Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 2022 uztako sagardoak aurkeztu ditu Chillida Leku Museoan

Argitalpen-data: 


      Euskal_Sagardoa__3_.jpeg

Euskal Sagardoa jatorri-deiturak 2022ko uztako sagardoa aurkeztu du gaur, ekainak 14, Hernaniko Chillida Leku museoan. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 50 sagardotegiek 80 produktu desberdin aurkeztu dituzte.

Aurkezpenean Raul Pérez Iratxeta Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, Daniel Solana Basquetourreko zuzendariak, Oihana Gaincerain Euskal Sagardoaren presidenteak, Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri-deituraren koordinatzaile, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako ordezkariek eta Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako Sagardo Ekoizle eta Ekoizleen Elkarteek parte hartu dute.

Euskal Sagardoa osatzen duten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 50 sagardogileen 80 sagardo aurkeztu dira, 250 sagargileren sagarrekin eginak. Uzta txikia izan da kopuruz 2022koa, baina izaera eta kalitate onekoa. Guztira, 2 milioi kilo bildu dira eta 1,2 milioi litro Euskal Sagardo egin ahal izan dira. Orokorrean izera eta gorputz handiko sagardoak dira eta lurrintsua.

Baina sagardotegi eta sagardo bakoitzak ditu bere berezitasunak. Bide horretan, gauza bereziak merkaturatzen ari dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardogileak azken urtetan: lursail jakineko sagardoak, sagar mota jakinekoak, kriantzakoak, egurrean paseak eta abar.

Jatorri-deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua dela nabarmendu dute sustatzaileek. Erakunde publikoek eta sagar eta sagardo sektoreak elkarlanean osatzen dute Kontseilu Arautzailea eta etorkizunerako apustua. Euskal Sagardoa zigilua daramaten sagardoek bi ezaugarri nagusi dituzte: %100 bertako sagarrarekin eginak dira eta kalitate-bermea dute. Baina hirugarren ezaugarri bat ere badute, dibertsifikaziorako aukera zabaltzen ari direla.

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura 2016an sortu zen, eta geroztik ibilbide luzea egin du, bai sagastietan eta baita prouduktuaren kalitatean ere, eta nola ez bere komertzializazioan.

Jatorri Deitura sagastitik ari da lanean, sagarra baita Euskal Sagardoaren kalitatean honen lehen ardatza. Uzten arteko oreka lortzea eta sagarraren kalitatea lantzen jarraitzea dira aurrera begirako bi helburu nagusiak. Bakanketak, interpolinizazioa, eta lurraren lanketa dira lanketa horretarako hiru zutabe nagusiak.

2023 sagardotegi denboraldia

Aurreko urtearekin alderatuta, orokorrean jende gehiago ibili da 2023ko txotx denboraldian, Covid19 neurrien eraginez nagusiki, indarrean izan baitziren 2022ko otsaila erdira arte.

2021arekin alderatuta, sagardogileek lanerako aukera gehiago izan dute eta bataz beste % 20 handitu dira sagardotegien erreserbak irteera, dastatze eta bisita gidatuei dagokienean. Nabarmentzekoa da garai honetan bisitek eta dastatze gidatuek izan duten eskari kopurua. Bezeroen kontsumo ohiturei dagokienean, azpimarratzekoa da joera aldaketa: eguerdiko zerbitzuak igo dira, eta gauetako zerbitzuak jaitsi.

Datu hauekin sektoreak positiboki baloratzen du 2023ko denboraldia eta hurrengo urteetarako ere eskaintza egokitzen joango dira bezeroek urtero - urtero Euskal Sagardo berria txotxean dastatzeko aukera izan dezaten eta sagardoak eskaintzen duen aukera guztia gozatu eta baliatu dezaten.

Udako esperientziak ostalaritzan eta sagardotegietan

Sagardoa Route - Euskal Sagardoaren Ibilbidea da, sagardoaren eta sagardotegiaren inguruko eskaintza garatu eta promozionatzen dituena. Euskal Sagardoaren dastatze gidatuak, Sagardotegietan bisitak, kirol eta kultur ekintzak… antolatzen ditu Sagardoa Routek eta udarari begira agenda betea du. Aurtendik aurrera ostalaritzako taberna eta jatetxeak ere eskaintza horretan sartzeko lanean ari da Sagardoa Route, Euskal Sagardoa jatorri deituraren eskutik beti ere. Euskal Sagardoaren aldeko apostua egin nahi duten establezimenduetan ekintzak eta jarduerak sortzea da helburua, Euskal Sagardoaren kultura zabaldu eta jendeari Euskal Sagardoarekin gozatzeko aukerak eskaintzeko. Udaran zehar irekita dauden sagardotegien eskaintza osoa esteka honetan ikus daiteke.

Informazio gehigarria