- Koldo Goitia: “Marinak administrazio autonomikoaren ahalmenen, portuetako testuinguru sozialaren, erabiltzaileen profilen eta sustatu nahi den gizarte eta aisialdiko nautika ereduaren arabera kudeatu behar dira”.
- Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas gaien zuzendariak euskal eredua azaldu du, profesionalizazioan, etengabeko prestakuntzan eta kostuen eta jasangarritasunaren analisian oinarritutako ikuspegi estrategikoarekin
Santa Cruz Tenerifekoa, 2025 05 08
Koldo Goitia Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien zuzendariak gaur Santa Cruz Tenerifekoan, “Ekoportua eta berrikuntza teknologikoa marinetan” izenburupean, egiten ari den Lehenengo Foro Urdinean adierazi duenez, “marinen emakidaren edo kudeaketa zuzenaren arteko aukeraketa egin behar da administrazio autonomikoaren ahalmenen, portuen testuinguru sozial eta ekonomikoaren, erabiltzaileen profilaren eta sustatu nahi den gizarte eta aisialdiko nautika ereduaren arabera”.
“Euskal ereduak, autosufizientzian, profesionalizazioan, etengabeko prestakuntzan eta kostuen analisian oinarritutako ikuspegi estrategikoarekin, erakusten du kudeaketa zuzena modernoa, eraginkorra eta jasangarria izan daitekeela, betiere kudeaketa-tresna aurreratuetan eta zerbitzu publikoa emateko bokazioa argian oinarritzen bada”, adierazi du Goitiak. Kirol-nautikarako portu eta instalazioak edo “marinak” kudeatzeko esperientziak trukatzeko antolatu den ekitaldiaren barruan Uharteko kabildoak gonbidatuta, Goitiak “Emakida eta kudeaketa zuzena autonomia-erkidegoetan: alde onak eta txarrak” gaiari buruzko mahai-inguruan esku hartu.
“Ezagunak dira gure itsas tradizioa eta mendeetan zehar euskal herriak itsasoarekin izan duen harreman estua”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Portuen zuzendariak. “Horrek ardatz ekonomiko eta sozial gisa jarraitu behar du itsasertzeko gure herrien garapenean, arrantzaren eta merkataritzaren sektoreen bultzadak lagunduta eta aisialdiko jarduera nautikoaren hazkundearekin eta horren eragin ekonomiko positiboarekin lotuta”.
Euskal eredua
Koldo Goitiak azaldu du Euskadik autonomia-erkidegoaren titulartasuneko 15 portu dituela, interes orokorreko Bilboko eta Pasaiako portuez gainera: Bizkaian 8 portu, Plentzia, Armintza, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Ea, Lekeitio eta Ondarroa; eta Gipuzkoan 7 portu, Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutriku. Aisialdiko nautikako portuak dituzten udalerriak Armintza, Mundaka, Elantxobe, Ea, Zumaia eta Deba dira; mistoak –arrantza eta aisialdiko nautika– dituztenak Ondarroa, Lekeitio, Plentzia, Hondarribia, Donostia, Orio eta Getaria. Eta arrantzako, aisialdiko nautikako eta merkataritzako portua Bermeo da.
“Sinposio honetan jorratzen ari garen gaia funtsezkoa da portu-politika autonomikoan”, azpimarratu du Goitiak. “Autonomia-erkidegoek kudeatutako portuetan operadore pribatuei ematea edo zuzenean kudeatzea erabakitzeak inplikazio ugari ditu bai eraginkortasun ekonomikoan, bai kontrol publikoan, jasangarritasunean eta herritarrei zerbitzua ematean. Eta, bereziki, bultzatu nahi den aisialdiko nautika-ereduan”.
Inaugurazioko hitzaldiaren gaia Ekoportuak eta Berrikuntza Kanarietako Portuetan izan da eta hizlaria Pablo Rodríguez Valido Kanarietako Gobernuko Herri Lan, Etxebizitza eta Mugikortasuneko kontseilaria. Aurkezpen-lanak Santiago Ara Kanarietako Kirol Portuen Elkartearen presidenteak egin ditu.
“Emakida eta kudeaketa zuzena autonomia-erkidegoetan: alde onak eta txarrak” gaiari buruzko eztabaidaren moderatzailea Rafael Lasso Kirol Portuko kontseilari delegatua izan da, eta hizlariak, berriz, Pablo Marín Murtziako Itsasertzaren eta Portuen zuzendari nagusia, Ignacio Alvares-Ossorio Andaluziako Portuen Agentzia Publikoaren zuzendari nagusia, Marc García Valentziako Generalitateko Kostalde, Portu eta Itsas Gaien zuzendaria, Koldo Goitia eta Jose Moreno Kanarietako Portuen zuzendari kudeatzailea.
“Portuetako organismo publiko autonomikoak: kudeaketaren erronkak” gaiari buruzko hizlariak izan dira Esther Roca Isart Kataluniako Generalitateko Portuetako zuzendari nagusia, José Antonio Álvarez Galiziako Portuetako presidentea, Antoni Mercant Balearretako Gobernuko Portu eta Itsas Garraioaren zuzendari nagusia eta Edurne Egaña.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)