Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

2.200 lagunek bisitatu dute Gerra Zibilean eta frankismoan trenbidean behartutako lanak egin zituzten biktimei buruzko Bermeoko erakusketa

Argitalpen-data: 

Guztira 2.600 pertsonak hartu dute parte Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Gerra Zibilean eta frankismoan trenbidean behartutako lanak egin zituzten biktimak omentzeko antolatutako ekitaldietan. Busturialdeko hainbat herritan egin dira ekitaldi horiek. Horrela, jende gehien batu duen ekimena gai horrekin Bermeoko kofradia zaharrean otsailaren 26tik apirilaren 3ra bitartean egindako erakusketa izan da, 2.176 bisitarirekin. 

Kopuru horri Foruan, Gernikan, Sukarrietan, Bermeon eta Mundakan gai horren inguruan antolatutako bost hitzaldietako batean parte hartu duten 300 pertsona inguru gehitu behar zaizkio. Hitzaldiak Kriminologiako Euskadiko Profesionalen eta Ikasleen Elkarteak antolatu ditu, eta Jose Angel Etxaniz ‘Txato’ Gernikazarra taldeko kideak, Juanjo Olaizola Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariak, Mikel Diego Aranzadiko kideak, Paco Etxeberria EHUko antropologo forentseak eta Edorta Jimenez idazleak eman dituzte. Solasaldi horien edukia eta argazki-material ugari efemeridearen oroitzapenezko liburu bat argitaratzeko baliatu dira. 

2.600 pertsonara heltzeko gainerako ehun inguruak, joan den otsailaren 26an Bermeoko Kasinoan egindako omenaldi-ekitaldira joandakoak dira. Ekitaldi horretan hauek parte hartu zuten, besteak beste: Iñigo Urkullu Lehendakariak, Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Lehendakaritzako, Gorteekiko Harremanetarako eta Memoria Demokratikoko ministroak eta Iñaki Arriola eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuek, hurrenez hurren. Erakundeen aintzatespen horretan, dozena bat presoren senideek hartu zuten parte. Esan behar da orain arte laurogei preso baino gehiago identifikatu direla. Oroitzapenezko plaka bat dago Bermeoko eta Gernikako tren geltokietan, guztien omenez. 

Erakusketari berari dagokionez, lehenengo egunetan batu zuen jende gehien. Astegunetako batez bestekoa 40 pertsona ingurukoa izan zen, eta asteburuak izan ziren jende gehien batu zen egunak. Erakusketak argazkiak eta pasarteen azalpeneko testuak zituzten hainbat panel zituen. Erreplika horietako batzuk Gernikako, Itsasbegiko (Sukarrieta), Mundakako eta Bermeoko tren geltokietan ikus daitezke oraindik. 

Bermeoko erakusketak isilarazita egon den gure oraintsuko historiaren orri bat zabaltzea izan du helburu. 1937tik, diktaduraren zati handi batean, gerrako milaka preso erabili ziren, eta, ondoren, preso komunak, herriak, azpiegiturak edo errepideak, urtegiak edo trenbideak berreraikitzeko eskulan esklabo moduan. Horien artean daude hondakinak kendu eta berriz ere foru-hiribildua eraikitzen eta geltokia eta trenbidearen zati bat berreraikitzen eta trenbidea Sukarrietatik Bermeoraino luzatzen parte hartu zuten zigor-destakamentuak, Gernikakoa lehenengo eta Bermeokoa geroago.