Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Irun-Coloneko katigamendu berriak Hendaiara arteko trenbideko zirkulazioa eta segurtasuna hobetuko ditu

Argitalpen-data: 

.

Joan den ekainaren amaieran Hendaiako geltokia martxan jartzearekin batera, Irun-Coloneko katigamendu berria jarri da martxan, mugako bi hiri horien arteko trenbideko zirkulazioa eta segurtasuna hobetzeko. Eusko Jaurlaritzak gauzatu du obra, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, bi milioi euro inguruko aurrekontuarekin. Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF) %65 kofinantzatu du proiektua, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFA programaren helburua integrazio ekonomiko eta soziala bultzatzea da Espainia-Frantzia-Andorra mugaz-gaindiko eremuan. Bere laguntza ekonomia-jardueren inguruan kokatzen da, lurraldearen garapen jasangarria sustatzen dute estrategia partekatuen bitartez. 

Proiektu horrek, zehazki, zuzenean laguntzen du berotegi-efektuko gasen isuriak arintzen, eta intermodalitatea errazten du.

Orain arte, Hendaiara iristen ziren trenak Irun-Coloneko katigamenduaren kontrolpean zeuden, eta bidaiarientzako zerbitzuaren ondorioetarako, bi geltokien arteko tartea trenbide bakar gisa baino ezin zitekeen ustiatu. Hendaiako geltoki berriarekin batera, beste bi katigamendu sartu dira zerbitzuan. Lehena Irun-Colonen, lehendik dagoena ordezkatuz, eta beste berri bat Irun-Ficoban. Halaber, Hendaian bigarren trenbidea egin denez, seinaleak aldatu egin dira, eta aldi berean, Ficoban seinale berriak muntatu dira.

Ekintza horiek guztiek aukera ematen dute orain Ficoban trenak gurutzatzeko, eta, horri esker, bidaiari gehien biltzen diren uneetan Hendaiarainoko maiztasuna hamabost minututik behingoa izan daiteke, gaur egungo hogeita hamar minututik behingoa izan beharrean. Seinaleztapen berriak, halaber, bide banalizatua ematen die tarteko hiru geltokiei (Irun-Colon, Irun-Ficoba eta Hendaia), etorkizuneko zirkulazioan Topoaren igarobidea zerbitzuan jartzean beharrezkoa izango den ezkerreko trenbidetik aurrera eginez.