Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Abian da 2024an behiki-okelaren kontsumoa sustatzeko "BONOKELA" bono kanpaña

Argitalpen-data: 


      20240126-TAPIA-EMBA-06.jpg
  • HAZIk 'Bonokela' jarri du abian, 2 milioi euroko kanpaina, kalitate ziurtatuko behiki-haragia modu arduratsuan kontsumitzea sustatzeko
  • Kontsumitzaileek 5€-ko deskontu zuzena duten bonuak lortuko dituzte 15€-ko erosketa bakoitzeko, kanpainara atxikitako harategietan. Horrela, Eusko Label behiki-haragia modu kontzientean aukeratzea sustatuko da
  • 11 milioi euro baino gehiago bideratu dira azken bi urteetan Euskadi haragitarako behi-sektorearentzako laguntzetara, sargaien prezioen igoeren eta inflazioaren igoeraren aurrean sektoreak dituen zailtasunak arintzeko

Ukrainako gerraren ondorioz elikaduraren balio-kateko zenbait jarduera ekonomikotan eragin handia izan du lehengaien prezioen igoerak. Pentsuekiko, olioarekiko, ontziekiko, enbalajeekiko eta abarrekiko mendekotasun handiena duten sektoreen produkzio-kostuak nabarmen igo dira. Era berean, energiaren eta erregaien prezioen igoerak ere eragin handia izan du energiaren erabileran intentsitate handiko jardueretan. Egoera konplexua da, bai kostuen aldetik, bai hornikuntzari dagokionez ere.

Gehien kaltetutako sektoreetako bat haragitarako behi sektorea izan da; alde batetik, krisiak ekoizpen-gastuak handitzea ekarri du, eta, bestetik, kontsumo-joerek ere ez diote mesederik egiten sektoreari. Horrekin guztiarekin, Eusko Jaurlaritzak, HAZIren bitartez, "Bonokela" ekimena jarri du abian, herritarren artean behiki-okelaren kontsumoa sustatzeko kanpaina berri eta estrategikoa.

Laguntza-neurri gisa programa hau garatzeko zuzkidura ekonomikoa 2 milioi eurokoa da. Zenbateko horri azken bi urteetako zailtasunak arintzeko haragitarako behi-sektoreari bideratutako 11 milioi euro baino gehiago gehitu behar zaizkio.

‘Bonokela’: 15€-ko erosketa bakoitzeko 5€-ko deskontu zuzena duten bonuak

Kanpaina honetan parte hartzen duten herritarrek ‘Bonokela’ izeneko deskontu bonu esklusiboak eskuratzeko aukera izango dute. Bonu horiek harategi parte-hartzaileetan banatuko dira, eta Eusko Label bereizgarriarekin identifikatutako behiki-haragia erostean egiten duten 15€-ko erosketa bakoitzeko kontsumitzaileek 10€ bakarrik ordaintzea ahalbidetuko dute; alegia, 5€-ko deskontu zuzena izango dute.

Kanpaina ekimanari atxikitako Eusko Label harategietan egongo da eskuragarri, baita kanpaina honi atxikitako Eroski, Uvesco Taldea, Carrefour, Alcampo, El Corte Inglés eta Supercor etxeetako erakunde kolaboratzaile harategietan ere.

Kanpaina hilean astebetez egingo da, urtarriletik ekainera. Lehen deskontu-bonuen kanpaina astelehen honetan abiatuko da, urtarrilaren 29tik otsailaren 3ra, biak barne, edo izakinak amaitu arte.

Kontsumitzaileek zuzenean beren ohiko harategietan erosketak egitean eskuratu ahal izango dituzte deskontu-bonuak, kanpaina martxan dagoen aste espezifikoetan. Eusko Labeldun behiki-okela erostean automatikoki aplikatuko zaie deskontua. Parte hartzeko, erabiltzaileek formulario erraz bat bete beharko dute bonu fisikoetan beren datu pertsonalekin, edo afiliatuen txartel komertzialak erabili beharko dituzte, horrelako txartelak dituzten establezimendu laguntzaileen kasuan.

Harategi parte-hartzaileen identifikazioa errazte aldera, hazi.eus/bonokela web orria argitaratu da; bertan, kontsumitzaileek ekimenari atxikitako establezimenduen zerrenda osoa kontsultatu ahal izango dute.

Ekimen horien guztien helburua da bertako behiki okelaren kontsumoa sustatzea, kontsumitzaileari erraztasunak emanez abeltzantza eredu jasangarri eta kalitatezkoaren alde eginez.

Eusko Labela duen okela

Eusko Labela (Euskal Okela eta Baserriko Haragia) duen abelgorri okelak Eusko Labela ikurra du eta Arautegi Teknikoan jatorriari, osasunari eta kalitateari dagokionez ezarritako baldintza guztiak betetzen ditu.

Euskadiko baserrietan kontu handienaz hazitako animalien okela da. Haiek bizitza osoan zehar kontrolatu ondoren, baimendutako Euskadiko hiltegietan hautatzen dira duten kalitatearengatik.

Animalien elikadura bazka naturalean oinarritzen da eta HAZIk berariaz baimendutako pentsuekin osatzen da (Baimendutako Pentsu Komertzialak).

Euskal Okela, Eusko Labela duen abelgorri okela izateaz gain, Adierazpen Geografiko Babestu bat (AGB) ere bada; hau da, jatorri geografikoarekin zerikusia duten ezaugarriengatik kalitate bereziko produktuak babesten dituen Europako zigilu bat.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)