Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Estrategia berri batek "zero" tolerantzia eta prebentzio kultura ezarri nahi ditu Euskadiko elikaduraren eta egurraren balio katearen laneko segurtasun eta osasunaren arloan

euskadi_preben_1.jpg

2018.eko azaroak 09

Helburuak dira, hain zuzen, heriotza dakarten istripuak gertatuko ez diren inguruneak lortzea sektorean, eta adierazle nagusietan laneko istripu eta gaixotasunak %15 murriztea.

OSALANek diseinatu du estrategia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailarekin lankidetzan. Gainera, sektorean elkarreraginean dabiltzan hainbat eragile sektorial, sozio-laboral eta teknologikok ere parte hartu dute.

Estrategiara beharrezko baliabide guztiak bideratzeko ahaleginak egiteko konpromisoa hartu dute alderdiek. 5,5 M €-ko aurrekontua eta finantzaketa lortzea da helburua, 2025era arteko tartean garatu ahal izateko.

Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak eta Alberto Alonso Martín OSALANen zuzendari nagusiak aurkeztu dute, gaur, Arkautin, “2019-2025 Euskadiko Elikaduraren eta Egurraren Balio Katearen Laneko Segurtasun eta Osasunerako Estrategia Sektorial” berria. Estrategiara beharrezko baliabide guztiak bideratzeko ahaleginak egiteko konpromisoa hartu dute alderdiek. 5,5 M €-ko aurrekontua eta finantzaketa lortzea da helburua, 2025era arteko tartean garatu ahal izateko.

Estrategia hau, hain zuzen, OSALANek (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) diseinatutako Laneko Segurtasun eta Osasuneko Euskal Estrategiaren baitan kokatzen da, eta bat dator Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren programa sektorialekin, bereziki Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako zein Portu eta Itsas Gaietako arlokoekin, non osasun, segurtasun eta laneko arriskuen prebentzioaren inguruko aldagaiak txertatzen diren Euskadiko elikaduraren eta egurraren balio kateari lotutako jardueren multzoan.

Alberto Alonso Martín OSALANen zuzendari nagusiak nabarmendu du hauxe dela estrategiaren helburu lehena: “Prebentzio kultura eta “zero” ikuspegia txertatzea Euskadiko elikaduraren eta egurraren balio katean”; alegia, “heriotza dakarten istripurik ez izatea gure sektorean, eta adierazle nagusietan laneko istripu eta gaixotasunak %15 murriztea”. Horretarako, lankidetzaren garrantzia nabarmendu du. “Ezinbestekoa da alderdi guztiek (sektorea, gizartea eta erakundeak) kooperazio, lankidetza eta konpromisorako ekintzak gauzatzea”, ziurtatu du.

Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak adierazi duenez, estrategia honek “laneko segurtasuna eta osasuna lehiarako faktore gisa bultzatzen du sektoreko enpresa eta ustiategientzat”, eta, gehitu duenez, “eragingarria izan beharko luke iraunkortasunaren esparruan, bai eta Euskadi aukeren lurralde bihurtuko duen erakargune gisa ere”.

Jon Azkune Eusko Jaurlaritzako Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, bestalde, hauxe nabarmendu du: “Istripu oro saihets liteke, baita lehen sektorean eta bertako balio katean ere”; horregatik, “prebentzio kultura txertatu behar dugu lan kate guztietan, eta segurtasun eta osasunaren arloan gizarte erantzukizuna eta balioak bultzatu eta transmititzeko motorra izan behar luke horrek”.

Jarduteko lau ardatz

Ekimen honetan, sektorean elkarreraginean dabiltzan hainbat eragile sektorial, sozio-laboral eta teknologikok parte hartu dute. Emaitza, berriz, hainbat jardun foku barne hartzen dituzten jarduteko lau ardatzetan oinarritutako estrategia bat izan da.

Kultura eta gizartea:

  • Sektorean prebentzioaren kultura bultzatzea: “Zero” ikuspegiaren estrategia.
  • Balio kateko trakzio eragileak eta erreferenteak aktibatzea.
  • Trebakuntza eta prestakuntza (zuzeneko profesionalak, elkartutakoak, prestatzaileak, etab.).
  • Generoaren ikuspegia txertatzea.

Lan ingurune Seguruak, Osasungarriak eta Iraunkorrak

  • Profesional/ustiategi/enpresa/prozesu eta praktika seguruak, osasungarriak eta iraunkorrak aitortzea eta bereiztea.
  • Laneko arriskuen kudeaketa eta gobernantza sistema egokituak.
  • Segurtasun eta osasunaren berrikuntza teknologikoa eta eraldaketa digitala.

Ezagutzaren Kudeaketa Integrala

  • Zaintza eta prospektiba.
  • Ezagutza sareak eta behatokiak.

Inplikazioa eta konpromisoa

  • Kooperazioa eta lankidetza.
  • Politika eta estrategia bateratuak.