Ogasun eta Finantza Saila

Gipuzkoak motorrik gabeko hiriarteko mugikortasuna , segurua, erosoa eta konektiboa sustatzen du

Argitalpen-data: 

Gipuzkoako Foru Aldundiak EAEko 2014-2020 EGEF Programa Eragilearen 4. helburu tematikoan sartu du («sektore guztietan karbono gutxiko ekonomiara igarotzen laguntzea») Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planaren garapena. Horren bidez, mugikortasun demokratikoagoa, inklusiboagoa eta sozialagoa sustatu eta garatu nahi da; ez motorizatua, segurua, erosoa eta konektiboa.

Azken urteotan, Gipuzkoako Foru Aldundiak bizikleta-bideak planifikatzeko eta eraikitzeko eta bizikleta ohiko garraiobide gisa erabil dadin sustatzeko jarduketa programa garatu du. Bizikleta bidezko mugikortasun erabilgarria Gipuzkoako mugikortasun sistemaren ardatzetako bat da, garraio publikoarekin eta MUGI sistemarekin batera. Bizikleta garraiobide gisa bultzatzea Lurralde Plan Sektorialaren bidez egiten da. Plan horrek, guztira 440 km-ko luzera duten eta Gipuzkoako hiri-eremu nagusiak lotzen dituzten bederatzi ibilbide nagusitan egituratzen du bizikleta-bideen sarea. Foru plan horren azken helburua lurralde historikoa egituratzea da, hiriarteko mugikortasun ez motorizatua, segurua, erosoa eta konektiboa garatzeko egokia den azpiegitura-sare baten bidez, bizikleta garraiobide gisa erabiltzea sustatzeko, ibilgailu motordun pribatuaren kaltetan, herritarren mugikortasun aktiboa ere erraztuz.

Ingurumenaren ikuspegitik, Planak helburu hauek ditu: motorrik gabeko, oinezkoentzako eta txirrindularientzako joan-etorrien konektibitate, segurtasun eta erosotasun-baldintzak hobetzea; garraiobideen egungo banaketan eragitea, bizikletaren eguneroko erabilera erraztuz, ahalik eta gehien lagunduz ibilgailu motordun pribatuaren erabiltzaileak garraiobide horretara hurbiltzen, eta, era berean, garraio motorizatu pribatuaren trafikoak (berotegi-efektuko gasen (NEG-GEI) isuriak, ingurumen-zarata) eta horri lotutako energia-kontsumoak ingurumenean sortzen dituzten inpaktuak gutxitzen laguntzea. Gainera, bizikleta-bideen oinarrizko sare bat planifikatzeko aukera ematen du. Sare horrek lehentasuna izango du lehendik dauden azpiegituretan edo aurretik eraldatutako lurzoruetan, ingurumenean inpaktu txikia izango du eta paisaian integratuta egongo da. Halaber, ahalik eta ingurumen-inpaktu txikiena izango duen bizikleta-bideen oinarrizko sarea egingo da.

Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren garapena Foru Aldundiak Euskal Autonomia Erkidegoko EGEF Programa Eragilean sartu du, 4. Helburu tematikoaren barruan (“Sektore guztietan karbono gutxiko ekonomiara igarotzen laguntzea”); zehazki, 4.5.1 helburu espezifikoan, ‘Hiri-mugikortasun jasangarria sustatzea: hiri-garraio garbia, garraio kolektiboa, hiria-landagunea konexioa, hobekuntzak bide-sarean, bizikleta bidezko eta oinezko garraioa, mugikortasun elektrikoa eta energia garbien hornidura sistemen garapena’. Jarduketa horren xedea da lurraldeko hiriguneak elkarren artean lotzea, eta horiek industrialdeekin, auzo isolatuekin eta bizikleta-bidearen trazaduran erakargarri izan daitezkeen beste zentro batzuekin lotzea. Jarduketa hori Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko Mugikortasun eta Garraio Publikoaren Zuzendaritzak egiten du, pertsona guztientzat Gipuzkoa konektatua eta jasangarria sortzeko gizarte- eta lurralde-kohesioko helburuei erantzunez.

Foru erakundeak eta EGEFek batera finantzatutako tarteak hauek dira: Anoeta-Tolosa, 2.033 metrokoa; Bergara-Elorregi, 2.549 metrokoa; Errekalde-Lasarte, 1.257 metrokoa; eta Itsasondo-Ordizia, 1.137 metroko oinezkoentzako bidegorria. Guztira, zazpi kilometro inguru bizikletan eta oinez ibiltzeko. Guztira 3.164.480,92 euroko inbertsioa egin da, eta EGEFen laguntza 1.582.240,46 eurokoa izan da.