Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila

ETSk 4 milioi eurorengatik eta 9 hilabeteko egikaritze epean egiteko lizitatu du Euskal Y-aren Ezkio-Itsasoko geltokia

Argitalpen-data: 

Ezkioko geltoki berriaren infografia

Euskal Trenbide Sareak, bere azken kontratazio mahaian, Euskal Y-aren Ezkio-Itsasoko geltokia eraikitzeko lanak atera ditu lizitaziora, 4,4 milioi euroko aurrekontuarekin (BEZ barne) eta bederatzi hilabeteko egikaritze epearekin. Terminala hartuko duen eraikinak, toki horretan, trenbideko trafikoa antolatzeko, trenak aurreratzeko eta aparkatzeko aurreikusita dagoen postuaren egitura orokorrean integraturik egon beharko du.

Bidaiarientzako geltokia solairu bakarrean eraikiko da, eta atari nagusi bat izango du. Atari horretan komunak, lokal teknikoak eta ustiapenekoak egongo dira, eta bertatik iritsiko da Ezkio-Itsaso zatiko obraren barruan jada eraikita dauden nasetara. Nasa horiek 410 metroko luzera eta bost metroko zabalera dute.

Urbanizazioa eta geltokirako sarbidearen antolakuntza, Zumarraga eta Ezkio lotzen dituen GI-3351 errepidetik datorren galtzada nagusiaren bitartez egituratuko da. Galtzada hori zabalgunera sartuko da, eta biribilgune zabal batek bideratuko du trafikoa aparkalekura, taxiak egongo diren tokira eta autobusen geralekura, eta ibilgailuak bertatik bideratuko dira berriro irteerarantz. Biribilgunea autobusak biratzeko moduan diseinatu da.

Ezkio-Itsasoko geltokiaren garrantzia, bidaiariei emango dien zerbitzuarengatik ez ezik, trenbidearen ikuspegitik izango dituen aukera logistikoetan dago. Horrela, terminalak trenbide gune zabalagoa eta handiagoa izango du, eta bertan trenek maniobrak egin edo aparkatu ahal izango dute, bide bikoitzean zirkulatzeaz gain. Horretarako, bi bazterbide eraikiko dira trenbide orokorren alde banatan, 750 metroko luzera erabilgarriarekin noranzko bakoitzean. Trenbide horiei esker, bidaiarien trenak eta merkantzien trenak zirkulazioaren bi noranzkoetan aparkatu ahal izango dira.

Izen bereko geltokia barne hartuko duen Ezkio-Itsaso/Ezkio-Itsaso tartea 2.800 metro da luze. Tarte horretan hiru zubibide eraiki dira, eta osorik aire zabalean doan Euskal Y-aren segmentu bakanetakoa da.