Ogasun eta Finantza Saila

Donostia Zinemaldiak, Euskadiko Orkestrak eta SGAE Fundazioak "Kontzertua & Proiekzioa" eskainiko dute larunbat arratsaldean, irailak 21

  • Donostia Zinemaldiak, Euskadiko Orkestrak eta SGAE Fundazioak

Zinemaldiaren baitan Euskadiko Orkestrak eskainiko duen zine-musikako kontzertua aurkezten dute Euskadiko Orkestrak, SGAE Fundazioak eta Donostia Zinemaldiak. Zinemaldiko lehen larunbatean irekiko da Belodromoa musikazale, zinemazale eta, oro har, ikusleentzat, soinu-banden joaldi sinfonikoa eta horien pelikula-eszenen muntaketa uztartzen dituen ikuskizunerako

Begi-belarriak plazerez goxatu ahal izango dira ordu eta laurdenez, larunbatean, irailak 21, lehendabizikoz arratsaldez, 18:00etan. Sarrera doakoa izango da

Musika-kontzertua klasiko bihurtu da dagoeneko Donostia Zinemaldian; sendotuta dago Belodromoko proposamenen artean, eta Zinemaldiko eszenatoki gogokoena da dudarik gabe, 3.000 plazako edukieraz. Aurtengoan Juan Jose Ocon donostiarra izango da orkestra zuzentzearen arduraduna zine eta soinu-banden elkartze jendetsu honetan.

Aurtengo Kontzertua & Proiekzioa hamar filmetarako musikaren egokitzapenez osatzen da. Oraingo honetan hautatutako musikagile eta filmak honakook dira: Alfonso de Vilallongaren La librería, Joseba Beristainen Kantauri, Antón García Abrilen El hombre y la tierra, Xavier Fonten Soy Nevenka, Alicia Moroteren Emilia, Manel Gil-Ingladaren D´Ortagnan eta hiru mosketxakurrak eta Paula Olazek lau film barne hartzen dituen Suitea eskainiko digu (Alguien que cuide de míVerano en rojoCalladita eta Bajo terapia).

Kontzertu berri honetarako, Euskadiko Orkestrak Ainara Ortegaren ahotsa izango du agertokian, La librería eta Kantaurin parte hartuko duena; Andra Mari Abesbatzarena Kantaurin, Paula Olazen Suitean eta D'Ortagnan eta hiru mosketxakurraken, eta Cibran Seixo biolinista izango du gonbidatu Soy Nevenkan.

Joan den urteetan bezala, kontzertuan ikusizko elementu bat gehituko da: musika pelikuletako eszena-muntaketa baten proiekzioarekin uztartuko da 400 m2-ko pantailan, eta muntaketa hori Morgancrea taldeak sortu du kontzertu honetarako espresuki. Gainera, musikagileetako batzuk kontzertura bertaratuko dira Belodromoko oholtzan beren lana aurkeztera.

Sarrera doakoa da eta nahikoa duzu gonbita irailaren 14tik 20ra Donostia Zinemaldiaren Kursaaleko informazio-puntuan jasotzea, 9:00etatik 20:00etara, edo Donostia Turismoren bulegoan, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 20:00etara, eta igandean, 10:00etatik 19:00etara. Azken sarrerak Belodromoko leihatiletan eskuratu ahal izango dira goizeko 10:00etatik aurrera.

Jarraitu irakurtzen


  • DataIrailak 12
  • Gaia Ikus-entzunezkoa