Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

World Cheese Awards nazioarteko lehiaketaren 2019ko edizioan saritu dituzten Idiazabal J.I.ko eta Artzai Gazta elkarteko gaztak omendu ditu euskal gizarteak

GURE_GAZTAK_1.JPG

2019.eko abenduak 02

• Euskal gastronomiaren alorreko hainbat profesional eta hainbat kirolari izan dira ekitaldiaren babesleak eta haien eskutik jaso dituzte aitortza diplomak saritutako 22 gaztandegiek.

• Omenaldi horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak eta Hazi Fundazioak euskal artzaien lana aitortu nahi izan dute, artisau eran egiten duten lanarekin ingurumenarekin errespetutsua den aspaldiko tradizio bat bizirik mantentzen dutelako.

• Gipuzkoako 12 gaztandegik, Arabako 8k eta Bizkaiko 2k eskuratu dute saria urrian, Italian, gaztaren inguruko lehiaketarik garrantzitsuenaren azken edizioan.

Gaur arratsaldean, World Cheese Awards lehiaketaren azken edizioan saria eskuratu duten Idiazabal Jatorri Izendapeneko eta Artzai Gaztako 22 euskal gaztak omendu ditu euskal gizartearen zati batek, Eusko Jaurlaritzak eta HAZI Euskadin landa ingurunearen, itsasbazterraren eta elikagaien garapenerako fundazio publikoak antolatutako ekitaldi batean.

Ekitaldian euskal artzaien lana aitortu da, gero eta gehiago ahalegintzen baitira kalitateko eta balio gastronomiko handiko gazta gozoak egiten eta, horretaz aparte, beren lanarekin ingurumenarekin errepetutsua den aspaldiko tradizio bat bizirik mantentzen dutelako, sektorearen modernizazioa eta lehiakortasuna baztertuta utzi gabe.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikaduraren Politikako sailburu Bittor Orozek inauguratu du zeremonia, eta bertan parte hartu dute Arabako Nekazaritzako Foru Diputatu Eduardo Aguinacok eta Bizkaiko Nekazaritzako zuzendari Maite Peñacobak.

Euskadiko gastronomiaren eta kirolaren alorretan ezagunak dira omendutako gaztandegiei aitortzaren diplomak entregatu dizkieten pertsonak, tartean direla Eneko Atxa, Fernando Canales, Dani Garcia, Zuriñe García, Ander Unda eta Mari Asun Ibarrondo, Sergio Ortiz de Zarate edo Ricardo Perez sukaldariak eta, kirolarien artean, Mikel Urrutikoetxea eta Aimar Olaizola pilotariak, Aitor Atutxa aizkolaria, Bilbao Basketeko zuzendari nagusi eta jokalari ohi Predrag Savovic eta Eusko Label Ligako arraunlariak.

Omenaldiko aitortza diplomak banatu ondoren, gazta dastaketa bat egin da ekitaldiari amaiera emateko, Mikel Garaizabal sommelierrak eta dibulgatzaileak gidatuta.

World Cheese Awards lehiaketaren 2019ko edizioan saritu dituzten gaztandegiak

World Cheese Awards lehiaketaren pasa den edizioan saria eskuratu duten Idiazabal J.I.ko eta Artzai Gaztako 22 euskal gaztandegietatik, 12 Gipuzkoakoak dira, 8 Arabakoak eta 2 Bizkaikoak.

Hauek izan dira arratsalde honetan omendutako gaztandegi sarituak: Aitor Urien (Abadiño), Aixtra (Araia), Arantxa Garaiburu (Amezketa), Azkarra (Donemiliaga), Bostibaieta (Legutio), Francisco Javier Muñoa (Zerain), Goine Berria (Asteasu), Hermanos Audikana (Iruraiz Gauna), Aranburu (Idiazabal), Jose Antonio Garmendia Irastorza (Orendain), Jose Inazio Ugartemendia (Berastegi), Joseba Insausti (Ordizia), La Leze (Asparrena), Latxa Esnea (Idiazabal), Mausitxa (Elgoibar), Patxi Lopez de Uralde (Barrundia), Patxi Otaegi (Beizama), Pedro Zuzuarregi (Tolosa), Santamañe (Markina), Olano (Asparrena), Troskaeta (Ataun) eta Lekuona (Asparrena).

Euskal artzaiek 42 sari eskuratu zituzten guztira, eta horien artean nabarmentzekoa da Azkarra gaztandegiak lortutako "Super Urrea" (zilarrezko saria ere eskuratu zuen beste gazta batekin) eta Aranburu, Otaegi eta Ugartemendia gaztandegiek lortutako urrezko sariak.

Munduko gaztarik hoberenen sariak

Gaztaren inguruan munduan egiten den lehiaketarik garrantzitsuena da World Cheese Awards. Aurten, lehiaketaren 31. edizioa egin da, italiako Bergamo hirian, 3.800 marka baino gehiagoren partaidetzarekin.
Lehiaketak duen epaimahaiak gazten azalari, gorputzari, testurari, trinkotasunari eta, batez ere, zaporeari erreparatzen dio bereziki.

Edizio honetan, 35 herrialdetatik etorritako 260 epailek ere hartu dute parte, launa pertsonako taldetan banatuta, 85 gazta dastatzeko. Gazta kopuru horretatik 16 aukeratzen dituzte, eta horiek hurrengo errondara igarotzen dira. Ondoren, epaileek brontzezko, zilarrezko eta urrezko dominak ematen dituzte, beren irizpideen arabera.

Gainera, epaimahaikideek gazta bat aukeratzen dute mahaiko, eta gazta horri “Super Urrea” saria ematen diote. Aukeratutako “Super Urre” guztietatik, beste aukeraketa bat egiten da eta 16 hoberenak aukeratzen dira berriro, eta 16 horietatik ateratzen da Munduko Txapelduna.