Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Gastro Haziak, ikasleak gastronomia jasangarriaren garrantziaz sentsibilizatzeko lehiaketa, hiru talde irabazleak saritzen ditu

Argitalpen-data: 


      Gastro_Haziak_1.jpg

• Ekainaren 11tik 14ra bitartean, ondoen sailkatutako 3 taldeek Gasteizko Abastos Merkatua bisitatuko dute Euskadiko ekoizleekin, eta menu bat egingo dute Bode jatetxeko Asier Moreira sukaldariaren begiradapean.

HAZIk eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatutako Gastro Haziak lehiaketaren lehen edizioan parte hartzeari ekin zioten aurtengo otsailean Euskadiko 6 ikastetxetako 274 ikaslek osatutako 12 ikasle taldek. Hala, hilabete hauetan gastrohaziak.hazi.eus web plataforman planteatu zaizkien hainbat erronka landu dituzte, hala nola elikagaien jatorria edo tokiko produktuen kontsumoak dituen onurak, Euskadiko baserritar eta arrantzaleen lanari balioa emanez.

Ekainaren 11tik 14ra bitartean, lehiaketan ondoen sailkatutako hiru taldeak Gasteizen "Gastro Haziak Esperientzia" delakoaz gozatzen ari dira. Azken sari hau Eusko Label ziurtatutako kalitatezko elikagaien ekoizle batekin batera Abastos Merkatura bisita bat egitean eta Bode jatetxeko Asier Moreira sukaldariak gainbegiratutako menu gastronomiko bat egitean datza.

Lehiaketaren lehen edizio honetan, postu onenak lortu dituzten taldeak Bilboko Iruarteta Eskolako bi ikasturteko eta Leioako Mercedarias ikastetxeko bat izan dira. Talde horiek, proiektuan parte hartu duten gainerakoek bezala, jakin dute gure landa-ingurunearen errealitatera hurbiltzen, nekazaritzako elikagaien jasangarritasunaren balioetara eta tokiko produktuak kontuan hartzearen garrantzira.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz "Gastro Haziak" esperientzian parte hartu duen lehen taldearekin izan da gaur goizean, eta egindako lanagatik zorionak eman dizkie ikasleei. Orozek eskerrak eman dizkie ikasleei eta irakasleei horrelako ekimenetan parte hartzeagatik. Ekimen horiek Euskadiko elikadura-katera hurbiltzen dituzte gazteenak, gure nekazaritzan arreta berezia jarriz, eta Euskadin ekoizten diren kalitatezko elikagaiak dietan sartzen irakasten diete.

Lehen jardunaldi honetan, Garazi Magunagoitia Euskal Baserriko Oilaskoaren (Lumagorri) ekoizlea arduratu da finalistei azokara laguntzeaz eta hurbileko elikagaiei buruz aholkatzeaz. Ondoren, aukeratutako osagaiekin, Leioako Mercedarias ikastetxeko ikasleek beren bazkaria prestatu dute.

Gastro Haziak lehiaketak Euskadiko Lehen Hezkuntzako ikastetxeei deialdia egingo die berriro, bosgarren eta seigarren mailako ikasleek hurrengo ikasturtean parte har dezaten.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)