Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

52. Aitzetako Erdi Aroko inskripzioa (Mutriku)

4. ETAPA: DEBA • MARKINA-XEMEIN

Aitzetako (Areizieta) dorretxea

1470an jasotako eraikina da, Mutrikuko alde zaharraren kanpoaldean dago, aldapa malkartsu batean, eta bertatik herria eta portua menderatzen dira. 1572an bere jabeak, Catalina de la Plaza andreak, bere senar Joan Otxoa Berriatuakoa batxilerrarekin batera, seme-alabarik izan gabe 36 urtez ezkonduta egon ondoren, dorrean Agustindar Ermitauen ordenako mojen komentu bat eratzea erabaki zuten, Santa Katalina izenarekin. Urte horretan bertan Joan Otxoa Berriatuako batxilerra hil zen, eta haren alargunak komentua sortzeko lanekin jarraitu zuen. Azkenean, 1576an ireki zen, Iruñeko gotzainaren bedeinkapenarekin.

1596an, Isabel Lobianokoa nobizia Pedro Idiakezkoa jaunak bahitu zuen, biak ados jarri ondoren, eta berarekin ezkondu zen. Gertaera horrek zalantzan jarri zuen komentuaren jarraipena, ohore arazo bihurtu baitzen, eta zalantzan zeuden komentuaren izen ona eta jarraitasuna. Berriatuatarren leinu boteretsuak komentuaren ohorearen alde borrokatu zuen, eta Idiakeztarren leinu noblea liskarrarekin amaitzeko ordainketa handi bat egitera behartuta egotea lortu zuten. Mojak erantzukizun orotatik salbuetsi zituzten, baina zalantzan geratu zen moja-komunitate hori hiribilduaren erdigunetik urrun zegoen dorre batean egotea egokia ote zen. Bien bitartean, Pedro Idiakezkoa eta Isabel Lobianokoa senar-emazteak Mutrikun finkatu ziren, baina 1603an Pedro hil zen, Isabel alarguna 20 urterekin eta hiru seme-alaba txikirekin utziz.

Urte askoan zehar, Isabelek mojen alde iraina ordaintzeko ekintza bat egiteko ideiari eutsi zion, eta, horrela, bere seme Pedro Idiakezkoarekin batera, 1625etik aurrera, mojen komunitatearentzako kokaleku berri bat bilatzeko gestioak egiten hasi zen. Hauek, azkenik, Aitzetako dorrea 1638an utzi zuten, eta behin behinean Isabel Lobianokoaren Berriatua dorretxean finkatu ziren, Bonostiz inguruan komentu berria eraikitzen zen bitartean, bi hamarkada beranduago egingo zena.

Sortze-inskripzioa

Lehen solairuaren parean zeuden bi harlandutan zegoen inskripzioa, harik eta, 1957ko sutearen ondoren, zeinean dorrearen lau paretak bakarrik zutik geratu ziren, bi harlanduak eraikinaren hegoaldeko fatxadaren ondoan kontserbatu ziren arte.

Juan Martinez probestuak eta Maria Martinez andreak, bere emazteak, 1470ean eraiki zuten dorrearen berri ematen duen inskripzio bat da. Goiko harlanduan, 6 puntako bi izar irudikatzen dira, gurutze bat erdian eta, alboetan, IHS et XPS anagramen azpian (Ihesus Chripstus), gaztelu bat eta lehoi bat, Gaztela eta Leongo errege ikurrak irudikatzen dituztenak, Beheko harlanduak honako inskripzio hau du letra gotikoetan: ESTA TORR. FIZIERON IOAN MZ. PREBOSTE I DNA. MA. MS. SU MUGE. EL AÑO MCCCCLXX.

Partekatu

unesco