Ogasun eta Finantza Saila

Eusko Jaurlaritzak eta Generalitateak Next Generation funts europarren gobernantza-eredua aztertu dute

Egindako bileran, ordezkaritzek babesa eman diete eskualdeetako PERTESei

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak bilera instituzionala egin du Natàlia Mas Guix Kataluniako Generalitateko Ekonomia eta Ogasun kontseilariarekin, Next Generation funts europarren gobernantza-eredua elkarrekin aztertzeko.

Bertan, sailburuarekin batera, ordezkaritza bat egon da, buru hauekin: Iñaki Barredo, Europako Ekonomia eta Funtsetako sailburuordea; Yurdana Burgoa, Kabinete eta Koordinazioko zuzendaria; Juan Alberdi, Kohesio Politikako eta Europako Funtsetako zuzendaria, eta Francisco Javier Arnáez, EIFko zuzendari nagusia. Natalia Más kontseilariarekin batera zegoen Kataluniako ordezkaritza Miquel Puig Ekonomia Gaietarako eta Europako Funtsetarako idazkariak eta Laia Pérez Kabineteko buruak osatzen zuten.

Bi ordezkaritzek hobekuntza-puntuak identifikatu eta estrategia bateratuak ezarri dituzte, MRRren funtsak errazago eta burokrazia gutxiagorekin irits daitezen produkzio-sarera, proiektu eraldatzaileetarako eta lehiakortasuna hobetzeko proiektuetarako. Ildo horretan, Ekonomiako sailburuak honako hau adierazi du: "Etekina atera behar diogu autonomia-erkidegoetako gobernuek duten ekoizpen-sarea kudeatzeko eta ezagutzeko ahalmenari, eta Europako funtsek eskualde-mailan duten eragin makroekonomikoa elkarrekin aztertu behar dugu, egindako azterketak eta analisiak partekatuz, bai eta inpaktu-ereduak ere".

Topaketa horretan, Azpiazuk eta Mas Guixek estrategiak trukatu dituzte PRTRren Eranskinaren maileguak hedatzeko. Horren ondorioz, autonomia-erkidegoen Erresilientziarako Funts Autonomikoa autonomia-erkidegoen eskura jarriko da, eremu estrategikoetan proiektu publikoak eta pribatuak bultzatzeko. Egindako proposamenen artean, azpimarratzekoa da MRRren dirulaguntzak jaso dituzten erakundeek ez dituztela izapide burokratiko guztiak berregin beharko MRRren maileguak lortzeko, behin barneratzea Bruselan onartu ondoren.

Ekonomia eta Ogasun kontseilariak nabarmendu duenez, "Gobernu Zentralak Next Generation Europako funtsen lurralde-banaketarako diseinatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana (PRTR) ez da Kataluniako enpresa-sarearen proiektuei eta beharrei behar bezalako estaldura ematen ari. Bestalde, Gobernu zentralak lurralde-administrazioei PRTR deialdien diseinuan modu eraginkorrean parte hartzen utzi ez izana deitoratu du. "Funtsen gobernantzan gehiegi zentralizatzeak desoreka larriak eragin ditu deialdien diseinuaren eta Kataluniako errealitate industrialaren artean", adierazi du.

Ondoren, Azpiazuk eta Masek bigarren bilera bat izan dute Francisco Javier Arnáez Finantzen Euskal Institutuko (IVF) zuzendari nagusiarekin eta Vanessa Servera Kataluniako Finantzen Institutuko kontseilari ordezkariarekin, bi erakundeek Euskadiko eta Kataluniako enpresen eskura jartzen dituzten finantzaketa-tresnei buruzko informazioa partekatzeko.

Finkatuz funtsaren baldintzak eta funtzionamendua bateratzea zen bisitaren helburuetako bat, Finantzen Euskal Institutuaren arabera. Funts hori Eusko Jaurlaritzak sortu du, Euskal Autonomia Erkidegoan enpresa handiak ezartzea sustatzeko, kapitalean parte hartuz. Gaur arte, 104 milioi euro inguru bideratu dira hiru enpresatan partaidetzak erosteko: ITP Aero (motor eta osagai aeronautikoen enpresa), Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (mugikortasun iraunkorreko sistema integralak garatzen ditu) eta Kaiku (esnekiak egiten eta merkaturatzen dituen enpresa).