Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Koldo Goitia: "Itsas eta portu sektoreak belaunaldi-erreleboa behar du, legeari, operadore, kudeatzaile eta merkataritza globaleko profesionalekin"

Argitalpen-data: 


      22_05_2025_deusto_foro__56_.JPG
  • Itsas eta portu sektoreko gaurkotasuneko gaiei buruzko Deustuko XI. Itsas Foroaren eta Masterraren klausura
  • Nagore Casasek inauguratu du jardunaldia, Javier Larena Beldarrainekin batera
  • «Nazioarteko merkataritza, Europar Batasuneko politika, geopolitika eta finantza-merkatua», Marco Pinedak azaldu duen gaia

Bilbo. 2025 05 22

Koldo Goitia Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien zuzendariak zorionak eman dizkie gaur goizean Deustuko Unibertsitatean, urtebeteko ikasketen ondoren, Itsas eta Portu Enpresen Kudeaketari eta Itsas Zuzenbideari buruzko Unibertsitate Masterra amaitu duten 40 gazteri, eta Deustuko XI. Itsas Foroaren amaierako ekitaldian parte hartu du. “Itsas eta portu sektoreak belaunaldi-erreleboa behar du, legeari, operadore, kudeatzaile eta merkataritza globaleko profesionalekin”, azpimarratu du bere esku-hartzean.

“Ez duzue bide erraza aukeratu, baina bai aukeraz betetakoa. Master hau funtsezko inbertsioa da gure ekonomientzat, merkataritza globalarentzat eta gure gizarteentzat oinarrizkoa den sektorerako. Nazioarteko merkataritzaren % 90 baino gehiago itsasoz mugitzen da, eta hor izango duzue zuen ezagutza, zorroztasuna eta ikuspegi estrategikoa erakusteko aukera, talentu kualifikatuak aldea markatzen duen eremu batean”, adierazi du Koldo Goitiak.

Goitiak aipatu duenez, “Euskadi ez dago erronka global horretatik kanpo; izan ere, portuetan eta logistikan erreferentziazko nodoa izan gaitezke Arku Atlantikoan.  Bilboko eta Pasaiako portuetako gure azpiegiturak erreferenteak dira Europan.  Industria, zerbitzu aurreratuak, digitalizazioa eta jasangarritasuna uztartzen dituen lurraldea ere eskaintzen dugu. Horrek guztiak lurraldearen eta giza baliabideen arloko gaitasunak garatzea eskatzen du: talentua, kudeaketa eta lidergoa”.

Eusko Jaurlaritzako Portuen zuzendariaren ustez, “itsas eta portu sektoreak eraldaketa sakona bizi du: terminalen automatizazioa, adimen artifiziala, izapideen digitalizazioa eta “biki digitalak” portuen kudeaketarako. Etorkizuneko portua datu-plataforma eta komunitate logistiko adimenduna da”.

Koldo Goitiaren ustez lehentasunezkoa da “jasangarritasunarekiko konpromisoa.  Itsas garraioak bere trantsizio energetikoa egin behar du: metanola edo hidrogenoa bezalako erregai alternatiboekin, kaien elektrifikazioarekin, energia-efizientziarekin eta portu garbiagoekin, bere ingurunean integratuago dauden portuekin. Eusko Jaurlaritza euskal portuen ekosistema jasangarri eta berritzaile baten alde ari da buru-belarri lanean”.

Belaunaldi-erreleboa

Goitiak masterra egin duten gazteei esan dienez, “orain ate asko irekiko dira. Itsas eta portu sektoreak belaunaldi-erreleboa behar du: legelari espezializatuak, prestatutako operadoreak, ikuspegi logistikoa duten kudeatzaileak eta merkataritza globalaren konplexutasuna ulertzen duten profesionalak”.

Aukerak enpresa kontsignatarioetan, portu-agintaritzetan, trenbide eta logistikako operadoreetan daude, bai eta administrazioan ere. Bai Euskadin bai Europan. Eta prestakuntza honek horretarako gaitu zaituzte. Eusko Jaurlaritzatik gogoan izan nahi zaituztegu.  Zuen deiak eta irtenbideak proposatzea nahi dugu. Itsas eta portu sektorearen etorkizuna ez da inprobisatzen, ezagutzarekin, lankidetza publiko-pribatuarekin eta helburu partekatuarekin diseinatzen da”.

Masterrean ikasgai hauek ematen dira: Nazioarteko merkataritza eta logistika; Nazioarteko zuzenbidea eta erkidegoen itsas politika; Pleitamenduak; Itsas Ekonomiarako sarrera; Itsas zuzenbiderako sarrera; Kanpoko praktikak; Matxurak, salbamenduak eta abordajeak; Ezagutza teknikoak eta praktikoak; Deontologia; Itsas eta portu enpresen kudeaketa; Itsas arloko ingelesa; Portuak eta itsas eta portu arloko kalitatea; Asegurua eta itsas asegurua; eta Masterraren amaierako lana.

Itsas Administrazioko Eskola

Itsas Administrazioko Eskola 1982an sortu zen Euskadiko itsas sektoreko profesionalen etengabeko prestakuntza sustatzeko helburuarekin. Eusko Jaurlaritzaren eta Deustuko Unibertsitatearen arteko lankidetzari esker, 2000. urtean ezarri zen ofizialki Masterra, eta bi erakundeek hitzarmen bat sinatu zuten, 2015ean berretsi zena. Gaur egun Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien Zuzendaritzaren bidez, urtean 75.000 euroko diru-laguntza ematen dio programari.

Master hori urtean 40 ikaslek egiten dute, eta, orokorrean, arlo desberdinetatik iristen dira: Zuzenbideko, Ekonomiako eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako graduetatik, bai eta Nautika eta Itsas Garraioko gradutik ere. Itsas sektoreko profesionalek ere jarraitzen dute, etengabe eguneratuta egoteko.

“Masterraren helburua profesionalak prestatzea da, beren karrera profesionala portuen esparruan, itsas sektoreko enpresetan, garatzeko. Horretarako, Masterrarekin lankidetzan aritzen dira garraio-kudeatzaileak eta enpresa kontsignatarioak, bai eta ikasleek praktika profesionalak egiten dituzten ontzi-konpainiak ere. Ikasleek diziplina anitzeko prestakuntza jasotzen dute. Adibidez, esportazio-sailetan lan egiteko prestatzen dira, nazioarteko garraio-enpresetan, zamalanetako enpresetan, enpresa kontsignatarioetan, itsas garraioko agentzietan edo ontzi-konpainietako pleitamendu sailetan”, zehaztu du Koldo Goitiak.

Nazioarteko esperientzia

Masterrean zehar ikasleek nazioarteko itsas erakunde nagusiak bisitatzen dituzte Londresen, hala nola Lloyd’s Register of Shipping, International Maritime organization (IMO) etab. Masterra egin ondoren, enplegu-indizea handia da, % 95etik gorakoa, euskal itsas sektorean dagoen langile kualifikatuen eskaera handia dela eta.

Nagore Casas Ikasketen Antolamenduko, Irakasleentzako eta Erakunde Harremanetarako dekanordeak inauguratu du jardunaldia Javier Larena Beldarrain Itsas eta Portu Enpresen Kudeaketako eta Itsas Zuzenbideko Masterraren zuzendariarekin batera. Sidenor Aceros Especiales enpresako zuzendari nagusi korporatiboa, Mirai Investments-eko zuzendari nagusia eta Kutxabankeko kontseilukidea den Marco Pinedak «Nazioarteko merkataritza, Europar Batasuneko politika, geopolitika eta finantza-merkatua» gaia azaldu du.

Jardunaldian Euskadiko Propeller Club-Port of Bilbao saria eman zaio 2024-2025 ikasturteko ikasketa espediente onenari. Mahai-inguru batean “MV Slong-en eta MV Stena-ren arteko gertakaria aztertu da Euskadiko Propeller Klubeko Junior Batzordearekin, Sedgwick-eko Jokin Izagirrerekin, Ellerman ontzi-enpresako Isabel Gutiérrez Olaizolarekin, Kuehne Nageleko Ainara Castrillórekin eta Mapfreko Carlos Gómezekin. Eztabaidaren moderatzailea Aiyon Abogados bulegoko Irantzu Sedano izan da.

Marta Escribanok, Salmon Mundi Advisors EAF erakundeko bazkidea eta inbertsioetako aholkularia denak «Lehengaien merkatua argitzen» gaiaz hitz egin du.  Koldobika Goitia Eusko Jaurlaritzako Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien zuzendariak eta Javier Larena Itsas eta Portu Enpresen Kudeaketa eta Itsas Zuzenbidea Masterraren zuzendariak eman diote amaiera ekitaldiari.

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)