Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Eusko Jaurlaritzak 4,7 milioi eurotik gora bideratu ditu landa garapeneko 71 proiektutara Goierri eskualdean, 11 milioi euroren inbertsioak eraginda

20210701-OROZ-TXIKITASUNETIK-214.jpg

2021-07-01

  • LEADER eta Erein programen bidez, udalerrien sustapen, garapen eta dibertsifikazio ekonomikoa laguntzen baitute, haien landatartasun mailaren arabera
  • Goimen Landa Garapenerako Elkartearen laguntzarekin eta aholkularitzarekin garatzen ari dira proiektuak.

Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, Goierri eskualdeko udal ordezkariekin eta Goimen LGErekin batera, Goierrin egiten ari diren era horretako ekimenak bertatik bertara ezagutzeko asmoz hainbat bisita egin dituzte. Ezkio-Itsasoko eskola eta haurrentzako jolas gunea, Xirbil Axalko enpresa kooperatiboa, Zegamako erromesen aterpetxea eta Mutiloako plazako etxebizitzak dira, zehazki, bisitatu dituzten landa garapeneko proiektuak.

Bisitan, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek eta Landaren, Itsasertzaren eta Europar politiketako zuzendari Jone Fernandezek parte hartu dute, Goimen Landa Garapenerako Elkarteko (LGE) ordezkariekin eta inguruko udaletako alkateen ordezkaritza handi batekin batera, Erein eta LEADER programen bidez onuradun izan diren proiektuak gertutik ezagutzeko.

Laguntza hauekin landatartasun gradurik handieneko udalerrien sustapena, garapena eta dibertsifikazio ekonomikoa errazten da, eta beren helburu dira enpresak sortu, handitu eta modernizatzea; besteren konturako kontratazioak egitea; azpiegitura eta oinarrizko zerbitzuak eraikitzea eta konpontzea; turismoa sustatzea; eta etxebizitzen eskuragarritasuna eta bizi kalitatea areagotzea.

GOIERRIRI BURUZKO DATUAK

2015-2021 urteen artean, Goierriko eskualdeak 4.700.000 eurotik gora jaso ditu landa garapenerako laguntza gisa, guztira 71 proiekturentzat, 11 milioi euroko inbertsioak aurreikusita.

Kopuru horretatik, 3,2 milioi baino gehiago Erein programatik etorri dira; diru horretatik 2,4 miloi erakunde publikoek sustatutako 31 proiektu finantzatzeko erabili dira, eta 900.000 inguru sustapen pribatuko 17 proiektutara bideratu dira. Inbertsioak, guztira, 7,4 milioi ingurukoak izan dira. Proiektu horien artean azpimarragarriak dira, adibidez, landa apartamentuak egokitzea, txakurrak trebatzeko zentro bat eraikitzea, edateko uraren hornidura hobetzea edo kirol ekipamenduak jartzea.

Gainerakoa, 1,5 milioi guztira, LEADER laguntzei dagokie eta 3,6 milioitik gorako inbertsioak aurreikusten dituzten 23 proiektu finantzatzeko erabili dira. Besteak beste, zerbitzu enpresak sortzeko, udal bulegoak zentro asistentzial-kultural gisa gaitzeko edo etxebizitzak eraikitzeko proiektuak.

Gizartea eta kultura dinamizatzeko proiektuei dagokienez, guztira zazpi proposamen lagundu dira diruz, 27.300 euro ingururekin, gastua 74.846 eurokoa izanik. Proiektu horien artean sartu dira, besteak beste, Gabiria Rallyaren antolaketa, Hiparra Egoaren ekitaldi soziokulturalak eta Tobera Musika Eskolaren hamabostaldi musikala.

EUSKADIRI BURUZKO DATU OROKORRAK  

LEADER

2017tik 2020ra bitartean 29,5 milioi euro inguruko laguntzak onartu dira Euskal Autonomia Erkidego osoan LEADER programaren bitartez. Kopuru horretatik gehiena (15,5 milioi euro) azpiegituretan, oinarrizko zerbitzuetan eta udalerriak berritzeko inbertsioetarako izan da, eta ondoren, enpresak sortzeko, handitzeko eta modernizatzeko inbertsioetarako (10,4 milioi). Gainerako dirua hauek bultzatzeko erabili da: ekintzailetza (1,7 milioi), etxebizitza (1,56 milioi) eta besteren konturako kontratazioa (365.000 euro).

2021eko deialdia gaur egun ebazten ari da, eta 5.210.000 euroko laguntzak aurreikusten ditu. Diru horretatik, 1,46 milioi Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetatik etorriko da, eta gainerakoa Europa Erkidegoaren diru kutxetatik. Beraz, Leader programaren bidez Euskadik 2017-2021 aldian jasoko dituen laguntzak 35 milioi euro ingurukoak izango dira guztira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako Programaren esparruan onartutako Leader eremuko landa udalerrien sustapen, garapen eta dibertsifikazio ekonomikorako dira laguntza hauek, enpresen sorrera eta modernizazioa, kontratazioa, azpiegituren eraikuntza eta konponketa eta etxebizitzen eskuragarritasunaren hobekuntza bultzatzeko.

Erein

Programa honek bi modalitate ditu: publikoa eta pribatua. Lehenengoa, udalerriei ez ezik era guztietako toki erakundeei zuzenduta dago, eta bigarrenarekin partikularrek garatutako jarduerak finantzatzen dira. Helburua da Euskadin landatartasun maila handiena duten eremuen sustapenean eta garapenean aurrera egitea. Guztira 116 herri daude eremu horietan sartuta. 2017tik 2020ra bitartean, guztira 27,6 milioi euro inguruko laguntzak eman dira laguntza modalitate bi horien bitartez.

MENDINET

Mendinet Tokiko Ekintza Taldeak kudeatzen ditu LEADER laguntzak, eta talde hori osatzen dute Euskadiko Landa Garapeneko 18 Elkarteek eta Hazi Fundazioak, Eusko Jaurlaritzaren mendeko erakundeak. Bere eginkizuna da eremu horien garapen ekonomikoa bultzatzea, landa eremuetako biztanleriari eusten laguntzeko, enplegu aukeren sustapenean  biztanle gehiagorengana eta lurralde handiagora iristea eta biztanle horien bizi kalitatea hobetzeko ekipamenduak eta zerbitzuak jartzea. Hori dena estrategia berritzaile baten bidez, garapen iraunkor, integratu eta kalitatekoa lortzeko estrategia baten bidez.

Goierri eskualdeko LGEa da Goimen. 22 udalek eta nekazaritza elkarteek osatzen dute. Laguntza ekonomikoetarako aholkularitza eta zerbitzu tekniko propioa eskaintzen ditu, eskualdeko herri txikien eta auzoen garapena sustatzeko. Helburua da landa ingurunea indartzea eta biztanleen bizi kalitatea, duintasuna eta nortasuna hobetzea. Goimenen erabaki organo nagusia Batzar Nagusia da, eta urtean behin elkartzen da gobernu organoa aukeratzeko.

BISITATUTAKO PROIEKTUEI BURUZKO DATUAK

Goizean bisitatu diren proiektuak aukeratzean saiatu gara ahalik eta proiektu mota desberdin gehien sartzea:  hezkuntza-zerbitzua, etxebizitza, jarduera ekonomikoa eta turismoa:

Ezkio-Itsaso Eskola Txikia

Proiektua Leader programaren ondoz ondoko hiru fasetan finantzatu da (2014-2016). Udala Eskola Txiki bihurtu da, auzoetako haurrek elkar ezagutzeko eta elkartzeko. Lehen fasean, Udala eskola gisa egokitu zen (Eskola Txikien dinamikaren barruan funtzionatzen dute, adin desberdinetako ikasleekin gela berean, etab.).

Bigarrenean, eskolako ikasleentzako sukaldea eta herri osoari zerbitzua eskaintzen dion denda-taberna egin ziren. Eta hirugarren fasean, haurrentzako parkea eta kirol pista sortu dira. Beraz, proiektua nahiko integrala da eta adin tarte desberdinei ematen die zerbitzua.

Xirbil Axalko kooperatiba

Gazte ekintzaileen ekimena da, eta landa eremuan iraunkortasun ikuspegia duen jarduera ekonomikoa. Koadroa egurrezkoa duten bizikleten proiektu berritzailea, tokiko produktua eta egungo koadroetako altzairua edo aluminioa baino jasangarriagoa dena erabiltzen baitute Pelleta (biomasa) egiten ere aitzindariak izan ziren. Ekodiseinuak, berrikuntzak eta teknologiak bat egiten dute enpresa honetan, non diziplina askoko profesionalak arotzeria tradizionalaren jarduera bizikletaren mundura birbideratzeko asmoz elkartu baitira.

Erromesen aterpetxea (Zegama)

Hirugarren sektoreko erabilerarako eraikin publikoa, Udalak sustatua, Donejakue bideko erromesen aterpetxe gisa erabiltzeko. Iraunkortasunaren, eraikuntza osasungarrien eta KM0ko eraikuntza materialen alderdiak batu nahi ditu, Passivhaus estandarrak ematen duen eraginkortasun energetiko izugarriarekin. Eraikina beheko solairuan dago, ganbara txiki  bat dauka eta fatxada nagusiak hegoaldera eta mendebaldera begira, eta inguratzaile bat ipar-mendebaldeko haizeetara itxita. Eraikinak gehienez 12 erromes hartu ditzake, eta bi logela, sukalde komuna, egongela eta bi bainugela ditu.

Etxebizitzak plazan (Mutiloa)

Biztanleak herrian betiko gera daitezen, etxebizitzak egin dira plazan, eta horrela plaza erdigune izango da berriro herriko gainerako eraikinekiko. Sustapen kolektiboaren bidez etxebizitza berriak urbanizatzea eta eraikitzea izan da proiektua. Herriko plazan 6 etxebizitza eraikitzeko bigarren fasea da. Lehen fasean (2011), eraikinaren egitura, garajeak (lurpeko solairua) eta beheko solairuko zerbitzuak (liburutegia, kontsulta medikoa eta ludoteka) egin ziren, eta bigarren fasean, 2018ko proiektu honekin, eraikina bukatu da erabat, etxebizitzen bi solairu eraikiz.