Osasun Saila

"Nire Tratamendua" APP-a, Euskadi osoan eskuragarri astelehen honetatik aurrera

2017.eko apirilak 03

Aplikazio berriaren hedatzeak Bizkaian izan du amaiera, Araban eta Gipuzkoan abian baitzen honezkero. Osakidetzako kontsultan ezarritako tratamendu medikoa egokiro jarraitzen lagunduko digun erreminta da. 

Tratamendu aktiboa duten 16 urtetik gorako 630.000 paziente daude Bizkaian. Hauek, aplikazioa erabiltzeko aukera izango dute, hitz gakoak beren Osasun Zentroan eskatu eta gero. 

Abian jarri eta bi astera aplikazioa beren mugikorrean instalatu eta erabiltzen ari diren 7.000 pertsonak oso pozik agertu dira erremintaren funtzionalitateekin. Aipagarria da App-a gehien erabiltzen ari diren pertsonak 65 urtetik gorakoak direla. 

 

Bizkaian abian jarri eta gero, “Nire Tratamendua” App-a Euskadiko biztanle guztientzat dago eskuragarri gaurtik aurrera. Aplikazioa instalatzen duten horiek Osakidetzako kontsultan ezarritako tratamendu medikoa egokiro jarraitu ahal izateko laguntza jasoko dute eta, horrek, beren osasunarentzako onurak eta bizi-kalitate hobeagoa ekarriko ditu.  

 Egun, tratamendu aktiboren bat duten 16 urtetik gorako 630.000 paziente daude Bizkaian. Aipatuek, aplikazioa beren mugikorrera jaitsi dezakete honezkero, beren Tratamendu Orrian sarturiko informazioa maneiatu ahal izateko. App-a Euskadi osoan hedatu eta gero, 1.120.000 pazientek aipatuak eskaintzen dituen abantailez gozatzeko aukera izango dute. Gora egin dezakeen zenbaki bat; izan ere, “Nire Tratamendua” aplikazioak gure kargu dauden pertsonen medikazioaren jarraipena egitea ahalbidetzen baitu

Segurua, praktikoa eta erabilerraza den aplikazio hau Tratamendu Orria eta pilula-kaxa fisikoak osatzera dator, ez ditu ordezten inolaz ere, eta Osakidetzan emandako preskripzioak jasotzen ditu soilik. 

Osakidetzako webgunean eskuragarri dagoenNire Tratamendua” App-a aktibatzeko hitz gakoak eta pasahitza Osasun Zentroan eskatu beharra dago. Berehala gauzatuko den izapide erraz horrek izaera pertsonaleko informazioa eta tratamenduaren datu zehatzak eskuratzea ahalbidetuko digu. 

Abian egon den bi astetan (bi aste Arabako lurraldean eta astebete Gipuzkoan) aplikazioa erabiltzen ari diren 7.000 pertsonak oso pozik agertu dira erreminta honek eskaintzen dituen erabilpenekin eta aipatua erabiltzeko erraztasunarekin. Horren adierazle argia da aplikazioa gehien erabiltzen duten pertsonak 65 urtetik gorakoak direla. 

Ondokoak dira “Nire Tratamendua” aplikazioak eskaintzen dituen abantailetako zenbait: tratamendu aktiboen inguruko informazioa dakar, uneoro eguneratua; noiz, nola eta zein dositan hartu behar den medikazioa azaltzen du; sendagaiak berrikusteko, amaitzeko eta jasotzeko datak ezagutzea ahalbidetzen du; eta ezarritako tratamenduari dagokionean gure medikuak idatzi dituen argibideak eskaintzen dizkigu. 

App-ak lau eremu nagusi ditu: Hartualdiak, non medikazioaren banaketa erakusten den otordutan eta ordutan zatiturik; Nire Tratamendua, medikazioa ordenaturik agertzen da, kronikoa, akutua edo eskariaren araberakoa izan. Eta sendagaien inguruko informazioa eskaintzen du; Alarmak, “alertak” sortzeko aukera ematen du, medikazioa noiz jaso behar den edo tratamenduaren berrikuste- edo amaiera-datei buruzkoak; eta Postontzia, non APP-ra sartu ginen azkeneko alditik tratamenduan aldaketarik izan ote den, eta hainbat informazio: tratamendu-aldaketa, medikazioa farmazian jasotzeko hurrengo datak, eta abar kontsulta daitezkeen.          

“Nire Tratamendua” Euskadi osoan zabalduta, pazienteak artatzeko eredu berrien zerbitzura dauden teknologia eta aplikazio mugikor berrien erabileran pauso berri bat eman du Osakidetzak. Erreminta horiei esker, osasungintza publikoa eta bere profesionalak jendearengandik gertuago daude. 

 

            Gasteizen, 2017ko apirilaren 3a