintzailetzaren eta ikerketaren arloetan, lurraldeari estuki lotuta eta, aldi berean, nazioarteko proiekzio argia izanda. Hala, Gasteizko egoitzak 5.000 metro karratu inguruko azalera izango du, eta lau laborategi, zortzi tailer, azterketa sentsorialerako bi areto eta bi sukaldaritza-tailer izango ditu. Horrez gain, hainbat edari egiteko instalazio pilotu bat eta izaera esperimentaleko drinks bar bat ere izango ditu.
Aldi berean, EDA martxan da dagoeneko, hainbat prestakuntza-programa abian ditu eta ekimen berriak garatzen ari da. Obrak 2027ko udazkenean amaitzea aurreikusten da, eta instalazioek 2027-2028 ikasturtearen hasieran hartuko dituzte lehen ikasleak. Halaber, lehen esan bezala, EDA Drinks & Wine Campusen bi egoitzak aldi berean eraikiko dira.
EDA Drinks & Wine Campus
EDA Drinks & Wine Campus Basque Culinary Centerrek garatutako eta Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatutako ekimena da, eta Gasteizko Udalak ere parte hartu du. Edari eta ardoaren bitartez garapen ekonomiko eta sozial jasangarria sustatzea du xede eta, horretarako, helburu ditu talentua erakartzea, Basque Culinary Centerreko Gastronomia Zientzien Fakultatean unibertsitate-prestakuntza eta master espezializatuak eskaintzea, ekintzailetza eta berrikuntza sustatzea eta sektoreari ezagutza transferitzera bideratutako ikerketa-ildoak garatzea. Hori guztia nazioarteko proiekzioa, ikuspegi integrala eta bikaintasuna oinarri hartuta.
EDA Drinks & Wine Campus proiektua aitzindaria izango da nazioartean, ikuspegi irekia kontuan hartuta. Gasteizko eta Guardiako egoitzen eta Basque Culinary Centerren Donostiako egoitza nagusiaren bidez, ardoaren eta edarien sektorea eraldatzen lagunduko da, nazioarteko berrikuntza-erreferente bilakatuta eta enpresei osagai bereizgarri bat emanda, kontuan hartuta, besteak beste, mahastizaintza eta agronomia, elaborazioa, kudeaketa, merkaturatzea, abegikortasuna eta negozio-diseinuak, hala bikaintasun-, jasangarritasun- eta osasun-printzipioetan oinarrituta, ikuspegi globala izanda eta garapen ekonomiko eta soziala sortuta.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)