Mugikortasun Jasangarriaren Saila

ETSk Thalesi esleitu dio ERTMS sistemaren instalazioa bere trenbide-sarean

Argitalpen-data: 

Euskal Trenbide Sareak Thales enpresari esleitu dio Trenen 1. mailako ERTMS (European Rail Traffic Management System) Babes Automatikoko Sistemaren (Automatic Train Protection, ATP) berrikuntza. 60 hilabeteko instalazio- eta egikaritze-epearekin, instalazio berriak mantentzeko 45 hilabeteko epea barne eta 10,9 milioi euro (BEZik gabe) baino gehiagoko aurrekontuarekin, proiektua mugarri garrantzitsua da, Seltrac Euroloop sistema euskal trenbide-sare osoan ordezteko lehen urratsa delako, eta tren estandar europarra eta elkarreragingarria automatikoki babesteko sistema hedatzea ekarriko duelako. 

Europako seinaleztapen-sistema estandar hori ezartzeak elkarreragingarritasun teknikoa ahalbidetuko du, eta, gainera, Euskotrenen trenetan doazen ekipoen eta ETSren trenbide-azpiegituraren arteko interfazeak eta protokoloak normalizatuko ditu. Horri esker, euskal trenbide sarea Europako beste herrialde batzuetako trenbide-sareekin parekatu ahal izango da segurtasun-, fidagarritasun- eta teknologia-mailetan. 

Kontratua hiru fasetan gauzatuko da: Araso eta Hendaiako instalazioen arteko tarte pilotuarekin hasiko da, Usurbil-Araso tartearekin jarraituko du eta, aldi berean, ERTMS postu zentral bat instalatuko da, bi Aginte Posturekin, sistema berria kudeatzeko. 

Instalazio-lanen aurretik, xehetasun-ingeniaritza espezifikoa gauzatuko da ERTMS sistema ETSren sarearen berezitasunetara egokitzeko, eta eraikuntza-proiektua idatziko da. 

Thalesen eta Euskal Trenbide Sarearen (ETS) arteko lankidetza 1995ean hasi zen, eta, Euskadin lehen aldiz, ekipoak daramatzan trena babesteko sistema instalatu zen, eta Seltrac Euroloop sistema trenbidean. Sistema horren prestazioek beren gaitasuna eta baliozkotasuna erakutsi dute instalazioaren urte hauetan, tren eta merkantzia-makina mota desberdinetara egokituz. 

Kontratu horren bidez ekin zion Thales España enpresak ERTMS instalatzeari Euskadiko sarean, Espainian, Turkian, Mexikon, Senegalen eta Grezian hedatutako 2.700 kilometro baino gehiagotan erabili ondoren frogatu den sistema horrekin duen esperientzia eta kaudimen handian oinarrituta.